GOIZ ARGI

Artxibo rtf

Orixe, XX mendeko poesia kaierrak, Donostia, Susa, 2000

Orixeren postua

Orixek zorte ona izan du bere kritikoekin baiña ez ainbeste bere obraren edizoarekin. Azken urtetako poesiak, adibidez, edizio aundi eskuragaitzean zeuden bakarrik (Auñamendik ateratako poesi osoen liburuan ta geroago Etor-ek ateratako obra guztien zenbaki batean). Joxe Azurmendik “Igan beti nire lelo” ta “Getsemani” izendatzen dituen poesia saillak ez dira iñoiz ( dakidala, oker egon naiteke) liburu gisa argitaratu. Susako langilleek utsune ori bete dute liburuska onekin. Bearrezkoa zen euskal poeta klasikoen argitaralpen txukun ta merkea. Bearrezkoago Orixeren kasuan. Klasikoen mailla oso onuragarria izan daiteke. Baiña irakurle eza bada orren ordaiña, orduan ezinbestekoak ditugu klasikoak, ta poeta klasikoak batipat, erriratzeko alegiñ au. 

Esan dut aseran Orixek zorte ona izan duela bere kritikoekin. Ziur asko euskal kritikak eman duen libururik onenaren eragille gertatu da (“Zer dugu Orixeren kontra” ta “Zer dugu Orixeren alde”, Joxe Azurmendik aspaldian idatzitako bi liburuak). Aldaketa linguistiko ta politiko guztiak direla ere, Orixe galtzailleen bandoan gelditzen zelarik, biografo on bat izan du (Paulo Iztueta) ta idazle gazte baten mirespena (Patziku Perurena). Azken onek entseiu ederra idatzi zuen Orixek zuen joera “belarritarra”ri buruz. Esan genezake, memorioak ain pixu gutxi duen euskal literatur mundu ontan, Orixe idazle bizi-bizia dela. Ta are biziagoa jadanik ezkutuan dituen bertuteak ezjakiñak direlako euskaldun geiengoarentzat.

Liburuari buruz kritika egin bearrean Orixeren obra ta pentsamentuaren zenbait aldartetan finkatuko naiz. Uste soil batzuk botako ditut, irakurle afizionatuari dagokion bezela, beste ainbatek bere obraren ezagupidea artu dezaten. Dana dala, poesia liburu au atari eziñobea da Orixeren obrarengan sakontzen asteko.  

Mistika ta Poetika

Auxe da gure lantxo onen punturik larriena. Mistika ezpaita iñundik ere jakintza finkatu ala teoria ta ezta poesia ere. Mistika aszesiak dakarren bigarren maillako fruitu zoragarria da. Jainkoa ta gizakiaren arteko elkarrizketaren ondoren preziatua. Ta mistika praksia da, ta praksi adierazteziña, teoriarik gabekoa. Kanpo-faktore batzuen koinzidentziaz esan genezake alako esperientziarik egon den ala ez. Baiña, azken batean, eziñezkoa da iritzi erabatekorik ematea.

Munduan zear amaika erlijioek egiztatu dute bide mistiko delakoa. Ez da kultur bakar bati egokitzen zaion fenomenua. Egungo munduaren oizko mekanizismoak pentsa lezake bakarrik aberrazio bat dela. Munduko kondairan, ta jadanik errialde askotan, mistika eguneroko ogia da.

Orixek zabaldu ta mugatu egiten du mistikaren eremua. Batetik dio konzientzi garbitasun oro mistikaren seiñale ala azi dela. Mistikaren zeregiña gure begi ta konzientzi zamatuek daramaten zurrunbillo kaostiarra suntsitzea da, ikus dezagun buruz-buru, Paulo doneak esan bezela. Bestetik, mistika, ala esperientzi mistikoa, ezin ziurtatu daiteke. Berataz dugun jakintza uts-utsik tentatiboa da, ezpaita jakintza, goi-arnasaren urratsa baizik. Ta ori Abraham ta Jainkoaren arteko kontua da soillik, Kierkegaard-ek zion legez. Jainkoaren ta gizakiaren arteko arremana ez daiteke modu unibertsal batean adierazi, unibertsaltasun eza ori baita esperientzi delako orren baldintza. Bide guztiak dira bide bereziak naiz eta elmuga berdiña izan beti: Jainkoa ta gizakiaren arteko komunikazio modu bat.

