GOIZ ARGI

(Número 6. Zenbakia - Maiatza 2000 Mayo)

Artxibo doc

Jose Luis Lopez de la Calle hil dute

ENAM mugimenduak "Oldartzen" ponentzia praktikan jartzen hasi zenean, euskal populazioak zituen tabuak eta aurreritziak garbitu nahi zituen, edonolako barrabaskeria normaltzat hartu zezan asmoarekin. Horregatik zion ETA erakunde armatuak Ordoñez-en hilketak lurrikara sortu zuela ez baiña bakarrik euskal gizartean ezker iraultzaile barruan baizik ere.

Ertzainak, bizikleta-saltzaileak, enpresariak, zinegotziak, poliziak, espetxe-funtzionariak, ELAko sindikatukideak: modu eta mota guztietako jendea hil zuen erakunde armatuak horrezkeroztik. Ez da hau gogorkeri etnikoa; mailaz-maila inguru sozialaren kategoria desberdinak atzematen saiatzen den gogorkeria baizik. Guztiok kolpatu nahi gaituen gogorkeria.

Oraingoan Jose Luis Lopez de la Calle-ri tokatu zaio. Antifrankista ezaguna, espetxetik pasatakoa, ogibidez sekula kazetari ez izana, idei batzuk adorez eta tinkotasunez defendatu nahi izan ditu eta horregatik DV horrialdeetan lehen eta El Mundo egunkarian geroago, bere iritzia ozen eta garbi azaltzen zuen. Ez ginen gu bere irizpidearekin batere ados. Bere hilketak, ordea, gizon honen ausardia eta neurriaren berri ematen digu bapatean. Jubilatu berria, pakez pasa nahiko zuen bere zahartzaroa. Eta nahiz eta hilabete batzuk lehentxeago erasoak jaso Kale Borroka taldeen aldetik, ez zuen bizimodurik aldatu nahi izan, ez zuen eskoltarik eramaten. Akaso horregatik hil dute; erakunde armatuaren manatuei men egiten ez dien guztiak nola pagatuko duten erakusteko. Eta alegin horretan erakundeari bihotzik ez zaiola xamurtuko pairatzailearen merituak gora-behera. Hauxe da erakunde armatuaren mezua eta pedagogia. Hauxe da ere iragartzen digun gizarte moldea eta gizarte jokabidea.

Orain dela hiru urte, Miguel Angel Blanco erahil zutenean, gizarteak egundainoko protesta giroa erakutsi zuen ETAren ekintza bidegabeen kontra. Ostera, sueten aldi hau pasaz gero, badirudi egokitze garai batean gaudela. Politikoen inefikaziaz nazkaturik, herria aski pattaldua, goibeldua eta ilusio gabetua ikusten da. Nolabait esateko, ENAMen iruzurra asumitzen ari garela irudi du. Hauxe da gertatu lekiguken gauzarik larriena. Beharrezkoa baita gizarte mobilizatu eta konzienziatua, bizi dugun zatiketa giroa erreferentzi etiko gotorrez gainditu dezagun. Ez dezakegu urrutiko intxaurren menpe utzi arazo honen bideratzea, aldiro gertatu daiteken biktimaren aurrean "tokatu zaizu" batez etsi-eginik. Atzartu beharra dugu bidegabe guzti hauen aurka.

Abertzaletasuna, bestalde, oso paper txarra egiten ari da. Gauza bat da ekintza hoien erantzunkizuna –eta garbi dago espainiar komunikabideek astintzen duten mezua, hein horretan, txarra eta faltsua izateaz gainera, ETAri bakarrik egiten diola mesede- eta beste gauza abertzaletasuna erakusten ari den ezina gizartean puri-purian dagoen deserosotasuna eta ondoezarekiko. Politikoak arazo publikoen bideratzaile izan behar dute eta askotan funtzio horretaz ahaztutzen dira politiko abertzaleak; pentsatzen dute aski dela gure herriak kolpatzen duen ezinarekin bategitea, beste esfortzurik egin beharrik gabe.

Egiten direnak ere ez doaz oso bide onetik. EH-kin eramaten ari diren elkarrizketak bigarren sueten bat lortzeko asmoz, lehen suetenaren aurrean inolako iritzi ala ebaluazio kritikorik egin gabe, gauza nahiko patetikoa bihurtzen ari da. Begibistan dugu benetako ofentsiba baten aurrean garela, alegia, gogorkeria gehiagora doala eta ez alderantziz. Horrek adierazten du hartu duten bidea egokitzat dutela –gauza argia baita hilketa bakoitzak sortzen duen ondoeza eta zatiketa aurrerapauso gisa ikusten dela ENAMen aldetik.

Jose Luis Lopez de la Calle-ren hilketak ez luke behar eztabaida politikoa gehiago nahasi. Aski gogorra da gertakaria gure egoeraren larriaz jabetu gaitezen. Beldurraren itzala areagotzen ari da gure gizartean. Gero eta gertuago dakusa euskal hiritarrak gogorkeria, eta politikoen ezinak ez du baikortasunerako motibo haundirik ematen. Horregatik, lehenik eta behin, gure bide galduen ondorena ausardiz begiratu behar genuke buruz-buru. Etsipena errotik moztu behar da. Eta baldin eta Euskadiren askatasun eta ongizatearen defendatzaile bagara abertzaleak, herriaren tristura arindu behar dugu eta erreferentzi etikoak mahai gainean jarri edozertarako abiapuntu gisa. Pakea urrun dagoela? Askatasun eta duintasun gabeko pakeak ez du piperrik balio. Frankismoaren egokitzea ezagutu dugu. Hilketaren hotsak ez bagaitu astintzen, ez dugu herri libre bat izatea merezi.

Askatasunaren abenturak izan behar du gure aberri eraikuntzaren eragile. Eta abentura horrek ez du inongo zentzu instrumentalik; aitzitik, gure antsi eta nahien bihotzondoan kokatu behar dugu, bandera eta bizipen gisa.

Jose Luis Lopez de la Calle askatasunaren martiri bat dugu; bere odola erori dedila bere hiltzaileen gainean. Lotsagarri gerta dakiela, eta ez arropuzgarri. Herriaren mesprezua eta lotsa izan dedila beren sari bakarra. Sabin Aranak zion Bizkaia Itsasontziari buruz: "kolonietara joan den itsasontzi bat errebeldeak zapaltzeko, horrek ez du merezi euskal ikurrina eramatea". ENAMekoek ez dute merezi euskal kausik eta aberririk aipatzea. Euskadi zikintzen dute inozenteen odolaz. Aberria defendatu behar dugu helburu gaiztoen menpe jarri nahi dutenen kontra.

Goizargi