Artxibo rtf
(26 - 2003ko Urtarrila)

2003, POLITIKAREN URTEA?

1– POLITIKARAKO URTE BERRIA

Urte berria asmo berriz jazteko ohitura dugu. Gutako bakoitzak honelako denboraren etentxoek sortzen dizkiguten hasiera berrietan (lanurte edo ikasturte berria, urtebetetzeak, urte berria hastea…) itxaropen berrituak eragindako asmoak eta planak egiten ditugu, bere osotasunean betetzen ez badira ere gutxi-gehiago berrindartzen gaituztenak. 2003.enerako euskal politikari dagokionez ere honetarako abagunea ez genuke galdu behar nire ustez, berrindartzearen beharra baitugu denok alde honetatik.

Azken bolada honetan beste zenbaitetan egiten den modura 2003. hau politikaren urtea izendatzea da idazki honetan proposatzen dudan ariketa. Geroaren itxaropenak mogitzen baitigu oraina gizakioi. Beraz, izan bedi politika egitea urte berrian hartzen dugun goiburua. Nondik abiatzen gara honetarako? Zer egoera bizi du politikak gure artean?

 

Politikaz blai, politikoez ere bai

Zoritxarrez, euskal gizartean, gure inguruko gehienetan bezala, politika putzaren hurrengoa da. Guztiz baliogabetua dago gure artean. Politikarekin zikinkeria, alderdikeria, norberekoikeria… eta horrelakoak lotzen dira. Politika politikoek daramaten jarduerarekin batzen da eta honetan, egia esan, iritzi horiek balioztatzen dituzten jokaerak sarri ikus ahal izan eta izaten ditugu. Jator askoak ere bai noski, baina hauek izkutuagoak geratzen dira. Beraz goian azaldutako gure goiburuarekin bat etorriko direnak aurkitzea zaila gertatuko zaigu.

 

Politika krisian

Norberak aurrera eramango duen ekimen bezala baztertua geratzen da herritar askoren asmoetan politika egitea. Inor gutxi aurkitzen dugu gure inguruan politikaren eremuan lana egiteko kemenez eta ilusioz beteta. Zoritxarrez, aurpegi berri gutxi ikusiko ditugu gure herrietan aurten ospatuko diren udal hauteskundeetarako eskaintzetan. Noski, arrazoi ezberdinak eta pisu ezberdinekoak daude honetarako, baina horien artean ez da garrantzi gutxiena duenetakoa politikak egun duen legitimazio eza hori. Politika politikoentzat erantzungo digute askok eta askok politika urtea izendatzeko gure asmoa azaltzerakoan.

 

Politika Euskadin, bizitza jokuan

Hau ez da txantxetarako kontua. Horrelakoak esaten eta entzuten ohituak bagaude ere, egi beltza da gaur eta hemen denok ezagutzen dugun ETAren indarkeria eta hilketak direla eta. Hauekin batera doaz mehatxuak, jarraipenak, familiari eta inguruari zuzendutako irainak eta bazterketak, eta abar luze eta mingarria.

Aukera politiko bat egiteak eta honen alde jarduteak nire bizitza eta nire ingurukoena arrisku bizian jartzen duelarik nola eskatzen didazu politikan aritzea? da horrelako egoera larri bat bizi duen edonork zuzentzen digun galdera gordin eta arrazoiz betetakoa. Ezinezkoa zaigu politikan jarduteko gonbidapena hauei luzatzea. Niri behintzat ezinezkoa egiten zait.

 

Alderdi politikoak, politika eragile zaharkituak

Honetan guztian, alderdi politikoak dira egun eratuta ditugun berezko eragile politikoak. Eta ordezkorik asmatzen ez dugun bitartean hau dugu politika egiteko geure buruei emandako bitartekoa. Politikan aritzeko alderdi politiko batean egon behar da egun. Eta alderdi politikoak ekimen politiko hutsak ez ditu osatzen. Interes ezberdin asko aurkitzen dira alderdietan eta eratutako erakunde politikoetan. Alderdi guztietan ikusten dira jokaera ilunak eta zaharkituak, jendea uxatzen dutenak. Askotan alderdiak beraiek bihurtzen dira helburu eta ez bitarteko, politikoen profesionalkeriarako kabi. Alderdietan oinarritutako sistema politiko honek ere zuzentzeko borondate gutxi azaltzen ditu honelako jokaerak zuzentzeko (alderdi politikoen finatziazioarena estaerako) Zaila daukagu beraz inor politikara gonbidatzea, gonbidapena bideratzeko baliabidea ez baita erakargarria.

