Artxibo rtf
(36 - 2005ko Uzta
ila)

Joxe Murua, belaunaldi baten ikurra (G.B.)

Ziur nago nire osabak ez zuela batere gogoko izango ondoko lerro hauek irakurtzea, bere bizitzaren hainbat ezaugarriren artean bat jende aurrean nabarmen ez azaltzea izan zelako, baina jende gehiegi ari da alde egiten gure ondotik isilpean; eta beldur naiz, joera horrekin jarraituz gero, makina baten lan eta nekeak betiko desagertuko direla, beste batzuen apurrak non nahi ikusten ditugun bitartean.

Joxe Murua Garin Gabirin jaio zen 1926. urtean Izar-Aundi baserrian. Lazkaotarra izan zuen aita, Gabino. Juan Migel aitonak Izar-Aundi erosi ondoren Gabirira etorri ziren bizitzera. Nortasun handiko baserritarrak izan genituen biak, Juan Migel eta Gabino. Lehena herrira heldutakoa izan arren, zinegotzia izan zen hainbat urtez eta une batez alkatea, 1935. urtean, hauteskundeetan aukeratutako udala bertan behera geratu zenean. Gabinok, aldiz, baserriko lanetan ibiltzeaz gain, gaztetatik ezagutu zuen abertzaletasunaren oihartzuna eta, familiarekin eta fedearekin batera, bi ardatz horien inguruan bizi izan zen. Bere ibilbide politikoa 1910eko hamarkadaren bukaeran hasi bazuen ere Euzkadi egunkarian berri laburrak argitaratuz eta mitinetan parte hartuz, Errepublikako urteak izan ziren bere garairik oparoena. Urte haietan Gipuzkoan sortu zen Euzko Nekazari Bazkuna baserritarren sindikatuaren sortzaile, bultzatzaile eta idazkari nagusia izan baitzen. Gerra hasi zenean, herritik alde egin behar izan zuen, eta makina bat gazte joan zen berarekin. Etxean geratu zen emaztea, Gabiriko Arane-Handiko baserriko Dominika Garin, sei seme-alabarekin: Juan, Paulo, Joxe, Anita, Miren eta Edurne. Gerrak iraun zuen bitartean, Gabino Muruak hainbat lan egin zuen baserritarren egoera babesteko eta haiekiko elkartasuna lortzeko. Bilbo erori ondoren, Santanderra jo zuen eta Santoñan hartu zuten preso frankistek. Heriotza-zigorra jaso arren, bere aldeko testigantzen ondorioz, bertan behera geratu zen mehatxua eta handik lau bat urtetara etxera itzuli zen, osasunez nahiko makal. 1955. urtean hil zen.

Zalantzarik gabe, beraz, familian erne zen Joxe Muruaren abertzaletasuna. Lehenengo ikasketak Gabiriko eskolan egin ondoren, gazte hasi zen lanean, herriko Arrondo aroztegian. Handik gutxira Azpeitira jo zuen, aitak bere ibilbide politikoan ezagututako zurgin baten tailerrera eta bide bera erabiliz, ondoren Legazpira. Hor hasi zen bulego-lanetan eta zeregin horretan jarraitu zuen Zumarragako Orbegozo lantegian. Ordurako hasita zegoen kezka politikoak azaltzen eta Gabiriko beste gazte batzuekin batera Euzko Gaztediren propaganda banatzen ibiltzen zen, mendi ibilaldiak antolatzen eta abar. Orbegozo enpresa utzi, eta bertako lankide batekin batera burdin-biltegia jarri zuen Donostian. Bertan ezkondu zen Maria Pilar Mujikarekin eta bertan bizi izan da hil arte Boulevard kalean. Bi seme izan zituzten, Aitor, gaixotasun larri baten ondorioz nerabe hil zena, eta Asier. Dena den ez zuen Gabirirekin harremanik galdu, familiarekiko loturaz gain, jaioterrian hartu baitzuen etxe bat oporrak eta astebukaerak pasatzeko eta izan zituen enpresetariko bat bertan jarri zuen. Gabiriko baserria, gainera, aterpetxe izan zuten hainbat iheslarik hirurogeiko hamarkadan.

