Artxibo rtf
(38 - 2006ko Apirila)

BAKEA, GERTU OTE?

Oraingoan, etortzear omen dagoen bake horretatik inoizkorik hurbilen gaudelako irudipena dugu, jada ikutzen ari garelakoa. Egia esan, lehenbiziko begiratu batean baikortasunerako arrazoiak ezin ditugu ukatu: horra batasunaren azkenaldiko adierazpen guztiak eta bakerako mahai bat osatzeko asmo itxurazko garbia, horra, alderdi ezberdinen baitatik oraino txikiak, baina ematen ari diren urratsak. Oraingo honetakoan egiazkoa ote hau guztia? Honakoan, aurrekoetan ez bezala ezdeusean ez geratuko? Honako honetan egiazki fidagarriak ote MLNV-renak, ala ohi bezala, beraiena berindartze alderako beste urrats estrategikoetariko baten aurrean ez al gaude berriz ere...Oso begien bistakoak dira galdera hauek guztiak, horiei erantzuna ematen, aldiz, nor ausartuko.

Esan bezala, MLNVren asmoa igartzea ez da bat ere samurra. Historikoki nahiko eskarmentaruak gaude, Hala ere, aspaldi zaharretik gainean daramagun sufrimenduari lehenbailehen eta behin betiko bukaera emateko irrikak askotan arinegi pentstzera garamatza. MLNVk urraturiko 40 urteko ibilbideak berez itxaropen handiegira bultzatu beharko ez bagintu ere, askotan badirudi, hain luze egin zaigun sufrrimendu horrek baikorrak izatera eraman behar gaitu.

Artikulu honen xedea ez da inolaz bakea zinetan gertu dagoen ala ez argitzea; ahalegin horretan jarrita azti-eginahaletan arituko baikinateke. Baikor jardunda ere, momentuz oso ezin ikutuzkoa eta balizkoa dugu bake hori. MLNVk historikoki zeinen berezko duen engainua jakinik, ageriko agenda eta izkutuzkoa zeienen ondo erabiltzen duen ezin hobeto dakigun honetan, zuhur jokatu behar dugu. Nik horrela jardun nahi dut. Hartara, nire asmoa oso bestelakoa da, ez dut etorkizunera begirako asmakizunetan aritu nahi. Ez dut oraingo honetan MLNVrenetaz fida gaitezkeenentz esaten alperrikako indarra galdu nahi; hori irakurlearen esku utzi nahiko nuke nik. Nik egungo egoerari so, egungo egoerari loturik, ea zinez bakeranzko aurreeskenatoki baten aurrean ote gauden galderaren gainean ausnarketarako atetxo batzuk besterik ez nituzke ireki nahi. Ahaleginbide horretan, bakea ahotan hartutik, denok bake horren esanahi berdintsua ote dugun arrgitu nahian, delako "Euskal Gatazka" izendapenak barnebiltzen duen guztia jarri nahi dut kolokan, horretan lengoia bera okertu eta usteldu dugulako uste sendoan. Bestetik, eta aurrekoarekin hertsiki loturik, bizi dugun egungo eskenatoki honetako testuingurua eta baldintzak aztertu nahiko nituzke xehekiro eta aztertu noraino deritzodan egungo honi bakerazko aurreesketnatoki.

Azkeneko hau da artikulu honek burutu nahi duen xedea. Edozein modutan ere, azkeneko helburu horretara ailegatzeko artikuluaren bigarren atalera arte itxaron beharko da. Honako lehendabiziko honetan aurrez jorrratu beharreko zenbait hastepenetako hausnarketari ekingo diot. Lehenengo atal honetan, betiere etika oin harturik, MLNVren orain arteko jardun-ibilbideari begira beraien etorkizunerako estrategiaz ere asko jakin dezakegula azaltzen saiatuko naiz. Nire hausnrketa honako hau da: helburuak eta lorbideen artean egin ohi dugun bereiztea ez da uste bezain zuzena. MLNVk, munduan eragiten duen edozein gizabanakok edo taldek bezala, egunez egun erakusten digu zein den lortu nahi duten eskenatokia. Egungo egoerari begira, orain arteko lorpen eta ibilbideari begira, jakin dezakegu, ondo jakin ere, noraino den benetan fidagarria behin eta berriz agintzen diguten etorkizuneko Euskal Herri hori. Bideek odola, mina, indarkeria eta jazarpena oso berezko dituztenean, Euskal Herri baketsu eta polit bat helburu duen bide horrek sinesgarritasun-apurrik ere ez digu eskaintzen.