 

Gizarte politizatua, gaixoak jotako gizartea

Oso gizarte politizatuan bizi gara Euskadin. Inor gutxik jakin nahi du ezer politika kontuekin. Baina dena politikak baldintzatzen du, neurriz kanpo indarkeriaren eragina dela eta nagusiki. Hau honela gure artean ez gara politikaz mintzatzen. Gure inguru ideologikoetatik kanpo, gu bezelako aukera egin dutenetatik at, ez behintzat. Ez lanean, ez lagunartean ez eta familian ere. Badirudi gizarteak ez diola politikari tarterik uzten bere baitan. Honek eskizofrenia egoeran bizitzera eramaten gaitu askotan. Hainbat paranoia ere sarritan izaten ditugu, edozein ekimenen atzean edo aurrean politika ikusten baitugu. Sano bizitzeko politikari ateak ixtea da neurririk onena zenbaiten ustez, eta ez dabiltza ez guztiz erratuta, politikak Euskadin gaixotu egiten baikaitu.

 

2– URTE BERRIRAKO DESIDERATUM POLITIKOA

Zer eskatuko genioke urte berriari euskal politikarako? Eskatzen hasita amets egitea arrisku bihurtzen bada ere, gogoko dugun ametsa ikusteko ahaleginak pizten digun desioa da martxan jartzen gaituena, afektiboki esanguratsu egiten zaigun zera horrek bultzatzen baikaitu. Beraz egin dezagun amets jarraian.

 

Indarkeriaren deslegitimazioa

Euskal politikan indarkeriaren eragin gaiztoa behin-betiko desagertzea da lehen eskaera. Hau gerta dedin ETAren desagertzea beharrezkoa da. Baina ez da nahikoa. Behin-betiko helburu politikoak lortzeko indarkeriaren deslegitimazioa egin behar dugu denok biltzen gaituen gutxieneko abiapuntu komuna. Giza eskubideak betetzea, lehengo euskaldunek ziotena jarraituz elkarri zor dizkiogunak, izan bedi denon ahalegina.

Eta politikaren eremuari lotzen gatzaionez, ez bakarrik legez kanpo egon daitezkeen talde terroristen aldetik. Egiteko hau, indarkeria ez erabiltzea eta zilegitzat ez hartzea, geuretzat hartu beharko genuke gizabanako bakoitzetik hasita, alderdi eta erakunde politiko guztiek segi eta gizarte honetako antolakuntza eta herri ordezkaritza duten aginte-erakunde guzti-guztiek. Honetarako borondatea eta bitartekoak jarri behar ditugu. Beharrezkoa denean eta honen aurka ari direnen aurrean gizarteak bere buruari eman dizkion neurriak hartuz noski, tinko eta argitasun osoz, justizian oinarritutako bermeak betez eta betearaziz. Urte berri izango litzateke ezbairik gabe hasi dugun hau honetan bat egingo bagenu guztiok euskal politikan.

 

Elkarrizketaren eta akordioaren kultura

Azken urte hauetan daramagun dinamika aurkaritik irten behar dugu. Ideologia, estrategia, diagnosi, programa, taktismo, lehentasun… eta ezberdintzen gaituzten alde guztiak dira onargarri, aurreko puntuan aipaturikoa betez gero. Hitz egin dezagun, ekin diezaiogun lanari, leial eta aurrez-aurre, kalkuluak bultzatutako hautes-joku eta hedabideen bitarteko apostu mediatikoak albora utziz. Erabil ditzagun geureak ditugun topagune politikoak (alderdi politikoen organu ezberdinak, Udaletxeak, Batzar Nagusiak, Aldundiak, Legebiltzarra… eta tarteko foro anitz eta ugari guztiak) eztabaida politikarako eta elkarrizketarako gune modura.

