GOIZ ARGI

Artxibo doc

Abertzaletasunak kontuan hartu beharreko irakaspen historikoak

1876an foru sistema desegin zenetik eta XIX. mende bukaeran abertzaletasuna sortu zenetik hiru izan dira berebiziko une garrantzitsuak. Lehena 1917-18. urteak, Errepublikaren garaia bigarrena eta 1978-79 epea azkenik. Emaitza eta protagonista desberdinak izan arren, hirurak urrats erabakiorrak izan dira Euskal Herriaren burujabetasunaren berreskuratze lanetan eta abertzaleok badugu zer ikasi garai haietan burututako bilakabideetan.

1917. urtean gorpuztu zen autonomiaren aldeko lehen eskaera nagusia. Bere bultzatzaileak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak izan ziren. Nafarroakoak, hasierako bileran parte hartu arren, alde batera gelditzea erabaki zuen. Badago, ordea, azpimarratu beharreko datu bat: abertzaletasunak Bizkaiko aldundian baino ez zuen gehiengoa, are gehiago, Gipuzkoan ordezkari bi baino ez zituen (hogeitik) eta Arabako aldunditik kanpo aurkitzen zen. Beraz, nola izan zen posible, burujabetza eskaerak hainbesteko arrakasta izatea gure lurraldean? Beste alderdi batzuetan autonomista sutsuak ere bazeudela (Gogora ditzagun Julian Elorza karlista edota Jose Orueta liberala) gogoratu behar da, baita Espainiaren batasuna ez zela auzitan jartzen. Izan ere, Aldundiek gobernuari igorritako mezuak foruen berreskurapena eskatzen zuen eta hori lortu ezean, autonomia zabala. Aldundien arteko bileren inguruan gizarte mugimendu handiak burutu ziren, batzar, mitin, iritzi zabalkunde eta abarrekin. Ahaleginak, jakina denez, porrot egin zuen bi arrazoiren ondorioz: Euskal alderdien arteko hasierako aho batekotasuna denbora gutxira apurtu egin zela, abertzaletasunak bizi zuen gorakadaren aurrean eta Espainiako gobernuek, bestetik, ezezko borobila eman ziotela autonomia eskaerari. Saioa ez zen, ordea, hustel gertatu. Aldundiek aurkeztutako egitasmoa XX. mendean garatu diren proiektu desberdinen ezinbesteko erreferentzia bilakatu da eta eskaeraren inguruan sortutako giroak emaitza aberatsak eman zituen kultur arloan, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzaren sorrera ahalbideratuz. Bi erakunde hauetan Hego Euskal Herriko lau diputazioek hartu zuten parte.

1931ko Errepublikak ezagutu zuen euskal lurraldeentzako autonomia-estatutua lortzeko bigarren mugimendua. Egitasmoak 1918koarekin alde handirik ez bazuen ere, testuingurua arras desberdina zen. Abertzaleen indarra, lehenik, askoz ere nabarmenagoa zen, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen alderdia izanik. Beraiek izango ziren, une oro, autonomia lortzeko ahalegin desberdinen bultzatzaileak. Beste alderdien jarrera dugu bigarren ezaugarri esanguratsua. Horrela, eskubiko alderdiek bat egin zuten eskabidearekin oposizioan zeuden bitartean, baina ezezko jarrera hartu zuten 1933an, gobernura iritsi zirenean. Ezkerreko erakundeek alderantzizko bidea burutu zuten. Uzkurtasuna 1931-1933 bitartean eta autonomiaren aldeko borondatea ondoren. Egoera honek babes ahula ekarri zion autonomiaren aldeko mugimenduari. Horen adibide dugu, 1931ko Lizarrako batzarrean Hego Euskal Herriko udalen % 88 bildu zela, baina udal horiek biztanlegoaren % 50 baino ez zutela ordezkatzen. Lau hiriburuak eta herri handienetako alkateak ez ziren Lizarran ekainaren 14an. 1935etik aurrera abertzale eta ezkertiarren artean prozesu bikoitza eman zen. Abertzaleak eskubiko indarrekin, oposizioan zein gobernuan egon, zereginik ez zegoela jabetu ziren eta ezkerreko indarrek Errepublika sendotzeko eskubiko erasoen aurrean abertzaleen laguntza behar zutela onartu zuten. Prozesu hauen ondorioz 1936ko udaberrian Espainiako Gorteek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autonomia ziurtatuko zuen estatutuaren eztabaidari ekin zioten. Uztailaren 18an Frankok burututako estatu-kolpeak estatutuaren onarpena atzeratu zuen urrira arte. Hamar hilabete beranduago Bilboren erorketak autonomia bertan behera utzi zuen, nahiz eta Euzko Jaurlaritza bizirik mantendu atzerrian. 1917an gertatu bezala autonomiaren aldeko borrokaren ondoan euskal kulturak pizkunde garrantzitsua bizi izan zuen, literaturan, hezkuntzan eta prentsan. Abertzaletasunak mende hasieratik hartutako bideak, lan politikoa, aisialdi eta kultur lanarekin batzeak alegia, indar berezia eman zion Frankismoaren tunel luze eta iluna adoretsu igarotzeko eta 1976an berriro indartsu kaleratzeko.

