|
(Número 12. Zenbakia - Abendua 2000 Diciembre)
Gaur
egun ia entzun ez arren, “dominoaren teoria” oso ezaguna izan zen
duela berrogei bat urte, hirurogeigarren hamarkadako nazioarteko politikan.
Denbora dexente pasatu denez, beharrezkoa izango da, agian, gogoraraztea
bere esanahia. Ideia honen arabera komunismoaren Bigarren Mundu Gerra
osteko garapenak domino jokuaren dinamika jarraitu zuen. Hots, herrialde
batean komunistek garaipena lortu ondoren hurbileko estatua arrisku
bizian zegoen, eta hau erori ondoren hurrengoak. Hala gertatu zen
Ekialdeko Europan, Estatu Batuetako kanpoko adituen ustez; antzeko
fenomenoa ari zen garatzen herrialde arabiarretan, eta Kuba eta Txina-Vietnam-eko
kasuek gauza bera iragartzen zuten Hegoamerikarentzat eta Asiako Hego-Ekialdearentzat.
Ezaguna da Estatu Batuen erantzuna. Hipotesi hau jarraituz,
Fidel Castroren erregimena suntsitzen saiatzeaz gain, Hegoamerikako
langile mugimendua desegin eta diktadura militarrak babestu eta bultzatu
zituen. Vietnam-eko kasuan, bertako gobernuaren aurka altxatutako
estatu-kolpea babestu, eta soldalduak eta armak bidali zituen Sobiet
Batasunaren laguntza zuten gerrilari komunisten aurka borrokatzeko.
Bigarren kasu honetan, ordea, amerikarren ahaleginek porrot egin zuten,
eta 1975ean Vietnam, Laos eta Kanboia komunisten esku geratu ziren.
Berlingo harresia erori eta hamar urtera hasi dira herrialde horiek,
saminez betetako garai luze bat bizi ondoren, oinarrizko askatasuna
eta ongizatea lortzeko bidean ezinbesteko diren aldaketa ekonomiko
eta sozialak ikusten. Garai honetako balantzea egitean, Nixon presidentearen
Estatu-idazkaria izan zen Henry Kinssingerrek, bere Diplomacy liburuan, honako hau aitortu
zuen duela urte gutxi: Dominoaren teoria Estatu Batuen kanpo-politikaren
hutsegite handienetakoa izan zela, oinarrizko akatsa zuelako. Ez baitzuen
kontuan hartzen herrialde bakoitzak ezaugarri propioak zituela, eta
ondorioz, ez zutela zertan hurbileko estatuaren dinamika politiko
bera jarraitu. Dominoaren teoriaren ondorio zuzena izan zen, adibidez,
komunismoak ia garrantzirik ez zuen Laos eta Kanboia, azkenean indar
horren esku geratzea. Kissingerrek azaltzen duenez, herrialde bakoitzaren
historian oinarritu eta demokrazia bultzatera bideratutako politika
bat askoz eraginkorragoa izango zen indarraren erabilpenean sustraitutakoa
baino. Nazioarteko politikak, beraz, ahaztu du dominoaren teoria,
baina, badirudi gure inguruan jarraitzaile ugari dituela, bai Espainiako
agintarien artean, baita Euzko Alderdi Jeltzalearen zuzendaritzan
eta, zer esanik ez, Ezker Abertzalean. Une honetan hiru talde hauek
aurrera daramaten politikari ardatz bat bilatzekotan teoria horretan
bilatu behar dugu. Euskal gizartearen aniztasuna eta ezaugarri bereziak
alboratuta, era batera zein bestera molda daitekeen osotasun bezala
ikusten dutelako gizartea. Lehen kasuan, PPren helburua Eusko Jaurlaritza
eskuratzea da, EAJk biolentziaren aurrean azaltzen duen epelkeria
dela eta, EAJren hainbat botuemailek beren jarrera aldatuko dutela
pentsatuz. Ez dirudi, azken inkesten arabera behintzat, horrelakorik
gertatuko denik, baina PPk ez du bere politika aldatzen, martxoko
hauteskundeetan bezala hauteskunde-eguneko emaitzak bere aldekoak
izango direlakoan, nahiz eta lehendakaritza sozialistei eman beharra
eduki. Jeltzaleen kasuan, beraien politika ez aldatzearen arrazoia
PPren aldera galdutako botuak Ezker Abertzalearen aldetik jasoko dituen
itxaropenean aurki daiteke. ETAren kasuan, polizia espainiarraren
eta frantsesaren kontrolpean ez baldin badago, behintzat, gaur eguneko
ETAren politikak argibide bakarra dauka. PP Ajuria-Eneara helduz gero,
EAJ eta EAren barne kontrasesanak areagotu egingo dira, ETA eta HB
bilakatuz azken hogeita bost urte hauetan ez bezala, abertzaletasunaren
errefentzi nagusi. Posible da EAJk Ezker Abertzaleko botu batzuk jasotzea
borroka armatuaren gehiegikeriak eta PP gobernura helduko den beldurrak
bultzatuta, baina ez dut uste nahiko izango direnik abertzaletasun
historikoari gaur egungo politikan falta zaion autonomia berreskuratzeko.
ETA eta Ezker Abertzalearen kasuan, euskal gizartearen ezagutza eskasa
dute, EAJ eta EAren botuak eta militanteak jasoko dituztela pentsatzen
baldin badute. Une honetan daramaten bideak Euskal Herriaren hondamendira
baino ez gaitu zuzenduko. Nola urten zulo honetatik? Ez dut uste erantzun zuzena
inork duenik. Edozein kasutan, irtenbidea gure herriaren aniztasuna
eta historia onartzetik etorriko da. PPren kasuan euskal herritarren
borondatea eta nahiak onartu beharko lituzke, jakinaren gainean zeresan
ugari duela hauek finkatzeko orduan. Ezker Abertzaleak biolentzia
alboratu eta gizartearen gehiengoarentzat apurketarik gabe, bideragarri
izan daitezkeen neurriak proposatu beharko lituzke. Abertzaletasun
historikoak (EAJ eta EA) du paperik zailena. Alde batetik, biolentziaren
aurkako jarrera nabarmenagoa azaldu beharko lukeelako; halaber euskal
nortasunaren eta azken hogei urte hauetako ekarpenen defentsa sutsuagoa
egin beharko lukeelako. Izan ere, ETAk sortutako biolentziaren kritika
hutsean geratzen bada, ez dirudi egoera horretatik ateratzeko ahalmenik
izango dugunik. Ezinezkoa da, gainera, eraikuntza nazionala bultzatzea
ETAren estrategia eta emaitzak kontuan hartu gabez edota gutxietsiz,
treguagaraiko kale-borrokarekin gertatu zen moduan. Herri honen gidaritza
nahi duen erakundeak bi errefentzi horiek izan behar ditu kontuan;
berez, grabitatearen indarraz eroriko den dominorik ez dagoelako,
zorionez, gure artean eta bai, ordea, lehen fitxa mugitu nahi duen
ugari. Mikel Aizpuru |