GOIZ ARGI

(Número 6. Zenbakia - Maiatza 2000 Mayo)

Artxibo doc

Liburuak (Euskal Sena, Ez)

Euskal Sena, Latxaga, Auspoa Liburutegia, Oiartzun, 1999.

Euskeraren langille isil onek, Jose Maria San Sebastian "Latxaga" jaunak, bere azken liburua opatu digu. Ezaguna da euskaltzaleen artean "Euskerazaintza" aldizkarian egiten duen lanarengatik, ta beste ainbat lanengatik. "Naparroa, Euskal arrobia" ta "Euskal sinodoa" liburuak ditut bereziki gogoan.

Langillea diot ta langille xeea, euskal arloan oiartzunik lortzea zailla gertatzen baldin bada, berak artutako aukera zaillenetakoa iruditzen baizait: erri-euskeraren ildoari jarraiki, ia erabat aaztuta dugun euskal usadioa ta euskal nortasuna, euskaldunok mendetan zear ulertu dugun bezela, testigantza zintzoz ondokoei ematea. Bestalde, euskeraren defentsa ta aldarrikapena eremurik zaillenetan eraman nai izan du –Naparroan kasu.

Noizpein, gaurko euskal mundua antzutu ta itsusitu egiten dituen arazoak amaitzen direnean, egingo ote zaio gizon oni bearrezko justizia. Ta ala gertatuko ezpalitz ere, Latxagari ez lioke geiegi inportako: Sabin Arana-ren antzekoen euskal kasta beretsukoa dela baitirudi: "muera mil veces mi memoria si tiene que vivir Euzkadi", zioen Abandoko Askatzailleak. Latxaga ez du bere buruaren oiartzunaren ardurarik. Ainbat maite dituen Aezkoa, Erro ta Zaraitzuko ibarrak euskal usaiez ta euskal itzez altzako balira, bere alaitasunik aundiena orixe izango litzateke. Euskeraren muga gaiztoak puskatuz, gure kulturak ta konzientziak mendi oiek berriz ere jantzi ditzala: Moises-en makillak ura eragin zuen bezela arkaitz legorretik, euskera lertu dedilla Pirineoen mendatetik beera. Igarle ta ur-emalle gertatu baitzen euskal izatearen atzerapauso une larrienean.

"Euskal sena" liburuak egitura errex-errexa du, baiña badu ere eunketa baten zentzurik. Atalez-atal, euskal izatearen topiko ta mugarri diren zenbait ideia jartzen dizkigu atarian, ta azterlari ta ia antropologo urte luzetako oitura ta esperientziz jantzia idei oiek garatu egiten ditu pasadizuz ta ausnarketa etimologikoen bitartez. Orrelaxe, baserri giroaren bizimodua ardatz arturik, euskal senaren adabakiak begiz aurre jartzen dizkigu.

Jorge Oteitza eskultoreak emozio biziz xurgatuko zituen emen ematen diren ainbat pasarte. Euskal Senak gorderik duen bitxitasuna ta ezpaia probaturik gelditzen baita modurik argienean: euskaldunon norbakartasuna ta elkarlana; xomorrokeria ta eskuzabaltasuna; lanari ta trufari ematen dizkion parteak. Etxearekiko miresmena. Badu Latxagak gaiñera bere idazkera gardena korapillatzen duen paradoxa ta ironia zentzurik. Badu ere alako lasaitasun itxura, Orixe zanak ain maisukiro zuena, mendebaldeko izkuntz idazkeran ain gutxi ikusten den materiarekiko ta gauza elementalekiko atxekimen azkar ta zuzena. Galdutako mundu baten ispillu dela? Galdutako munduak billakatzen dira imaginario ta konzientzia-gune.

Konplejoz ta aurreritziz oratutako euskal mundu kolpatuan ia eziñezkoa gertatzen da euskal baserriari buruzko irizpide naturalik ematea. Atañok egin bezela, Latxagak ez dio gure mundu zaarrari lakartasun apurrik kentzen: baserri bizimodua gogorra zen, eskergabea, berez-berezkoak zituen natura latz bati zegozkion zailtasunak. Kapitulu askotan luzatu egiten da ere euskal gizonaren oiko akatsak aztertzeko: setakeria, umezitalkeria, zakurkeria... Garai bateko kategoria sikologikoak, euskaldunak beraien artean zerabiltenak, plazaratzen ditu: oietatik zenbat dago gaurregun ere!

