Artxibo rtf
(31 - 2004ko Uztaila)

BATASUNA?

Herritarron eta herrien artekoaz ari garela, sarritan erabiltzen da BATASUNA hitza: adibidez, Euskalerriaren batasuna, Espainiaren batasuna, Europar batasuna e.a. Batasuna hizpide denean, zatiketa ere gogoan izan ohi da: Espainia zatikatzeko arriskuaren kontra aldarrikatu du zenbaitek Espainiaren batasuna sendotu behar dela; Euskalerria zatiturik dagoelako eskatzen da bere batasuna. Baina erabiltzen da bestelako hitzik ere, gizakien eta gizataldeen artekoa adierazteko: elkartea, biltzarra, batza, ituna, federazioa, ...

Argi dago, beraz, gizon-emakumeon, etxeen, auzoen, herrien eta estatuen elkarrekikoa adierazteko erabili ohi ditugun hitzak eztirela berdin-berdinak. Euskaraz, Europako Batasuna eta Europako Elkartea erabiltzen ditugu, zera bat bera omen litzatekeena adierazteko. Baina, zera bat bera ote da gogoan dutena hitz bat bera erabiltzen dutenek ere? Edota, hitz ezberdinak erabili arren, ez ote dute askok eduki berdin-berdina gogoan?

Euskaldunon eta euskalzaleon edota euskotarron elkarrekikoa azpimarratzeko ere hitz ezberdinak erabili izan dira eta erabiltzen ditugu: Biltzarra, Bilera, Alkartasuna, Batasuna, ... Hitz ezberdin horiek denak erabili dira, gure arteko asmo kulturalak, sindikalak eta politikoak adierazteko. Baina, aurreko galdera berdinak egin daitezke berriro ere.

Hitzen garrantzia, noski, adierazten edo sortarazten edo amestarazten duten eduki historikoan dago. Baina edukiaren muinera iristeko azaletik pasa beharra dugunez, hitzen formak ere garrantzia haundia du.

Izan ere, hitzez adierazten ditugun ikuskera, jarrera eta asmoak, hitz horien mende ere badaude nolarebait. Kontua, beraz, hitz horien jabea nor den jakitea da. Galdera horri erantzutea ez da batere erraza. Hizkuntza ez baita bakoitzak nahi bezala sortu eta alda daitekeen zerbait. Baina, ezer baldin badu gizakiak bere eskuko, hitza da eta horretxen jabe ezpada, ezta izango inola ere bere buruaren jabe.

Ondorioz, geure buruen jabe izatea goiburu dugunok, arretaz erabili behar ditugu hitzak eta esaerak, batez ere geure nor izateari eta elkarbizitari dagozkienetan. Gainera, bizi izan ditugun artekotza historikoen edukiak eta formak auzitan ditugun aldi berri hontan, arreta haundiagoz jokatzea zor diogu geure buruari, arriskuetaz jabetuta aukerak ondo erabiltzeko.

Hontara ezkero, elkarrekiko harremanen adierazpideei gagozkiela, helburu zaizkigunak eta bitarteko direnak ondo bereiztea komeni da, jomuga eta bidea, biak hartu behar baitira kontuan historia egin nahi bada, batak-bestarekiko duten zeerrikusian, baina nahastu gabe.

Gizakien eta herrien arteko harremanen helburua, zer da baina? Galdera honi erantzun gabe, nekez jakingo da batasuna, zatiketa ala itun-elkartea ote den hobea. Helburuak, halare, ez ote dira noiz-nongo aldarte ezberdinen arabera bestelakotzen? Gizartekotzari helburu iraunkorrak jartzea, ez ote da historiaren ibaiari mugak ezartzea eta bere etorria geldiarazi nahia?

Gizartekotzak, bere berezkoari eustekotan, nor bakoitzen norberezkoa eta norkidezkoa indartu behar ditu, biak batera. Norbera eta norkide izatea elkarrekin ezkondu gabe, artekotzak indarra galtzen baitu. Gizartekotza batasun bilakatzen denean, bakoitzen berezko nor izatea galtzeko arriskua dago; gizartekotza zatiketa bilakatzen denean, kideen berezko nor izatea dago arriskuan. Eta joera horiek elkarri eragin ohi diote. Bakoitzari nor izatea ukatzen dion etxea, auzoa, herria, estatuta, inperioa, ... jasan ezina da bere buruaren jabe izan nahi duen gizakiarentzako. Orobat, baina, kideen elkarrekiko zorrak betearazteko gauza ez den etxea, auzoa, herria, estatuta ... ez da bideragarria.

Norbera-norkide, gizakide-herrikide, gizon/emakume-auzo, ... bereizi egin behar dira, baina eten gabe. Gizakiaren berezko zoria baita, gizarteko izan beharra, bakoitza norbera izateko, baina orobat, norbera izan beharra, gizarteko edo herriko izateko (bestela balitz, herriarena edo gizartearena izango litzake).

Giza-zoria batasun-zatiketa ezbaiaren ikusgunetik begiratzeak, bere etekinik eman lezake gertatzen zaizkigun zenbait aldarte aztertzeko. Baina burujabeen elkarrekikoa bideratzeko, batasuna eta zatiketa uxatu edo ekidin beharreko egoerak dira.

Hitzekin jolasten ari naizela usteko du, agian, norbaitek. Egia baita, batasuna hitza gertakizun oso ezberdinak eta kontrajarriak adierazteko erabili daitekeela. Baina, gizarteko harremanetaz edo herrien joan-etorrietaz ari garela, joanari historikoak batasuna (unidad, unité, unity, Einheit, unita, ) bailiran ulertzeak, kideen nor izatea aintzakotzat ez hartzeko arriskua ekarri izan du historian. Aldiz, gizakien eta herrien artekotza biltzarra, batzarra, ituna (unión, union, Bund, foedus...) bezala ulertzeak, artekide direnak, beren nor izanean ezeztatu gabe, elkartzeko joera indartu izan du.

