GOIZ ARGI

Artxibo rtf

Michel Foucault ta politika

Konpromezuaren bideak
(9 - 2000ko Iraila)

Argi zioen Gilles Deleuze-k teoria "erraminta kutxa" bat besterik ez dela. Ein orretan, bai bera ta bai Michel Foucault-ek argi zuten beren funtzioa teorian ematen ari zen klase borrokari iskilluak ematea zela. Alaxe da Althusser-ek filosofiari ematen dion definizioa. Ta esi mugatu ontatik ez da mugitzen Foucault.

Dudarik gabe, Foucault-engan badago askok azpimarratu duten estetikarako isuria. Forma forma utsaren kariaz eragitea. Borges-ek asmatutako joku intelektualaren jarraipidea dugu ori. Baiña jokua borroka biurtu daiteke ere; bere apal ludikoatik jeitsi ta pentsakerari ta eztabaidari elementuak erantsi ditzaioke. Une batean estetika dena egoera konkretu baten indarrez borrokarako erabilgarri izan daiteke.

Foucault-en obra une istoriko jakin batek sortzen duen etekin teorikotzat jo dezakegu bere apalean ta bere giarrean. Gure ikuspegia mugatua izango da, alare, lantxo oni dagokionez: "erraminta kutxa" izate orren zenbait zertzelada ematea. Zenbateraiño den Foucault gaurregun erabilgarri. Batez ere Euskalerriari begira.

Ez gera ortaz filosofiaren ur sakonetan murgilduko. Foucault-en lanak praktika politikoa deskribatzeko ta gidatzeko duen gaitasunean finkatuko da gure azterketa. Gai ontan trebatua dagoen edonork pentsa lezake, mailla aundi batean, emen esandakoak naiko gauza xinpleak direla. Espezialista ta filosofoek sakonki ta biurriki tratatu baitute gai au. Adibide bat jartzearren, ortxe dago Xabier Apaolaza filosofi irakasleak egindako testu antologiaren itzaurre mamitsua (Gizakiaren heriotzaz, Michel Focault, Jakin Irakurgaiak). Gai ontan sakondu nai duenak bertan du euskeraz Foucault-en ideien deskribapen zabala, bere ainbat testuekin batera. Nere elburua, aitzitik, arras da xinplea: pentsamentua ta egoera jakin baten artean zubi ta interaktibitate modu bat saiatzea. Besterik ez.

Fatxismoaren frogantzak

Foucault-ek, Althusser-ek emandako ausnarketa ari punta bati jarraituz, eskuin atzerakoi zenbait pentsalarien azterketa egiten du. Pentsalari auek Iraultza Frantsesaren kritikariak dira batipat. Giza klase ori gauza aski arrunta zen XIX-garren mendean: pentsamentu liberalean eziak, iraultzak eragindako lurikaraz jabetuak, kontraesan funtsezko bat aurkitzen dute iraultzaren idealak ta beraiek eragindako errealitatearen artean. Giza-eskubideen diskurtso politaren atzean gillotina ta gizartea beartzen ta estutzen duen eraikuntza politiko baten burdiñezko jantzia dakusate.

Ein orretan, estrukturalismo marxistaren idei nagusien ildotik, Foucault-ek azpimarratu egiten du ideiak ta aldaketa politikosozialaren artean jartzen den amildegia ideologia izaera berari datxekiola. Althusser-ek zioen gorputz sozialek ideologia izerditu egiten dutela ezinbesteko prozesu baten antzera. Beraz, ideologia oro, "lillura ideologiko" soilla da. Marxismo bera lillura izate orren alde bat badu ere. Orregatik zuzentzen ditu kritikak Sartre ta humanista-marxisten kontra: antropologia zaarkitu baten atzetik, gizakiaren irudi faltsu baten berri ematen duelako; mailla batean, kristautasuna ta pentsamentu ilustratuaren araudiaren errepika gertatzen delako.

