Artxibo rtf
(33 - 2004ko Azaroa)

MAOISMOA ETA EUSKADIREN EGOERA

MLNV-k berrogei urtetik gorako ibilbidea urraturik daukan honetan, beren estrategiaren nondik-norakoak eta urteetan zehar honek hartu izan dituen aldaera ezberdinez gogoeta sakona egiteko une hau ezin egokiago iruditzen zait. Bere bilakaerari begiraturik, ikusten dugu urteen joan-etorrian oso estrategi ezberdinez baliatu izan dela ; askotan itxuraz eta lehendabiziko begiratuan elkarren artean nahiko kontraesankorrak, baina muinean eta sakonean beti elkarrekiko osagarriak. Artikulu honetarako analisian, batik bat, Lizarra- Garaziko garaira mugatuko naiz. Izan ere, han sorturiko giroan MLNV-ren ibilbide dialektikoa bere momenturik gailenera ailegatu zen. Honek hori patuaren halabeharrez eta aurreko ibilbidearekiko isolatuki gertatu zela pentsatzera ez gaitu inondik ere eraman behar, eta itxura guztien kontra bada ere, askoz ere haratago joan behar dugu gure analisian, eta, ikusi, han erabili izan zutela aspaldi-aspaldidanik oso ondo landu, neurtu eta gordetako karta estrategiko bat. Artikuluaren azken aldera, Ibarretxe Planak aurrera egin dezan eta MLNV-ren eskutik etor daitezkeen balizko engainuek zapuztu ez dezaten, dialektikari dagokionean, oso zuhur jokatu behar dugula azpimarratuko dut

Gaurko egunez burgesia eta proletargoaren arteko borrokari lotutako kontraesanari erreparatzea eta zuzen-zuzenean ekitea ez da inolaz ere lagungarria iraultza-prozesuan. Horretaz oso argi mintzo zen Mao eta ondo aitortu ere, oraindik kontraesan orokorra izaten jarraitzen zuen hori oso bestela birformulatu behar zela. Honekin ez zuen esan nahi izan klase-kontraesan horrek indarra galdu izan zuenik edo erroko izateari uzten zionik, baizik eta, honako hau, berbera eta bere horretan bazirauen ere, beste itxurak edo beste jardun-eremu batzuk hartzen zituela.

Horrela, kontraesana eskala unibertsal nola partikularrean formulatu behar zen eta, gurean, euskal gatazkaren bitartez ezin hobeto adierazita geratzen zen. Azken batez, benetako xedea ez da Euskal Estatu bat eraikitzea, baizik eta horren aitzakian nazio edo komunitate komunista eredugarria ahalbidetzea. Internazionalista izateak nazionalista izateko beharra ere aldean zekarrela, nahiz eta, kontrako norabidean horrela ez gertatu, oso argiro azaldu zuen Maok. Hartara, esan gabe doa, askapen biak, bai nazionala, bai klase artekoa bateratsu eraman behar direla aurrera. Pentsakera honen guztiaren azpian honako ideia hauek dautza: Estatu burges guzti-guztiak suntsitu behar dira.

Tokiko kontraesana den "Euskal gatazka"-ren kudeaketa ez da hasiera batean espero izan zitekeen bezain ona izan. Txarra izan denik ere ez dugu esango; izan ere, ETA berrogei urtetik gora iraun izana ez da gauza makala. Euskal gatazka, kontraesan orokorraren tokiko adierazpen moduan, oso kontraesan ageriko eta lagungarritzat hartu izan zen. Espainiar eta euskal komunitatearen arteko berrehun urteko talka politiko-kulturalei erreparatuta, argi ikusten da zenbateraino dagoen errotuta eta zer-nolako hedadura duen gizartean. Hedadurari dagokionez, esan, argi dagoela Euskal Herriko hiritar gehien-gehienak hartzen dituela barne Euskal gatazkak eta denok, gatazkaren alde batean zein bestean, ezineraman handiago ala txikiagoz, baina denok bizi izan garela horren eraginpean belaunaldiz belaunaldi Guda Karlisten garaitik hona. Horregatik, esan behar da, euskal gatazka berez ahalmen handiko tokiko kontraesan gisa ikusi zela. Ikuspegi dialektiko horretatik nazioarteko iraultzaren mesedetan oso bitarteko baliagarritzat hartu izan zen.

