|
(Número 1 Zenbakia 1999) BURUJABETZA
GOIBURU Zientziaren
eta teknikaren ekarri berriek izugarri ugaritu dizkigute zer-nahi egiteko
baliabideak eta aukerak. Erabili ordea, geure onerako bezala erabili
ditzazkegu geure buruen, gizakideen eta naturaren ondatzeko ere. Aukerako
baliabide horiek geure galeran ez erabiltzeko, hona hemen ezinbestean
erantzun beharreko galdera: bakoitzak egin dezakenari zer-nolako
muga ezarri eta zer norabide eman behar dio?
Galdera
hauxe du aztergai Hans Jonas filosofo alemaniarrak etorkizunerako etikaz
idatzi zigun ERANTZUKIZUNA GOIBURU (Das Prinzip Hoffnung,
1979) izeneko liburuan. Zientziaz eta teknologiaz baliatuz gizakiak
bere buruari, gizarteari eta bere jatorrizko inguruneari ekar liezaizkiokeen
ondorioetaz hainbat ikerlan eta ausnarketa burutu duen pentsalari oparo
honek testamentu gisa eskaini digun azken hitza da. Bere erantzunaren
muina hitzotan bil daiteke: haibestekoa denez gizakiak beregenatu
duen ahalmena zer-nahi egiteko bere buruari, besteei eta naturari, beren
buruak erantzukizunari lotzen dizkioten gizon-emakumeek bakarrik gorde
lezakete gizakia bere erabateko galbidetik. Erantzukizuna ez baina
bakoitzaren borondateaz bakarrik, baizik eta baita -batez ere!- bere
erabakien ondorioetaz. Euskaraz hazi izan garenoi ere hori bera
eman ohi ziguten aditzera, honako hau esan ohi zigutenean: izan eure
buruaren jabe! Bere buruaren jabe izan nahi duenak, jabetu
egin behar du lehenik bere buruaz, besteetaz eta bere inguruneaz, baina
baita, orobat, berak hartutako erabakien eta emandako hitzaren ondorioetaz
jabe egin (erantzukizuna hartu) ere.
Buruaren
jabe izatearena, gerta daiteke, goiburu bateragarri hainbat euskaldun,
euskotar, euskalzale, abertzale eta euskalerritarrentzako. Mugak
erabat irekitzen diharduen gure gizartean, eztago herririk ez eta beste
inolako talderik bere nor izateari eutsi diezaiokeenik, baldin eta esparru
ireki horietan bere norabidea gida lezaketen goibururik eta helbururik
ez badu.
Burujabetza
eta herrigintza
Galdera
baina zera da: Euskalerria -bere osoan edo bere herrialdetako batean-
zer-nola gerta ote daitekeen beste baten menpeko ala bere eskuko eta
bere buruaren jabe. Auzi-mauzi horren inguruko eztabaida prentsan agertu
ohi denean, honako hitzei (edo antzekoei) loturik azaldu ohi da: jatorrizko
eskubideak edo eskubide historikoak, forutza, autonomia, soberania edo
subiranotza, independentzia, konstituzioa, estatutoa, foru-hobekuntza,
autodeterminazioa, askatasuna, burujabetza, e.a. Euskal herrigintzari
eragiten dieten (bertako eta atzerrietako) indarren baitatik, sarritan
esaten da abertzale gernizaleek ez dutela hizketa garbirik. Hori aitzakia
besterik ez da gehienetan zor dutena ukatzeko. Baina egia da ez dugula
geure hizpidea gehiegi landu euskalerrigintzaren goiburuetaz eta jomugetaz
hitzegiterakoan.
Hitzen eta
kontzeptuen nahasketa dabil. Baina izan da nahasketa hontan argibideak
urratzen lanik egin duenik ere. Horietako bat Irala-ko Anton izan da
eta, hemen, berak hontaz idatzitako hainbat idazlanetan emandako zenbait
iritzi bilduko dut. Adibide modura aipatzen dut bere ekarria, beharrezko
zaigun eztabaidaren suspergarri gerta litekeelakoan, hain zuzen.