Estrukturalistek argi dakusate marxismoa lilluraren ildotik sartu daitekela. Lillura orren aurkikuntza emango liguke, adibidez, fatxismoaren garaipenaren zergaitia. Pentsalari atzerakoiek egindako kritikan Foucault-ek errealismo berri bat dakusa poterearen izaeraren azterketari dagokionez. Xabier Apaolaza irakasleak hauxe dio Foucault-ek pentsalari oietaz ateratzen dituen ondorioei buruz: "Esate baterako, E. Coke, F. Selden, H. de Boulanvilliers edo L.G. du Buat-Nançai, XVII eta XVIII. Mendetan zehar. Hauen iritziz eskubideen oinarria ez da berezko zerbait; aldiz, indarrean datza, eta eskubidearen funtsa indarrez garaitzean. Gizarte, politikako nahiz instituzioetako ordenaren giltzarria gerlaren ondoren dator; menperatzea eta gero sinistaraztea bata besteen segidan datoz. Era berean historiaren gertakizunak ez du arrazoia gidatzen, liskarrak baizik". Ezker/eskuin manikeismoa gaindituz, egille guzti auek beren burutaz zuten konzientzia alde batetara utziaz, iraultza frantsesaren kontraesan orren aurkikuntzan sakonketa mailla berri bat irekitzen diote poterearen azterketari. Ulertze ori dugu, ain zuzen ere, fatxismoaren garaipenaren giltza.

Gaindituta dago ilustratuek giza borondate kolektibo ta indibidualean jartzen zuten neurrigabeko fede itsua. Diskurtso ederrek odol olde bat sortu dute. Ein orretan, pentsalari atzerakoiek politika ta gerraren arteko identifikazioa egiten dute; politika indar sozialen borrokalekua da; ortaz, gerra da politikaren ziñezko ta benetako edukiña, bere izaera benetazkoaren loratzea. Diskurtso ororen zeregiña indar joku orren eragille biurtzen da; arauak ta eskubideak, indar-jokuaren etekin ideologikoa ditugu, zillegitasun zutabe ta poterearen itxura gizakorra.

Orregatik dio Foucault-ek: "Gurea bezelako gizarte batean ematen diren potere arremanak istorikoki definitu daiteken gerra momentu jakin baten eraikitako indar arremanetan txertatzen dira (...) ipotesi ontan, potere politikoaren zeregin ziñezkoa etengabe ezartzea da, isileko gerra baten bidez, indar arreman ori instituziotan, desberdintasun ekonomikoetan, izkuntzan (...) gerran azaldu ziren indar desorekaren baieztapena ta mantenimentua da politika".

Indar joku orren dinamikaren ulerpena da garaipenaren giltza. Fatxistek bazterrera botatzen dituzte bai liberalen arau etiko antzuak ta bai iraultzaille-marxisten soziologia ta metodologia laburra. Ernst Jünger-ek, bere aldi fatxistazalean, argi zioen masa ta gizabakarraren ideia aldatu egin direla errotik gaurregungo gizarte teknikoan: gizaki "burgesa" ta langilleri izaera sindikatu-zalea zaarkituak zeudela XXgarren menderako. Ulerpen orren bidez lortu zuten fatxistek nagusigo politikoa. Liberalen aurrean, status juridiko baten arauak lotzen ez zituelako (demokrazia ordezkatuaren mekanismuak, kasu); marxisten aurrean, sujeto bakarreko iraultza planteatu bearrean (proletargoaren sujetoa) sujeto askotako iraultza nazionala aurrera ateratzen zutelako.

Foucault-en ustez marxismoak bere jatorrizko zientzi-naiari atxeki nai baldin badio (zientzia ez jakintza edo egiaztapen zientifiko gisa; baizik eta praksi gisa) buruan artu bear ditu irakaspide auek. Marxista izatea ez dela fede-aitorpen arazoa; mailla batean, fede orrek ez baitu egoeraren ulerpenik erakusten, presuntzio ideologiko utsa da. Zientzia ta praksia (au da, garaipen materiala) gauza berdiña dira, politikak indar-jokua baitu bere eragille. Garaipenaren zientzia garaipenaren bidez soillik probatu daiteke. Ori esan nai die Foucault sasi-iraultzailleei: bearrezkoak dituztela garaipena ta eguneroko garaipentxoak. Bestela ez direla ezer. Bestela fatxismo berri batek jango dituela.