BAKE-KONTZEPTUA

Zehatz-mehatz gureari bere berean ekin aurretik, bake-kotzeptua toerikoa ikutu nahi nuke, nahiz eta teorizatze-eginahal horretarako gure testuigurura atxiki. Bakeaz ari garelarik, nahasi, nahasi samar gabiltza maiz askotan, edonongoa dela ere aipatzen ari garen bakea. Geureari so, gutiziaturiko euskal bakearekin egingo genuke topo, edota, hobeki esanda, gure herrian zinez bake-giroan bizi ahal izateko ezinbesteko baldintzen egoera bati begiratuko genioke. Hartara, nire ustetan, alperrik, bakea bere berean aipatzea, alperrik, bakea lortze aldera, bakeari bere soilean begiratzea, alper, alperrik. Izan ere, bakea bakea den aldetik ez dugu, ez, hala moduzko egoera bat, edo, izanik ere, berekin batean aurre-ematen den egoera baten ondotiko egoera bat bezala ikusi beharko genuke, justizia,egia eta etikarena alegia. Hartaz, gurean, gainontzeko beste gizartetan bezala, bake egonkorra gutiziatutako eta lortu beharreko xede eta helburua izanik ere, horretan dudarik ez, hartarako ibilbidea zuzenekoa izatea ezinezko samar izango zaigu. Haruntza, zeharbidez aritu beharko gara derrigor; bakea justiziazko eskenatoki oso zehatz baten ondorena eta emaitza dugu. Haraino ailegatzeko eta, behin ailegaturik hura behar bezala begiratzeko, nahitahez eta atergabean egia, justizia eta etikari beha egon beharko dugu, betiere haien esanetara arituz. Hartaz, noraino egia, etika eta justizia mailan, haraino ere bake-lorpenetan. Itxurazko bakea toki zenbaitetan aurki dezakegu, zinezkoa, erabatekoa, ordea, ez hainbatetan.

Gatozen, baina, gurera, lot gakizkion ondo ala gaizki deituriko euskal gatazka delakoari. Bakearekin era teoriko eta ikuspegi unibertsalean berez ur sakonetan sartzen bagara, zer esanik ez, gurearekin hasten garenean. Honetan, abiaburu-egoera nahaspilatu samar dago: ez, igoal, delako euskal auzigai hori bestetzuk baino larriagoa delako, ez berez eta izatez bestetzuetan baino korapilatuago dagoelako egoera, bai, baina, gatazka den hori eta ustezko horren nondik-norako eta norainokoak batere zedarrituak ez egoteagatik, bai, baina, hortaz airtzeko lengoaia bera ere zeharo nahaspilatua eta ustelduta egoteagatik. Beraz, euskal delako gatazkaz jardute aldera, lehen-lehenik zertaz ari garen zehaztu behar dugu, zeintzuk diren gatazkak zehaztu, zeintzuek lor lezaketen "euskal gataka" izandapen/etiketa, horietarik zentzuei egiten diogun aipamen ohiko "euskal gatazka" ahozkatzen dugunean. Labur beharrez, auzigaiaren gainean hitz egiten baino askoz ere lehenago, jokuaren arau funtsezkoetariko bat den lengoiaren oinarriak berdefinitu, berzehaztu beharko ditugu, ez nolanahi baina.

Izendapenak izandapen, delako Euskal Gatazka ondo deiturik egon ala ez, gure herritar hainbaten oinarrizko eskubideen urraketa ukaezina da. Bidegabekeria horrekin behin-betiko akabatze aldera, haiei ekin behar diegu errotik, ohartuki eta interesatuki edo oharkabean tartekatu eta tartekatzen ari diren interferetzia guztiak bazter utzirik. Bakea eskatzen duen delako gatazkak, horren eragile den benetako gatazka-sorburuari ekitea eskatzen du, betiere beste gatazka edo auzien interferentziak alde bat utizrik. Goazen, bada, oker samar deituriko Euskal Gatazkaren izendapean barnepilaturiko gatazkak, euskal gatazkak, Bakea eta bestelako bakeen kontzeptuak behar bezala jorratzera.

 

EGUN EUSKAL GATAZKA DEITZEN DUGUN HORI ZALANTZAN.