Orixe oarezaren aldeko agertzen zaigu ein oni dagokionez. Esperientzi mistikoaren segurantzia eziñezkoa da probatzen ta gaitzesgarri da aitortzen. Bi arrazoiengatik. Bata: aszesia ta mistika guztiek otoitza dute iturburu zein ardatz. Orixe-ren ustez otoitzak, bere mailkatze guztiak apalenetik goreneraiño izpirituaren ekintza adierazten dute jadanik, Grazia ta giza-borondatearen berezko bil-leku gisa. Bia: egiten den ona Jainkoa ta pertsonaren arteko kontua da. Intimitate au puskatu egiten denean –zuzeneko goi agintzarik gabe- orduan amildegi abisaletan igerika ari diren animaliak aireratzen direnean bezela gertatzen da. Presio desberdintasunez desegiten direla. Era berean esperientzi mistikoa.

Ta alare irauten du “esan bear” batek Orixeren kasuan. Ez du abertzaletasunak ortara bultzatuko: 36-ko gudatearen sofrimentu oldean ito ziren betirako Orixe-ren aberri askatasunaren aldeko ametsak. J.M. Aranalde illobak argi dio erabat etsia zegoela erriarekiko –“munduko erririk mixerableena gera” zioen ein orri buruz. “Goi-arnas”ak bultzatzen zuen alare bere obra egitera. Ta euskeraz egitera gaiñera. Bere oarpeneko konbikzio guztien kontra –Egoameriketan patxara ederrean bizi zela- Euskalerriratu zitzaigun ta Egoamerikatik ez zion utzi euskeraz ta euskal kulturari buruz idazteari. Rudyard Kipling-ek bere “daimon”a deitzen zion idaztera bultzatzen zuen irrika ezkutu orri. Orixek “Goi-arnasa” deritzo. Idazkerak bear du bere egillea lumatik eraman. Askotan au ezpaita gai bere ildotik nora joango den antzemateko. Orixek ez zuen ikusi euskeraren salbamena ta bere obraren iraupena. Baiña azken minutu arte eutsi zion bere bizitzaren zeregiñari ta “egin dut” batez il zen, bere azken obra burutu zuenean, “zakuko guztiak” bota zituenean.

Ez zekien ere bere ondoren kristau fedeak egundaiñoko legortea izango zuela euskal literaturan. Bidai luze ortarako agian utzi dizkigu bere obrak. Oroitu dezagun garai batean gauza txit arrunta zena. Ikus dezagun kristautasuna ez dela bakarrik dotriña irakaspidea, baizik eta perzepzio ta esperientziak  itxuratzen dituen mitika sarkorra. Señale xume bat egin ta bereala eskutara datorrena. Ogeigarren mendeko idazle askok esan baidute bizi dugun automatismo sozialaren azala meea dela, ta txulatuz gero azpian tinko dirautela historizitate ta izpiritualitatearen katemailla geologikoak. Ontan Orixek bategiten du beraiekin. “Filosofia eternala” badagoela mendebaldean.

Orixentzako ez dago banatzerik mistika ta poetika. Poetika, klasikoek konbentzionalki edota fedetsuki aitortzen zutenaren arabera, inspirazioaren emaitza suertatzen baita. Ta zer da mistika Orixek bere obren atarian aipatzen duen “goi-arnas”a baiño? Poetika mistikaren arabera neurtu daiteke, ez ordea alderantziz.  Poetika metafisika bati dagokio edota ez da ezer, sinboloen ta imajiñen mundu bati otsegin bear baitio. Metafisika orrek ez du inspirazioa siurtatzen. Baiña zuzenbide ori gabe ez dago itzekin mirariak egiterik, inspirazioa konjuratzerik. Coleridgek aipatu “fede poetiko”a, fedea baita irakurlearen ta egillearen arteko funtzioaren barruan. Irakurleak “sinistu” bear du, ta egilleak “sinistarazi”.