Eziñobe erakusten digu Latxagak baserriaren sikologia bitxia. Errentak pagatu ala ez, baserritarrari ez zaio funtsezko potere altuenekin edota ugazaba/jaun aundikiarekin euki lezaken artuemana: baserritarra esparru baten jaun egiten da, ta ortik etekiñik ateratzen du. Bere buruaren jabe izatea ez dagokio kanpotik ezarri egitura sozialekiko arremanari. Dituen baliapideak ta arremanak profitatzea: komuntatea, baserria ein orretan, famelia, elburu duela. Askatasunik aundiena erro sakonenetatik bazkatzen da, erantzunkizun gogorrenatik sortzen den bezela norbakoitza bere buruaren jabe izatea.

Liburu au irakurtzeko gomendioa luzatu naiko nioke euskal gaietaz ta euskal nortasunaz kezkatua dagoen edonori. Ez du arazorik izango bere euskera garbian murgiltzeko –gauzak errexki egiten dituela iruditu arren, ongi baitaki Latxagak irudi tajuzko bat ematen kontatzen ari denari buruz. Amaika argibide emango dizkizu edozein gai dela-ta. Utsen bat aipatzekotan, euskaldunak bere lege propioari –Lege Zaarrari ain zuzen ere- itsatsi dion berezitasunaren aipamenik ez ematea. Au ez zen, noski, liburuaren gaia, baiña gure buruari jarri dizkiogun legeetan nabarmendu daiteke ere, ta ez gutxi, gure nortasuna.

Besterik gabe, artzazu liburu au, irakurle, garai ta mundu joan bateko berriemalle gisa: ta irakur zazu, barrenmiñetan ortatik zenbat gelditzen den antzeman al izateko. Kriseillu eder bat jarri digu Latxagak gure burua arakatu dezagun ta erri gisa iraun dezagun argi zaar orren ari beretik.

 

EZ, Manu Erzilla, Alberdania, Zarautz, 1999.

Gure euskal kultur esparru nagiaren lekuko da Manu Ertzilla-ren nobela onek lortu duen oiartzun eskaxa. Ein orretan, ez gaude bakarrik, Latxagaren kasuan bezela, oroimenaz flako. Errekonozimentua baiño leenago aaztura inposatzea, ori señale oso txarra dugu; orrek esan nai du, ta gure errian egitate ori eziñobe probatutzen da, dugun altxorra preziatzeko gai ez garela. Erri baten gutxiengo izanaren eritasuna orretan nabarmentzen dela, aurkako arropuzkerian baiño. Gure baliapideak ta baloreak mesprezatzea –jaio bezain pronto zakarretara botatzea. Auxe da gure pekatua –ta ez alderantziz. Euskalerria ezezaguna da euskaldun geienentzat –ta ez bakarrik leengo Euskalerria; oraingoa ere.

Manu Ertzilla, Atxaga, Sarrionaindia, Jon Juaristi, Joxemari Iturralde ta beste batzuekin batera Pott taldea sortu zuen Bilbo inguruan 80garren amarkadaren aseraldean. Bere izkuntz aukerak, lapurtera krutwigianoa, nunbait mugatu egin du bere itzala ta ospea. Egia esateko, iñori ezer kendu gabe, euskal idazle aundienetakotzat jotzen dut. "Ezpondetako Pneuma" poema liburuak adierazi zuen mailla gorena ez du beste libururik lortu Gabriel Arestik "Harri eta Herri" plazaratu zuenetik. Au irizpide borobillegitzat duen edonork bere kabuz konprobatu bearko luke "Ezpondetako Pneuma" eskuartean arturik.

Egia da gaurregungo euskal irakurle errex-zalearentzat gauza nekeza egiten zaiola alako moldez idatzitako liburua. Normalizazioaz mintzo dira asko izkuntza molde arrunt ala "normalizatu" bat autatzeko unean. Baiña kultura benetan normalduak irizpide kritiko sendoa izan bearko luke leenik, ta orren arabera kalitate mailla ezarri. "Ez" liburuak jaso duen isiltasunak zeresan asko ematen du gure kulturak duen benetako bizitzari buruz. Naiko amorru ematen du "Ezpondetako Pneuma"k jaso zuen arrera eskaxak –jadanik gogoan dut "Hemen" aldizkarian Omar Nabarrok egin zion otamotxeko kritika gaingirokorra.

