Artxibo rtf
(30 - 2004ko Urtarrila)

2003: DEMOKRAZIAZ EUSKAL AUZOETATIK

BAT: ATARIKOAK

 

Bizitzako joan-etorriak eta eraman-ekarriak urteka bezala bana daitezke mendeka, baina baita asteka edo egunka edo orduka ere. Gure bizitzaren etorriari mugarriak jartzea, historia markatzeko modu bat besterik ez da. Garrantzia duena, halare, bizitza bera da, gertatzen zaiguna, eta ez mugarria. Zer gertatu zaigu bada, zahartu berria zaigun 2003. hontan, gure herrigintzaren demokraziazkoari dagokionez?.

Horixe da galdera. Baina erantzuna bera ere, galdera gahiagoz josiko dut. Zergatik? Ba, gure herrigintzaren demokraziari buruzko eztabaida asko, gaizki jarritako galderen inguruan ote dabilen susmoa dudalako. Norabide okerretik zenbat-eta gehiago ibili, orduan eta urrutiago helburutik. Antzekorik gerta dakigukeela uste dut demokraziaz ditugun eztabaidetan, galderek norabidetzen bai dute gogoeta.

I

Izana - Izena

Demokrazia hitza inoiz baino gehiago erabiltzen da. Ez dago ia munduan monarkarik, bere burua demokrata jotzen ez duenik. Garai bateko falangista ezagunek ere, demokrata direla diote. Betidanik proletargoaren diktadura predikatzen zutenek, demokrazia beste hitzik ez darabilte. Asmo eta erakunde hain ezberdinak izendatzeko hitz bat bera erabiltzen denean, badago arriskurik, hitz horrek ia ezer ez bereizteko.

2003.a aberatsa izan da, hain zuzen, jokabiderik kontrajarrienak demokraziaren izenean bultzatu eta burutzeko. Gurean benetako demokraziarik ez omen dagoela-ta, ezin omen dira kritikatu ETAren krimenak. Geure borondatez Euskal Autonomi Elkartea osatzen dugun herrikideoi, geure herrigintzarako araubidea berritzeaz galdetzea, demokraziaren kontrakoa omen da, batzuentzat Espainiaren batasun nazionala auzitan jar lezakeelako eta beste zenbaitentzat euskaldun-euskotar denak kontutan hartzen ez dituelako. Bada demokraziaren izenean Eusko Lege Biltzarreko Burua kartzelan ikusi nahi duenik, hautetsi denei legezko baldintza demokratiko berdinak zor zaizkiela defendatzeagatik.

Irizpide eta jokabide hain antagonikoak dituztenek, halare, herrikideon konfiantza eskatzen dute denon demokrazia aurrera ateratzeko. Hargatik uste dut, beharrezkoa zaigula, alea eta lastoa bereizten saiatzea. Eta ez pentsa, hemen alerik gabeko lastorik dagoenik. Lasto berdinarekin ale ezberdinak saltzen baitira gure artean. Hitz bat bera erabiltzen baita, asmoz eta egitez eduki ezberdineko herriasmoak eskaintzeko.

Izena eta izana, izendatzea eta izanaraztea, ... zer da baina, demokraziaz ari garela? Demokraziak ba ote du berezko alerik, bere berea duenik? Hori da lehenik eztabaidatu behar duguna.

Demokrazia hitzaren beraren jatorrizko esanahiari bagagozkio, euskaraz, auzoagintea edo auzoagintaritza deitu beharko genuke. Athenasen politeia edo herrigintza zertu eta bideratzeko moduetako bat izan zen demokrazia, hain zuzen, Athenasko herria osatzen zuten auzo ezberdinetako auzotar denei herrikidetza aitortu eta eurak denak herrikidetzara behartzen zituena. Zer ote zuen herrigintza modu horrek berarizkoena? Auzo bakoitzean auzokide ziren den-denak zirela herrikide, beraz, herriko batzarkide, eta denek zor zutela herrigintzari zegozkionak eztabaidatzen, erabakitzen, betearazten eta epaitzen parte hartzea. Partehartze horretan, baina, bakoitza zen bere hitzaren jabe eta hitz horren eraginean sustraitzen zen beren isogoria (eztabaidan denak berdin) eta isonomia (arau berdinen mendeko denak). Hitzaren jabe izatearena azpimarratzen da bereziki Periklesen hileta hitzaldi ezagunean, Athenaiko herrigintza demokratikoa bestelako herrigintza ereduekin alderatzerakoan. Jakinaren gainean hitzegin eta emandako hitzaren jabe izan auzotar bakoitza: horra hor demokraziaren jatorrizko esnahiaren sustraietako bat.