Idazlan
horien artean aipagarri dira, 1948-49 bitartean Jemein-go Keperin-i
egindako hiru karta, alegia bigarren mundu gerra bukatu ostean eta hemen
bertako guda bukatu eta ia hamar urtetara. Karta haien bidez, geroko
Euskalerriaren norabideaz eztabaida sakon bati eragitea beste asmorik
etzuen Irala-ko Anton-ek eta giro hortan azaltzen dizkie bere iritziak
alderdikide eta lagunei .
Euskalerriari
eta herrikide bakoitzari opa dion goiburua bere buruaren jaube izatea
da, burujabetza alegia. Zer da, baina, bere buruaren jaube izatea?
Gizalegez eta herrilegez zor duena egitea, bere erantzukizun etikoa
betetzea, bidezkoa dena egiaztatzea.
Irala-ko
Anton-ek garbi dio ez direla nahastu behar burujabetza, askatasuna,
erabakimena (autodeterminatzeko eskubidea esango genukeena gaur
egun) eta independentzia.
Askatasunik
ez izatea lotuta egotean datza eta lotuta dagoenak ezin burutu lezake
ekintzan bere erabakirik; askatasunik eztuenak, bere buruaren jabe gertatzeko
muga larriak ditu, beraz. Hargatik jotzen du askatasuna burujabetzarako
baldintza. Erabakimena (hautesmena), bere buruz aritzeko gaitasuna besterik
ezta, baina hori ere beharrezko, buruaren jabe izateko. Burujabetza,
baina, norbere buruarekiko eta beste herrikide guziekiko jokabide etikoa
da, ezinbestean, norberaren eta beste guztien askatasuna eta aukeramena
babesten saiatzen dena, bakoitza bere eskuko eta -aldi berean- elkarteko
egiten duena. Independentzia ez litzateke beraz hitzik egokiena, Irala-ren
ustez, jatorrizko eusko abertzaleen asmotako Euskadigintza adierazteko;
nor edo herri burujabe denaren goiburua baita, derrigorrean ezarritako
dependentziak desegitea, baina, aldi berean, askatasunez eta borondatez
elkarrekiko dependentziak sortu eta sendotzea. (Gizakion jomuga ez baita,
zein beretzako bakarrik bizitzea, elkartegintzan burujabe izatea baino).
Ez norbere
buruaren eta ezta herriaren askatasuna, hautesmena eta independentzia
ez lirateke, beraz, Irala-rentzat, inola ere herrigintzaren -ezta gizagintzaren-
azken zertarakoa. Giza eta herri-norabidearen ardatza, burujabetza baita
berarentzat (eta ez burujabetasuna -estatikoa bailitzake hitz
hori, buruaren jaube izatearena ez da-ta sekula burutzen, beti delako
eginbide eta eginkizun, burujabetza, hain zuzen).
Goiburu
horien zertze politikoa ezta soberania, soberaniaren kontrako borroka
etengabea baino. Irala-ren ustez soberania da modernaroko burubide politikorik
ankerrenetakoa, elkartegintza demokratikoa galerazten duelako, eta derrigorrezko
morrontza errazten duelako, bai herrikideen artean eta baita herrien
arteko harremanetan ere.
Soberaniaren
kontrako borroka zuhurra izan da Euskalerriaren izanbideari geroratzeko
aukera eman diona iraganean eta geroenean ere soberaniaren kontrako
borrokan egin lezake gehien bai bere alde eta baita herrien arteko harreman
demokratikoen alde. Ezin zaio soberaniari eutsi eta federaziogintzari
ekin. Federakuntza jatorrenak eztira antolatu izan, soberania nork duen
erabakiz, baizik eta bakoitzaren besteekiko eginbideak zeintzuk diren
zehaztuz eta horien betetzera behartuz beren buruak.
