Artxibo rtf
(39 - 2006ko Abuztua)

NORK – ZER – NOLA ERABAKI ?

( I )

Ohar kritiko teorikoak

Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak, 2005eko otsailaren 1ean aldarrikatu zuen, Espainiako Gorteetan, euskal gizartearen "erabakitzeko eskubidea" eta "itun beharra" zirela gure herrigintzak aurrera egiteko ardatzak. Orduz geroztik, "erabaki" hitza (erabakimena, erabakitzeko eskubidea, erabakien onarpena ...) dabil gure arteko eztabaidetan hitzetik hortzera. Baina, "nork-zer-nola erabaki bide" duenari buruz ikuskera eta jarrera oso ezberdinenak dituzte, gure gizartearen erabakitzeko eskubidea lideratu eta kudeatu nahi duten talde politikoek.

Lehenengo atal honetan (I) bizpahiru ohar teoriko eskaintzen saiatuko naiz, beste bigarren batetarako utziz (II) ondorio praktikoak, naiz-eta bien artean etenik egitea oso zaila zaidan.

    1. Erabakitzeko eskubidea ... Eta betetzeko zorra?
    2. Euskal gizarteak erabakitzeko eskubidea duen ala ez eztabaidatzeak, abstrakzio mailan, ez du inolako zentzurik. Kontua da, euskal gizarteak, hainbat erabaki hartu, hartzen eta hartuko dituela. Hain zuzen, gure egungo artekotzan (euskal herrietan, Euskalerrian eta herri artean) bizi ditugun auzi-mauziak ulertezinak zaizkigu, historian zehar gure aurrekoek hartu izandako eta hartu gabe utzitako erabakiak kontutan hartu gabe. Ez nukeen euskaraz idatziko, gure aurrekoek euskara galtzeko erasoei nolabait aurre egin ez baliete.

      Gure gizarteak ez du, hala ere, beti izan aukerarik berari zegokion hainbat erabaki hartzeko. Dena den, Gernikako Estatutua eztabaidatu-bozkatu zenetik Espainiako 2002ko Partiduen Legea bitartean (1979-2002), euskal gizarteak, herri asmoei dagokienez, zuzenean eta zeharka, aukera izan du bere iritzia azaldu eta iritzi horien alde borroka politikoa burutzeko. Lekukorik argiena dira, iritzirik kontrajarrienak defendatzen dituzten egunkariak, weborriak, liburuak, taldeak, alderdiak eta programak izan ditugu bitarte guzti horretan. Eta bitarte luze horretan, euskal gizarteak bere iritzia azaldu du eta baita bere hitza eman ere.

      Arazoa, ordea, honetan izan dugu: euskal gizarteko zenbait taldek –bozketatan parte hartu dutenek ere bai- ez dutela erabakitakoa betetzeko zorra beren gain hartu. Okerrago dena: euskal gizarteak gehiengo nabarmenez erabakitakoen kontra jokatu duela zenbaitek (eta gainera euskal gizartearen izenean).

      Gernikako Estatutua ez betetzearen erru nagusia, euskal gizarte honen ordezkari diren indar politiko jakinen bizkarrean jarri beharrekoa da: Espainiar administrazioak euskal administrazioari zor diona transferitzea, euskal gizarteko ordezkari politiko batzuek alderdikeriaz betetako estrategien mende jarri izan bai dute.

      Herrigintza demokratikoari gagozkiola, oso okertzat jotzen dut ez azpimarratzea, erabakitzeko eskubidea duen gizarteak berak duela, lehenik eta behin, betearazteko zorra. Euskal gizarteak erabakitzen duenari, errespetua zor dioten lehenengoak, hain zuzen, gizarte horren ordezkari politiko bezala agertzen diren talde politiko guztiak dira. Hori lortzen ez dugun bitartean, nola eskatuko diogu kanpoko inori guk erabakitakoa errespeta dezan?

    3. Demokrazian, zer da normala? Bakea ala borroka ...?
    4. Gernikako Estatutua betetzeko eragozpenak jarri eta jartzen dituztenek esan ohi dute, bake faltagatik izan dela. Euskal gizartearen borondatearen kontra ari izan diren ETA-zaleak eta GAL-zaleak (eta hauen babesleak), alde bietakoak alegia, saiatu izan dira Gernikako Ituna zapuztea.