2003.ean, demokraziari dagokionez, aurrera ala atzera egin dugun epaitzeko eztabaidagune kritikoena, agian, horixe izan daiteke: ea auzokide garenok zer-nolako eskuhartzea dugun geure herigintzari dagozkionetan.

II

Hitza Lana

Nola gerta liteke baina auzokidea, bere hitzaren jabe, bere lanaren jabe ez bada? Demos, auzoa da; oikos, etxea. Demokrazia eta ekonomia, auzokrazia eta etxenomia, bereizgarri dira, bainan ezin dira elkarrengandik erabat eten, Athenaiko esperientzia demokratikoari bagagozkio. Herrigintzan hitzaren jabe izateko, ekonomian bere lanaren jabe izan behar. Hori izango da Athenaiko herrigintzari buruzko eztabaidetan behin eta berriz jorratuko den auzi-mauzietako bat. Sarritan galdegingo da, ea bere oinarrizko beharrak asetzeko gai ez dena, izan ote daitekeen gai denen herrigintzari dagozkionetaz arduratzeko.

Gaurko gure gizarte bizitza oso bestelakoa da. Baina, hitza eta lana, auzoa eta lantegia, etxea eta ogibidea, auzobizitza eta laneko mundua ... biak dira erabakigarri gure bizitza erreala tankeratzerakoan. Eta herrigintzak –demokratikoak edo bestelakoak- bi oinarriko esparru horien zer-nolakotzean erakusten du bere eraginik nabarmenena.

Demokraziari buruzkoak gaur bertan eztabaidatzerakoan, beraz, aintzakotzat hartu beharko dugu, ea zer-nola garen geure hitzaren eta lanaren jabeago, zer-nola gertatzen garen geure buruaren jabeago auzoan eta lanean. Auzokideak geure jakinaren gainean, askatasunez eta erantzukizunez, nola garen geure hitzaren eta lanaren jabeago, eta zer-nola lortzen dugun benetan eskuko eta partehartzaile izatea geure giza(arteko) harremanak arautzen dituzten herri baldintzak eztabaidatu, erabaki, betearazi eta zaintzerakoan: horra-hor demokraziazko agintaritzaren ezaugarri garrantzizkoa.

III

Gertakizuna- Eginkizuna

Demokraziaren auziari ikusgune hontatik helduta, ordea, gertakizun baino gehiago da eginkizun. Gure artean, baina, zenbaitek –nere iritzirako gehiegik- demokrazia gertakizuna dela uste du (inoiz gertatua edo inoiz gertatzekoa, baina erabatekoa, historia zeharo erabaki zuena edo erabakiko duena, zerbait fundatzailea). Horrelako ikuspegiz ari direnek, gehienetan, eurek kontrolatzen duten edo kontrolatu lezatekeen gertakizun batekin identifikatzen dute demokrazia, eurek lideratu lezatekeen zerbaitekin. Eta besterik uste duten auzokideak, benetako demokraziaren etsai jotzeko ohitura dute horrelakoek. Agian bereizketarik egingo dute, jakinaren gainean edo ohartzeke etsai omen direnen artean, baina bereizketa ere eurek egingo dute. Eta hortik pauso bat besterik ez dago, horrelako auzokideak berredukatu behar direla sinistera, horretara behartuz, legez edo indarrez –edo bietaz- baliatuz.

Gertakizun fundatzaile hori Konstituzioarekin –nongoarekin eta noizkoarekin, beste auzi bat da- edo halako borrokatan lortutako garaipen jakin batekin edo talde jakin baten sorrerarekin identifikatzen den, gorabehera haundikoa izan daiteke, baina jarrera bat beraren agergarri litzateke edozein kasutan: demokrazia auzokidetzatik soiletik at legokeen zera bakar baten ondorio jartzearen agergarri. Horrelakorik egiten denean, auzokide direnez herrikide beharko lutekeenak –alegia, hitzaren eta lanaren jabe-, delako zera horren arabera banatuko dira, batzuek nagusi eta besteak morroi. Nor izango da horrela bere buruaren jabe?