Fatxismo sistemikoa ta iraultza

Baldin eta mugimendu iraultzaille batek nai badu irabazle izan bear du indar jokuen dinamika ori sakonetik ezagutu. Ortarako, Foucault-ek fatxismo ipotetiko bat irudikatu egiten du: "fatxismo sistemikoa". ┐Irudikatu egiten al du benetan? ┐Edota gure gizartean gorderik dauden indarren azterketa egiten al du, ain zuzen, bertan martxan jarri daitezken aukeren azterketari aurre egiñez?

Biak lirateke berdinki erantzun zuzenak. Potere finkatuaren indar-almenaren azterketaren bidez asmatu baidezake iraultzailleak borroka egiteko modurik aproposena. "Fatxismo sistemikoa" egia da pentsaera iraultzailleak potere finkatuaren mekanismu ezkutu ta indartsuenak asmatu ta aurreikusi ditzaken ein berean. Poterearen diagnosiak pixu indikatibo utsa besterik ez du. Baiña bearrezkoa da ekintzaren erakusgari ta akullugarri izan dedin.

Ara zer dioen José Luis Alvarez Santa Cristinak Wittgenstein-en izkuntza azterketari buruz: "Perpaus orok, ongi eraturik bada, zentzu bat badauka jadanik, berau bahieztu edo ezeztu baino lehenago. "Euskal Herrian torturatu egiten da" perpausak; esaterako badu zentzu bat baieztu edo ezeztu aitzinetik (...) perpausaren zentzuak gauzen egoera bat suertatzeko edo ez-suertatzeko ahaltasuna darama bere baitan. Perpausa egiazko izango da baldin aurkezten duen gauzen egoera egiatan agitzen bada. Eta faltsu, baldin gauzak ez badira adierazten dituen bezala ematen errealitatean. Baina kasu honetan, egiazko ez izanik ere, ez du horratik zentzurik galtzen, ezen daitekeen gauzen egoera bat proposatzen baitu. Izatasunaren eta ahaltasunaren arteko dialektika oparoa dugu hemen...".

Izkuntzari buruz balio duena baliokoa da ere potereari buruz. "Izatasuna eta ahaltasuna" gauza berdinean biurtzen ditu Alvarez-ek: egiazkoak baitira elburu berdiña dutelako, ta, ein orretan, egiazkoak dira. Izatasunak gauza adierazten baitu, kasu ontan, "Euskal Herrian torturatu egiten da", ta, ortaz, elburuaren arabera (estatuaren suntsipena) baliozkoa da, salaketa baita egoera orren kontra; Ahaltasunak, ordea, errealitatea ez adierazi arren, egoeraren muturrik muturrena adierazten du ta, ortaz, aukerakoa den potere-ipotesia. Estatuak torturatu dezake; bere zeregiñari dagokionez, funtzio ori aktibatua ez izan arren, funtzio ori betetzen du, bere potere izaeraren berezitasuna baita. Politika, funtsean, gerra den bezela.

"Dialektika" bien artean iraultzailleak kontrolatu bear duen oreka da, "ahaltasunak" "izantasuna" ez dezan irentsi, ta alderantziz ere: iraultzaren bearrizanak neurtuko du zenbateraiño azpimarratu bear den bata ala bestea.

Adibide bat jartzearren: ENAMen ofentsibarik puntakoenean, "sofrimentuaren banaketa" aldirik gogorrenetan, orduan bearrezkoa da "gerra zikiña"ren mamua astintzea, naiz eta ez prezeski gertatu. Baiña "ahaltasuna"ren logikaren arabera, estatuak dagion indar erabilpen oro "gerra zikiña" da, naiz eta poliziak legea gordeaz ekin bere lanari. Aldiz, distentsio unean bageunde, negoziaketa maai baten inguruan, orduan "gerra zikiña"ren mamua oe azpian gorde bearko litzateke. "Izantasuna" ta "ahaltasuna"ren arteko dialektikak egia gezur biurtu egiten du ta gezurra egia. Indar-jokuaren arabera beti.