Hala ere, ez dut uste espero bezain ondo kudeatu denik. Izan ere, asmo iraultzaile horien atzean zinez populazioaren gutxiengo hain nabarmen bat dagoenean, Euskal Herrian kasu, eskuartean daukazun kontraesanaz baliatuta zure mugimendutik kanpoko gizartea era esanguratsuan zatitzea eta zureganatzea lortu behar duzu. Ikuspegi horretatik, Lizarra garaiko urteetan izan ezik, ez dago esaterik gizartea zaituta egon izan denik ez Lizarra aurretik ez Lizarra ondoren, ezta igoal Lizarra garaian ere. Nolanahi ere, Lizarra-Garazi garaiko giroan bai antzeman zitekeela gizarte-haustura edo hortik oso gertu zegoen gizarte-egoera bat, eta gertakari honen aurrean dialektikak gutiziatzen eta oso aintzat hartzen dituen emaitzetako baten aurrean egon ginenik ezin uka genezake. Alabaina, honek ez gaitu gertakari hori partzialki eta isolatuki eta bere soilean aztertzera eraman behar; izan ere, MLNV-k gertakari historiko honen bidez bere ibilbide historiko osoan zeharreko momentu honetantxe, hain justu, bere etekinik goienak lortu izanda ere, honako hauek urteetan eta urteetan zehatz-mehatz planifikatu eta kalkulaturiko estrategi orokor bati ematen zioten erantzuna. Tregua eta honekin baterako alderdien abertzaleen arteko frente bateratua planteatzeko edozein une ez zen egokia; horrelako jauzi kualitatiboa emate aldera politika eta gizartea horretarako oso landuta eta prestatua egon behar zen eta horren lorbidean estrategiaren pauso eta eskenatoki guzti-guztiak urratu behar ziren harik eta, laurogeita hamargarren hamarkadaren azken aldera ederki asko somatu zuten bezalaxe, su-etenerako gizarte-eskenatokia apropostzat jo zuten arte.

Hau guztia honela izanik ere, gorago esan bezala, burututako honako estrategia hau ez da hasiera batean espero bezain ondo kudeatu. Hau esateko, gaiurtzat har daitekeen Lizarrarainoko urte eta urteetako ibilbide luzeari erreparatu eta lorturiko tentsio dialektikoari zein denbora laburrez eutsi ahal izan zioten kontuan izan besterik ez dago. Edozein modutan ere, beti esan liteke Lizarraz geroztik galduriko abagune hori ez dela estrategia dialektikoaren joan-etorrian igaro beharreko beste agertokietako bat baino, eta, egungo egoera itxuraz askoz ere kaskarragoa badirudi ere, dena itxura mailan geratzen dela eta finean Lizarra baino askoz gorago dagoen hurrengo geltoki baterako jarraibideari ekin izan diotela.

Lizarra eta suetenaren garai aurretik, hau da, Ajuria-Eneako ituna arteko MLNV-ren ia Berrogei urteko ibilbidean, honek jaso duen gaitzespen eta bazterketa erabateko eta aho batezkoa izan da. Alderdi nazionalista demokratiko eta espainiar alderdien arteko talkak ez ziren, inondik inora, eztabaida demokratikorako eremu politikotik haratago joaten, eta honekin batera ez zegoen antzematerik inongo gizarte-hausturaren arrastorik.

Lizarra garaian, aldiz, kontraesanaren kudeaketa bere egoerarik gorenera iritsi zen. Lehenbiziko aldiz MLNV ez den gizartea erdibanatze-prozesu batean jartzea lortzen da. Hau da, MLNV-k, bere gutxi-gora-beherako %12arekin, espektro politikoaren gainontzeko %88a zatitzea lortzen du. Garai honetan, hain justu ere, MLNV-k, euskal aldarrikapenen aitzakiaz baliaturik, politika bi frente oso agerikotan zatitzea lortzen du.

