Artxibo rtf
(40 - 2006ko Abendua)

JON MIMENTZA OROIMENEAN

Jon Mimentza hil zaigu. Ez gaitu ustekabeak harrapatu, urtetako eritasun hilgarria jasaten ari baitzen. Eritasunaren erdian, lan ikaragarria egiteari jarraitu zion, gure Goizargi hau bultzatuz. Ezizenez idatzi zuen bere azken lana, Jon Juaristiren liburuaren ingurukoa, abuztuko Goizargin. Eta Goizargi paperezko aldizkaria zenean hasi zen, 60garrengo hamarkadan, lanak argitaratzen. Beraz, garai horretako eta oraingo Goizargiren arteko zubietarikoa izan da.

 

Bultzagilleak taldeko partaide, Antxon Iralaren jarraitzaile eta ahaideko, ez da lantxo honen helburua bere ibilbide pertsonala eta politikoa ematea. Aldiz, aukeratuko ditut aldizkari honetan bertan argitaratutako zenbait artikuluek planteatzen dituzten gaiak, beren ariora ulertu daitekeenez Jon Mimentzaren koherentzia politikoa. Eta bere abertzaletasunaren jite originala.

 

Lau gai aukeratu ditut. Abertzaletasunarena da lehena, Jon Mimentza tradizio honetan hazi eta hezi baitzen, tradizio sabindarra, agirretarra, gerra zibila eta gerra osteko gertakari eta irakaspideetan oinarritua. Bigarren gaia Kooperatibak eta MLNVren sozial alternatiba ezaz mintzoko da; erreboluzio industrialak sortutako zapalketa eta molde berrien aurrean, euskalduna nolatan eutsi dion bere lan filosofiari, mundu modernora ekarpen berria ekarriz. Hirugarrena Soberania eta Burujabetzaren arteko kontraesanari buruz arituko da, euskal tradizio eta abertzaletasuna eta MLNVren arteko amildegia nazio arazoaren inguruan adieraziz. Eta azkenik Jonen esperantzetaz mintzatuko naiz, nolatan ikusi duen gaurregungo Euskalerria.

 

 

ABERTZALETASUNA

 

Jon Mimentza tradizio berezi bateko uretatik edan zuen, gerraurreko abertzaletasunaren uretatik. Gertutik ezagutu zituen gerrako eta gerraosteko abertzaletasunaren ibilerak, gatazka bukatu eta berehala, euskal gauzen inguruan eta frankismoa eta nazismoaren kontrako azpilanetan bildutako jendearen alegina. Hein horretan Eusko Jaurlaritzak urte beltzetan bai Euskalerrian eta bai atzerrian egindakoaren berri ematen du. Eta aurre egiten die batetik espaņolismo klasikoaren aldetik eta bestetik ezker erradikalaren aldetik datozen gezurrei eta ezkutapenei eta baita salatu ere abertzaletasunaren zenbait buruen aldetik (halanola Arzallusen aldetik) historio hori kontatzean eman diren utzikeria eta bazterketa.

 

Eztabaida hau hasi besterik ez da egin eta bai espaņolista klasikoek eta bai ezker erradikalekoek argi jarri dituzte beren posturak. Arnaldo Otegiren esanetan, abertzaletasunak ez zuen zipitzik ere egin ETA sortu zen arte. Espaņolista klasikoen aldetik, abertzaletasuna joku bikoitzean mugitu zen, batean naziekin eta amerikarrekin jokatuz. Eguneroko politikaren eztabaidak ekartzen duen lohikeriak estali nahi izan ditu benetako gertakari historikoak. Errepublika garaietako bizirik irauten duen instituzio bakarra izan baita Eusko Jaurlaritza eta Agirre lehendakariaren esanetara milaka pertsona ibili baitzen azpi eta ageriko lanetan. Propaganda ekintzak, aliatuen aldeko espioitza eta, azkenik, ekintza zibila bultzatu baitzuen Jaurlaritzak 1947 eta 1951 greba erraldoietan, frankismoaren kontra ematen diren lehenetariko jazarpenak. Jon Mimentzak adierazten digu Antxon Irala eta Pepe Mitxelena bezalako jendeak kanpoan eta barruan egindakoa eta bidebatean Eusko Jaurlaritza eta abertzaletasunaren ikuspegia: frankismoaren kontrako borroka nazismoaren kontra eraman behar zela jarraipen gisa eta borroka horrek berezko balioa zuela, kontrapartiden beharrik gabe, askatasunaren aldeko borroka zelako.

