Artxibo rtf
(28 - 2003ko Ekaina)

Hauteskunde osteko axaleko hausnarketak

EA-PNVren koalizioaren ondorioei buruz mintzatuko naiz gaingiroki. Koalizioaren garaipena argia izan arren, bada irakaspenen beharrik. Maila batean, joan ziren hauteskunde autonomikoen joerari jarraitu diogu, nahiz eta zenbait ñabardura garrantzizko kontuan izan behar. Koalizioak beherapena izan du eta ez du berriz ere lortu azken hauteskunde horietan izandako boto kopuru maila. Hori hala da. Partizipazioaren beherakada kontuan hartuta, ehuneko hamarra baino gehiago galdu izan du. Goazen ikustera zeintzuk diren horren arrazoiak.

Argi gelditzen da maiatzeko hauteskundeen Batasuna alderdiaren porrota ez dela berriz ere gertatu. Horrekin esan nahi dut garai horretan emandako boto isurketa ez zela hainbestekoa izan (eta beste partiduek, Ezker Batuak bereziki, profitatu zutela ere) eta oraingoan Batasuna alderdiari garai horretan eskuetatik ihes egin zioten hainbat sektoreek berriz ere itzuli egin direla erakunde amaren altzora. Ilegalizazioaren katramila injustizia gisa sentitu dute sektore horiek. Erradikalizatu egin dira, eta ETA erakunde armatuak ederki interpretatu ditu boto horiek borroka armatuaren aldeko bultzada gisa. Horren lekuko Zangotzako eraildakoak. Komeni da ilusio gutxi egitea MLNVko buruen berezko aldaketan. Jarraituko diote, oraingoan ere, beren bide odoltsuari, eta inork ez ditu asto horretatik jeitsiaraziko. .

Beraz, EA-PNVk MLNVren baitan sortu nahi zuten porrota soziala, diskurtsoaren erradikalizazioaren bitartez, ez da gertatu. Argi gelditzen da horrela ere alderdi abertzaleen oinarri soziala eta MLNVrena ez direla berdinak. Urte luzeetan mamitutako joerek banaketa suposatu dutela ustez abertzalego bakarraren esparruan kokatzen ziren alderdien artean, baita oinarri mailan ere. Eta Aralar-ek ez du zinezko ondoriorik atera, baina bai boto mordoa kendu koalizioari. MLNVek mekanismu guztiak jarri ditu jokoan koalizioa izorratzeko. Eta bere oinarri sozialak dei hori obeditu egin du. Kontuan hartu dezagula betikoz.

Esan dezadan, iritzi pertsonal gisa, koalizioaren kanpaina oso txepela iruditu zaidala: emoziorik gabea, teknokratikoa, prepotentea batzutan, gogorkeriaz oso gutxi mintzatu izan dena, aseptikoa. Eta hau txarra da abertzale belaunaldi bat sortu delako maiatzeko 13aren ostean. Aldiz, betiko aurpegiak ikusi ditugu, betiko ekintzak, betiko mezu indar gabeak. Jendeak leku askotatik datorren eraso honen aurrean ilusioa eta emozioa behar ditu eta, era berean, gogorkeriaren aurrean erreferentzi etiko finkoa dagoela, abertzaletasunaren bide historikoari jarraituz. Horren arrasturik ez dut apenas topatu. Egia da ere beste hauteskundeetako adierazpen zaratatsuak ekidin direla. Baina mami berri bat bilatu behar da, abertzale sektore berriak engantxatu daitezen alderdi abertzaleetara eta beren ekintzetara.

