(Número
2 Zenbakia - Otsaila 2000 Febrero)
Artxibo doc
SOBERANIAREN TIRANIA
"Euskal Herriak pake giroan giza antolakuntza eratzeko
behar duen soberaniaren konzeptu politikoaren kultur balorea berreskuratu
behar degu" dio Fito Rodriguez Bornaetxeak bere "Soberanía y paz" idazlanean,
1999. maiatzeko 30ko DEIAn argitaratua.
Gainera, berri bat ematen digu: aurten eta datorren urtearen bitartean
kongreso zabal bat egingo dela "Globalizazioaren kontextoan, estatu
gabeko nazioen soberania prozesuak" izenburupean.
"Izan ere uste bait dugu soberania konzeptuaren sakontzea ez dela 'nazionalisten'
(sic) gaia bakarrik, "inicio de siglo" eztabaida politikoren gunea baizik,
beste gizarte indar eta intelektual espezifikoen (Michael Foucault-ek
ematen zion zentzuan) aportazioak ikutu behar duten gaia, ain zuzen".
Guzti hau dela-ta ""Soberanía y cultura" (Burujabetza eta Kultura) manifestua
argitaratu genuen urrengo eguneko egunkarietan... han bildu ginenok"
[1998 Durangoko Liburu Azokaren inguruan bildu ziren "kultur langileen"
arteko bileraren emaitza].
Eztabaida horren helburua hauxe daiteke: " ... Euskal Herriak zuen gizarte
antolamenduaren eredu politiko-kulturaletik abiaturik, proposatzea eskubide
indibidualistetan oinarritzen zen ilustratuen ereduaren aurrean, taldekako
eskubideetan oinarritzen den gobernu konzeptu bat".
Gerokoak gerorako utziaz aztertu dezagun Fito Rodriguez jaunak diona.
Ba dira hor hainbat gauza ezezagunik.
Lehenik eta behin gazteleratik euskerara egindako "soberaniaren" itzulpena,
egin al daiteke euskal politika-kultur eredua lardaskatu gabe?. Fito
Rodriguez izan zan "kultur langileen" bilera horrentzako (50 lagun inguru
bildu omen ziren), soberaniaren itzulpena burujabetza da.
Ez dago zalantzarik, burujabetza euskal politika eta kulturako emaitza
denik. Are gehiago, Euskal Herriak zuen gizarte antolamenduaren giltzarria
degu. Baina, "soberania" konzeptua, euskal politika eta kulturako emaitza
al da? Non oinarritzen dira itzulpen hori egiteko "kultur langile" horiek?
Gaztelerako konzeptu guztiek, euskal hitzezko derrigorrezko itzulpen
bat behar al dute?. Derrigorrezko horrek ez al du euskal kultur eredua
lardaskatzen, hau da, espainolizatzen?.
Oroitzen naiz, azken denbora hauetan -duela hamar urte hauetan batez
ere- soberania erdal konzeptua euskeratzen zutenek subiranotasuna hitza
erabiltzen zutela. Hor dira, lekuko, garaiko MLNV inguruko politika
analisi askotan agertu izan diren idazki eta aldizkariak. Itzulpen hori
jatorra iruditzan zitzaidan, erdal hitza mantentzen zuen artean konzeptua
bera euskal kultur eremukoa ez dela adieraztera ematen zuelako. Baina,
kontu hauek, hasierako urratsak besterik ez ziren. Geroago, soberanismoaren
teoria zabaldu zenean eta bertan oinarritu bere politika ekintza, MLNVko
itzultzaileek subiranotasuna baztertu eta burujabetzarekin ordezkatu
dute, agian 'euskaldunagoa' delakoan. Baina, sakonagotuz, ordezkatze
huts horrek ba al du euskal senik? Edo-ta 'euskaldunagotasun' horretan
konzepto arrotz bati euskal kultur labela ipintzea ez al da euskal kultura
gutxiagotzea, indargetzea eta azken batean espainolizatzea? Kultur langile
guztiok ardura handia dugu arazo honetan.