Halare,
agian soberaniari baino beldur haundiagoa dio Irala-k herria iruzurtzeari,
engainatzeari. Berak jasotzen duen esaera da, euskaldunak erraz iruzurtzen
direla, nahiz-eta nekez ematen duten amor. Burujabetzaren etsairik nagusiena,
burua jatea da, iruzur egitea, engainatzea. Bere burua galdu duena -nahiz
eta askatuta egon- ezta bere buruaren jabe gertatuko. Iruzurkeriaren
eta soberaniaren kontrako borrokak, etengabeko borroka izan behar du,
eta herri bakoitzaren baitan bezala herri arteko harremanetan ere aurrera
eraman beharrekoa da, herrikideak eta herriak beren buruaren jabe izango
badira.
Goiburu
eta jarrera horien arikoa izan da Irala-ko Anton-en iritzia azken urteotan
euskalerrigintzari begira bizi izan ditugun aldigunerik kritikoenetan:
Burujabetza
eta gizartegintza
Burujabetzak,
baina, Irala-ren baitan, badu beste esparru bat: gizarte ereduari edo
gizarte asmoari buruzkoa, hain zuzen. Irala-k idatzitako aipatu kartetan
horixe da gairik nagusienetakoa. Eta ezin bestean, aurretik agertu dugunaren
arian dator. Bere buruaren jabe izateko, bere erantzukizunak bete ahal
izateko, bitartekoak behar ditu edonork eta baita edonongo elkarte bakoitzak
ere. Gizartekideok eta herrikideok bi eratako baliabideak ditugu: berez
eman zaizkigunak (lurra, egaztiak, ura. e.a.) eta gizalanez eskuratu
ditugunak, hauek ere bitan banatzen direlarik: aurrekoen lanez ondare
bezala jasoak eta geure ekimenez eta jardunez lortuak.
Bere buruaren
jabe izan nahi dutenek, zertan oinarritu behar dute ondasunen banaketa?
Nor zertaz baliatzea izan daiteke bidezko?
Gai hontaz
Irala-ren ekarri berezia, agian, zera da: bere buruaren jabe izatea
eta lanaren jabe izatea, goiburu etiko bat beraren bi alderdi bezala
jotzen dituela. Bere ustez, ezer gutxi balio dio norbaiti legezko lotura
politikoak kentzeak, aldi berean bere lanaren jabe izatea galerazten
bazaio. Bere buruaren jabe behar duenak, bere lanaren jabe izan behar
du.
Hontatik
uste baleza norbaitek, Irala-k burujabetza eta propietate pribatua uztartu
nahi dituela, usterik ustelenari heldu dio. Nor bakoitza (gizakia, etxekidea,
auzokidea, herrikidea) beren lanaren jabe gertatzea, ez baita bere eskura
dituen ondasunekin bakoitzak nahi duena egitea (hori izatekotan ere,
ondasunekin zernahi egiteko askatasuna litzateke, ez ordea jabetza,
Irala-ren baitan, ondasunak erantzukizun etikoz erabiltzea eskatzen
duena). Horregatik dira bere kritikarik zorrotzenak eta argienak propietate
deretxoaren kontrakoak, ondasunak gozatu eta erabili ezezik, zernahitarako
erabili ahal izatearen (jus disponendi, jus abutendi) kontra alegia.
Eta gogor kritikatzen ditu deretxo hori gizabanakoari berezko eskubide
bezala ezarri nahi dioten kapitalistak eta kanonistak; eta ezinbestean
kritikatzen ditu deretxo hori estatuaren (edo beste inolako boterezko
entelekia baten) eskutara aldatzen dutenak.
Ondasun
iraunkorrak (basoak, lurrak, mendiak, larreak, hibaiak ...) eztira izan
euskaldunen tradizioan etxearenak edo herriarenak -are
guttiago nor jakin batenak-, baizik etxekoak edo herrikoak.
Baina nor jakin bakoitzari bakarrik zerbitzu egin ohi dion ondasun bat
(soinekoa edo atorra), noski alakorena da eta ez herrikoa. Hori
bai ordea: ondasunak beti behar dute, beren erabileraz eta etekinaz
(lanaren bidez) jabetuko den (ardura eta erantzukizuna izango duen)
norbait.