Egia esan, ordurarte, ETA-ren jarudera armatua eta honekin batera kaleetan ematen zen jazarpen-indarkeria gaitzesteko orduan, alderdi demokratikoen artean zegoen batasuna ukaezina da. Hau, zalantzarik gabe, gizarte eta politikarien lehengo kezka eta ardura zen, eta esan daiteke, nazio-aldarrikapenen inguruko eztabaida, eman, ematen zela, baina sistemak eztabaida politikorako sortutako ohiko instituzio-erakunde eta jardunbide demokratikoen bidez. Nazio-eztabaida existitu existitzen zen, alabaina, honentzako foro edo eremu ideologikoa sistemaren aurkako edozein indarkeria gaitzesteko balio zuen foro ideologikoaz aparteko bat zen. Hau, maltzurki nazionalismoa eta indarkeria zaku berean sartzeko asmoa tarteko, nik esan bezain argi ez da inoiz eman, baina, hala ere, eta manipulazioak manipulazio, bai deskriba zitezkeela eztabaidarako bi eremu ideologiko bereizi horiek. Hortaz, nazio-eztabaidak ez zuen asmo iraultzaileen inongo kutsadurarik, alegia, nazio-auzia ez zen era dialektiko batean kudeatzen ari.

Ikuspegi dialektiko batetik aztertuta, Lizarra garaiko gertakariak ez ziren nolanahikoak izan. Giro politiko hartan, hain zuzen ere, gorago deskribaturiko linealtasun politikoa hautsi egin zen lehendabizikoz. Alde batetik, aipaturiko bi ideia-eremu horiek era bateratuan planteatu izan ziren, eta bestetik, instituzio-politikaz haratagoko bi frente sortu izanak ordurarteko sistema edo politika-linealtasuna hautsi zuen. Beraz, emandako urrats hori oso kontuan hartu beharrekoa da; izan ere, eguneroko politika-jardunbidean eman ohi diren urratsez oso bestelakoa izanik, barnean sistema-jauzi baten ezaugarri guzti-guztiak zituen.

Politikan emandako haustura larri horren sorkuntzan, bi frenteko alderdiek hartu zuten parte. Egia esanik, Lizarra baino zerbait lehenago Ardanza Plana aurkeztu izan zenean bertan, PSOE eta PP-ren baitan indarkeria eta nazio-aldarrikapenak zaku berean sartzeko ohiko asmo maltzurra inoiz baino tamaina handiagokoa zen.PP eta PSOE-k ikuspegi demokratiko batetik kritikaezina zen Plan horretaz baliaturik, hasi ziren hausturarako ibilbidea urratzen. Zertxobait geroago Lizarra etorri zen, eta, hasiera batean maila teorikoan oso proposamen demokratikoa bazirudien ere,PP eta PSOE horren aurkako frente hertsi batean kokatzen ondo saiatu ziren.

Alde nazionalistan beste horrenbeste esan daiteke Lizarrakoari dagokionean. Lizarra, proposamen teoriko aldetik, oso babesgarria bazen ere, engainu asko biltzen zituen barne. Lehenik eta behin eta bere mami-edukietan sartu aurretik, esan, proposamen gisa, MNLV-k egina eta gerora, azken orduan eta presaka, Alderdi nazionalista demokratikoek eta Ezker Batuak babestuta zegoela zirudiela itxura guztien arabera. Horrela izanez gero, ezaugarri honek hasieratik bertatik eta proposamenaren edukiari erreparatu beharrik izan gabe, proposamenaren kide bezala, ahultasun-egoera nabarmen batean jartzen zaitu. Hau bazter utzirik, proposamena aztertzeko orduan, edukia aztertu baino gehiago, zer-nolako baldintzekin eta zer-nolako testuingurutan planteatu zen analizatu behar da. Horrela, testuaren edukiari dagokionean, maila teorikoan ez demokratikotzat kritigarria ez bazen ere, bere planteamendu eta proposamenak, oso era maximalistan eta egungo gizarte eta politika-testuingururi inondik ere erreparatu gabe planteatuta zeuden. Jauzi maximalista hau argi eta garbi ikusi zen eta esan behar da sistema bera ere nolabait kulunkatu egin zuela eta horren adierazgarri dugu José Artolak bere"Qué pasa con el MLNV y su ETA" liburura eramandako Otegiren hitzak:"EL PNV DEJÓ DE SER ESTADO DURANTE ALGUNOS MESES Y CONTRIBUYÓ JUNTO A LA IZQUIERDA ABERTZALE A GENERAR EL MAYOR CAUDAL DE ENERGÍA LIBERADORA QUE NUNCA ANTES HABÍA EXISTIDO EN EUSKAL HERRIA".