Zeren erabakiak behar ditugu herrigintzan eta kudeaketa maila ezberdinetan bai, baina elkarrizketaren eta akordioaren kultura sortzea ere lehentasunezko helburu ez al da gaur eta hemen? Ez al zaigu ahaztu politikoki elkarrekin lehiatzea? arrazoiak arrazoitzea? botuen indarra baino argudioen eta ideien indarra neurtzeko gaitasuna ez al dugu murriztua?

Zeharka bada ere hedabideen egitekoa ere aipatu gabe ez nuke utzi nahi urte berrirako ametsen tarte honetan. Prentsak, irratiak eta telebistak zer egiten dute eta zer egin dezakete elkarrizketaren eta akordioaren kultura hau gure artean bizkortu eta hezitzeko? Badago zeregin eremu zabal bat hauentzat ere nire ustez. Honetan ere denok dugu zereginen bat bizi garen inguru eta esparru ezberdinetan. Urte berria erronka haundiz beteta datorkigu.

 

Gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko joku garbia

Politikaren berezko betebeharren artean ez da garrantzi gutxienekoa duena erabakiak hartzearena. Gizartearen beharrak bete egin behar dira eta honetarako asmoak eta ideiak gauzatu. Normalak diren desadostasunak sortzen direnean erabakiak hartu. Horretarako gehiengoaren eta gutxiengoaren neurria da ontzat hartzen duguna eta honela erabiltzen dugu. Honetarako ere ez dugu oraindaino ezer hoberik asmatu, beraz sistema berarekin jarraitu behar bitartean. Baina honetan ere jokamolde arketipikoak mogitu eta astindu beharrean gaudela deritzot.

Denok dugu gehiengo izatearen eta gutxiengo izatearen esperientzia bikoitza. Zenbaitetan, politikan edota politikatik kanpo, erabakia hartu duen gehiengoaren barne tokatu gara eta beste batzuetan ordezko proposamen bat defendatzen zuen gutxiengoaren baitan kokatu gaituzte. Ez da berdina, behintzat ez dugu berdin bizitzen. Hau ere ikasketa bat da politikan eta bizitzan.

Honen osagarri izan daitekeen beste ikasketa bat proposatuko nuke urte berrirako. Har ditzagun erabakiak gutxiengoaren lekuan jarriz gehiengo garenean eta gehiengoak bezala onartuz gutxiengo garenean. Sinplea da bai, baina zaila. Eskuzabaltasuna gehiengoari dagokio eta onarpena gutxiengoari noski, baina hau aldrebes zertzen dugu askotxoetan. Jokamolde berrituz saia gaitezen estreinatu dugun urtean!

 

Herritarrek iritzi eta aukera politikoa askatasunez egiteko egoera

Aurtengoa hauteskunde urtea dugu (zaila izaten den arren hauteskunde urte edo hauteskunde-kanpaina urte ez denik igarotzea). Baina aurten ospatuko diren Udaletako hauteskundeak, besteak beste, bereziak dira. Udaletako partaideak aukeratzea beti da ezberdina, gertukoen ditugun ordezkari politikoak hautatzen baititugu, gure herriaren (gure aberri txikiaren, uzten badidazue bederen) lau urteetako garapena burutuko duten herritarrak izendatzeko garaia izaten baita. Geure arteko lehia da, geureak direnoi eman-ez eman behar diogu botua. Politikan egon daitekeen lehia jatorrenetakoa da, askotan estua eta hainbeste ezberdintzen ez diren proiektuen artekoa gainera.