Foucault-ek, 68 aldean, potere finkatuaz egiten zuen azterketa, baieztapen au baiño pixu gutxiagoa dauka; garrantzitsuagoa da, ziñez, "fatxismo sistemiko" baten irudia marrazteaz egiten duen adierazpena. Potere ororen azterketa beti gertatu daiteke erren; bearrezko ta ezinbestekoa da, ordea, potere orren irudi oroarle ta oropoteretsua, ditugun baliapideak jokuan jarri ditzagun; iraultzailleak poterearen estrategiari estrategia aurreratuagoa jarri dezaion.

Orrek esan nai du egiaz ta gezurraz dugun pentsaera klasikoa errotik aldatu egiten dela; baita diskurtsoak aztertzeko ditugun aurreiritziak ere. Adibidez, ENAMen kasuan, askotan erokeritzat ala demagogitzat duguna egoera baten potentzialitatea adierazten duela ikusi bear dugu. Ta, noski, gauzak ezpaitira esan bezain laster gertatzen, edota ekin bezain laster burutzen, orduan adierazpen borobillari mikropolitikan eragiten duen alegiña billatu bear diogu, egia ala gezurraren espekulazioa astindu baiño leen. Funtzio orretan dagoen egitatea antzematea bearrezkoa da benetan ulertu al izateko diskurtso ta praksiaren artean gertatzen den artuemana.

ENAMeko erakundeak "iraultza mundiala"ri buruz mintzo direnean, "euskal iraultzaz" mintzo dira ta baita "espainiar iraultzaz" ere. Ta akaso bakarrik gaztetxe baten okupazioa saiatzen ari dira. Elmuga aundiak ekintza txikien arabera juzkatu bear ditugu kasu onetan. Ta ekintzak elmuga diren ein orretan ikusi bear ditugu.

Subjektua ta gizabakarra

Poterea da gizarteak sortu duen natura. Ein orretan, aurreko gizakiari izadia ta Jainko-ustea zegokion bezela, natura tekniko orrek inguratu ta itxuratu egiten du gaurregungo gizona. Poterea, beraz, ez da sekula pertsonala; kanpotik datorkio gizakiari, kanpo orren eragiñez jabetzen baita gizakia inguratzen dituen arreman sareaz. Konzientzi pertsonala bera kanpo orrek igorritako mezutzat du Foucault-ek. Gizakia ezpaita ezer inguratzen dituen arremanetatik aparte.

Foucault-ek dio: "...poterea ez zaio gizabakarrari aplikatzen, baizik eta gizabakarren zearka dabil... gizabakarra poterearen emaitza da... poterearen konposagaia da". Iaia izkuntza mistikoa darabil emen Foucault-ek, Salmuek Itun Zaarrean Jainkoaz mintzatzen direnean bezela: "inguratu ta estutzen nauzu, barrutik ta kanpotik". Orrek esan nai du Foucault-ek berdintasuna aurkitzen duela Jainkoaren funtzio mitikoa ta poterearen funtzio fisikoaren artean: inmanentziarena, ain zuzen. Poterea gizabakarraren kanpoan ta barruan dago, ta gizabakarraren kanpoa ta barrua da ere. Gizabakarrak bere buruaz duen konzientzi mugatua potereari zor dio ere.

Beraz, gizakiok iraultza frantsesaren ostean "giza-eskubideen adierazpen" inguruan sortu genuen gizabakar ideia idei istoriko ta mitiko bat da, besterik ez. Gizabakarrak ez du nortasunik potereaz beste. Gizabakarrak bere buruaz duen konzientzi autonomoa mitikoa da erabat, une istoriko bati zor dion lillura ideologiko utsa. ┐Zergaitik? Iraultza frantsesak erakutsitako ikasgairik iraunkorrena poterearen izaerari dagokiolako: une batetarako pentsatua zen "gerra iraultzaillea" politikaren benetako edukiña gertatzen delako. "Giza-eskubide"-en diskurtsoa, ordea, adierazpen zillegiztatzaillea da besterik gabe ľune istoriko orretan gerra iraultzaillearen akullu, beste edozein diskurtso beste uneren batean zillegiztatzaille ta dinamika-emalle gertatu daiteken bezela.

