GOIZ ARGI

Artxibo rtf

HISTORIAREN INGURUAN BERRIRO ERE

Maiz kexatzen gara historiagileok gure lanek duten oihartzun eskasagatik. Garai batean gizarte bizitzaren erreferentzi nagusienetakoa omen ginen. Horren lekuko dugu bere baitan politikagintza eta historia lanak bateratzen zituzten pertsonen kasua: Churchill britainiarra, Cánovas del Castillo espainiarra edota Agirre Lehendakaria gure artean. Laurogeiko hamarkadan, aldiz, bazirudien historiagileon eragin gaitasuna ahuldu egin zela, ospedun historiagileak ezezagun bilakatuz jende arruntarentzat. Baina egoera errotik aldatu da azken urte hauetan, itxuraz behintzat. Izan ere, euskal gatazkaren inguruko eztabaida politikoetan historiagileok toki nabarmena izan dugu; Txema Portillo dugu horren adibide ezagunena. Ezker abertzaleak ere bere ideologia trinkotzeko burututako ahaleginetan historiak aparteko tokia izan du. Kasu batzuetan historiaurreko euskaldunen egoeraren interpretazio bitxiak landuz, Nafarroako Erresumaren konkista (XVI mende hasieran) euskaldun eta espainolen arteko gatazkaren giltzarri gisa aurkeztuaz bestetan, eta XX. mendeari dagokionez, Gerra Zibilaren irakurketa propioa burutuz, edota ETAren ibilbidearen inguruan makina bat lan argitaratuz. GOIZ-ARGIn bertan aipatzen nuenez abertzaletasun historikoa izan da arlo hau gutxien jorratu duen taldea, nahiz eta Sabino Arana Fundazioak zenbait lan kaleratu.

Badago Historia eztabaidaren zelaira atera duen beste elementu bat, bere irakaskuntzaren inguruan sortutako esamesak alegia. Ez da gauza guztiz berria; Esperanza Aguirre Espainiako Hezkuntza Ministroa zenean aldaketa ugari eta sakonak egiteko asmoa plazaratu zituen, baita aurkako iritzi ugari jaso ere. Baina PPren ahultasunak, oposizioko alderdien erabateko ezezkoak eta irakasle beraien aurkako jarrerak atzera bota zuten Aguirreren egitasmoa. Egun, ordea, beste baldintza batzuekin (PPren gehiengo absolutua, PSOEren morrontza egoera eta terrorismoaren erasoek sortutako giroa) aurrekoaren ildo bereko ahalegin berri baten aurrean gaude Pilar del Castilloren eskutik. Egungo Hezkuntza Ministeritzak proposatutako egitasmoak, gauzatuz gero, funtsezko bi aldaketa ekarriko dizkio batxilergoan ematen den historiaren irakaskuntzari. Gogoratu dezagun lehenik indarrean dagoen Dekretuak Historia azken bi mendeetako Espainia eta Euskal Herriko Historiara mugatzen duela. Plan berriak, bere aldetik, Historiaren ezagupena erromatarren garairano atzeratuko du, ikasgaiaren ordu kopuruan inongo gehiketarik gabe. Oraingoan 7 gai baldin badira, aurrerantzean ikasleek 16 gai desberdin izango dituzte: 1. Las raíces. Hispania romana. La monarquía visigoda. 2. La Península Ibérica en la Edad Media. 3. La Península Ibérica en la Edad Media: los reinos cristianos. 4. La Baja Edad Media. Los cinco reinos. 5. Los Reyes Católicos. 6. La España del siglo XVI. 7. La España del barroco. 8. El siglo XVIII: los primeros Borbones. 9. Crisis del Antiguo Régimen. 10. La construcción del Estado Liberal. 11. El régimen de la Restauración. 12. Alfonso XIII. La crisis de la Restauración. 13. La Segunda República. 14. La guerra civil. 15. España durante el franquismo. 16. La España democrática.