Propietate
deretxoaren muina gaitzetsiz ondasunekiko harremanak arautzeko goiburu
bezala, zera dio:
Irala-ren
ustez, Euskalerriak bere izanbideari eutsi izanaren giltzarrietakoa
litzateke, hain zuzen, lanaren nagusigoan oinarritutako gizarte kultura
bat jaso izana. Angulo-Laguna Notarioak ziona dakar gogora sarritan,
bizkaitarren artean "lanari zor zaio jabetzako eskubidearen
berezko gertatzena eta lana da eskubide hori itzal handiko eta gogoangarri
egiten duen ziorik gurenena". Notario horrek -bizkaitarrak
ondasunak banatzerakoan erabili ohi zuten jokabidea aztertu ondoren-
ateratzen zuen ondorioak garbi eraskusten zuen Irala-ren ustez, propietate
deretxoa baztertu izan zutela euskaldunena izan gizarte tradizioan.
Kontua baina
ezta iragana, oraina eta geroa baizik. Ondasunekiko harremanen auzia,
gaur biharko herrigintzaren giltzarria baita Irala-rentzat. Euskalerrian
ezezik, inguru herrietan eta mundu zabalean pizten diren eta irauten
duten hainbat gatazken sorburua, ondasunekiko harremanak gaizki arautu
eta erabiltzean dago. Ezina da herriren bat bere buruaren jabe izan,
herrikideak beren lanaren jabe ezpadira. Hargatik goraipatzen ditu gizalana,
etxelana, auzolana eta herrilana. Inoiz berak esana, Aberri Eguna eta
Lanaren Eguna, biak batera ospatzekoak izan behar zutela gerorako euskalerrigintzari
sustrai sendoenak ematekotan.
Burubide
horien aritik dator, euskal gizartearen berreraikitzeko lantegiak izan
behar dutela gunerik estrategikoenak, hor bertan lortu behar delako
herri ekimenaren erabateko integrazioa herrigintzan.
Arrasateko
Koperatiben mugimendua izan da, azken urteotako Euskalerriaren historian,
Irala-k gogorik bizienaz jarraitu duen esperientzia.
Burujabetza
eta herrigizartegintzarako baliabideak
Euskal aberrigintzari
buruzko eztabaidaren beste barrutia, herrigintzan bidezkoak diren bitartekoei
buruzkoa da: legezko bideak, kaleko mobilizazioa, borroka armatua,
indarkeria, Ajuria-Eneako Ituna, e.a. Arazo hau, azken urteotan,
bereziki nahasia da gure artean.
Irala-ko
Anton, 1936.ko udaran atxilotu zuten Murgian falangistek eta goardia
zibilek. Baita ihes egitea lortu ere eta EBB-ra jo zuen Bilbo-n armarik
ba ote zuten galdetuz, berarekin egin zutena, Jose Antonio Agirre eta
gainerako burukideekin are ziurrago egingo zutela ohartuz, eta zetorkien
eraso basatiari igarriz, beren buruak babesteko indar armatua ezinbestekoa
izango zitzaiela konturatuz. Armarik etzutela esan zioten eta berari
eskatu zioten nonbaiten lor zitzala, erosi eta ekarri. Dirurik ba ote
zegoen erosteko eta etzutela esan zioten, hori ere berak eskuratzeko.
Irala eta Monzon arduratu ziren eginkizun hortaz eta hauek ekarritako
armaz ornitu ziren euskal gudarosteak sortu berria zen Eusko Jaurlaritzaren
aldeko defentsan.
Irala-k
ez du uste pakean utzi behar zaionik herriborondatearen kontra eta bidegabekeriz
erasoka ari den inori. Beraz, aurre egiteko armak hartu behar badira,
hala egin behar da. Eta hortan eman zituen urteak.
Baina Irala-k
eztu uste indarra denik gizartegintza eta herrigintza bidezko egiten
duena, alderantziz baino: bidezko elkartegintzari zuzenean erasotzen
dionaren kontra bakarrik erabili behar da indarra, herria erasotik babesteko
alegia.
