GOIZ ARGI

(Número 5. Zenbakia - Apirila 2000 Abril)

Artxibo doc

LIZARRAKO ITUNAREN BALIOA AZTERTZEN

Gauzak ez dira, oro har, bere osotasunean onak edo txarrak izaten. Gauza baten izate-muinean beti arki daiteke alderdi onik eta alderdi txarrik. Hauetatik zeinek hartzen duen nagusigoak zer-nolakotzen du gauza beraren izaera. Bere baitako burrukan, alderdi onak nagusitzen badira izan oneko gauza bezela ikusiko dugu. Bestalde, alderdi txarren garaipenak, nagusiki txarra izatera ekar lezake.

Ikuspegi honen laguntzaz egin nahiko nuke Lizarrako Itunaren geroari buruzko nere gogoeta. Erabateko baieztapen edo ezeztapenak aparte utzita; Lizarrak etorkizunean egin dezakeena ona izatera ekarri daitekeela uste dut, orain artekoak emaitza onik ekarri ez badu ere. Euskal erakundeen oraina, gobernagarritasuna, suetena indarberritzea, herriaren nahimena eta erabakimenari bidea ematea, guzti hauek txuri edo beltzean ikustera behartu nahi gaituzte, azken egun hauetan. Batzuentzat, Lizarra utzi edo hautsi egin behar dute alderdi abertzaleak. Besteentzat, Lizarra itxi edo blindatu egin behar da pakebidean aurreratu nahi badugu, behintzat. Haientzat, Lizarra ez dugu utzi nahi ETAren morroi geralako. Hauentzat, ordea, Lizarra ez dago erabat blindaturik Madrilgo etsaiekin oraindik lotuta gaudelako. Gure hautuaren zai daude biak. Hautamen bakarra omen dugu. Bi-bientzat, beraz, erabakia alde batekoa edo bestekoa beharko du izan.

Baina, badago beste aukerarik. Euskalerritarrok agertu izan dugun edoeta agertzeko dugun nahimena errespetatzea da, nik dakidala, Lizarrako Itunaren oinarria. Lizarrak, honela, herrigintzan sortu gatazkak konponbideratzeko herri borondatearen proposizioa egiten du. Herriak emandako eta eman dezakeen hitzari trabarik ipini gabe. Abertzaleen agintari batzuren hitzetan, era honetara, bertako arazoak konpontzeko gaitasuna bertakoen esku uzten duen metodua besterik ez da Lizarra. Sortzez metodua zana, baina, indar politiko batzuren bakuntza ere bihurtu dana; burruka politikoan batera aritzeko, aurkarien kontrako burrukak eskatzen duen disziplinaren menpe, egin dan frente batua. Burrukan batera egin beharrak eskaturik, joera politiko bateratzailea bultzatu asmoz, goitik-beherako antolaketa hartu du beretzat Lizarrak. Lizarrako taldearen barrenean izan zitekeen aniztasun politikoa, joera bateratzailearen azpian gordeta geratu da gehiegitan. Horrela jardun izan da, tamalez, Lizarra. Euskal gizarteak noiz-nungo ezberdinetan adierazi zezakeen borondatearen zaindaria ikusi behar zuten lekuan, askok indar politiko jakin batzuren gotorlekua besterik ez dute ikusi Lizarran.

Herri borondatearen alde ekitea gauza bat da eta herriaren gehiengoaren ordezkaritzaren jabe bakarrak gerala ustea, beste bat zeharo diferentea. Hemen, hautaketa ezberdinen aurrean herriak gauza ezberdinak aukeratzen dituela nabarmen geratu da azken hauteskundeetan. Ezin diogu, beraz, Lizarrari eutsi euskal gehiengoaren islapena bai litzan. Agorturik utzi dugu iturri hori. Lizarrak bere buruarekiko eduki duen irudi hori ez da egitakoa. Eta, okerkuntza horretan oinarritu dira ETA eta EH erakundeekin hautsi eta "prozesu konstitugilea" hasteko egin izan duten proposizioa egiteko. Erakundeekiko haustura hori bultzarazteko asmoz berrekin dio ETAk indarra erabiltzeari. ETAk, bere modura, Lizarrako Itunari aurrea hartu nahi izan dio, itunkideen ibilbide librea bere gerizpera ekarri nahirik. Baina, nere ustez, itunak oinarri guztiz demokratikoa du. Eta, oinarri berau eragin beharko genuke Lizarra biziberritzeko, hala berean ETAk Lizarrari eskeni babesa erabat errefusatuz. Baina, hortarako, oker egindakoa zuzenbidean jarri beharra dago premiatsuki.

Euskalerrian ez ditugu inolako frenterik behar. Gizartearen baitako porotasuna, larriki hondatzen ari dana, berreskuratzen jarri behar ditugu eginahal haundienak. Hautsi, itxi, itsutu edo antzeko hitzak erabili beharrean, herrigintzan beharrezkoagoak diran iriki, eraiki, buruaren jabe izan ideak erabili behar ditugu gure hizpide eta eginbideetan. Aurkariaren kontrako burrukari etekinik haundiena atera nahi izatearen menpe jartzen baditugu Lizarrazaleen erabide, burubide eta jokabideak, frente bat besterik ez dugu edukiko. Eta ez dugu, honela, Lizarrak duen ahalmen guztia herriaren zerbitzuan jarri ahal izango. Herriaren alde, herriaren borondatea –gure aldekoa ez bada ere- defenditu behar da.

Herriak adierazten duen nahimena, inolako oztoporik gabe, betetzea demokraziaren oinarri-oinarrian dago. Abertzaletasunaren tradizioak ere berea egin du aipatu irizpidea. Herri borondatearen aldarrikapenean oinarritu behar du Lizarrak bere eginbidea, gaurtik aurrera iriki dan garai politiko berrian. Herri borondatea errespetatu behar bada, etzaizkio borondate horri noiz edo nungo mugarik jarri behar. Herriaren hitza balioztatzeko nahikoa da libreki emana izatea, herriak berak bidezkoak ikusi dituen lege-barrutietan. Gaur, argi dago, EAE eta NFE autonomi-eremuak bidezkoak dira Elkarte hauetako herriaren gehiengoarentzat. EAEren kasuan, gainera, herriak zuzenean emandako hitzaren fruitu da Gernikako Estatutua. Lizarrak, herri nahimenaren defentsan, Estatutuaren alde agertu beharko luke, herriak kontrakorik edo beste erabakirik hartzen ez duen bitartean, behinik behin. Herriak emandako borondatearen kontra ez dago Euskalerririk. Emandako hitz jakinaren alde aritzetik dator, etorkizunean eman litekeen hitzaren defentsarik zintzo eta jatorrena. Modu honetara jokatu izan dute beti herri agintari abertzaleak eta hauen eskutan izan diran euskal erakundeak. Alderdi abertzaleek hartu behar dute, tradizioari berreutsiz, Lizarra norabide berrian jartzearen erantzukizuna eta gidaritza.

 

Joxan Rekondo

-Gipuzkoako Batzarkidea-