Hainbat dira egitasmoari zuzendutako kritikak, batzuk nahiko teknikoak, beste batzuek, berriz, izaera ideologikoa dute. Hona hemen nagusienak: teknikoen artean programa zabalegia dela esan izan da, gai bakoitza lantzeko lau ordu baino ez daude eta. Gaien banaketaren irizpidea, bestetik, kronologikoa da, historia politikoaren nondik norakoak jarraituz eta beste aldagai guztiak baztertuta. Esanguratsua da, bide honetan, 1970.eko programaren oso antzekoa izatea. Bi dira, ikuspuntu politiko-administratibotik egindako salaketak egitasmoaren aurka. Lehenak egitasmoak autonomien eskuduntza zalantzan jartzen duela dio, hain programa zehatzak aukera gutxi eskeintzen duelako autonomiei dagokien % 45a sartzeko. Bigarrenak programaren atzean dagoen ideologia salatzen du. Izan ere, nahiz eta horrela ez aipatu, programa honen oinarrian Espainiaren berezko eta betiko batasunaren ideia aurkitzen da. Hau guztia, bizi dugun egoeraren islada dugu, Eusko Jaurlaritza izan baita salaketa hauek ozenki adierazi dituen erakunde bakarra; Kataluniako Gobernua ere erdi mutu geratu delarik.

Historiaren irakaskuntzak badauka beste aurpegi bat: Eusko Legebiltzarrak PP, PSOE eta UAren eskutik urriaren erdialdera onartutako mozioa. Bertan, irakaskuntza ez unibertsitarioan, bereziki euskarazkoan, azaldutako Historia abertzaletasunak bideratutakoa dela esaten da eta txosten bat eskatzen zaio Espainiako Historiaren Akademiari erabilitako testu-liburuen inguruan. Erakunde honek uda aurreko txostenagaitik jasotako kritikak kontuan hartuz guztiz adierazgarria da zein zen mozioaren aldekoen helburua hau aurkeztu zutenean. Esanguratsua da, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur Egungo Historia Saileko zuzendariak Eusko Legebiltzarrera zuzendutako eskutitza erabaki horrekiko bere desadostasuna azaltzeko.

Orain arte aipatutako gaiek agerian jartzen dute Historiaren irakaskuntzak azken egun hauetan hartutako garrantzia. Nabarmena da, bestalde, ez direla gertakizun isolatuak, PP eta Gobernuak Espainiaren aniztasuna azpimarratzen duten ikuspegien aurkako ahalegin bateratuaren beste atal bat baino. Kezkagarria da, zentzu horretan, gertatzen ari dena, baina bere tokian jarri behar da. Zenbait taldek irakaskuntzaren esku utzi dute gizarte honetan burutu beharreko aldaketa guztien ardura eta ezaguna da, aspalditik, ideia horren oinarri falta. Azken hogei urteetan Hego Euskal Herriko banaketa politikoan ez da funtsezko aldaketarik burutu, nahiz eta irakaskuntzan eraldaketa sakonak burutu. Gizarte-bizitzaren beste esparru batzuek, komunikabideek, familiak eta lagunarteak eragin nabarmena dute ikasleen ikuspegi historikoa osatzeko orduan. Ezin ahaztu irakasleen eragina irakaskuntz-prozesuan eta PPren jarrera “inperialista” sortzen ari den aurkako iritzia. Hauek guztiek lagundu dezakete proposamenen eragina leuntzen. Larriagoa iruditzen zait, eta maiz aipatu izan dut, eraso horren aurrean abertzaletasunak erakusten duen ahultasuna, euskal gizartean azken urteetan emandako aldaketez oraindik ohartu gabe egongo balitz moduan. . Alde honetatik, erantzuna ezin da izan erresintentzi jarrera hutsa, gure arazo guztiak konponduko dituen eraikuntza nazionalaren zain, Espainiako Historiak hain gogoko duen numantinismo antzuan berriro eroriz. Nafarroako Gobernuaren jarrera ikusita ezin pentsa alde horretatik laguntza handirik izango dugunik. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, Oliveri Sailburuak esandakoak bide zuzena erakusten du, baina ez da nahikoa: Autonomia-Estatutuak emandako eskuduntzen atzean babestu ondoren eta Espainia eta Euskal Herriaren Historiaren ikuspegi anitza eta egokia eskeini ahal izateko, Hezkuntza Sailak irakaskuntza arloko talde guztiekin (Unibertsitateko irakasleak, zientzia-elkarteak, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasleak, sindikatuak, ikasleak, gurasoak eta argitaletxeak) harremanak izan beharko lituzke Euskal Irakaskuntza sistema osoaren erantzun orokor eta bateratua emateko Espainiako Gobernuaren asmoei.

Hau epe motzeko lana dugu. Abertzaletasun historikoaren kasuan badago egiteko gehiago, hain baztertuta dituen kultur gaietara ahalegin gehiago bideratzea, alegia. Euskal gizartearen beste taldeak aspalditik burutzen ari direna.

Mikel Aizpuru