      Orain eztabaidatzen da, bakeratzea eta normalizatzea, prozesu bat beraren bi atal ote diren, bi prozesu ote diren, bata bestearen ondoren burutu beharrekoak ala bakoitza zein beretzako hartuta ...

      Honetan ere, herrigintza demokratikoari dagokion ikuspuntu teorikotik, errotik galdegin beharra dago, demokrazia batean zer den normala eta zer den anormala. Zaila egiten da ulertzea, nola arraio defenda daitekeen, euskal gizartearen baitan onarpen zabala duten eskabide demokratikoak betetzeak, kalterik ekar liezaiokeenik indarkeria bidegabearen kontrako borrokari. Edo-eta nola izan daitekeen biharko demokraziaren mesedetan, atzo-gaur hartutako erabaki demokratikoak porrot arazteko bonbaz erasotzea.

      Auzi hau, oso larria da. Demokrazia indartzen ez duen terrorismoaren kontrako borroka eta terrorismoaren kontrako borroka sendotzen ez duen demokrazia, onartezinak beharko lukete.

      Herrigintza demokratikoa, gizarteko auzi-mauziak, arazoak eta gatazkak argitu, eztabaidatu, erabaki eta konponbidean jartzeko modu bat da. Demokraziak dakarren bakea, beti dago gizarteko kideen beharrean. Eta, demokraziak armaz eraso beharra duenean ere, adibidez terrorismoaz baliatzen direnen kontra, demokrazia indartzeko moduan egin behar du borroka.

       

    5. Bilerak, elkarrizketak, mahaiak, erakundeak ...?
    6. Gizartearen baitan erabaki demokratikoak hartu ahal izateko, auzokide denen parte hartzea (ahalik eta zabalena eta sakonena) bultzatu behar da. Horretarako gizarteko kide ezberdinek elkarren arteko harremanak ezinbesteko dituzte: elkarrekin bildu, hitz egin, elkarri idatzi, eztabaidatu ... Herrigintza demokratikoa etxetik, auzotik, lantokitik, kaletik, herritik ... hasten da. Harreman horien adierazpide politikoa zertzen dute erakunde politikoek.

      Gure gizarteak duen erabakitzeko eskubidea zertzeko, 2002ko Alderdien Legeak arazo bat gehitu du. Izan ere, gure gizartean irizpide jakin bateko jendeak ez duelako ordezkapen normalik izan erakunde politikoetan. Horrek eman dio bestela izango ez zukeen garrantzia Alderdien arteko Mahaia(k) osatzeari.

      Herrigintza demokratikoari begira, baina, edozein bilgune, topa gune edo erakundeaz ari garelarik, ordezkatzen duten gizartea hartu behar da kontutan. Udala edo auzoko batzarra, Legebiltzarra(k) edo nolanahiko Elkarteak , Alderdien Mahaiak edo Sindikatuenak izan, direnak direla, herri-gizartearekiko duten zinezko lotura hartu behar da abiapuntutzat.

      Gizartean irizpide politikoa osatzen duen edozein talderi eman behar zaio aukera, bere asmoen alde propaganda eta borroka egiteko. Gaizkile profesionalek eta talde terroristek edozein taldeetaz aprobetxatu nahi izan dute, baita talde politikoetaz ere, beren zerbitzura. Hori horrela izan arren, ezin da demokrazia sendotu, gizarteko irizpide bati ateak itxiz. Gaizkileak eta terroristak gogor borrokatu behar ditu demokraziak, ez ordea haien irizpide politikoak izan ditzaketen herrikide zintzoak ahotsik gabe utzi.

      Egin diren okerrak egin direlako ditugu arazoak zenbait erakunde politikoetan, dagozkien gizarte esparruan, irizpide denak biltzeko. Baina, horrek ez du esan nahi, gurean sendotu diren hamaika gizarte- eta herri-erakunde, sortzeko asmoa legokeen mahai baten mende jarri behar denik. Gizarteak erabaki behar badu, gizartearekiko loturak egiten ditu bidezko erabakimena izango dutenak.

    7. Etorkizuna erabakizun. Historia vs. lurraldea
    8. Euskal gizarteak, zer du erabakizun? Bere etorkizuna, noski. Orain artekoa, erabakita baitago. Egindakoaz epaia eman dezakegu, baina bidean aurrera egiteko aukera emango diguna etorkizuna da.