1977ko hauteskundeak burutu ondoren autonomiaren aldarrikapena izan zen Euskal Herriko bizitza politikoaren ardatz nagusinetako bat, ETAren ekintza eta krisi ekonomiko larriarekin batera. Alderdi gehienek, kemen asko edo gutxirekin, bat egin zuten aldarrikapen honekin eta frankismo garaiko zapalkuntza ahazteko ahaleginean Espainiako gobernuak ez zuen gaindituezinezko oztoporik ezarri herriaren nahia betetzeko. Era honetan 1979. urtean Autonomia-Estatuta onartu eta 1980.eko udaberrian hauteskundeak burutu ondoren Carlos Garaikoetxea aukeratu zuten Eusko Jaurlaritzaren lehendakari berri. Garaipen politiko honek lotura zuzena zuen, bestetik, 1960ko hamarkadatik aurrera abertzaletasunak lortutako, itxuraz behintzat, hegemonia kulturalarekin. Euskararen aldeko jarreraren indartzea izango genduke honen lekukorik nabarmenena. Edozein kasutan, Autonomia-Estatutuak EAJri ordurarte inoiz eduki ez zuen kudeaketa gaitasuna eskeini zion. Beste baterako utziko dut nola erabili duen abertzaletasunak botere hori eta zer eragina duen gaur bizi dugun egoerarekin. Lan honetan autonomiaren aldeko borrokaren arrakastaren zioak aztertu nahi ditut.

Hainbat arrazoi aipatu behar dira hori azaltzeko, bakoitzaren garrantzia neurtzea zaila bada ere. Noiz lortu da autonomia eskakizunak ohiartzun handiago izatea? Bi baldintza bete direnean: Abertzaleek prozesuaren gidaritza ez monopolizatzen ahalegindu direnean, beste euskal alderdi batzuekin lanean arituz, batetik, eta Espainiako gobernuko agintariekin harreman egokia bideratu denean, bigarrenik. Hildo honetan ez zen nahikoa izan eskakizunak Euskal Herriaren gehiengoaren nahiekin bat egitea. Gogora dezadan, bide nabar, gehiengo hori inoiz ez dela erabatekoa izan. 1917, 1931 eta 1933 ahaleginek porrot egin zuten, bestetik, espainiar agintariek uko egin zietelako autonomiaren eskakizunei, baina hauen aldekoek ez ziren gai izan mugimenduaren indarra denbora luzez mantentzeko. Era honetan 1919an abertzaleek Bizkaiko Aldundian zuten gehiengoa galdu zuten eta 1933ko azaroan kongresurako lortutako nagusitasuna 1936ko otsailean galdu egin zen. Ondorioak, beraz, nabarmenak dira nere ustetan, abertzaletasuna politikoki ahulegia izan da autonomiaren eskakizuna aurrera ateratzeko eta nahiz eta berak zuzendu eta lideratu prozesua beste batzuen lankidetza behar izan du. Erradikalizazio prozesuek, bestetik, ez diote mesederik egin, ez helburuak lortzeko bidean, ezta bitarte horretan burututako hauteskundeetan. Euskal gizartea sendotzeko eta gure kultura indartzeko egindako lan ixilak izan dira, aldiz, abertzaletasunari aurrera egiteko indarra eman dioten elemenduak. Gure nortasunaren sendotzea, historikoki, elkarrizketa eta negoziazioaren ondorioa izan da. Oso interes eta jarrera desberdinak azaltzen dituen gizarte batean bestelako estrategiak onartzeak ez dio onik ekarriko abertzaletasun historikoari.

Mikel Aizpuru