 

Frankismoaren lehen denbora horietan sortu zen Euskalerrian eta kanpoan Eusko Jaurlaritzaren zilegitasuna eta sona. Eta nahiz eta 50garrengo hamarkadan, Franko Amerikar eta mendebal Europarrekin elkartu, eta horren ondorioz (eta Agirre lehendakariaren heriotza eta gero) frankismoaren erorkera azkarra ez gertatu, aurreko denboretan erresistentzi lanetan ibilitako jendearen mugimendua beste eremuetara isuri zen. Eta bere lana eta indarra ez zen galdu, orain adieraziko dugun bezala.

 

 

KOOPERATIBAK ETA IKASTOLAK: ERALDAKETA SOZIALA

 

Jonek askotan aipatzen zuen ezker erradikalaren frakaso historikoa eraldaketa sozialaren arloan. Esaten baitzuen potere aldaketa paradigmaren aplikazioa eta erakunde ugarien multiplikazioaz landa, ez zuela inongo aldaketarik ekartzen lan-harreman eta gizarte-harremanetan. MLNVren gezurra ez dator bakarrik aberri arazoa bitarteko huts bilakatzean; gizarte-harremanak eta esplotazio ekonomikoaren kontra dagoela esaten baitu eta erakundeak eta enpresak sortzeko unean paradigma klasiko jerarkikoari eusten baitio. Komunismoaren gezurra deitzen dio honi, itxuraz esplotazio kapitalistaren kontra baitago baina egiazko unean, Kuban, Txinan eta garai bateko Sobiet Batasunean nabarmendu bezala, kapitalismoaren erabilera egiten baitu eta kapitalismoa bultzatu egoeraren arabera. Erreboluzioaren aitzakiak gerorako uzten baititu beti jende xeheak aintzakotzat hartzen dituen helburuak. Horrengatik aberri borroka eta esplotazio ekonomikoaren kontrako borroka Gerra Iraultzailearen gurdira lotu beharreko bitarteko dira MLNVrentzat. Haustura, gatazka eta heriotza baitira erreboluzioaren zeinuak eta ez hala-holako gizarte molde tajutu bat. Injustiziarik gabeko munduaren ametsa eta ikurra, molde politiko-militarrari heldurik, mamirik gabeko konsigna huts bilakatzen da.

 

Hein horretan, Jonek zioen ez zela batere arraroa MLNVren gorrotoa Arrasateko Kooperatiben ereduari. Arrasateko Kooperatibak euskal seneko ekoizpen moldeak ziren Jonen iritziz (Iralaren ikuspegiari jarraituz), eta horrengatik herri-lurren eta euskal baserriaren filosofia berresten zuten, jabegoa eta kapitala, lana eta helburu sozialaren azpiko bihurturik. Eta ikastolen kasua aipatzen zuen ere. Frankismoaren potere paradigmaren bizarren azpian sortu baitziren kooperatibak eta ikastolak eta milaka pertsona mugiarazi baitzituzten eta zuzeneko eta frenteko borrokaren beharrik gabe gizarte molde berriak eraiki. ETAk erreboluzio luzearen apustua egiten zuen bitartean bai batzuk eta bai besteek ekonomiari eta euskal kulturari eutsi zieten. ETAk errotik ukatuko du kooperatiben eredua, jendea mixeri gorrian uzten ez duelako eta beraz iraultza odoltsu baterako prestatzen ez dituelako. Eta ikastolen barnean sekulako borroka erein zuen PNV eta elizaren kontra, ikastolen mugimendua zatituz. Orain gara gauza antzeman al izateko ETAk espreski eragindako zatiketaren malurak eta epeluzeko ondorioak.

 

Hainbat urte pasa eta gero MLNVk irauten du bere apustu odolzalean, erreboluzioa sarraski gisa egiaztatzearen filosofian. Eta nahi adina argudio bilatu nahiko ditu kooperatiben lorpena belzteko (Andoni Esparzaren liburuaren kasuan bezala, 2005ko apirilean Jonengatik komentatua izan zena). Horrela, Jonen ustez, agerian geratzen da ez duela alternatibarik jartzen dugun gizarte moldearen aurrean, aldiz, bere izaera erabat parasitarioa dela eta, beraz, ez du helburu arazoak konpontzea, ez sozial arazo bera ere.

 

 

SOBERANIA ETA BURUJABETZA

 

Jonen gogoetaren ariora, MLNVk dio esplotazio ekonomikoa bukatu nahi duela eta gizarte kapitalistaren egituratze berbera erabiltzen du bere enpresak eta bere erakundeak aurrera eramateko; eta era berean bidetik kendu nahi ditu esplotazio horren kontra eraiki diren eredu alternatiboak. Abertzaletasunaren arazoarekin are gehiago gertatzen da. Gai honi buruz mintzatuko da Jon Soberania eta Burujabetzaren arteko amildegiaz idazten duenean (Soberaniaren Tirania, Burujabetza).