Gizarteko
harremanetan eta herrien artean sortzen diren arazoak konpontzeko eztu
uste armak direnik herriari mesederik gehien ekartzen dioten bitartekoak.
Berak sarritan esana duenez, askatasun faltaz sortu diren arazoak, askatasunetik
abiatuz bakarrik konpon daitezke. Askatasuna bera bakarrik ezta aski,
arazoak konpontzeko, baina bai ezinbesteko bitartekoa.
Euskalerrigintzaren
goiburu sakratu bezala sarritan aipatu izan du Irala-k Bizkaiko Foruak
tormentoaren eta tormento erasoaren kontra diona. Tortura, tiroketa,
bahiketa, isileko edo ageriko meatxua ... herrigintzarako armatzat
hartzen dituztenek, gaur egun, erreboluzio-errepresioaren zurrunbiloan
itotzeraino murgildu lezateke gure herriko gizarte sarea eta gure inguru
herriekiko harremana. Hortik burujabetzaren bidera ateratzeko, geure
buruak indarraren indarrean itxutu ordez, herri ekimen demokratikoari
ekin beharko lioke euskal gizarteak, batez ere lan-mundua eraldatuz
eta garatuz.
Indarraren
indarrean ez itxutzeko herrigizartearen manu bakarreko egituretatik
ihes egin beharra dago. Gune bakarrean (pertsona batean, klase batean,
estatuaren aparato batean) ahalmen guziak orobiltzen den edozein gizarte
herritan tirania nagusitzen delako. Herri gizarte aberatsa nahi du Irala-k
gune asko dituena, baino gune artean sare sendoa, burujabetzaren kulturan
sustraitutako herrikideek osatzen dutena. Beldur dio herri bateko ekonomia
gune bakar batetatik zintzilik duen herriari. Are beldur gehiago dio,
kulturgintzarako herramintak herrigintza kontrolatzen duen bakar baten
eskutan uzteari. Nazifaxismoa eta sozialfaxismoa dira eredurik ezkorrenak,
bere buruaren jabe izan nahi duen herri batentzako.
Indarrak
biltzeaz
Nora joan
eta nondik-nora ibili jakin ez dakienak, ezin jakingo du aurrera ala
atzera dijoan edo gora ala behera jo duen. Baina bere buruaren jabe
behar duen herrikideak, gizarteak eta herriak, horixe jakin behar du
lehenik: nora dijoan jakin eta bide egokitik ote dabilen epaitzeko kriterioak
argi eduki. Herrigintzaren eginbideak berez dira herkidegoaren artekotzan
burutzekoak. Herkideen arteko iritzien trukea, eztabaida eta gogoeta
ezinbestekoak dira, beraz, herri garenez edota herri nahi dugunez nora
jotzen ote dugun argitzeko. Ez bakarrik, bakoitzak nora jo nahi duen
jakiteko, baizik eta elkarren artekotzan ditugun norantzako joera ezberdinen
jakinaren gainean jartzeko elkar eta, horrela, gertatzen zaigunaren
jakitunago izateko. Hortik hasten baita buruaren jabe izateko aukera.
Herrigintzak,
askoren adoera, indarra, borondatea, emana eta eragimena eskatzen du.
Baina, herrikide burujabeak nahi dituen herrigintzak, norabideak argitzetik
eta norabide horri begira, adiskideak, lagunak eta herriginkideak zeintzu
diren zehaztetik hasi behar du. Ez, noski, gainerako herrikideak denak
etsai bezala jotzeko -burujabetzan sustraitzen den herrigintzarako-,
baizik eta bere asmoak zer-nolako oztopoak izango dituen jakiteko.
Hemen eztago
azken hitzik. Euskalerrigintzan saiatu nahi dugunon arteko eztabaidari
eragiteko oharrak direlakoan aukeratu ditut hemen bildu ditudanak. Eztabaida
hortan argi gehiagorik lortzen den, hitzek baino areago ekintzek erakutsi
beharko dute.
Francisco
Garmendia
|