GOIZ ARGI

Artxibo doc

Jesus María Pedrosa hil dute

Beste hildako bat eta gure iritzia eman behar. Hauxe dugu azken garai hauetako ibilera. Lopez de la Calle-ren hilketaren kasuan bezalaxe, pertsona arrunt bat hil egin du ETA erakunde armatuak. Eragin nahi duen beldurra, beraz, ez da zuzentzen bakarrik kategoria bereziko maila sozialetara: aitzitik, herrikoseme apal batek jaso du oraingoan ere bere erasoa. Aspaldi baten hartutako bideari odolezko zigilua gaineratu dio.

Pedrosa-ren kasua, gainera, gure gizartearen ispilu tamalgarria gertatzen da. PP-ko afiliatua, ELAko kide ere, herriko batzokitik maizero pasea, gure herri anitzaren ekozpen naturala zen Jesus Maria Pedrosa. Bere hilketarekin herriaren kontrako gerra taigabean jarraituko duela adierazten digu ETAk. Ez dela kamustuko, konsiderazio humanitarioek ez dutela bere borondate hiltzailea okertuko. Efektu jakin bat sortu behar da Euskadiko gizartean ENAMeko proposamenek eragina eta arrakasta eduki dezaten. Hein horretan, ez dago banatzerik ETAren ekintza eta EH-ren diskurtsoa. Batzuk hil egiten dute; besteek hilketa lamentatu eta euskal gizarte politikoa erantzule orokortzat seinalatzen dute.

Joseba Permach eta Arnaldo Otegi-ren adierazpenak oso argi uzten dute beraientzat gizaeskubideen arazoa bigarreneko arazoa dela. Eta hori ala izaten jarraituko du nahiz eta, egoerak horrela eskatzen badio ETAri, ehunka hildakoen aurrean aurkitu. Zoritxarrez gure politikoak ez dira horretaz konturatu. Arazoa ez datorrela hildakoak ala hilketak kondenatzeagatik –arrazoi askorengatik kondenatu daitezke halako ekintzak, eta arrazoi guztiak ez dira zuzen. Hilketa bat kondenatzea komeni ez delako, edota "lamentatzea" eta euskal gizarte osoari errua botatzea, hori da balore etikoen hizkerari trufarik zikoitzena egitea. Diskurtso hori haintzakotzat hartzea, garden behar ditugun arauak zapuztea da besterik gabe.

Bestalde, Amnistiaren Aldeko Batzordeak esandakoa PP-ko kargo politikoei buruz –"egoera honen erantzungileak seinalatzen jarraituko dugu"- ez da ere adierazpen makala; presoen gizaeskubideen aitzakiz ondo dago jendea seinalatzea eta hiltzea. Eta "iritzi" hori ametitu behar dugu, halajaina! Arazoak beste arazoen justifikagarri bihurtzen dira. Horretan datza, hain zuzen, ENAMen gogorkeri ekozpenaren mekanismoa. Autobidea dela, presoak direla, euskera dela, bidean bideko justifikazioak dira zenbait erakundek, ETA bereziki, gizakien bizitzaren gainean duten poterea balioztatzeko. Eta hortarako ez da aski jendea hiltzeko ahalmena edukitzea: hortarako diskurtso xehe-xehe bat eraiki behar da hitzegiteko momentuan desesperoa, ezulermena eta engainua zabaldu ahal izateko. Horixe da ENAMeko bozeramaile politikoek egiten dutena. Odolari irainik beltzena gaineratzea.

Aipatzekoa ere nolatan alderdi abertzaleen barruan Lizarra eta EH-rekiko hausnarketa hildakoez-hildako gertatzen ari den, nola eboluzio nabarmena gertatu den ETAk lehenengo hilketa egin zuenetik. Antza denez ez geunden ETAk hartutako sueten hausketa bideari buruz aski komentzituak; ENAMek igorri digun engainua sinesteko prest ginen nahiz eta begibistan azaldu engainuak engainu direla, Lizarra eta sueten aldiaren garaia garai paseak direla eta egoera okerrago batetara eraman gaituela. Aski zen herriari abertzaleen borondate onaren eta esfortzuaren berri ematea. Baina dirudienez politikoen artean arrunt zaila da hutsak onartzea. Eta, oraingoz, politiko abertzaleak ez dira eredu bilakatuko lehen pausoa emanez: PP-koek ez dutela beren iragan frankista aipatzen? PSOE-k ez duela GAL-en errua aitortzen? Ez dio ajola: abertzaleok saio egin dugu pakea lortzeko eta saio horrek porrotik nabarmenena jasan egin du. Horixe da egi huts eta biribila. Horrelaxe dakusa herriak. Ez dezaiogula bizkarrik eman.

Jesus Maria Pedrosa gatazka zital honen mugarri bat da eta hori baino gehiago: giza aurpegia duen errealitate pertsonala dugu, eta bere hilketak sortu duen mina ez daiteke estatistikaz ala dolumin errezetaz ebaluatu. Oinaze ikaragarria ereiten da ekintza hauen bidez, eta herriz herri ezkutaturik dagoen humillazio eta erresumina ez da txikia izango. Injustizi hauek dira gure herri askatasunaren oztoporik larriena. Jakin dezagun ETAk eta ENAMek, mugimendu iraultzaile marxista-leninista gisa, ez duela bere ohidaneko odol zerga hartu nahi izan bakarrik; gure gizartea hortaratu nahi du ere, gogorkeriaren arruntasunean oharkabe mugitu gaitezen. Ez dedila hori gertatu sekula. Altxa gaitezen, euskal herritar libre bezala, gure herria zigortzen duen estrategiaren kontra.

Goizargi