Artxibo rtf
(43 - 2007ko Azaroa)

Zer, nori eta zertarako galdetu

Ezer gutxi leporatu daiteke, ikuspegi formaletik, Ibarretxe lehendakariak egindako proposamenari. Elkarrizketa prozesu bat planteatu du Espainiako gobernuarekin eta horren ondoren, adostasuna egon ala ez, herriari galdeketa egitea. Akordioa baldin badago Espainiako gobernuaren oniritziarekin, ez baldin badago, Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren babesarekin 2008ko urriaren 25ean. Galdeketa horren emaitzaren arabera bigarren elkarrizketa prozesu bat hasiko litzake eta horren amaieran, 2010. urtean, erabakiak hartuko lituzkeen bigarren galdeketa bat egingo da. Lehen galdeketaren kasuan eztabaidagarria da, ikuspegi juridikotik, Jaurlaritzak galdeketak egiteko duen eskumena, ez baita Euskal Autonomia Estatutuan horrelakorik azaltzen: Bigarren galdeketak, lehendakariak berak argitu duenez, Espainiako gobernuaren deialdia behar du eraginkortasun legala edukitzeko. Legeen interpretazioak gorabehera, garrantzitsuak dira, baina aditu ugari dago arauak alde batera edota bestera bihurtzeko, ezin ukatu lehendakariaren eskubidea honelako bide bat abiatzeko. Nire kezka, ez da, beraz, eskubideen aldarrikapenen kontu bat. Eskubideak nola gauzatu diren da kontua

Izan ere Ibarretxek planteatu duen estrategia negoziatzaileak zalantza askosortzen ditu. Epeak jartzeak, izan ere, egokia izan daiteke bi aldeek adostasunera heltzeko borondatea dutenean eta horretarako giro egokia dagoenean. Espainiako hauteskunde orokorretarako hilabete gutxi gelditzen direnean ez dirudi giro hori aurkitu daitekeenik. Kataluniako Estatutuaren negoziazioan eta Nafarroako gobernuaren osaketan Zapaterok erakutsi duen jarrera itxia eta zentralistak, aurre-kanpainan Espainiako ideia indartzeko sozialistek zabaldu duten mezuak urrundu egiten dute transbertsalitate eta akordiorako aukerak. Imazen proposamenek txalo asko eta laguntza gutxi jaso dute Ibarretxeren aurrean erasokor ari direnen aldetik. Bide batez, Imazen planteamenduek, nire ustez egokiak eta zentzudunak hein handi batean, sinesgarritasun gehiago aurkitu izango lukete bere alderdian eta bestelako abertzaleen artean, bere artikuluak lehenik edota gutxienez euskaraz kaleratu izan balitu, (hori ere transbertsalitatea da) eta Zapateroren aurrean publikoki kritikoagoa azaldu izan balitz bere momentuan, (abuztuan argitaratutako artikulua gorabehera). Akordiorako aukera gutxi aurreikus daiteke sozialistekin, baldin eta martxoko emaitzek ez baldin dituzte guztiz ezinbesteko egiten jeltzaleen botoak Zapaterok gobernua osatzeko.

Lortu nahi diren helburuek ere ez dute gehiegi laguntzen egoera argitzen. Ibarretxek, EAEren Autonomia –Estatutua erreformatzeaz gain, ETAren biolentziaren amaierarako tresna moduan ikusten du prozesu. Are gehiago, ETAren amaiera iragarri zuen, eskura ditugun zantzu guztien eta erakundearen Zutabe aldizkariak kontrakoa adierazten diguten une berean. Azken elkarrizketen inguruan azaldutako datuen arabera, lurraldetasunaren onarpena izan da kakoetako bat. Nekez onar dezake Ezker Abertzale ofizialak hiru lurraldeetara mugatzen den proposamen bat, ez baldin bada bortxakeriaren aurkakoen artean zatiketa areagotzeko tresna moduan. Legebiltzarrean galdeketari babesa emateko ia-ia ezinbestekoa da EHAK boto batzuek, gutxienez, baiezkoak izatea edota sozialistak abstenitzea. Azken hori une honetan guztiz ezinezkoa ikusten da.

Hori dena ezaguna zuen lehendakariak proposamena aurkeztu zuenean. Zertarako ireki du, orduan, prozesu hau? Proposamenarekin kritiko azaldu diren askok (espainolistak gehien bat) hauteskundeetara indartuta heltzeko amarru gisa aurkeztu dute. 2001ean Mayor Orejaren eta Redondoren garaian lortutako emaitza onak, 2005ean, Ibarretxe Plana Madrilen ezezkoa jaso ondoren, galdutako botoak berreskuratzeko ahaleginean. Kritika horiek botoen galera Ibarretxeren erradikalismori leporatzen diote, Aralarren sorrera alde batera utziz. Ez dut uste hori denik Ibarretxeren asmoa, ez zait iruditzen hori denik bere estiloa.

Beste batzuk abertzaletasuna bizkortzeko eta EAJk berriro iniziatiba berreskuratzeko apustu moduan aurkeztu dute plan berria. Horren ondorio izango litzake Imaz EBBko zuzendaritzatik alde egitea alderdi barruko eta euskal gizartearen konfrontazioaren aurka zegoelako. Ez dut ikusten, ordea, hori nola egin daitekeen gaur eguneko baldintzetan. EAJk, eta EAk, urte asko daramatzate bere jarduera erakunde publikoen kudeaketara zuzentzen eta, hein handi batean, mugatzen. Euskal gizartea, gizarte moderno guztiak bezalaxe nekez mobilizatuko da helburu politiko huts baten alde, nahiz eta hori garrantzitsua izan. Indar-erakusketa bat egin nahi baldin bada, prestaketak sendoagoak izan beharko lukete. Zarata hutsa izendatu du ELAk lehendakariaren plana, baina zarata arriskutsua izan daiteke

Zer lortu nahi da tenkatze honekin? Neuk ez dakit, ez dut bide garbirik ikusten eta horrela azaldu beharrean nago.

Mikel Aizpuru