Gai ontan sartuz gero, modernitatean eman diren ainbat eztabaidetan murgilduko giñake, alanola Gottfried Benn poeta alemanak aipatu “egia” bear zuela poesiaren akullu izan ta, ein orretan, Jainkoa ez zela “idei poetiko aproposa”. Alako baieztapen baten aurrean Chesterton-ek erantsiko luke poeta batentzat ez dagoela “gai ez-poetikorik”. Benn-en aitortzak garbi darakus, baiña, poesiak bear duela gizartearen aurrean postu seriosa, zillegiztatze antzeko zeozer. Bide ortatik –mende erdian eman zena- antzertia ta politika izan ziren poesiaren irtenbideak. Berealakoan xautu egin ziren alegin auek. Ekonomia ta mezu azkarren mundu batean poesia traba da, ta ez laguntza, baldin eta egungo funtzio komunikatiboaren iskilluen arabera juzkatzen badugu.  

Argi dago, salbuespenak salbuespen, fedeak beretik zekarren inspirazio delako ori ez dela izan egungo poeta geienen gidari. Bestalde –ta aipatzekoa da ere- erromantizismotik onera poesiak garrantzi sozial aundia galdu egin du. Erlijioaren gainbera poesiaren gainbera sozialarekin batera gertatu da. Biak gertatzen dira jende askorentzat aspaldiko gauzak ala eraikin ez-naturalak, txorabio alper utsak.

Ortaz, zer du esatekorik Orixek egungo gizonari? Ez gutxi. Ain zuzen ere, egungo gizonak baztertu ta aaztu egin dituen ainbat gauza.

XX-garren mendeko kondizioa

Euskal literaturaren ausnarketak sarritan zamatu dituen txikikerien artean modernitatearen gaia izan dugu nagusi. Kritiko geienek izan dute solas-gai. Idazle askoren asmo didaktikoa izan da euskal literatura ta euskal kultura modernitatean murgil-araztea. Ein orretan, Orixe pre-modernoa genduke, Trento-ko kontzilioaren garaikide anakronikoa.

Ta alare Orixek ogeigarren mendeko kondizio delakoa dastatu du zuzen-zuzenean: totalitarismoa, deserria, nortasun berkonposaketa. Dastatuz gaiñera, literatur-gai gertatu zaio, ta au ez da euskal idazle askorekin pasa. Mende orren izaera ain izan da apokaliptikoa ze arteak moldatu nai izan dituen disrrupzio ta ausketa oro parregarri geratzen zen eguneroko errealitatearen ondoan. Gure poetak esperientzi ori itxuraldatu ta mamitu egin du modu gaindikorrean. Ze esango genduke konzentrazio zelaietatik bizirik atera ta pakea lortuko zukeen juduari buruz? Ta ain zuzen pake lortze ori literatur prozesu baten bidez irakurri al izango bagenu? Auxe da Orixeren kasua.

Izan liteke Orixe-ren pentsaera zientzia ta pentsamentu anakronikoen menpe egotea. Bere esperientzia, naiz Huitzin ala Orexan, naiz gerra gorrian, naiz erbestean, naiz ere bere izpiritualitateak zemaion gardentasunean, bene-benetazkoa da, ondo mamitua dago, ezinbestez gaur-gaurkoa. Ezin gehiago ulertu zuen mende orren izaera apokaliptikoa, ta bere poesian islatzen du ori. Orixe bere miñak “ez samiñak” izan zirela zioen, Kristoren miñen ondoan. Ez da aitorpen makala. Larrutik sentitu zuen mendearen ozka. Mendetako pentsamentu arrazional ta zientifikoa ta gero, gizakiak aurrez-aurre topo egiten du Auschwitz ta Dachau-ren errealitateekin, Jainko sakrifikatuaren mitoarekin, bere sofrimentu propioari esanai transzendentala ezartzeko asmoz.

