GOIZ ARGI

(Número 5. Zenbakia - Apirila 2000 Abril)

Artxibo doc

ENAMen erasoak ikastolen aurka: Lizeo Sto Tomasen kasua

Euskalerriko arazoa ez da xamurra. Iztegi politiko berbera kutsatu egiten du. Orregatik dute itzek ainbesteko garrantzi ta pixua: gauza bat baita beren esanai etimologikoa, edota kaleko edozein pertsonak irakurri dezaken mamia, ta bestea oso bestelakoa itzek, ekintzekin batera, eragiten duten egoera.

Lizeo Sto Tomas-en, Koldo Mitxelena ta Karlos Santamaria abertzale ta euskaltzale biribillek sortutako ikastetxean, nun eta frankismo garaiko oposizio jendea biltzen zen irakaskuntza berri ta euskalduna emateko asmoz, nun eta amaika ekitaldi ta bilkuren gune izan arren, polizia nazionala ta goardia zibilla sekulan ez zen bertan sartu, ikastola ontan joan den martxoko 24ean 60-70 enkaputxatu azaldu ziren, bertako paretak pintadaz betez ta bertako zuzendari ta irakasleak meatxatuz.

"Aberri eraikuntza"ren bozeramaillerik zaratatsuenak, ezker "abertzale"ko kideak, izan ziren gertakizun oien erantzule. Onera gatoz itzen ta mezuen aldrebeskeriaz mintzatzen giñenean: "abertzale" ta "aberri eraikille" taldeek ikastola bat erasotu dute ta bertako langilleak meatxatu. Nun dago egia? Beren solaslodi aldarrikapenetan? Edota beren ekintzetan? Ze arreman dago abertzale izatea aldarrikatu ta abertzale izate orixe zapuztearen artean?

Argi ta garbi dute euskeraren aldeko langille ta militante askok ezker iraultzaillearen taldekumeen ekintzak ez diotela iñungo mesederik egiten gure izkuntzari. Euskera aitzaki billakatu baita bein ta berriz juezak, euskaltzaiñak, erretoreak, irakasleak ta beste ainbeste pertsona erasotuak izateko. Ta euskera ez da gako bakarra: ETT delakoen aitzakia, Inmobiliarien aitzakia, bata bestearen atzetik datoz arrazoi bakar ta uts bat bermatzeko asmoz: Euskalerrian zenbait taldek gogorkeria erabiltzeko eskubide osoa dutela.

Zoritxarrez, Lizeoan gertatua ez da ekintza bakana izan. Ikustea besterik ez dago bertako gurasoek egindako txostentxoa Jarrai ta beren kirako gazteek 1999 aseratik onera egindako azioen berri ematen duena: barrikadak, kontramanifestazioak (Buesa illa izanda gero), meatxuak, grebak. Batzuetan euskera zen aipagai; bestean langilleria edota presoak. Ondorena, kausak desberdiñak iruditu arren, berdiña betiere: enkaputxatu ta gazte talde oien presentzia normaltzea ikastola bizitzaren baldintzatzaille gisa.

Beste ikastola ta ikastetxe askotan gauza berdiña gertatu da. Ainbat ta ainbat ekintza egin dira metodologia berdiñarekin. Komunikabideek ez diote borroka isil oni jaramonik egiten. Aldiz, El Pais-ek ikastola batzuk, Lizeoa beren artean, ENAMen estrategiaren eragille ta kabi biurtu ditu. Kontuan artu gabe ikastolak direla gaurregun ere, oroar Euskalerria bezelaxe, borroka gune. Ikastolak ta ikastetxe publikoak. Ta bertan dagoen borroka erriak bere izerdiz eraikitako zentruen poterea nork kudeatuko duen arazoaren ingurukoa da. Beste ainbeste iniziatiba errikoien antzera ENAMek bere burdiñezko zuzendaritza ezarri nai baitie baita ikastolei ere. Ortan dago "aberri eraikuntzaz" ENAMek duen idei bitxia: eraiki dena apurtu ala joputu. Beste alternatibarik ez du eskeintzen borroka onek.

Denbora da itzak bere esanai benetakora biurtzeko. "Abertzale" gisa azaltzen diren oriek abertzaletasun ta aberri eraikuntzaren etsairik porrokatuenak direla esan ta errepikatzeko. Ta ez da aski pentsatzea ENAMeko mandatariak erotuak direla. Erotuak dira abertzale ideia baten atzetik daudela pentsatuko bagenu. Ideia orren zaputzaillerik aundienak direlako.

Ez dira abertzale ta oartuki gaiñera: aberri ideiaren saltzaille dira beren benetako ideia orrela ezkutuan geratu dedin: mendebal garatuan, iraultza gune beroa eraikitzen ari dira, ta beren borroka luzerako doa. Ta zenbat ta geiago adierazi aberri eraikuntza korrika ta presaka egin bear dela, ainbat ta luzeragorako jartzen dituzte beren oiñarriak iraultzari begira, ta gero ta zikoizkiroago erretzen dituzte gure aberri izatearen mugarriak, biderako aipagai liteken aitzaki berriren bat beti lortuko dutelakoan.

Ez zaie inportik bidean ikastolak zapuzten badira –ta populazioaren puska ederra euskalduntze prozesutik baztertua gelditzen bada. Gogorkeri taldeen itzala ta indarra erabakitzaille gertatuko balitz ikastoletan –gertatuak gertatu, euskera ta euskaltzaletasunari miñ ta galerak sorturik ere- orduan beste oiñarri bat jarriko lioke ENAMek euskal gizartea beren mandatuei lotzeari. Ori du elburu. Beste guztia –pakea, aberri eraikuntza, euskera- momenturo azaldu bear den aurpegi politaren makillajea da, azio itsusienak zuritzeko asmoz. Begiratu dezaiogun praktikaren ondorioari ta baztertu konsijnen lore-sorta itxuroso antzua. ENAMek inposatu nai duen errealitatea bizitzen ari gera, gutxi ala asko, ta enkaputxatu oiek ditugu beren gizarte moldearen giza-jardute eredu aukeratua. Beraiek azaldutako errealitate trixteaz gaindi ez dira ezer ta ez dute ezer egingo.

Ortik gorako gogorkeri mailak jasango ditugu: ez dezagula, itzen aitzakiz, Euskadi ta Burujabetzaren elburuak zabor iraultzaille orrekin naastu. Defenda dezagun benetako aberri eraikuntza, benetako euskalgintza ta benetako ezkuntz-eredu euskalduna. Ori egitean, gure benetako etsaiak aurrean jarriko zaizkigu. Lizeoan gertatu bezela joan den martxoko 24ean.

Azken oarra: Lantxo au argitaratzear zegoela, berri trixte bat iritsi zaigu: Jexux Mari Mujika Lizeoko irakaslearen kotxeari koktel molotov-a bota diotela. Ikusten denez, ENAM-en "objetibo"-en zerrenda luzatu egin da, ta ikastoletako irakasleak orren barne ditugu ere. Goizargiko orrialde auetatik, gure elkartasunik beroena igortzen diogu Jexux Mari Mujika-ri.

Jokin Alkorta