Egin dezagun azterketa labur bat "soberania" eta "burujabetzari" buruz.
SOBERANIA: soberaniaren konzepzioa kanoniko eta kultura absolutista
baten barrutik sorturiko emaitza degu. Errege eta elizgizonen arteko
garai bateko tirabirak konpontzeko (edo areagotzeko) sortutakoa. Azken
batean, muga gabeko zeinek zer nahi duen mandatua justifikatzen duen
argudio bat baino besterik ez da soberania. Ideia absolutoa delako,
mugarik gabekoa, ain zuzen, soberaniak tirania guztiei ateak iriki dizkie
zabal-zabal. Bodin izan zen bere sortzailea, XVIean, Frantzian.
Soberaniak bideak iriki dizkie errege absolutisteri (soberania, erregearengan
zegoen garaietan), beraiek zuten eskubide guztiak eta obligazioak subditoak;
geroago XVIII.ko erreboluzioetan erabakitzen da soberania herriarengan
zegoela eta soberania hau, batzuek, Parlamentoan kokatzen duten artean,
beste batzuendako, ordea, Estatu nazionalean omen dago soberania, eta
hauetan ere 'soberanoak' ditu eskubide guztiak; Marxek berea sortu zuenean,
soberania langile klasean oinarritzen zuen eta ez burges klasean, eta
langile klasekoak, nola ez bada, bere helburuak betetzeko mugarik gabeko
eskubide guztiak dituzte, gainontzekoak bat ere ez duten artean. Integristentzat
soberania Jaungoikoaren hitzarengan dago, Koranean batzuek, Ebangelioan
besteak, eta Thoran beste batzuendako. Guzti honek, gizakiari zer ekarri
dio?: kolonizatze proiekto inperialista berriak, herri eta kultura askoren
kupidagabeko zapalketak; zapalketa eredu zahar batzuren desagerpenarekin
batera, libertade eredu batzuren desagerketak (Euskal Herria bertan);
konkista gerrak eta gerra zibilak, bakoitzak bereari eusteko, batzuk
bere interes ekonomikoari eusteko beste balore guztien gainetik, eta
besteek bere 'zeregin historikoa' betetzeko. Batzuek soberania arraza
zuriak duela diote, besteak arraza beltzak duela. Tirania zuriak, gorriak,
beltzak eta beste koloretakoak sortu dira azken lau gizalditan mundu
guztiaren zehar.
Baina zapalketarekin batera, libertade ohiuak entzun dira eta borrokak
latzak egin dira baita ere. Bai herri mailan, sexu mailan, kultura mailan,
ekonomi mailan e.a.; guztiak, izan ere, bukatu gabeko borrokak dira,
libertadea eta demokarzia ezin baita ulertu gauza estatikoak bailitzan.
Guztia sortu da tokian tokiko soberaniaren aurka. Soberania tiraniaren
iturri bat da, balore absolutoetan oinarritzen delako.
BURUJABETZA: ezintasun batzuk baldin badaude 'soberanía' euskeratzeko,
zailtasun haundiak dute gaurko euskaldun gehienak 'burujabetza' erderatzeko.
Hiztegi askotan burujabetza independencia-tzat erderatzen dute edo autonomia-tzat.
Nahiz eta hiztegi gaietan aditua ez izan ez dut ezagutzen hiztegirik
burujabetza soberania denik ezartzen duenik.
Euskal kultur alorreko idazle batzuk ikutu dute gai hau. Ez dakit kontu
honetan ikerketa sakonik egin denik. Izan daiteke, agian, tesis bateko
gai bat.
Bartolome Madariagak (Markina, 1768-1835) zion: "Euren buruaren jaube
izatera eldu artian, hogei edo ogeita bi urte artian...."
