GOIZ ARGI

(Número 4. Zenbakia - Martxoa 2000 Marzo)

Artxibo doc

Azken auteskundeen frutu gazigeza

Sarrera

Zailla da auteskunde auen garrantzia gutxiestea. Zailla da pentsatzea ere luzera begira ematen diguten irudi elektorala aldatuko denik. Egia dio Joseba Egibarrek espainiarrek ez dutela ainbesteko igokadarik jaso azken auteskunde orokorrekin konparaturik. Egia da ere beren igokada ta nagusigoa ez dela jadanik egoera jakin baten kontua baizik eta luzetik ta luzera doan bidea. Au da abertzaleok buruan sartu bear duguna, urrutiko intxaurren promesa azkar ta politei jaramon egin bearrean.

ETAren suetena autsiz gerozko auteskundeak dira auek ere. Azken illabeteetan gatazka zibillaren arrixkua nabaritu da ETAk egindako atentatuen ostean. Euskalerriko gizartean ereindako kontraesanak puri-purian daude, ortan ez dago dudarik. Auteskunde auek kontraesan oietarako eskenatoki paregabea utzi digute.

PPren igoera

PPren igoera, edota iraunkortasuna, ez da urtaro bateko lorea. Ego Euskalerriko lau iriburuetan nagusi gertatu da. Azkunde biurgune batean ikusi bear dugu garaipen au. Ez dago dudarik ETA ta ENAMeko gogorkeri taldeek eragindako egoerak bultzatu duela bereziki igoera. Azken auteskundetako ildoari jarraitzen diogu ein orretan.

Suetenak ez du PPko zinegotzi ta afiliatuei egindako trakeskeri ta ilketen oroimena xamurtu. Nai ala ez, abertzale ala espainiar izan, erriak argi du Euskadin gertaturiko gogorkeriaren erantzunkizun larriena ENAMek duela bere gaiñean. Ta matizaziorik gabeko egoera batetara isurtzen ari bada euskal politika, orduan gogorkeri eragilleen kontrako biderik kontrakoena artu dute euskal iritar askok alternatiba gisa. PP da beraientzat alternatiba orren irudirik garbiena. Euskalerrian PPri botoa ematen dion jende asko ta askok ez du espainiar eskubiaren irudi soziologiko ta etnikoa errepikatzen. Jende gazte ugari dugu beren artean, ta euskaldunak ere. Garai batean EAJ ta EAri botoa emandako jendea badago tartean. Ortaz, boto ezkutuaren teoriak utsegiten du: egia da espainiar eskubitarrak lotsakor ibili direla garai luzean, frankismoaren identifikazio gorriz zamatuak. PPren oraingo indarra, ordea, jende arruntaren aldetik dator ein aundi batean: PP ta UPN normalizatu egin dira soziologikoki: ori da ENAMen estrategiak egin digun oparirik ederrena! Eskubi postfrankista ta Goardia Zibilla naiz Polizia Nazionalen aurpegiak garbitzea, ETAk eragindako demasien laguntza paregabez.

Jausi dira ere abertzalegoaren burukideen zenbait esperantza: PSOEk nagusigoa lortu zezakelakoa ta, bidebatez, onek erantzun desberdiña eman zezaiokelakoa euskal arazoari. Soluziobidea beti kanpoan dagoelakoa, probidentziak bidean jartzen duen barianteen arauerakoa dela, ikuspegi txarra da abertzaletasunarentzat, bere iniziatiba ta bere eraginkortasuna kamustu egiten duelako. PSOEk ez du geiengorik lortu; ta orain zer? Beste kanpo aundiusteko barianterik begiratu bearra al dago ipotesi oker onen atzaparretatik ies egin al izateko?

Auteskunde egoera Mayor Orejaren ildoaren baieztapen gisa interpretatuko baita PP ren aldetik. Ta au buruan artu bear dugu abertzaleok. Mayor Orejaren ildoa Espainiaren irudia saltzea baita Euskalerrian. Araban ta Nafarroan lortzen ari da. Bilbon ta Donostian gauza berdiña. Nun gelditzen da "lurraldetasun"aren konzeptu antzu ta jakobinoa? Zenbait estratega zikoitzen ta zenbait abertzale inuxenteen agendan. Gertakariei dagokionez, "lurraldetasun" ori aberri eraikuntzaren etsai billakatzen ari baita: euskal iritarron borondateak zatikatzen dituelako, ta euskal eskubideen aldarrikapenen oztopo delako. Nafarroan bitatik batek botoa eman dio UPNri: eskubi espainiar antieuskaldunenari. ENAMek ondo barreiatu du "lurraldetasun"aren azia. Ta orren arrimuan eskubia neurriak artzen ditu Nafar Unibertsitate Publikoan ta Ezkuntza sistiman euskera ta euskaltzaleak zapuzteko. ENAMek ematen die nafarroako antieuskaldunei politika sektarioak eramateko zillegitasuna.