"Euskal Gatazka" izendapenaz zer hartzen dugun ahotan, izan, denok daukagu argi gutxi-asko. Kritika ez doa hortik baina, delako izendapen horren zehaztasun-falta ez da nik hemen salatu nahi dudana; nirea besterik da, nik "gatazka" hitz horrek barnebiltzen duen guztia gatazkatat har ote daitekeen edota, gatazka-kutxua izanik ere, hori guztia saku berberaren sar ote daitekeen jarri nahi dut kolokan. Delako horren pean erortzen den guztia "Euskal" denik, bada, ez, ez du inork zalantzan jarriko, baina gatazka edo izaera berbera duen gatazkatzat jo behar izatea askoz ere gaitzagoa egin beharko litzaiguke. Izan ere, ETAren jardun armatua eta MLNVren jazarpen-indarkeria, euskal nazionalisten eta espainolen proiektuen arteko azkenik gabeko talka politikoa, Ibarretxe plana, kontzertu ekonomikoa, admisnistrazioen arteko ezinulertuak, hizkuntza normalizazioa, hainbat aurrekontu eta lege-proiektu aurrera ateratzeko Eusko Jaurlaritzaren gehiengo-falta... Ba al dira hauek guztiak gatazkak?, lor al lezakete hauek guztiek "gatazka" izendapen hori? Ni, ezezkoan nago. Halere, kontra egingo didaten asko eta asko egongo dira, horrek gehiegi ere kezkatuko ez banau ere. Edonola, ere, hau guztiau gatazkatzat emada ere, auziagai hauek gatazka-izaera berbera dutenik ez nuke onartuko nik inondik inora.

 

Dena gatazka bera ote? Hor datza, argi eta garbi, kontu honen barne muina. Esaterako, Kontzertu Ekonomikoan egon izan den administrazioen arteko desadostasuna zer ajola izan die MLNVkoei, jakin, ondo dakigunean hauen ustez Kontzertua, Kupoa eta oro har Euskal Erkidegoko Autonomiaren existentzia bera ere jada porrot hitzela, hutsarren hurrena dela. Hauen ustez, Eusko Jaurlaritzak urraturiko 25 urteko ibilbideak, barregari, lotsagarria eta nahi adina deskalifikazio jaso beharko lituzke. Ez al du Arnaldo berak esan eta beresan Euskararen inguruko hizkuntza politika penagarria izan dela, orain artean egindakoak ez duela ezertarako balio izan. MLNVren baitatik ez al da esan behin eta berriz egungo administrazioek - Euskal Autonomi Erkidegokoak barne- "gatazka" areagotzeko besterik ez dutela balio izan. Honen guztiaren aurrean, gutxieneko logika bati eutsita, nor ausatuko litzateke hau guztiau gaztaka bakar batek barnebil lezakeela esatera?

Aurreko hauekin guztiekin adibide zehatzetara jatsi naiz, baina aurretik auzigaiari era teorikoagoan ekin nahiko nioke. Horretan, bi bidetik ekingo nioke nik kontuari. Batetik, "Euskal Gatazka" delakoaren pean barnerbiltzen diren auzi guztiei errepartu nahi diet eta horrekin batera, aztertu noraino diren auzi horiek guztiak izaera gatazkatsukoak . Bestetik, auzi horien guztien izaera edonolakoa dela ere, aztertu nahi dut noraino unibertso semantiko bakar batek ("Euskal Gatazka" delakoa gure kasuan) barnebil lezakeen, ala, aitzitik, interesatuki edo oharkabean printzipioz zerikusirik ez duten aldarrikapen edo auziak nahasten ari diren. Printzipioz, bideei aipaturiko hurrenkeran ekin beharko litzaieke, alegia, lehenbizi, delako "Euskal Gatazka" Auzi Handiaren barneko azpiauzi ezberdinen izaeren azterketari ekin, eta ondotik, unibertso semantiko bera edo ezberdikoak ote diren ebazterari. Hori, litzateke, hasiera batean, printzipioz eta logikaz, jarraitu beharreko azterketa-hurrenkera, baina, gurerako, egokiago deritzot alderantzizkoa erabiltzeari. Lehendabiziz unibertso-kontuari ekin eta ondoren, azpiauzi ezberdinak izaeraz gatazka-izaerakoak ote diren ebazteari. Goazen, bada, lehenengoari ekitera.

 

1.-DELAKO "EUSKAL GATAZKA" UNIBERTSO SEMANTIKOAREN AZTERKETA

 

Lehen-lehenik aipa dezagun, etiketa-izendapen horren pean egun zuzen edo zuzengabe aintzat hartzen diren zenbait kontzeptu. Horren haritik, esan, "Euskal Gatazkaz" dihardugunean hainbat eta hainbat gauza hartzen dugula burutan. Horiek guztiak aipatze-ahalginez luze eta alperrik luzatuko ginateke. Hartaz, gurea zer edo zer ilustratze aldera, horietariko baten batzuen aipatzera mugatuko gara, labur beharrez oso gaingiroki bada ere. Hauek, besteak beste, hartuko nituzke nik ahotan "Euskal Gatazka" delakoaz ari garenean: kale borroka, ETAren hilketak, ETAren aldetiko mehatxu eta extorsio mota ezberdinak, MLNVren sindikatuen aldetiko jazarpen-bortxa, Euskararen aurkako mezprezu eta erasoak, Espainako eta Euskal Instuzioen atergabeko tirabirak eta ezinulertuak, bi nazio-unibertso sinbolikoen arteko talka sozio/kulturral historikoa, Euskal instuzioen gutxiestea, Euskal Herriaren borondateari entzun nahi ez izatea...