 

IV

Denak Batzuk

Auzo denak ala batzuk bakarrik hartu behar ote dute parte herrigintzan? Auzokide denak ala batzuk bakarrik? Esan dugunetik argi beharko luke, demokraziaren berarizkoa dela auzoko den-denei aitortzea eta eskatzea herrigintzaren erabakitzaile, eragile eta zaindari izatea.

Baina gure artean badago joera, demokrazia gehiengoaren gobernu forma bezala aitortzeko. Eta hori ez da demokrazia. Are gutxiago izan liteke demokrazia auzo gutxi batzuetakoen kontua, eta are gutxiago auzokide gutxi batzuen eginkizuna. Nondik datorren oker hori? Agian, erabakiak hartzeko formula bat dena, joanari demokratikoaren edukiarekin nahastetik.

Auzokideak eta herrikideak askatasunez ari direla, normala da eztabaidak sortzea beren harremanak arautuko dituen herri baldintzetaz. Auzokide eta herritar denak ados jartzea ezina denean, muturrekoka erabakitzea baino zibilizatuagoa eta ekonomikoagoa da, indarrik gehiena zeren alde dagoen galdetzea eta elkarri hortzak txikitu gabe auzia erabakitzea. Muturrekoka ere gehienek irabazi ohi dute gutxienen kontra (bataz-besteko berdinetan, noski).

Arazoa, baina, zera da: gehiengorik gehiena bere alde duenak ere demokrazia zapuzten duela, baldin-eta gutxiengoa den taldeari herrigintzan parte hartzeko aukera galerazten badio. Demokrazian auzotar den-denen eskumenak, eskubideak eta zorrak bermatu behar dira, hain zuzen, demokraziaren berarizkoari dagozkionetan.

Auzokideetako gehienek beren hizkuntza edo erligioa edo jolas ohitura jakin bat, herri hizkuntza edo herri erligio edo herri jolas bakartzat erabakitzen badute –gutxiengoen hizkuntzak edo erligioak edo jolasak galeraziz- demokraziaren jatorrizkoena zapuztu da. Eztabaida, hain zuzen, zera balitz, gehiengo batek hizkuntza bakar bat ezarri nahi duela, beren herri-harremanetarako, erabaki ori demokratikoki burutzekotan, aukera berdina eskaini beharko zaie gutxiengoei beren aukera aurrera ateratzeko. Europa mailan bezala balio beharko luke horrek edozein estatutan eta herrialdetan.

V

Zuzenkrazia Demokrazia

Demokraziaren berarizkoari dagozkionetan bidezkoa zer den ez dago gutxiengoaren edo gehiengoaren mende. Den denei zor zaie herrigintzan esku hartzea eta den-denek zor dute, beste auzokide guziekiko errespeto zintzoa. Beste herrikideei mehatxurik edo erasorik edo bortxarik edo torturarik egin-eragiten dion edozein da elkarbizitza demokratikoaren etsai eta zorrotz epaitu behar da, komeni den zigorra ezarriz. Eta zigor berdina merezi du, gehiengoaren babesa izan zezakeen gaizkileak eta bakarrik bere kasa ari izan denak. Demokratak ezin du hortan bereizketarik egin, demokrata izateari uko egin gabe.

2003. urtea gogorra izan da behin berriro alderdi hontatik. Berriro diot. Aurreko urteetatik bai dator gure artean, gaizkileak ezberdin epaitzea. Zenbaitek egiten duen epaiaren arabera, demokraziaren defenditzeko erail zuten Zabala eta beste zenbaiten epaiaren arabera, demokrazia ekartzeko erail zuten Korta. Bereizketa hortatik abiatuz gero, demokraziarenak egin du.