Madariagarentzako lagun bat bere buruaren jabe izateko adin bat behar
du, garun garapen osatua beharrezkoa du. Umeak eta nerabeak ez dira
bere buruaren jabe, garun garapen maila desberdinetan egon arren.
Hiriart-Urrutyk (Hasparren,1859-Baiona,1915) hau zion: "Gure buruaren
jabe egon nahi badegu beti, jakin dezagun beldurrik gabe, behar arau
mintzatzen da egiten". Hiriart-Urrutyntzako, nor bere buruaren jabe
izateko behar arau mintzatzea eta egitea da, hau da, behar dena mintzatu
eta egin. Beharra da, burujabetzaren konponente bat.
Joan Antonio Mogelek (Eibar 1745- Markina1804), bere aldetik, hau zion:
"Ez dakit nik zer dan bakotxa bere buruaren jabe izatea ta katebagako
bizitzia". Mogelek, zehatzago jartzen du burujabe izatea zer dan: ez
de ulertzen lagun bat bere buruaren jabe izan eta lotura gabe bizitzea.
Beste era batera esanda: buruaren jabe izateko loturazko bizitza bat
behar da.
J.A. Mogel, beste biak baino lehenagokoa izanik, ondo uztartzen ditu
aurreko bi idazleek diotena: alde batetik bizimoduan loturak hartzeko
adin bat behar dela (umeak eta nerabeak ezin dute gizartean loturarik
hartu, entrenatzen ari dira loturak hartzeko); bestetik tinkotu egiten
du burujabetzaren falta ezinezko osagaia beharra edo loturak direla.
Katebagako bizitza duenak, lotura gabeko bizitza duenak, ez da bere
buruaren jabe.
Baino zeinek jartzen ditu bizitza bateko loturak eta kateak? Argi da
gizakia taldean bizi dela: familian, auzoan, lantegian, herrian, hirian,
lurraldean, .... Inguruak eskatuko dio -bakoitzak bere mailan- gizartean
bizitzeko obligazioak hartzea. Obligazio hauek, noski, besteenganako
loturak eta beharrak dira. Norberak aukeratu behar ditu zertan lotu
besteekin. Horretarako, loturak aukeratzeko, askea behar du izan. Eta
hau da burujabe izatekoaren bigarren baldintza: lagunak askatasuna behar
duela loturak aukeratzeko. Askea ez dena ez da bere buruaren jabe. Gaixo
eta espetxeratuen kasoetan bezala. Euskal kultura bizi duenak, ezin
du nahastu askatasuna eta burujabe izatea. Bi gauza desberdinak dira:
aske izatea nahaitaezko baldintza da burujabe izateko. Eta burujabe
izateak loturak eta obligazioak hartzea eskatzen du. Askatasunaren erabilera
beraz, loturak ikustatu eta hartzerako da. Eremiten askatasuna, gizarte
kanpoko askatsuna da, ez du zer ikusirik burujabetzarekin.
Giza bakanari dagokiona dagokio, euskal kulturan, baita ere, giza erakundeei.
Erakundeak, taldeak, era guztitako organizazioak, bere buruaren jabe
dira: askeak dira bere helburuak betetzeko eta bestetik, gizartearekiko
serbitzu edo beharrak eskatzen zaizkie. Ezta bat sortu ezer ez egiteko.
Nola erderatu daiteke burujabetza, hiztegietan, independencia edo autonomiatzat,
loturak izatea bere-berekoa duenean.? Eta soberania konzeptoak zer ikusia
du euskal burujabetzarekin? Burujabetza erlatiboa eta baldintzatua dago
gizabakan bakoitzaren borondateagatik; soberania guztiak, berriz, sortu
direnetik, bere baldintzak ezarri dizkie gizarteeri.
Burujabetza euskal kulturaren konzeptu emaitza da. Ezinezkoa degu soberaniatzat
hartu. Konzeptu hau arrotza dugu, espainola edo frantsesa. Burujabetza,
Euskadin, soberaniatzat ulertzea espainolismu kasu bat da.
E. Gorozika