Norbera eta norkide burujabeak izateko aldi berean, ez batasuna eta ez zatiketa, ezin litezke helburu izan; eta eztira bitartekorik egokienak ere, "pro libertate patria, gens libera stote" ziotenen tradizioari jarraipidea eman asmotan gabiltzanontzako.

Hitzek bakarrik ez dute historiarik sortzen. Historiak ere isiltzen dira, hitza galtzeraino. Baina bereizketa horien egiaz jabetzeko, nahikoa da gure auzo erderetako hiztegi historikoak aztertzea, diferentzietaz jabetzeko.

Euskaldunok eta euskotarrok geure artekotzari buruz, euskaraz eta erdaraz ere hitzegin izan dugu. Etxekoak eta auzokoak adierazteko esaera pila dugu euskaraz landuta. Baina auzo herriekiko eta inguruan manutza edo botere militar-politikoa zutenekiko harremanak adierazteko garatu zuten gure aurreko euskaldunek eta euskotarrek erderazko hainbat esaera. Adibidez, euskal jatorrikoei "hidalguía universal" aitortzen ziena (herritarrak hidalgo eta ez-hidalgoen artean bereizten zituen mitoaren ondorio kaltegarriei aurre egiteko asmatu zuten kontramitoa).

Gurea bezalako herri txiki batek oraindik ere euskaraz bizi nahi duen jenderik izatea, ez dut uste inola ere gertatuko zenik, gure aurreko euskaldun-euskotarrek beren hizpide propio bati eutsi izan ez baliote eta hizpide horren arira jokatu izan ez balute asmoz eta gogoz.

Gure kaltetan gaiztotu ziren auzo herriekin eta monarkiekin genituen harremanak Frantziako Erreboluzioaren ostean. Ordurarteko itun-elkarteak, bortxazko eta derrigorrezko batasun izatera okertu ziren. Itun-elkarteak, zertaraino diren borondatezkoak eta zertaraino derrigorrezkoak, beti da eztabaidagarri, batez ere haundien eta ttikien arteko harremanetan. Baina, kideei bortxaz inposatzen zaien batasunean ezinezkoa da itun-elkartea, beren buruaren jabe izan nahi dutenentzako. Areago: buruaren jabe izan nahi duteneko froga, inposaketa horren kontrako borrokan erakutsi beharko dute. Baina badago arriskurik, hontan ere: batasun inposatuen kontrako borrokan saiatzen direnek duten arriskurik kaltegarriena, batasun inposatuen kutsadura bereganatzea da, batasun inposatu bati beste batasun inposatu bat jarriz aurrez-aurre. Horrelakorik gertatzen denean, gizon-emakume eta herri burujabeen alde ari garen jakiteko, ez da nahikoa, batasun inposatu bakar baten kontra borroka egitea.

Gure herrian (eta mundu zabaleko beste alde askotan) batasun inposatuen arteko dialektika zatitzailea nagusitzeko arriskurik ba dago. Hortan erori nahi ez badugu, erne baino erneago, zuhur baino zuhurrago eta gogotsu baino gogotsuago ari beharko dugu lanean, jo-ta-ke ari ere, borroka hau beti baita eginkizun.

Gure oraingo aldartean, bost harreman barruti kritiko ditugula uste dut, euskaldun eta euskotarron artekotza kultural, ekonomiko eta politikoari begira:

  • Gure ohizko auzo bizitza gauzatzen den barrutietakoa
  • Gure egungo barruti polítiko-administratibo bakoitzari dagokiona
  • Euskal barruti ezberdinen artekoa (diaspora ezberdinetakoak ere ahaztu gabe)
  • Espaniako eta Frantziako barruti estatalei begirakoa
  • Europako Elkarteari begirakoa

Barruti ezberdin horietan gure nor izatea zer-nola gauzatu daitekeen, neurri haundi batean, euskaldun-euskotarrok elkarrekin eta euskaldunak ez diren eta euskotar sentitzen ez direnekin zer-nolako harremanak bideratzen eta arautzen ditugunaren mende dago, bai auzoetan, eskualdetan, Euskalerri osoan eta harremanik dugun gainerako esparruetan.

Ba, harreman multzo horien guztizkoari begira, batasuna-zatiketa dialektikaren ordez, itun-elkarteak hobetsi behar genituzkeela uste dut, bai euskaldun-euskotarren artekotzari begira eta baita gainerako gizakide eta herriekiko harremanei begira ere.

Jose Maria Setien Jaunak, Gipuzkoako Gotzain Ohiak, idatzi duen "Unidad de España y juicio ético" izeneko lana, argitara eman berria da, Jose María Zunzunegi , Jaunaren hitzaurrea duela atarian (Erein 2004). Setien Jaunaren ekarria garrantzi haundikoa da, elkarrekiko harremanen forma bere eduki etikoen ikusgunetik aztertzen eta epaitzen duelako. Gizartekotzan, gizon-emakumeon eta herrien arteko harremanetan, eduki etikoak badira goiburu, askatasuna eta erantzukizuna, biak batera, izan behar dute ezinbesteko sustraiak. Askatasunik eta erantzukizunik gabe, ezinezkoa baita norbera eta norkide izatea, ezinezkoa buruaren jabe gertatzea.

Gogoeta horien muina, ordea, beste edozein mailatan eta esparrutan ere gogoan hartzekoa da, gizabidezko herrigintza burutzeko.

Pako Garmendia