Horretxen ondorioa da, ene ustez, 2003. urtean pilpilean bizi izan dugun eta amaitu ez den eztabaida, Espainiako Justiziaren arduradun zenbaiten eta Eusko Lege Biltzarreko buruzagien artekoa. Justiziaren egitekoa da, gaizkileak epaitzea eta zigortzea. Baina ez dagokio Justiziari, epaituak eta zigortuak izan ez diren auzotar-herritarren eta beren ordezkari direnen partehartze demokratikoa eragoztea, ezta ere beren eskubideak murriztea, aukeratu dituztenen borondatea ordezkatzerakoan.

Atutxa, eskarmentu haundiko gizona izan da gaizkileen kontrako borrokan eta demokraziaren alde zintzo borrokatu da, ene ustez, oraingo eztabaidan. Kontua ez baita, herri ordezkari jakin batzuekin bat etortzea ala ez etortzea, baizik herritarren ordezkari direnei, ordezkatu behar duten hori ordezkatzeko aukera berdinak eskaintzea.

Ez dut zalantzan jartzen, demokrazia babesteko, auzokideen eta demokraziaren oinarrizko eskumen eta bizibaldintzen kontra jokatzen dutenak –legez epaitu ondoren- zigortu egin behar direla. Baina horiek ez beste denak behar dute parte hartzeko herri aukera berdina, auzokide eta herritarren borondatearen arabera.

 

VI

Arrazoiz Indarrez

Hizpidezko ezbaian arazoak argituta, beren hitzaren eta lanaren jabe direnek, gizalegeko arrazoibidea aukeratuko dutenaren esperantzan du demokraziak bere gizasustraia. Baina, arrazoizkoa dena onartzen ez dutenekin, zer egin? Eta nork erabaki lezake horrelakorik? Non dago muga? Herrigintza orok du bere baitan galdera hori. Herrigintza demokratikoak, halare, bere biziko auzirik larriena du hontan.

Auzokideak beren buruen jabeago izatea baldin bada helburua, nork babestu behar du auzokidea helburu hori galerazi nahi dutenengandik? Ez dugu ezagutzen auzoagintean oinarritutako herrigintzarik, nolabaiteko indarraren erabilpena arautu ez duenik, auzo bizitza zapuztu nahi zutenen kontra borroka egiteko. Baina indarraren erabilpen demokratikoa, herritarren gero-eta eskuhartze sakonagoa bideratu lezakeena, beti dago herri integrazioaren mende.

Gurean, badugu esperientzia bat, oso adigarria dena: Gipuzkoa errepublika militar bezala autodefinitu zenekoa. Bertako Ahaide Nagusien, alegia, garai hartan Gipuzkoako auzoak, herriak eta bailarak babestearren indarra erabiltzeko eskumena zuten etxeetako arduradunen kontra bildu ziren gipuzkoarrik gehienak. Nazkatuta zeuden indarra beren mesedetan eta herritarren kaltetan erabiltzen zutenen haundizkiekin. Getarin bildu ziren eta erabaki sendoz eraso zieten, Erregeari ere laguntza eskatuz eginkizun hortarako. Garrantzikoena, baino, zera: ordutik aurrera, auzotar guziak zeudela behartuta herria, herrikideak eta beren herrietatik pasatzen ziren atzerritarrak defenditzera. Horregatik deitu zioten gipuzkoarrek aurrerantzean beren eskuko aginte barrutiari: errepublika militarra, gaur egun, herrikideok ertzain esate adina litzatekeena.

Bere burua demokratikoki babestu nahi duen herriak, bere herrikideen erantzukizunean oinarritu behar du. XXI mendearen ezaugarria da dagoeneko, gizarte bizitzaren saretze gero-eta subjetiboagoa. Babesik ez dute eskaintzen harresiek, baizik eta herrikideen konpromisoak.

Indarrez aurre egitea, arrazoibide demokratikoaren kontra erasotzen duenari (hilketaz, lapurretaz, mehatxuz ...), azken muturreko erabakia da, egin behar denean egin beharrekoa, edonori gizaki denez, zor zaizkion eskubideak errespetatuz, baina burutu beharrekoa. Baina horrelako egoerak ahalik-eta gehien ekiditeko, herritar ia denek hartu behar dute beren gain auzokideen ardura eta kezka, arrazoiz ekin-eragin-eginez, eginbide horren ardura profesionala dutenekin elkarlanean.