Proposamena beraiek planteatutako erritmo eta baldintzetan aurrera eraman ezintzat jo zutenean erabaki zuten jarduera armatuari berriz ere ekitea. Su etena apurketak momentu horretan ikuspegi dialektiko batetik erabat zentzuzkoa zen: Lizarra-Garaziko plataformak onenak eman eta gero, ematen zuen hortik aurrera dena oso era geldoan eta betiere bide demokratikoei begiratuta eramango zela, eta, bestetik, zegoeneko ondo bereiziak zeuden bi frente horiek indartu behar ziren, eta horren lorbidean zer eraginkorragorik frente espainiolistaren aurka era hautatuan bakarrik atentatzea zen. Momentu hartarako nazionalista demokratikoak jada ondo enbarkatuak zeuden engainuzko itsasontzian eta zer hobe, frentismo hori areagotzeko bidean, beraien aurka oso jarrera hertsienetan kokatutakoen aurka indarkeria armatua eta kaleko jazarpen-indarkeria zuzentzea baino.

Giro honetan, tokiko kontraesanak onenak eman zituen: nazionalistak noraezean presaka emandako jauzi politiko monumental baten aurrean (instituzioetatik eta guzti botata izateko arrisku osoz), espainolistak, aldiz, ezin irrikatsuago engainu honen bitartez behin betiko nazionalistak gobernu hegemoniko batetik botatzeko abagune polit baten aurrean eta, azkenik, nahaste-borraste honen bultzatzaile maltzur eta kalkulatzaile izan den MLNV –a ezin gusturago eta kontraesan ondo kudeatu izanaren uste osoan

Nahaste-pilo honetan nazionalistek agian egin beharreko analisi dialektikorik ez, baina bai sentitu zutela beren burua guztiz engainatua eta horren adierazgarri aipa genitzake Anasagastiren adierazpen batzuk zeintzuetan dion "nazionalistak engainatuak izan direla, baina, birritan ez dela gertatuko"

Hala eta guztiz ere, nik ez dut uste instituzio eta politika-mailan sorturiko frentismo hori gizartera heldu zenik, batzuek hara eraman nahi izanda ere. Su etena eta Lizarrakoak gutxi iraun izanak ez zuen horrenbesterako eman. Hori Lizarrakoa bertan behera utzi zenetik hona ez da inolaz ere areagotu, zeren eta, gizarte-hausturarako arriskurik handiena han gertatu baitzen.

Lizarrakoa pixka bat atzera geratzen zaigun honetan, panorama oso bestelakoa dugu. Eguneko agendan Ibarretxe Plana daukagu. Ez dakigu zer aterako den bertatik, baina gutxi ala asko atera, argi dagoena da bi alderen arteko adostasun batean duela oinarri eta, hortaz sistema eta instituzioen linealtasunari eman nahi diola jarraibide. Bitartean MLNV itxuraz inoiz baino ahulago dugu; bere adar armatua inoiz baino baliabide gutxiagorekin, politikoki ilegalizatuak, sozialki egoera horretan espero izatekoa ez den moduan eta ezin garrantzizkogoa dena, dugun eskenatoki politiko konkretu honetan inongo proposamen indartsurik gabe.

Gauzak horrela, eta Ibarretxeren proposamena hastapenetan besterik ez dagoela, jakin behar dugu proposamena ondo kudeatzen eta MLNV-ren eskutik jaso dezakegun inongo intromisiotik babesten. Horretarako, engainua hauek dialektikaren erabilpen buru-argitsu batetik etorriko zaigula ondo jakin behar dugu. Anasagastiren moduko engainatuaren irudipenek epe laburrera begira bai, baina, bestela ezer gutxirako balio dute; izan ere, gure nazio-proiektua hauen helburu marxista nahasietatik era luze eta iraunkor batean babeste aldera engainuaren benetako muin ideologikori erreparatzea guztiz ezinbestekoa da.

Igor Goitia