Hainbat sektoreen aldetik oraindik ez da ikusten Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna gogorkeriari aurre egitea dela eta hiritarra defendatzea dela. Hein horretan, esan behar da PPren mezu errepikakorrak harrapatu egin duela, baita Euskalerrian ere (eta Nafarroako kasua begibistakoa da) sektore sozial zabala, erabat irentsi egin duena gobernu espainiarraren abertzaletasunaren kriminalizazioaren mezua. MLNV eta EA-PNV koalizioaren artean erabateko amildegia jartzen ez den bitartean arazo hau ez da bideratuko. Esan nahi dut: MLNV abertzale gisa eta anai desbideratu gisa hartzen dugun bitartean ez da aurrerapausorik emango hein horretan. Nahaspila horrek ematen dio indarra MLNVri. Hauteskunde hauetan ongi ikusi da, Jaurlaritzako hauteskundeetan bezala, mugimendu horrek EA-PNV dituela etsai nagusi eta bategiten duela horretan PPrekin. Bai hauek eta besteek benetan helburu politiko berbera dutela: Ibarretxe lehendakaritzatik kentzea. Zoritxarrez, konplexuz betetako burukide asko ditugu abertzaletasunean, beren burua beti MLNVren arrimuan ikusi nahi dutena.

Ibarretxeren Planak, bestalde, ez du egundainoko ilusiorik berbiztu. Eta hauteskunde osteko paisaiak aterabide txarra emango dio. Egia baitio MLNVk esatean plana horrek ez dituela barruan sartzen Euskalerriko bi sektore indartsu; beraiena eta espainiarrena. Horrek esan nahi du bai batzuk eta bai besteek gogotik arituko direla plan hori zapuzteko saioetan. Baldin eta politikoki aurrera jo nahi badugu, bi muturretatik etortzen zaigun konbergentzia aintzakotzat hartu behar da. Mesede gutxi egingo lioke gure lehendakariak hain sutsu altxa duen herriari baldin eta irabazitako instituzioak eta gizarte bultzada erreferendum arriskutsu baten jokora makurtuko balitu. Hemen ez da soluzio magikorik, ez eta azken momentuko bihozkadan fedea jartzerik irtenbide bakarra bilatzeko asmoz. Eta itunen eta aliantzen esparrua zabaldu behar da, batez ere PSOE aldera, bertan jende asko baitago PPri zentzuz eta kabuz aurre egiteko prest dagoena. Ibarretxe Plana egokitu egin behar da egoera berrira, eta, behar baldin bada, errotik aldatu ere. Baina epe zurrun eta hauteskunde aurreratuen jokoa oso arriskutsua gertatzen da, abertzaletasunaren ondare guztia karta batetara jokatzea bailitzateke. Lizarra-Garazin horrela egin zen eta horren osteko ondorio beldurgarriak pairatu genituen bizi-bizirik. Ez dadila ankasartze hori berriz ere errepikatu.

Jainkoari eskerrak, bai Bilboko udaletxea eta bai Bizkaiko Aldundiak (Gipuzkoakoarekin batera) ez dira galdu, ez da gertatu PP eta PSOEren arteko gehiengorik koalizioaren aurrean. Baina hau ezin daiteke izan betiko leloa, eta ezin gaitezke betiro ibili ezer ala guztizko aukera baten aurrean; gure herriak aliantza transbertsalak behar ditu, eta hauek dira leheneko beharra, alternatiba eta plan guztien gainetik. Gure herriak elkarbizitza eta askatasuna ikusten ditu arriskuan egoera honetan. Eremu zabaleko batasun batek eman diezaioke beharrezko lasaigarria. Abertzaletasunak urte luzeetan jarraitu beharko luke instituzioetan, gure herriaren iraunbizitze soziala eta kulturala bermatuz. Egitasmo hau, apala badirudi ere, erremediorik onena gertatzen da erradikalizazioaz eta gogorkeri odol-goseaz nazkaturik dagoen herri batentzat. Horregatik igo ditu PSOEk botoak Gipuzkoan: zentralitate itxura hori eman duelako. Ez dezagula iparra galdu eta Jainkoak, orain arte bezala, lagundu gaitzala.

 

Imanol Lizarralde