Mayor Orejak epe luzera begiratzen du, euskal arazoa estatu arazo delako espainiarrentzat. Egungo egoeran, ENAMek euskal aldarrikapenak instrumentalizatu egiten dituelarik kontraesanak ta gatazka sortzeko asmoz, errexa zaie estatuari ta espainiar komunikabideei abertzaletasunaren kontrako kanpaña eraginkorra eramatea. Ermuako Forokide diren unibertsitate irakasleak ditugu gaiñera zabor mediatiko guzti orren intelektual sustatzaille. Gertaerak gogorrak direnean –Fernando Buesa ta ertzaiñaren ilketa kasu- mezu sinpleen salmentak ez du arazo geiegirik. ENAMek bere engañu kanpaña eramaten duelarik –eziñezko aberri eraikuntza, aberri eraikuntza errealari kontrajarriz- espainiarrek beren ereduari jarraitu diote –gogorkeriaren kontrako aitzakiz, abertzaletasuna erasoz. Mezuemate faltsu orretan ditugu batzuk ta besteak kide. Ta ez orretan bakarrik.

EAJ-ren indar eustea ta EAren ezintasuna

Naiz eta ENAMek abstentzioaren aldeko kanpañarik gogor ta demagogikoena eraman, naiz eta espainiar alderdiek gaillu mediatikoak nai bezela erabili abertzaletasunaren kontra, EAJk tinko eutsi dio abertzaletasun soziologikoaren lemari.

Giroa naiko narrasturik zegoen ta abertzale askotxok bozka erabilgarriena izan zezakeen alderdi abertzaleari eman dio autua. Ez dira orregatik EAJko burukideak neurriz kanpora poztu bear: abertzaleek ez diete botoa eman ildo politikorik zuzenena zeramatelako edota mezurik onena saldu dutelako. Zailla gertatzen baita EAJ ala EA ren mezuek nundik nora zioazten antzematea. Pake-naia azaldu dute gatazka sortu nai dutenen aurrean: pake nai orrek, alare, eskuz-aurreko zapuzketa baten ondoriozkoa da –ETAk suetena puskatu baitu ta Lizarra-Garaziko ituna bertan bera gelditu delako; Marko juridiko berri baten bearra aipatu dute ere, naiz eta gaingiroki ta zeazpen berezirik gabe; Ego Euskalerriaren egoera politiko-soziologikoa ikusita, marko juridikoaren aldaketa ez al da abertzaletasunarentzat mezu benetan galgarria?

Gauza aipagarria, ta axalekoa ere, Xabier Arzalluz-ek egin dituen batazbesteko adierazpenak izan dira. Beldur naiz adierazpen oiek abertzaleak larritzeko ta ez-abertzaleak asaldatzeko balio izan ez ote duten. Ongi dago abertzaleok ditugun eskubideak defendatzea; ain ongi ez dagoena da norbakoitzaren aurpegia zuritzea defentsa orren aitzakiz. Ta Arzalluz ta Egibar-en aurreikuspenek kale egin dute modurik larrienean; ez dute suetena luzatu ta ez dute espainiarrak mugi-arazi.

Abertzale jendeak EAJri botoa eman dio geiegizkoa iruditu zaiolako Espainiatik ta espainiar alderdietatik abertzaletasunaren kontra zetorren erasoa. Ta, ein aundi batean, abertzale ta ez-abertzaleentzat, EAJ da gure aberri izaeraren gordaillu istoriko ta instituzionala. Jendea mugitu egin da uolde espainiarrari esia jartzeko asmoz. Orrek ez du esan nai abertzaletasunak bere buruari buruz ausnarketa sakona egin bear ez duenik. Poztu egin bear dugu arinkeri politiko guztien gaiñetik abertzale jendea mobilizatu egiten delako. Baiña patrimonio ori ez da betirako; kuxidaderik gabeko operazio politikoek jendea erroetaraiño nazkatu dezakete. Ta kontuan bear dugu izan ETAk berebiziko gaitasuna duela jendea nazkatzeko.

Abertzale geienek EAJri eman diote botoa. Orrek ez du esan nai orain daraman politika zuzenena denik. Aldiz, gaurregun egingo balira eusko legebiltzarreko auteskundeak PP izango litzateke eskañu geien dituen alderdia, ta gaiñera Bilbon nagusi.