Horiek dira, besteen artean, egun "Euskal Gatazka"rekin lotzen ditugun zenbait azpiauzi. Nolanahi den ere, gure analisia errazte aldera, aipatze-zerrenda hori bi multzo handitan sailkatu-laburbildu nahi dut: MLNVren eskutik datorren jazarpen-indarkeria batetik, eta, bestetik bi intuzion eskutik (Espainakoa zein Euskal Herria deritzan horren barrengo horietakoa) ematen diren elkar ezinulertuak, tirabirak, eraso politiko/kultarak eta hainbatetan indarkeria saioak ere. Atal honetan daukadan helburua honako hau frogatzea da: MLNVrekin loturiko ekintzek, idearioak eta aldarrikapenen unibertsoak eta Instituzio bien arteko tirabira historikoarekin loturikoek unibertso-izaera ezberdina dute eta biak bateratsu ikusteak, gaurdaino gertatu ohi den moduan, bien konponbidea edo bilakatze-ibilbidea nahaspilatu eta sailtzen dute.

Ideiaz eta edukiz bi unibertso ezberdinen aurrean egoteak ez du esan nahi MLNVa delako "Gatazka" horren osagaia edo agente-eragilea ez denik edo hori eraginkorki baldintzatzen ez duenik. Frogagaia beterik da: tirabirabira ez da bi frentekoa (gatazka normal batean ohi denez) baizik hirukoa, hiruki-ereduzkoa: Euskal Nazioa eta Espainako nazioen artekoa, batetik, bakoitzak hirukiaren alde bana bere eginez, eta bestetik, bakarka eta bere kaxa, MLNVa hirugarren erpinean.

Hiruak daude,egon, hiruki batean. Hiruek, elkar eraginpean, osatzen dute berdin berdin deskribatu berriko hiruki hori. Hori horrela ere, ez du esan nahi adarrikapen-nahikarien aldetik interes ezberdineko agenteek osaturiko eragin-unibertso bakar baten aurrean mugitzen garenik. Jokua hiruren artekoa bada ere, horretan bi unibertso elkar eraginpean dabiltza.

Gaurdaino oro har zabalduen dagoen interpretazioa/ikuspuntua bestelakoa da. Bi frentek (Eukal nazioarena alde batetik eta Espainako nazioarena bestaldetik) osaturiko unibertso-esparru bakarra dagoela pentsatu ohi da. Unibertso horretan eduki/aldarrikapenak izaera berberakoak (nazio-izaerakoak alegia) direla pentsatzen da, eta, hartaz, berari dagokionean bi aldetan bestetan ez zenezake koka zeure burua, Euskal aldean edota Espaniako aldean. Arrazoibide hori aplikaturik, Espainia edo espainiako nazio-ereduaren aldeko indar guztiak unibertsoaren alde batean daude kokaturik eta Euskal nazioaren alde egiten dutenak bestean; euskal nazionalistak eta MLNVa batean, eta Espainiaren aldekoak bestean.

Orain arte, indarkeria erabilpenaren gaineko opinioa omen zen nazionalistak MLNVtik bereizten zituena. Hori hein batean horrela da, nork ukatuko. "Nahiz eta bideetan ez, helburuetan bat egiten dugu" eta horrelakorik entzutera oso ohituak gaude. Nik, baina, haratago joan nahi dut artikulu honen bidez, honako hau esanez: Ekinbideetan bat egiten ez dugu, ez (begien bistakoa denez) bain askoz ere gutxiago helburuetan. Bigarren zati honetan datza, nire ustez, nahasi samar dagerkigun "Euskal Gatazka" delakoaren ilunak argitze alderako gako eta giltzarria. Orain artean bezala, esana lehenengoa eta ez bigarrena den bitartean, alperrik gabiltza, ez dugu, ez, delako "Gatazka"ri inongo irtenbiderik, inongo soluziobiderik aurkituko. Ideia horren aurrerapen arin eta labur bat besterik ez du izan nahi nire artikulu honek; Euskal nazionalistak eta MLNVren artean lotura-apurrik ez dagoela, hain justu ere, ez erabilitako ekinbideetan, eta are gutxiago zinetan gutiziaturiko etorkizuneko eskenatokietan.