ENAM-ek darabillen "Gerra errikoia", "gerra iraultzaille" delako orren ondorena dugu bete betean; Foucault-ek adierazi potereari buruzko ikuspegia errepikatzen da emen. "Gerra errikoi" orren zillegiztatzea (euskal aberriaren askatasuna, etabar) bigarren maillako mezu ideologiko utsa da, momentu jakin batean ekintzarako akullu gertatu daiteken diskurtso erabilgarria. ENAM-en funtsa, "gerra errikoi" orretan finkatzen da, iraultzaren ulerpen berri orretan, alanola pentsalari atzerakoiek egin kritikaren ostean Foucault-ek argira ematen duen potere arreman joku orren ulerpenean. Orregatik ainbeste moduz aldatu ta itxuratu egiten du ENAMek bere burua: abertzale puntakoa bezela, ekologista bezela, feminista bezela, gazte bezela, eta abar. "Gerra errikoia"ren maskara desberdiñak dira nortasun guzti auek. "Gerra errikoia" edota "Herri borroka" aurrera eramateko era desberdiñak.

Bestalde, esan bezela, gizakia ez da ezer bere arreman sareaz aparte. Arreman sareak suposatzen du, noski, gizaki bakoitza ingurune sozialean modu batean ala bestean kokatua dagoela. Alain Badiou filosofilari frantsesak, Foucault-en logikari irekiro jarraituz, zera dio, "egitate prozesu" batean sarturik ez dagoen gizakia "animali biologikoa" dela soil-soillik, au da, bei ala arkume baten parekoa.

"Egitate prozesu" ideia kokapen sozial orren eredua da. Haika-ko gazte batentzat "egitate prozesu"a gazte mugimendu gisa estatuaren kontra daraman borroka izango da. "Egitate prozesu"etatik aparte ditugu ordea egungo sistema defendatzen duten guztiak: ertzaiñak, politikoak, enpresariak, funtzionariak... "Gerra Errikoia"ren potere logikari jarraituz, guzti auek ez dute baliorik gizaki konkretu gisa, Joxemartin ala Joxeantonio diren gisa; beren kategoria sozialak definitzen ditu ta orren arabera, "Gerra errikoia"ren bearren arabera, dira unean-uneko etsaiak, ilgarri ta erasogarri.

Estrukturalista-marxistek "subjektua" kontrajartzen diote "pertsona" izateari. Subjektua, bere garrantzi sozialaren arabera, gizabakar ala kolektibo izan daiteke. "Pertsonak" ez du gainbaliorik: ez erlijiosa (kristautasunarekin gertatu bezela) ta ez politikoa (liberal-humanistekin gertatu bezela). Gainbalio delako ori eraikin ideologikoa besterik ez da, finkatutako egoera baten justifikazio ideologiko utsa.

"Subjektua", ordea, finkatutako egoeraren kontrako indar-jokuen gerra izate delako orren adierazpen billakatzen da. Orregatik mintzo da ENAM "subjektu nazional"az: mugimendu anitz batek osatu bear duen gudaroste iraultzaillearen irudia delako; orregatik mintzo da Haika gazte mugimenduari buruz "subjektu" gisa; gazte-arloari dagokion gudaroste iraultzaillearen eredu delako. "Sareen sarea"z mintzo zen JARRAI-k bere ezkribuetan; "subjektua", gazte erakundea dela, erakunde armatua dela, "Herrikoi Batasuna" dela, tokian tokiko erakunde iraultzaillea dela, arreman sarea osatu bear baitu gizarteari oposatzen zaion gizarte kontrajarri gisa.

Finkatutako potereaz "fatxismo sistemikoa" irudikatzen den legez, bere egitura ta bere joaria neurtu al izateko, berdinki "subjektu" anitzen irudia gauzatu bear da; ori dugu ENAM. Etorkizuneko gizarte iraultzaillearen gaurregungo errealitatea; martxan dagoen gizarte iraultzaillea, ENAMek jokabideak eragin ta baldintzatu egiten dituelako, beste edozein poterearen antzera (ta alaxe bear du Foucault-en ustetan: "Bearrezkoa da erresistentzia poterearen antzekoa izatea. Bera bezain irudikorra, mugikorra, ekoizpentsua. Bera bezela, eratu, koagulatu ta oiñarritu dedilla. Bera bezela beetik etorri dedilla ta estrategikoki banatu dedilla"). Edota beste edozein potere baiño areago: ENAMeko gidariek ongi baitakite aberri askatasuna, ekologia, eta abar, batazbesteko balore ideologikoak direla. Funtsezkoa, "Gerra errikoia", iraultza, potere jokuaren azalpen puntakoena litzateke betiro.