EA-ren kasua ez da oso bestelakoa. Ildo nagusietan, bere politika ezpaita EAJrenatik aldendu. Askotan diote bertako buruzagiek EH ta EAJ urbildu egin direla EA-ren ideiei. Batzuk gogorkeri bideari utzi diotela ta besteek oportunismo erregionalistari. Dana dala gauza berdiña: Euskadiko giroari begiratuta, ez al dira erabat egoeraz kontrakoak aobeteko aldarrikapen utsalak? Konstituzio espainiarra aldatu bear al dugu gure buruaren jabe izateko? Ein orretan, EA-k EAJ-rekin bategiten du, kanpoan ikusten baitu salbamena. Aldiz, gizartearen barruan egin bear den konzientziazio lana, abertzaleok Euskalerriaren barruan bete bear dugun errealitate sozialen egituraketa, potere gaillu kanpotiarrei begiratu bearrik gabe, guzti ori ez da kontuan artzen, ta instituzio kudeaketa politika utsari jarraitzen diote, EAJ bezelaxe.

Auteskundetara bakarrik joatearen erabakia erabat gaitzesgarria gertatu zaio EA-ri. Batez ere jadanik ez duelako bere eraginkortasuna demostratu. Errexa da oso "sozialdemokrazia" itza erabiltzea, EAJ-tik bereizteko asmoz. Baiña EA-k ez du EH-ren botorik erakarri, ta bere espazioa murritzenagotzeko bidetik doa. Abertzaletasunaren interesa orokorrak defendatzeko unean jendeak EAJ besterik ez du ikusi; Gipuzkoako errietan gertatutako EA-ren berakadak aipatzea besterik ez dago.

EA-k bere nortasuna eraiki bear du konplexu ta setakeririk gabe. Soberan daude bein ta berriz EAJ-ri botatzen dizkion marru ta kexuak. Desberdiña izan naiez gero, ta bere espazioa zabaldu naiez gero, orduan bestelako politika egin bearko du. Ta bestelako politika orain arteko politika abandonatzea da: ildo politikoari ta alderdiaren jokamoldeari dagokionez. Euskalerriak alderdi abertzale indartsuak bear ditu; ta ainbat eta espazio geiago bete obe. Bearrezkoa da EA mantentzea. Ortarako umekeriak alde batetara utzi bearko ditu ta bere nortasuna adierazi ez abertzale botoa zatikatzeko baizik eta Euskalerriko gizartean, bere moduan ta nai duen bezela, eraginkor gertatzeko. Euskal iritarrok begien aurrean ikusi dezagula egunerokotasunaren indarrean EA-k politika berezia eramaten duela, ta abertzaletasunaren onerako dela.

ENAMen porrota ta irabazia

EH-k eraman duen abstentziorako kanpañak sekulako porrota jaso du. Naiz eta ETAk bere laguntza puska eman azken ilketen bitartez, naiz eta aurreikusitako espainiar kanpaña mediatikoa piztuarazi, naiz eta bein ta berriz EH-ko zuzendariak arkumetxoaren aurpegiarekin azaldu an ta emen sortutako gogorkeri itzelak illuntzeko asmoz, euskal gizarteak bizkarra eman dio ezpairik gabe ENAMen desobedientzia ala intsumisio ildoari. Leku askotan ta sektore askotan jendeak botoa emateko eragille billakatu da gaiñera.

Gizarte deslilluratu, desmobilizatu ta zatitu baten irudia lortu nai zuen ENAMek suetenaz gerozko eskenatokian. Modu orretan, EH-ko mandatari politikoek aipatu soluzio guztiek sinesgarritasuna euki zezaketen, beste kirako politikoen eziñaren aldean. Sinesgarritasunik lortu ez duen ideia ori Sei Errialdetako Parlamentu Nazionalaren egitasmoa da, ain zuzen. Idei onen onarpena da EH-k jartzen duen gutxieneko baldintza egoera demokratiko batean gaudela aitortu al izateko.

Betiko kontua da au: leen KAS alternatiba zen gutxieneko ori; gero Alternatiba Demokratikoa; ta ildo beretik joan den abuztuan ETAk EAJ ta EA-ri proposaturiko Parlamentu Nazionala. Magia joku baten kartak bezela aldatzen diren proposamen auek, noski, elburu zeatza dute: dugun legediaz kontrako potere gunea sortzea; ta potere berri batek lortu dezaken zillegitasunik aundiena potere zaarraren porrota litzateke. Ortarako jarri da martxan abstentzioaren kanpaña. Dugun legedi burgesaren deskonexio leen alegin gisa, interferentzi instituzionalak garbitu ta Euskal aberriaren orubea sortzeko asmoz.