“Urte Zuria” (1937) poemak esperientzi orri buruz diardu. Gai errekurrente xamarra da Orixeren poesia autobiografikoan, “Getsemani nere miñondo” (1952) deritzan poeman berriz ere azaltzen baita, urte dezente geoago. Gaia auxe da: gizakiaren ezereza ta giza-idealen uskeria sofrimentu ta giltzapearen aurrean; gizakiaren askatasun transzendentala morroitza ta sofrimentu egoerarik larrienetan. Ezpaitsua da mezua, dudarik gabe. Agustin Deunaren miresle ta ikasle izaki, paradoxa maite du beti Orixek.     

“Kiton arrebarekin” elkarrizketan argiago azaltzen da guzti au. Dante-ren obraren bersio garaikide ezin aproposagoa dugu. Dantek bere denboren liskarren arabera eraikitzen du parabola jainkotiarra. Berdin egiten du Orixek. Ogeigarren mendeko kondizio ori, noski, txertatu egiten da eskema klasiko orretan. Or dago Orixe-ren orijinalitatea. Ez da pastichea, ez da obra historikoa, prosazko obra xumea baizik. Ta apala gaiñera, elkarrizketa baten bidez egiten baitu. Ausnarketaren formarik antziñekoena darabil.

Orixeren eskema klasikoa, ta obraren ibilbide ulerterreza, gaiaren arroztasunarekin dator bat. Bere esperientzia ta jakintza mistikoaren arteko ausnarketamodu paraleloa martxan jartzen baitu, au da, bizi izan dituen gertakariei zerikusi ala ikutupuntua ezarri die Jainkozko gauzekiko. Nola esplikatzen du totalitarismoa? Jainkoaren izenean etorri ziren frankistak Euskalerrira; Jainkoa birao gisa aotan manejatuz erakutsi zuten gezurra zela pretensio ori. Ergo, pekaturik larriena zegioten, izpiritua edo argiaren kontrako pekatua, Jainkoaren izenean Jainkoa erasotzen baizuten. Jainkoaren kontrako azpilanean ari baiziren Jainkoaren aitzakiz.

Kondairagillek ta filosofoak ez dira ziur asko oso pozik egongo esplikazio orretaz. Alare badu bere logika ertsia ta bere egi borobilla. Fatxismoarentzat ideologia, justifikazio ideologikoa, edota genealogia politikoa, gauza utsala da, inportantzirik gabekoa. Modernitatearen etekiña izaki, eraikuntza guztiz modernoa izaki –estatu kudeaketa totalitarioari atxekia- gizarte teknikoaren baliabideak erakusten ditu, izpiritua –ideologia- bataz besteko akullu publizitarioa gertatzen delarik. Eraketa, organizazioa, da fatxismoaren muiña. Eraketa modu orrek zemaion gerrarteko gizarteetan zorroztasun ta eraginkortasuna.

Orixek, noski, beste aldetik egiten du oarkizuna. Mutur bataz-bestekoaren aldetik, izpiritualitateatik. Egokipenik ez dagoenean ekintza ta jakintzaren artean –Jainkoa jakintza baita, jakintzarik gorena- orrek esan nai du ekintza ezin txarragoa dela, ezin gaiztoagoa. Bere modura baiña arrazoiz ta logikaz aier egiten dio Orixek fatxismoari.

Azken itza

Gaingiroki Orixeren obra ta irudia aztertu ostean, irakurleari poema liburu au irakurtzeko gomendioa luzatzen diot. Bere tamaña ez dator bat dakarren mamiarekin. Benetan euskaltzale denak badu zerikasirik Orixerekin. Ta literaturaren dastatzaille denak emen du eredu ta oiartzun bikaiña, gure kondizio egungo ta eternalarekin leian sartzeko aukera apartekoa.

 Jokin Alkorta