Oiñurratsak ezkutatzen dituen pentsakera

Esan dugu, bada, politika ta gerra (ta iraultza) gauza bera ta bakarra direla; "fatxismo sistemikoa"ren irudia bearrezkoa dela potere finkatuaren almen ezkutuenei aldez aurretik antzemateko; era berean gizarte iraultzaillearen irudia ta errealitatea gaur ta orain eraiki bear dela; "Izantasun" ta "ahaltasun"aren arteko oreka dialektikoa sortu bear dela, batzutan gezurra egi biurtuz ta egia gezurra, borrokaren bearrizanen arabera; esan dugu, azkenik, gizakirik ez dagoela "animali biologiko" izateaz beste; "subjektu" jakin batean kokatu bear dela gizabakarra, mugimendu orokor eraldatzaille baten menpean.

Gutxinaka potereari buruzko azterketa orokorretik iraultzaren aukerabaldintzetara isuri gera Foucault-en pentsakera ta ENAMen arteko parekotasuna ezarriz.

Gilles Deleuze-k, Foucault-en potere ausnarketaren ildotik, teoria istoriko orokorra eskeintzen digu. Bere ustez, istorian zear gertatu den kontraesan nagusia zibilizazio finkatuak ta talde erromesen artean gertatu izan da. Alde batean Erroma, Txina, Persia ta beste ainbat erriek eraikitako inperio zabalak ditugu; bestean, erri erromesak, mongolak, juduak, barbariarrak, oroar zibilizazio finkatu oiek erasoz bizi izan diren indar mugikorrak. Azken auei "Gerra Makiña"k deritzaie. Azken auetan dugu indar arremanen joku azkar ta eraldatzaillearen giltza. Orregatik dio: "Estatuaren aparatuari gerra makiña oposatu bear zaio".

Argi dirudi Deleuze-k estatua suntsitzeko teoria marxistaren berregiturapenari ekiten diola, paradigma berria ezarriz: klaseen borroka zen lekuan, zibilizazio finkatuak ta zibilizazio mugikorren arteko tenka jartzen du. Aldaketa onek ez du teoria funtsean aldatzen, "borroka" baita betiro terminu nagusia: "Gustatuko litzaidake marxistak "klase borroka"z gutxiago mintzatzea, ta geiago "borroka"ri buruz". Alaxe zioen Foucault-ek. Arazoa, beraz, borrokari "subjektu" ta arrazoi geiago ematea litzateke, marxismoak istorikoki izandako ikuspegi mugapen soziologikoak gaindituz eta borroka soziologia berria eraikiz. Ortan dira gure pentsalariak saiatzen.

Nola pentsatu genezake, une onetan, estatu finkatu ta gerra makiña erromesen arteko kontraesan ori? Talde iraultzaille armatuak "gerra makiña" oien eredu eziñobeak ditugu. ETA dugu, beraz, "gerra makiña", Europako Mendebalde garatuaren biotzondoan zibilizazio liberalaren finkapenari kontra egiñez ari dena. "Gerra errikoia"ren mailla askotako borroka anitzari begiratuz, ENAM osoa litzateke gerra makiña. Globalizazio modu berezia adierazten du onek; batetik, kapitalismoaren "pentsamentu bakarra" dagoen bitartean, bestetik, "subjektu" anitzen mugimendu multiplea dugu, modu batean ala bestean metatzen diren deskonexio idar iraultzailleen multzoa. Bertan kokatzen da ENAM.

Deleuze-n ustez, "sekretua gerra makiñaren inbentzio gisa, Estatu gizonaren ala despotaren "publiziatea"ri oposatzen zaio". Adierazpen onek sekulako garrantzia du egungo informazio gizartean. Eziñobe egokitzen zaio klandestinitatearen epikari. Baiña ez orri bakarrik. Informazioa produkzio nagusi den gizarte molde batean, des-informazioa billakatzen da ere produkzio ta borroka tresna.