Segidan, itxurazko joku bakar honetan zergatik diodan bi direla nahaspilaturiko unibertsoak azaltzen ahaleginduko naiz. Horretarako, lehenbiziko atal honetan, etika irizpide oinarrizkoei jarraiki lehenengo urratsa besterik ez dut egingo. Gerora, etortzear dagoen bigarren atalean, etikarekin loturiko hausnarketak alde bat utzirik, MLNVren 40 urteko estrategia aztertzera mugatuko naiz, eta, horrela, orain hasitakoari jarraipena emango diot.

 

1.2 EZ-ADOS BIDEETAN, ETIKA-IRIZPIDEAK OINARRI HARTURIK.

Etika-irizpide oinarri-oinarrizkoenak tarteko, euskal nazionalisten eta MLNVren artean dagoen jauzia gaindiezina da. MLNVren adar poltikoak bortxa-ekintzetan erantzukizuna duen al ez argitzearena bazter utzirik, indarkeriaren erabilpena gaitzesteko orduan ez dira inolaz irizkideak izan.

Edozein modutan ere, Etikarekin loturiko desadostasun ezin agerikoago honetan hausnarketetan hasita, ohi baino harago joan beharko genuke. Nire ustetan, honen inguruan buruari zertxobait eraginda, argi ikusiko dugu etika eta baloreetan desadostasun itzel honek helburuetan ere ez-ados ere egongo garela.

Helburu berberak edo gutxienez antzekoak dugun ala ez ebaztearena berez hurrengo atalerako utziko dut. Etikaren atal honetan, helburuen kontu zehatzari erreparatu baino, edo helburuen aipatze zehatzarekin loturiko azalpenetan luzatu baino, bideen etikotasunak eta zilegitasunak benetako helburuak aurreikusteko izan dezaketen garrantzia azpimarratu nahi dut.

Helburuen gainean, " beti bat egin izan dugula" esan eta esan gabiltza. Nik argi ikusten dut helburuetan ez dugula inondik inora bat egiten ezta bat egingo ere. Halere, jakin ere, badakit, honetan kontra egingo didan gehiengo oso zabal bat ere dagoela.

Goazen, baina, etikaren barne-muin teorikoaren bidez nire tesia garatzera. Filosofia arloan, askotan esan izan da forma eta fondoaren arteko bereizketa ez dela bizitzan ikusi uste dugun bezain zorrotza. Egia da, eta hori ez du inork ukatuko, forma eta fondoaren kontzeptuek izate-zergatia dutela eta fondo deitzen dugun hori forma deitzen dugunetik bereizten dela. Halarik ere, bereizketa hori ez da uste dugun bezain sakona; Fondo deitzen dugun horrek hertsiki baldintzatzen du gero edo berarekin batean forma izango dena. Hau da fondo batek ezin eraman dezake edozein forma berarekin batera; fondoaren eta formaren arteko bereizketa-marra ez da uste bezain agerika azaltzen eta beraien arteko muga-lerroa nahasi samar agertuko zaigu. Pentsabide honi jarraituz, honako hau ondoriozta genezake: Auzi baten forma ezaguturik, bere fondoaren zenbait ezaugarri ere antzeman ahal izango dugu.

Hausnarbide horretan zehar harago joan gintezke eta esan, logika bera ematen dela helburu eta bideen arteko ohiko bereizketarekin ere. Honi buruz ere, esan, argi dagoela helburuak eta bideak edo lorbideak gauza bera ez direla. Baina, nire ustez, helburuak nolakoak, halakoak bideak. Eta gorago formarekin esan bezalatsu, bideak eta lorbideen ezaugarriak ikusirik, ikusten ez ditugun helburuen gainean ere asko esan ahal izango dugu. Areago ere, lorbideak lorbideak izanik ere, askotan azpihelburuak edo helburu handia lortzeko aurrehelburu txikiak bezala ikus daitezke.

Horren haritik, eta gurera etorriaz, esan, alper aperrik dabiltzala MLNVkoak etorkizuneko Euskal Herriaz ari direnean. Argiro igarri daiteke zer-nolako Euskal Herriaz ari diren; ez al ditugu ezagutzen bada beraien indarkeriaren pean gobernaturiko kaleak eta herriak.Lotsarik gabe bidegabekeriari ekiten eta eusten diona aurreratzen ari zaigu horrekin batean ere xedeen bidegabekeria.

Igor Goitia

 

Oharra: bigarren atal bat egongo da