Frankismo garaiean begibistan azaldu zen Gabriel Aresti-ren orijinalitatea ta indarra, ain zuzen ere, gure kulturak baliapide eskasagoak zituenean. Nola izan liteke, ziñez diot, Ertzillaren obra isilpean gelditzea? Atzera jo dugu? Edota, modernitate pretentsioak gora-beera, prejuizioz ta setakeriz kutsatuagoak gaude? Leengo apaizen dogmakeria aur kontua baita euskal arloa egun gidatzen duen ainbat santoien aldean.

Urte naiko geroago, "Ez" nobelak usai bereko arrera izan du. Izan liteke euskal kultura ez egiña egotea molde ontako ekozpen altuen arauera. Baiña erreferentziarik jartzen ez badugu nola gera aurreratuko? Au da nere buruari egiten diodan galdera. Axular-en "Gero"k ala Orixe-ren "Kiton arrebarekin"ek irakurlerik badute –ta jakin bearko genduke euskal eskoletan euskal literaturarik ematen den, ezpaita ain gauza garbia- Ertzillaren lanak ez luke problemarik izango. Bestalde: Ertzillaren lanak estetika modernoaren arian egiñak daude. Esperimentalak ez izan arren, Kafka ta Thomas Bernhard-en eskolari jarraituz klasikotasun gardena gordez parabola arrotzen xarma ipuilaria dariote. Izkuntzak, bere esirik gogorrena, ez du Orixek batzutan izaten duen gisa kaoserako joerarik; ondo tajututa dago euskal klasikoen sintaxi jatorra ta grekeraz artutako itz espresiboen konbinazioa. Probatu bear da gustatu al izateko; bere usaia ta esanaia kilika egiñez gero, Ertzilla den bezela azalduko zaigu: gure artean dugun talenturik aundienetakoa.

"Ez" nobelak joku sinboliko bitxia egiten du. Frantziako Piriniotan kokaturik dago, baiña antziñako euskal toponimiadun ballara batean, Aspe ibarrean ain zuzen ere. Orrek bi gauza ematen dizkio egilleari; batetik, errealismoaren arazoa gainditu egiten du –lurralde arrotzak lokalismoak dauzkan arazoak baztertzen ditu; bestetik, Ertzillaren izkuntzmolde bereziak euskal usadioa ta mundu modernoaren teknikotasuna bategiteko aukera eziñobea ematen dio, ta euskeraren hinterland delakoa zabaldu dezake irudipen proiekzio eder gisa, garai bateko lurralde euskalduna izkuntz berri ta usadio zaarreko naasmenaz berbizituz, mundu aparteko ta gertuko ispillu jokuz ikuspegi desberdiñak konbinatzen dituelarik. Aspe arana Frantzia da, ta era berean Euskalerri imaginarioa. Unibertsaltasuna geografi ta izkuntzmolde zeatz baten azpian dakusagu. Auden poetak aipatu literatur baliapidea Bigarreneko Munduaren logika egiten asmatzen du Ertzillak.

Modu onetan, nobelak edozein artelanak duen errealismoa ta irrealitatearen arteko neurria ondo integratua uzten du. Protagonista izengabea da, ta ingurunea zeazpen ta xeetasun osoz agertzen zaigu. Ta protagonistaren aotsa da nagusi, berak kontatzen baitigu bere bizitzaren, ta oroar Aspe aranaren, ikuspegi berezia.

Aitama idealista batzuen semea, Aspe aranera doa bizitzera famelia Pirineotaz duten amets ta kosmologi idealista gauzatzeko asmoz. Protagonistarentzat bizileku berri onek suposatzen du alako austura, bein ta berriz, bere bizitzan zear, aldiaz-aldi errepikatu egingo dena. Aita il egiten zaio; ta amak baldintza txarretan borrokatu bearko du leenik ingurune latz ta bakartiaren kontra, ta bigarrenik araneko jendillaje mezkinoaren kontra.