Donostian egin zituen ibilbide politikoko lehen urrats garrantzitsuak, Euzko Gaztediren eskutik. Bere antolatzeko doaiak zirela-eta, talde horren Gipuzkoako arduraduna izatera heldu zen eta bide berean Euzko Alderdi Jeltzalearen Gipuzko Buru Batzarreko kide izatera. Lan horietan zebilela hasi zen harremanetan erbestean zegoen Euzko Jaurlaritzaren informazio-zerbitzuekin, eta bizi izan ziren artean iraun zuen adiskidetasuna sortu zen Anton Irala, Pepe Mitxelena, Juan Jose Rekondo eta beste hainbat lagunekin. Talde horren kezketako bat abertzaletasuna eraberritu beharra zen eta begi onez ikusi zuten EKIN erakundearen sorrera. EKIN EGIn integratu zenean, Joxe Murua izan zen, 1955. urtearen ingurun EGIko Idazkaritza Nazionalaren kidea. EGIren eta EKINen arteko ibilbide bateratuak, ordea, denbora gutxi iraun zuen eta bi erakundeen arteko zalaparta askoren ondoren, banatu egin ziren; EKINek izen berria hartu, eta ETA sortu zen 1959an. Joxe Murua toki zailean zegoen: alde batetik, bat egiten zuen abertzaletasuna eraberritzearekin, baina, bestetik, alderdiarekiko leialtasuna zuen eta, bereziki, ez zuen batere gogoko ETAko zenbait kidek erakutsitako ezkerrerako joera. Gauzak horrela, 1960. urtean Jose Antonio Agirre lendakaria hil zen bat-batean eta gertaera horrek EAJ barruko indar-oreka eraldatu zuen. Joxek, beste askok bezala, militantzia politiko zuzena alde batera utzi zuen eta bere kezkak eta lan-gaitasuna beste arlo batzuetara zuzendu zituen.

Euskara eta euskal kultura sustatzera bideratu zituen indarrak. Ikastolen mugimenduaren bultzatzailea izan zen Gipuzkoan eta horko federazioa osatu zenean bera izan zen aurreneko idazkaria. 1970eko hamarkadaren erdialdera arte zeregin desberdinak izan zituen federazioaren barruan, gehienetan antolaketa-kontuekin lotuta. Ezin ahaztu, dena den, urte horietan, frankismoak jarritako zailtasunez gain, abertzaletasunaren barruan borroka latza bizi zela, EAJ eta ETAren ingurukoen artean, eta ikastolak izan zirela borroka horren esparruetako bat. Joxek, alde horretatik, ahalegin handia egin zuen Ezker Abertzalearen eragina murriztu nahian ikastoletan. Kezka horrek eta euskararako grinak bultzatu zuten 1975etik aurrera euskarazko prentsa bultzatzera, Goiz-Argi astekariaren bitartez; baita 1976an euskarazko egunkari baten proiektua lantzera, nahiz eta azken hori ezerezean geratu abertzaletasunak erdarazko prentsaren aldeko apostua egin.

Hiru izan ziren Goiz-Argiren lerro nagusiak. Bat, Euskaltzaindiak bultzatutako euskara batuaren ereduaren aurrean euskalkiak errespetatzea eta batasunerako ibilbidea hortik abiatzea. Bigarrena, abertzaletasun historikoaren, hots, Euzko Alderdi Jeltzalearen aldeko apostu garbia egitea, euskarazko beste prentsa Ezker Abertzalearen alde agertzen zen bitartean. Hirugarrena, eta ezagunena egin zuena, Bultzagileak taldearen bozeramalea izatea. Bultzagileak taldea Irala eta Muruaren inguruan bildutako talde batek osatu zuen (beraiekin batera Joxe Artola, Pako Garmendia, Jose Luis Iriarte eta Jon Mimentza zeuden) eta beraien idatziek eta liburuek pisu nabaria izan zuten trantsizio-garaian, baita 1980eko hamarkadaren lehenengo urteetan. Taldearen arrakasta garrantzitsuena EAJk Espainiako Konstituzioaren aurrean abstentzioaren aldeko jarrera lortzea izan zen, baiezkoaren eta ezezkoaren aldekoen gainetik.

Baina, 1980ko hamarkadaren erdialdera EAJk bizi izan zuen barne-zatiketak eta Goiz-Argiren antolaketa-arazoek eta zailtasun ekonomikoek taldearen jarduera antolatuaren amaiera ekarri zuten. Hala ere, Joxek ez zuen etsi eta azkeneko urte hauetan ere bizitza politikoarekiko grina mantendu zuen, hainbat lagunen arteko harremanak estutuz eta sendotuz eta ekintza politikoa eta hausnarketaren beharra azpimarratuz. Bere kezken ondorioa izan zen Interneterako jauzia egitea Goiz-Argi elektronikoarekin. Izan ere, ez zituen behin ere ahaztu bere bizitzaren ardatz nagusi izan ziren abertzaletasuna eta demokraziaren defentsa. Ekainaren 30ean hil zen Donostiako hondartzan bere bilobekin zegoela, bihotzekoak jota. Goian bego.

GOIZ-ARGI