      Lurraldetasuna aipatzen da askotan, berezko balioa lukeen zerbait bailitzan. Niretzat, historia burutzeko baldintza delako balio du lurraldeak. Izango da esango duenik: "ezinbesteko baldintza". Egia da, ezagutzen dugun historia bakarra, nongo jakinetan kokatzen da. Baina, orobat da egia, nongo bat berean historia zeharo ezberdinak burutu direla. Lurralde bat berean ezagutu dira gorrotoa eta maitasuna, poza eta tristura, burujabetza eta morrontza, aurrerapena eta atzerapena ...

      Euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea, eskubide historikoak (euskal lurralde guztietakoenak), euskal herritarrak beren etorkizunaren jabe izateko oinarria besterik ez dira. Zertarako du herri batek lurralde guztia, bere historia (etorkizuna) galtzen badu?

      Lurraldetasuna beti jarri behar da eskubide historikoen mende, euskal gizartearen erabakitzeko eskubidearen mende, herrigintzaren ikuspegi demokratikotik behintzat.

      Eskubide historikoetaz hamaika ankerkeri esan eta idatzi denez (eta hemen horretaz aritzeko tarterik ez dudanez), bego ohar hau: foruen eta eskubide historikoen muina, etorkizunean ere euskal gizarteak historiaren jabe izateko aukera ez galtzea da, Bizkaiko foru baimenak edo Nafarroako gehikartak nabarmen erakusten dutenez.

      Lurraldetasuna oihukatuz, elkarren historiaren aldeko apustua galtzeko laguntza eskaini izan duen euskotar gehiegi ote dabilen nago. Eta zinez balio diguna, etorkizunerako, historiaren edukia da, gizarte- eta herri-asmoen eduki bizia.

    9. Galderak eta erantzunak erabaki
    10. Etorkizunari buruz era oso ezberdinetan galdegin daiteke. Galdera ezberdinen arteko hierarkia ere, eztabaidagarri izan ohi da. Gizarte jakin bakoitzak, zein galdera jotzen dituen erroko bezala, zeintzuk horien ondorengo, zeintzuk gaur eta zeintzuk bihar erabakitzekoak ... ez dago berezko indar batek aldez aurretik erabakita.

      Badirudi, batzuen ustez, gizarteari egin beharreko kontsulta, proposamen jakin bati "bai" ala "ez" erantzutea dela. Baina demokrazian, gizarteko kideen galderak jaso eta eztabaidatu behar dira, auzotarren bizitza burutzen den esparru bakoitzetik hasita. Horretarako da gizarte- eta herri-erakundeen sare anitza eta zabala, euskal herrietan ba duguna eta sor daitekeen mahai bakar batek inola ere ordezka ezin dezakeena.

       

    11. Eginkizuna vs. gertakizuna

Etorkizunaren jabe izatearena ez dago, ekitaldi batean erabakitzerik. Demokrazia ere gertakizun baino gehiago da eginkizun. Gure arteko oraingo eztabaidetan, ordea, badirudi zenbaitentzat, demokrazia gertakizun itxia dela (inoiz gertatua edo inoiz gertatzekoa, baina erabatekoa, historia zeharo erabaki zuena edo erabakiko duena, zerbait fundatzailea). Horrelako ikuspegiz ari direnek, gehienetan, eurek kontrolatzen duten edo kontrolatu lezaketen gertakizun batekin identifikatzen dute demokrazia.

Gertakizun fundatzaile hori Konstituzioarekin –nongoarekin eta noizkoarekin, beste auzi bat da- edo halako borrokatan lortutako garaipen jakin batekin edo talde jakin baten sorrerarekin identifikatzen den, gorabehera handikoa izan daiteke, baina jarrera bat beraren agergarri litzateke edozein kasutan: gizartekideen borondate historiko jakina aintzakotzat ez hartzearen agergarri.

Horrelakorik egiten denean, auzokide direnez herrikide beharko lutekeenak –alegia, hitzaren eta lanaren jabe-, delako zera horren arabera banatuko dira, batzuek nagusi eta besteak morroi. Nor izango da horrela bere buruaren jabe?

 

* * * * *

 

Hurrengoan jorratuko dut, ohar kritiko hauen ikuspegitik atera daitekeen ondorio

bat edo beste

 

Pako Garmendia