 

Arazo sozialean bezala, MLNV euskal sena eta izatearen kontrako aberri eredua eraikiko du. Eta horretarako Frantzia eta Espainiaren estatu-ereduak hartuko ditu inspirazio gisa, euskal tradizioa baztertuz eta erasoz. MLNVren eredua, bere azkenetako proposamenak ikusita, eredu jakobinoaren jarraile da bete betean. “Lurraldetasun” kontzeptua, adibidez, aberrazio hutsa da, “sagrada unidad”en antzeko idei kriptoespainiarra; euskal eskualdeen nortasuna ukatzen du eta euskal borroka haustura egitasmo baten menpeko jarri ere. Beste baliorik ez baitu MLNVren nazio moldeak: Euskalerriaren irudi birtuala harturik, haustura planteatzea borroka orokor eta borroka partikularren akumulazioa eta koordinazioaren bitartez.

 

Soberania eta soberanismoa (subiranotasun hitz ergela aipatzen zuen Jonek ere) eredu frantziar eta espainiarraren kalkoa besterik ez dira. “Soberania” erregetza absolutoaren ildotik datorren hizņoa da, potere politikoaren balio absolutoa adierazten duena.

 

Guztiz bestelakoa da Burujabetzaren ideia. Idei partikularra eta orokorra baita, pertsona eta kolektiboa atzematen dituena. Buruaren jabetzak suposatzen baitu askatasuna, giza harremanak aukeratzeko askatasuna; eta egitasmo kolektiboekiko ezinbesteko binkulazioa. Ez da haustura, lotura baizik, baina Jon Enbeita bertsolariak kantatzen zuenekoa “guztiok elkarren anai baina/geure buruaren jabe”. Jon Mimentzak argi bereizten zekien euskal ideiaren jatortasuna eta MLNVren kontzepzioaren balio huts-hutsik instrumentala, bakarrik hausturarako prest proposatua dagoena.

 

Jonen ustez Euskalerriak iraun du ikuspegi ez-absolutista hori edukitzeagatik. Beraz, MLNVren ikuspegiak euskal nortasunarekin egiten du topo hemen ere, eta kontrako bidea, espainiar ala frantziar estatuen ereduen mimetismo hondatzailea, hartzen du dudarik gabe.

 

 

JON MIMENTZAREN BAIKORTASUN HISTORIKOA

 

Aipatu egitate horiek defendatzean Jonek askotan gutxiengoaren bidea hartu behar izan zuen. Halere Jon Mimentza beti baikor izan zen marxistek proposatzen duten gisa, kontzientziaren ezkorkeriari (Euskalerrian gertatutako injustiziak eta hutsak ikusita) borondatearen baikortasuna gaineratuz.

 

Erbestean ibilitako Eusko Jaurlaritza berretsia ikusi zuen eta berriki eraikia abertzaletasunaren eskutik. Eta nahiz eta abertzaletasuna, PNV eta EA alderdietan ordezkatua, ez beti aritu gerra eta gerraosteko belaunaldiaren tamainan, une prezisoetan abertzaletasun horren bertuteak gorpuztu ditu, halanola Carlos Garaikoetxea 80go hamarkadan lehendakari zenean ala Juan Joxe Ibarretxe 2001ko garaipen historikoa lortu zuenean.

 

Bere helburu nagusia zen, abertzale buruek ikusi zezatela MLNV eta beren artean ez zegoela inongo anaitasunik, aitzitik, MLNV izan dela beti abertzaletasunaren barruko Troiar Zaldia. Irudi du hein honetan ere aurrerapauso ederrak eman direla, nahiz eta orain abertzaletasuna zatitua agertu arazo horren inguruan. Eta Jonek bere esfortzu berezia egin zuen hori aditzera emateko.

 

Zer esan dezaket maisu, lagun eta ia anai izan denari buruz? Aspaldidanik heldu ziola gure herriaren askatasunaren aldeko kausari eta horretan eman zituela bere bizitzako urte guztiak. Minbizi txar batek harrapatu zuenean ez zuen etsi eta lanari jarraitu zion ia azken momenturarte. Ongi zekien Irala eta Bultzagilleak taldearen apustua gogorra zela eta ez zela une historiko jakin batetako arazoa. Baikor zen, Iralak nabarmendutako arazoak (Burujabetza, eskubide-historikoak, demokrazi ekonomikoa, sasiabertzaletasuna…) jadanik arazo direlako eta, beraz, berak emandako erantzuna tinko irauten duelako. Eta erantzun hori gaurko egunari, euskal historiari eta euskal gizakiari loturik dagoelako bete betean. 

 

Eta halaxe hil zen, borrokaren erdian, bere onenak azkeneraino emanez. Tao liburuak ongi dio: “bizitza fideltasuna da”. Fede gizon izan zen eta horrengatik fedez begiratu zion, agoniaren denbora luzatuan, heriotzaren aurpegiari. Agur, Jon maitea, egun haundirarte.

 

 

Imanol Lizarralde