Deskonexio ta intsumisio ildo orretan porrota aundia izan da au. Erakusten baitu EH-k, bere indarrez, ez dezakela euskal gizartea baldintzatu.

Tasio Erkiziak aipatu azken greba orokorraren irakaspide berdiña atera daiteke ontatik; batetik, koakzio gailluak bear bezain gogor plazaratzen ez direnean jendeak ez diela ENAMen aginduei jaramonik egiten. Bestetik, euskal gizarteari konsijna orokorrik bota bear bazaio, ENAMek ezin duela bere bakarrean jokatu; EAJ-ren laguntza edota baietza bear duela.

Orrek esan nai du, auteskunderik ezean, PP arrotu baten itzalazpian, azken denboran EH-k gizartearekiko eraman duen estrategia biguñak ez duela eraginkortasunik izan ta, beraz, pikutara joan daitekela. Aldiz, ETAren borroka armatuak leen baiño geiago erakutsi du borroka gaitasuna, gizartea zatitu ta politikoak erotu egiten dituelako. Interlokuzio xamurraren garaiaren azken antsia sumatu dugu orain. Ta naiz eta abertzaleen aldetik argi gelditu ETA ta ENAMeko gogorkeri taldeen joera txarra dela, argi dago ere gizartea eziñobe baldintzatzen dutela.

EH-k erakutsi nai du bide soillik politikoa biderik onena dela; ETA ta ENAMeko gogorkeri taldeek erakutsi nai dute baietz, konforme daudela bide politikoarekin, baiña bide armatua ona dela ere. Eztabaida onek, noski, praktikaren juzkua du atzean. Praktikak demostratu baitu borroka armatuak eraginkortasun berebizikoa duela.

Zenbait abertzalek pentsatuko dute gogorkeriaren bidea txarra dela aberri eraikuntza edo soilki politika abertzalearentzat. Ta egi oso ta biribilla diote ein orretan (ikus ortarako Mikel Bujanda ta Ander Iturriotzen artikuluak, Egunkaria, 2000-03-14). Abertzale auek, noski, ETA ta ENAMen abertzaletasunaren ipotesiaz mintzo dira, ta ortan dira oker. Ainbat buruauste sortu ditu ETAk itxuraz abertzale diren aldarrikapenak azaltzea ta praktikan aldarrikapen oiek zapuztea.

ETAk ez du nai, ordea, bere lemazaintzarik gabeko biderik ta euskal aberri eraikuntzarik. Ortan dago kakoa. "Euskal Subjektu Berria" eraiki bear dela esaten duenean, bere aginduetara makurtzen den erakunde ta jende mordoaren gizarte itxura bat nai du soillik. Udalbiltza bezelako txokolatezko eraikiña. Ta nolatan Espainiko gobernua ez den jausiko ta Eusko Jaurlaritza ez den desagertuko "Euskal Subjektu Berria"ren azalpenaren trunpeta otsez, orduan subjektu delako orren funtzioa bere borroka armatua beste aldi batetarako zillegiztatzea da.

Ortan du ENAMek irabazia. Beti izango da, ta orain akaso areagotua, euskal aberriarekiko frustrazio sakonik. Baiña frustrazioak indarrak kilikatzen ditu; "Euskal Subjektu Berria", "Euskalerria eraikiko duen orubea" indar oien kilika-gaiak dira, abertzale jendea, artalde baten gisa, ETAk markatzen duen ausketa bidetik eramateko elmugaz.

Amaiera

PP ta ENAM gauza batean dira ados: egoeraren erantzule nagusiak EAJ ta EA direla. ETAren azken komunikatuak idei ori errepikatu egiten du abertzale zintzo askoren arrimenerako. Erotutzat jotzen dute gure erakunde armatua. ETA zuur mintzo da, ordea: oraingo elmuga EAJ ta EA bere estrategiaren azpian jartzea baita. Ortarako erruak bota bear zaizkie ta pausuak eskatu. PP-k gauza berdiña egiten du.

Abertzaleek joku bikoitz oni muzin egin bear diogu. EAJ ta EA-k beren ildo propioa aurkitzen ez duten bitartean (ta ildo ori Gernikako Estatutoaren interpretazio abertzaleari lotzen zaio) orduan astiñaldi mediatikoek ta ETAren ukabilkada armatuek gizartea jan egingo dute. Abertzaleon erantzunkizuna da ori ez gertatzea.

Jokin Alkorta