Estatuak "publizitatea" eragiten badu, orduan gerra makiñak (ENAM kasu) sekretua bultza bear du bearrezkoak diren arloetan. HB-ko mahaikide zenean, Txema Monterok argiro zioen: "garaitu egiten du ulertzen duena ta ez ulertua ez dena". Ortaz, kontuan izaki aurrera eraman bear duela lan-arlo legala ta ilegala, politikoa ta militarra, desinformazio lanarekin batera, mugimendu iraultzailleak egin bearrekoak egiten ditu bere izaera, itxura ta estrategia ezkutatzeko.

Bere zuzendaritza benetakoa ezkutatu egiten du (ortik dator KAS-en "desformalizazioa"; EKIN-en eraketa...); bearrezkoa ta izaerazkoa duen erakundetze anitza erabili egiten du jendeak ikusi ez dezan guzti orren atzetik burdiñezko zuzendaritza bat dagoela; bere baitako kontraesanak itxura interesatuz aurkezten dizkio gizarteari, barne-zatiketa metodologia maoista zatiketa benetazkoarekin naasiaraziz (ortan ditugu Aralar sektorea ta Elkarri taldearen eraikiñak); interlokuzio birtualak ta errealak jartzen ditu mezu desberdiñen arabera, era berean "elkarrizketa" eta "borroka armatua"-ren aldeko diskurtso konplementarioak eramanaz; ta, garrantzi geien duena, bere izaera iraultzaillea, "gerra errikoi"zalea, ezkutatu egiten du itxura "abertzale"aren azpian, jendeak "lillura ideologiko" orren atzetik indar-jokuaren dinamika bultza dezan iraultzaren ezusteko morroia biurtu arte.

Modu ontako jokabidea erakusten du Foucault-ek bere obrarekiko. Ez da bere erantzule sentitzen. Obrak, bere pentsakerari dagokion bezela, ez du erantzunkizun pertsonalik ametitzen. Ekoizpen sintomatiko bat da, alegia, gizarte ta une istoriko jakin batek gizabakar zeatz baten bidez sorrarazten duen tresna. Onek bi esanai ditu: Foucault indar-sare baten bidegurutzea dela, multiplizitate iraultzaillearen gune preziso bat beste askoren artean; ta bigarrena, leena baiño garrantzitsuagoa, edozein iraultzailleari dagokion gisa, bere obra eraginkortasunaren bidez neurtu bear dela, bearrezkoa duela itxura egokiena eraginkortasun ori galdu ez dezan. Orregatik da ausnarketa estetiko ala klinikoz mozorrotzen: bere oiñurratsak garbitu bear dituelako etsaiak aztarrenen susmorik usaitu ez dezan. Montero-ren esana arturik, ezaguna ez denak irabazi egiten baitu.

Askok (Savater-en kasua aipatuko nuke) pentsatu izan dute Foucault-ek arbuiatu zuela pentsakera marxista. Aldiz, bere azkenetako elkarrizketa batean gardenki esaten zuen: "politika existitzen bada XX-garren mendetik, iraultza dagoelako da. Au ez da bestearen adabaki, ez eskualde. Politika da beti kokatu egiten dena iraultzarekiko (...) Iraultzaren itzulera: ona emen gure arazoa (...) iraultzaren nai-izatea da gure arazoaren muiña". Ta areago dio: "egia balitz politika iraultzak irekitako eremua dela, ta iraultzaren arazoa ez badaiteke planteatu onoko terminu auetan, orduan politika desagertzeko arriskuan egongo litzateke". "Politika"-ren (ta bidenabar "Iraultza"-ren) aldeko ageri da Foucault, ezpairik gabe.

Askok (Savater aipatuko nuke berriz ere) ENAM mugimendu abertzalea dela uste dute. Garbitu egiten diren oiñurratsak arakatzea bearrezkoa da askotan, besteek ezarritako amarruzko "lillura ideologiko"etan erori ez gaitezen.

Jokin Alkorta