Protagonistaren bidaia ausketa mailla desberdiñen gaiñean euntzen da. Bere nortasunaren imajin finkorik ezean, umillazio ta gutxieste propialaren sentimentua zamatzen duelarik, egiten dituen alegiñak ta saioak bide dira eite sinbolikoz jartzen diren eraikiñak oiartzun poetikoa euki dezaten: ostatua, izokintegia, usategia, unibertsitatea, Aspe erria, Jaun Notariaren bulegoa, espazio guzti auek kalitate mitikoa artzen dute protagonistaren ibilbide apalaren arauera. Mundu oso bat jartzen zaigu begien aurrean. Aukera du Ertzillak bidebatez ausnarketa sail ederra mamitzeko; Pirineoei buruz, mundu modernoa ta natura berraurkituaren arremanari buruz, kolektibitatea ta indibiduoaren interakzioari buruz, nortasun familiarrari buruz. Guzti onek ez du didaktizismoaren usairik ere, Ertzillaren doai nagusienetakoa izkuntz ta narrazio teknikari fantasia ta kontaera arruntaren xarma ematea baita. Unibertso ta ausnarketasail bakoitza bukatzen ditu Ertzillak alako gogojardun konkluitze bezela. Aldi bakoitza amaitzean, protagonistak bere burua utsera biurtu du, "ez"era, ta berriz ere billatu bearko ditu bizitzearen erreferentzi minimoak.

Nobelak "Ez" du izenburua Thomas Bernhard-en joera espekulatibo/minimalistari jarraiki. Azkenean, noski, beste amaitze biderik ezean, narrazioaren zentzu borobildua uxaturik, protagonistak bizkar ematen digu, bere azken bidaiaren gakoak ezkutatzen dituelarik. Kilika uzten dizkigu bere antsiak, bere jardute-naiaren mugarriak, Aspe araneko imajin ta oiartzun zoragarriak.

Ainbat urtez "baserritarkeriaz" mintzo diren aotsak entzunda gero, paradoxa lidurike gure idazle aundienen artean (Bernardo Atxaga, Patziku Perurena, Manu Ertzilla bera) ain present egotea natura eta mendia, mundu orren konzientzia ain garden gertatzea. Alanola "Ez"eko protagonista izengabeak auxe dio bere buruari buruz:

"Neure formazioari zegokion gabezia horregatixe, beraz, ez neukan nik, gizarte suhartsu eta ekinetan irauteko behar den bezainbateko agresibitate, lehiakortasun eta mugimendu erreflexurik, bertzeak bertze. Aitzitik, nehork ez bezain ongi nitzakotuak nituen habitat naturalera –gizakien artekoa baino zorrotzagoa, selektiboagoa, baina maltzurkeriarik gabea- moldatzeko automatismoak. Ene heziera herstuki lotua zegokion naturaren agerpen eta bilakabideari, haren ziklo begetalei, hegaztien ugaltze eta habiagintzari, errekastoen gora-beherei, lur, harkaitz eta zuhaitz sustraiek, elkarren artean arbitrarioki jokatuz, osatzen zuten topografiari eta hartan nik asmatzen nituen milaka joko motei".

Asmatzen dituen mundu korrelatibo guztiak (poesia, usategia, izokintegia) mundu natural orren erritmoetara makurtzeko saioak dira, berezko sentiera duen panteismoaren gordaillu eziñezkoak, gizarteak ta fatalitateak ("patu"en irrupzioa zentzu klasikoenean) zapuztu egiten baitute protagonistaren arri ala animali nai izana. Nobelaren tentsioa ortan datza: konzientzia/kontaeraren ezinbestekotasun bortxatzaillea, mutu ta sentikor izan nai duen naturalitate soillaren gaiñean.

"Ez" liburu aundia da. Literaturaz ardura duen orok irakurri bearko luke ezpairik gabe, benetako maisu baten mailla ta narrazio zoragarri baten xarma jaso ditzan. Euskal kultura ta literatura salbatu ta zabaldu dezaken alegiña ez dago izkuntz politika baten menpe, baizik eta ekozpen kultural altuen ezagutze-emateaz. "Ez" ezaguna ta zabaldua izango balitz, orduan euskaldunok demostratuko genduke kreatzeko ta munduari zerbait pixukoa emateko gai garela, izpiritu unibertsala aberasteko kapazak garela. Azken itz auek laudorio neurrigabetzat jotzen duenak, irakur dezala liburua. Euskal munduaren sastraka artean larre goienetako lore paregabea aurkituko du.

Jokin Alkorta