 

VII

Agindu Manatu

Euskaraz orain gutxi arte ondo bereizi izan dira, agindu eta manatu. Agintzea: hitza ematea, zerbait beteko dela zihurtatzea, ... Manatzea, aldiz, zerbait egitera behartzea, ordena ematea. Demokraziak ere herrigintzako betebeharrak burutuko dituen agintariak eskatzen ditu. Baina agintaria, demokratikoa bada, herrikideei zor zaie: eurei emandako hitza betetzea zor baitu. Eginkizun horren betetzeko manatu behar du, ordenak emanaz. Bere esku lezakeen manutza edo boterea, herriari emandako hitzak egiten du bidezko.

Gaur egun arriskurik badago, manutza herrikideen zainpetik eteteko. Arrisku hori, batez ere, botereen konzentrazio politikoan ikus daiteke. Asko hitzegiten da botere banaketaz, baina, nere ustez, galdera oker jarrita. Zenbaitentzat, boterea berez da bat eta bakarra (soberanoa alegia) eta bakar den horren desglosea besterik ez litzateke botere banaketa. Ba, horrela denean, demokraziak jai du.

Herrikideen agintaritza sendoagoa izan da, aginte indarra sail ezberdinetan banatuta gertatu denean eta, aldi berean, artez edo moldez, aginte indar den-denek herriari zor izan diotenean bere egiteen eta hutsegiteen erantzukizuna. Munduko herrialde batzuk demokrazia esperientzia gehiago dute, beste batzuek baino, ez lider karismatiko disdiratsuagoak izan ituztelako, baizik aginte-indarren sareak ezola asko izan dituelako eusgarri, eta ez bakarra (soberanoa litzatekeena).

Gure gaurkora bidean

Agindu bezala, demokraziaren antzinako eta jatorrizko esanahitik abiatuta, hainbat galdera plazaratzen saiatu naiz. Dena den, esandoek ez dute indarrik geroa etorkizun bihurtzeko. Eta, bizi nahi duen orok bezala, guk ere etrokizunaren jabe izan nahi genuke.

Euskalerriko auzoetako herrigintzak, XXI mende honen haserako urteetan, erronka latzak ditu bere gain. Aldaketa izugarriak bizi ditugu bai auzogintzan eta bai langintzan. Gutako bakoitzaren hitza eta gutako bakoitzaren lana, ziberbilbetan (zibernetikaren ekarriz bilbe berrietan) saretutako auzo eta lantegietan zertzen eta garatzen dira gaur egun. Milaka urtez, Pirine mendietan eta bere inguruetan, bideratu izan diren auzogintza ereduen baitan egin izan dute aurrera euskalerriek eta, beraz, iraun izan du Euskalerriak. Eredu horiek zer ote duten baliozkoa, orainaldian herrigintza demokratikoari bide berriak ebakitzeko, eta zer duten dagoeneko bideragarri ez dena, eztabaidan jarri beharrekoa da. Eta, orobat aztertzeko gaia da, nola gerta ote gindezkeen geure buruaren jabe, alegia, hitzaren eta lanaren jabe, oraindik ere euskaraz bizi nahi dugunok aldarte berriotan.

Kontua da, demokrazioarena geuk ebaki beharreko bidea dela, ibili ahala ebakitzen jarraitu beharrekoa gainera. Baina badugu arriskurik gure herrigintza demokrazia bidetik urruntzekoa. Halaber, aukera ederrak era baditugu demokrazia bidetik sendotzekoa. Nondik joko dugun? Hartzen dugun norabidearen eta gure indarrak nola antolatzearen mende dago. Biak dira beharrezko.

Aurretik esandakoak galdera berri hautera iristeko ataria izan dira. Ea ataritik barrura sartzen hasten garen, beste batean.

 

Pako Garmendia

 

1 Auzo jakin batean bizi ziren den-denak estiren auzokide, garai hartan ez bai zituzten halakotzak jotzen ez jopuak eta ezta atzerrietatik etorriak ere. Auzo bateko bizilagunetatik heren bat izango zen auzokide eta, beraz, herrikide.