Artxibo rtf
(35 - 2005ko Apirila)

Dena aldatu, zerbait aldatzeko

Ez dakit ezaguna izango den Goiz-Argiren irakurle askorentzat Lampedusa idazlearen Il Gattopardo nobelaren pertsonai baten esaldi famatua "Dena aldatu, ezer ez aldatzeko". Italiako batasun prozesua bizi berri duen aristokrata batek esandakoa da. Jauntxoen mundua amaitzen ari zen, burgesiaren mesedetan eta beraz, nobleen zuzendaritzak gizarte berrian agintzeko era berria eskatzen zuen, nobleen boterea gal ez zedin. Dena aldatu behar zen, beraz, betikoa, hots, beraien boterea bere horretan mantentzeko. Nobela XX. idatzia izan arren, XIX. mendeko giroa ondo azaltzen du, bereziki berrikuntza eta aldaketaren ideiaren garrantzia. Stefan Zweig idazle judutar austriarrak azken ideia hori modu xinplean eskaini zigun: XIX. mendeko gizonek bizarra erabiltzen zuten gazte-gaztetatik bizarrak heldutasuna erakusten zuelako, XX. mendeak, aldiz, kontrako jarrera hartu zuen, salbuespenak salbuespen: bizarrak desagertu ziren, biboteak ere eta gizonen aurpegiak garbi azaldu ziren. Aldaketa horrek ez zion erantzuten moda hutsari, sentimendu berri bati baino, gaztetasuna zen gizartearen eredu nagusia Azken berrogeita hamar urte hauek joera hori muturrera eraman dute. Gaztea, hots, berria, da gure garaiaren ikurra, belaunaldi guztietan.Eta gazteak gutxi begiratzen du atzera.

Azken urteek bigarren aldaketa sakona ekarri dute: gure gizartearen oinarriak errotik aldatzen ari dira, era sakonean eta abiadura handian gainera. Aldaketaren indarrek, errealitatearen esparru gehienetan egonkortasunaren indarrek baino pisu gehiago dute. Lan egiteko modua aldatu egin da, globalizazioaren ondorioz. Lanaren beraren garrantziak, gizarteko partaidea sentitzeko, geroz eta pisu txikiago dauka gure inguruan, batzuk aisialdiari erreparatzen diotelako, beste batzuk, hain baldintza eskasetan aritzen direnez, ez dutelako langile-kontzientziarik ere. Gizarte-egiturei dagokienez, mugikortasuna eta konplexutasuna dira bere ezaugarri nagusiak. Gizarte-mugikortasunak, inoiz baino gehiago, norabide kontrajarriak ditu. Sektore batzuk gizarte-mailakatzean gora egiteko aukera izan dute, baina beste asko pobreziaren mugetan aurkitzen dira. Edozein kasutan, aurreko gizartea talde handi eta egonkorretan banatzen bazen, oraingoan mosaiko zatikatua dugu. Zer esanik ez, familia eta gizon-emakumeen arteko harremanei dagokienez. Emakume zapalduaren ordez, etxetik kanpo lan egiten duen emakumeak geroz eta pisu handiago du gure artean. Baina etxe barruko harremanak ez dira hainbeste aldatu. Gertakizun horrek tirabira berriak ekarri ditu familia barrura eta banaketa eta dibortzioak ugaritu egin dira, ohizko familia-eredua ahulduz. Erlijioak, Eliza katolikoak gure artean, geroz eta oihartzun txikiagoa dauka, gizakion eguneroko bizitza zuzentzeko orduan. Estatuak, azkenik, geroz eta muga gehiago ditu, ekonomia eta gizarte aldakor horien arazoei erantzuteko.

Aldaketa horiek onak edo txarrak irudituko zaizkigu, baina nekez aurkitu dugu egoera hori ukatuko duen norbait. Egoeraren berritasuna eta berriaren gosea dira gura gizartearen oinarriak, norbanakoarekin eta bere nortasun propioa bilatzeko ahaleginarekin batera. Gertatzen dena aztertzen duenak ezaugarri horiek kontutan hartu beharrean dago, azterketa zuzena egiteko. Gizarte horretan eragin nahi duenak are beharrezkoagoa du faktore horiei erreparatzea bere estrategia finkatzeko orduan. Norbaitek esan dezake era honetan mezu ideologikoek, hots, agente politiko bakoitza berezia egiten duten elementuek garrantzia galtzen dutela eta, beharbada, arrazoia izango du, baina bi erantzun emango dizkiot: Bata erakundeen soziologiatik abiatuz. Ezaguna baita, aspalditik, erakunde bat sortzen denean ideologiak pisu handia duela bere eraketan, baina denbora pasa ahala, aldaketa ideologiko gutxi ematen direla eta, aldiz, erakundetzearekin lotutako elementuek (buruzagitza, hauteskundeak, kargu-publikoak, eta abar) pisu handia hartzen dutela eta hasierako lotura ideologikoa, adiskidetasun, harreman eta interes-loturek ordezkatu edota indartzen dutela. Adibide ugari ditugu gure inguruan hori frogatzeko urrutira joan gabe. Bigarren erantzuna Lampedusaren haritik dator, ez baldin bada aldatzen, dena aldatuko da. Hots, eragile politiko eta sozial bezala bazterrean geratuko da aldatzen ez dena.

Ezker Abertzaleak, behar bada, Lampedusa irakurri du eta dena aldatzeko prestatzen ari da, bere horretan mantentzeko, omen; Goiz-Argin irakurri dugunez aurreko alean. Ez dut uste, ordea, bide egokia denik berari aurre-egiteko ohizko argudioak errepikatzea; egoera berriek, azalekoak izan arren, argudio eta itxura berriak eskatzen dituztelako Tocquevillek bikain azaldu zuenez Frantziako 1848ko iraultza burutu zenean. Eta are gutxiago, alternatibarik ez eskaintzea edota hau estatutura mugatzea, sektore zabal batek, lehendakaritik hasita, zaharkituta eta osatugabea jotzen dutenean.

Are gehiago, ez da Ezker Abertzalea aldatu behar den bakarra eta aldaketak ez luke bakarrik itxuran eragina eduki behar. Lampedusaren noblea Napoli ingurukoa zen. Ez dirudi XIX. mendeak, ezta aurrekoek ere, mesede handirik egin ziotenik eskualde horri. Gure aldaketen helburua ez luke izan beharko dena aldatu, ezer ez aldatzeko; zerbait aldatzeko baino. Gizarteko aldaketa osasungarriak pixkanaka eta erreformen bidez sustraitzen direlako. Baina, gaurko giroan, lan horrek jantzi berri berriak eskatzen ditu.