Gure Euskadi honetan aldiz, erabat nahastua, zaila eta iluna azaltzen zaigu aurtengoa. Denok ezagutzen ditugu arrazoiak (PP eta PSEko hautagaiek gainean duten heriotz epai faxista batetik, Batasunak eta ezker abertzaleak bizi duen ilegalizazio epaiketa bestetik, eta bi hauen tarteko egoera guztiak)

Zer egin? Desioa zera litzateke, herritar orok eman ahal izan dezala bere botua askatasun osoz, berak nahiago duen hautagaitza aukeren artean dagoelarik. Idazki honetan ereiten ari garen amets guztiek honetan ere zeresan haundia izango lukete egi bihurtuko balira, baina bitartean? Norberak jakin badaki zer dagoen bere esku eta zer ez. Zalantzarik gabe ETAk du neurri haundi batean honetarako giltza, denok zabalik nahi dugun askatasunaren ateak horrela jarrai dezan, baina borondaterik ez zaio sumatu ere egiten.

Besteok? Nik behintzat amets eta desio honetarako borondate irmoa dut eta horretan saiatuko naiz. Honetara gonbidatzen dut edonor dagokion lekuan helburu honen alde joka dezan. Denon ahaleginarekin lortuko dugu!

 

Herrietako udalak herritarren zerbitzura

Udalak dira ezbairik gabe oinarrizko politika eskolak. Udaletako oposaketak gainditu beharko lituzke edozein politikariak beste maila gorenetako politikaren ur handiagoetan sartu aurretik. Ez da hau ez errealitatean gertatzen dena. Zenbait buruzagi politikok, askotxo nire ustez, bulegoetako balizko sasi-politikan aritzeko joera baitute oinarrizko eskola honetatik pasa ez direlako edota ikasitakoa ahaztu egin zaielako.

Aldiz, ehundaka dira herriaren zerbitzuan, herri txiki nahiz haundi izan, egunero eta musutruk lanean dirauten gizon-emakumeak. Ez ditugu beraien izenak ezagutzen. Herriaren aldeko zerbitzu honek zenbait ordu, aisialdi, familia bizikizun, desasosegu, haserre… eta abar ematen dien ere ez dugu kontutan izaten. Bejondeiela, eta eskerrikasko! Baina, eta hau ere hala da, zenbait momentu on ere bizi dituzte. Udaletako lana baita politikari benetako eta zuzen-zuzeneko zentzua ematen diona eta ikusarazten duena. Auzoan eta herrian hasten baita dena. Hau horrela izaten jarraitu dezan goraipatzen dut udaletxeetako gure ordezkarien lana, hori baita goren mailako benetako politika! Eta honelakoak ezagutzeak pizten baititu herritarren artean politikarako grinak. Honetan ere egi bihurtzen baita herriaren zerbitzuan jator jokatzen duen pertsona bat ezagutzea dela herriaren zerbitzuan, azken batean politikan, aritzeko gogoa eragiten duen eredu bikainena.

 

Euskadin arazo politikoak bere neurrira ekartzea

Azken hau litzateke lorpenik haundiena. Eta honetan ere urte berria itsaropentsu datorkigulakoan nago, edo hobe esan egon nahi dut. Mahai gainean du euskal gizarteak Ibarretxe lehendakariak jarri duen Elkarbizitzarako Proposamena. Aurten aurkeztuko omen du proposamen hau jorratzeko plana. Bada zerbait.

Ez naiz orain sartuko ekimen honen azterketan eta balioztatzean. Ziurrenik ez da nahikoa. Agian ez du ezer bideratuko. Aurrera-pauso baino atzera-pauso izango dela diotenak ere badira. Baina borondate baten agerbidea da. Konponbideak bilatzeko ahalegin zintzo bat nire ustez. Osagarri izango diren beste proposamenak behar ditu aurrez-aurre, baina borondate berdinarekin eginak eta gizarteratuak. Hori ere denon onerako izango dela uste dut. Saiakera hau dugu urtaroen hodeiertzean, eder bezain urrun, aurtengorako.

Saikaera honetatik, aterako al da ezer eraginkorrik? Auskalo! Baina ez litzateke ekarpen txikia izango Euskadin politika bere neurrira ekartzera laguntzen baldin badigu. Politika elkarbizitza antolatzeko bitarteko nagusia bihurtzera eramaten bagaitu. Zeren politika hori baita, gizarte batek bere burua antolatu eta gizakion elkarbizitza eratzeko bere buruari eman dion tresna. Politika ez da bizitzeko arrazoi, are eta gutxiago hiltzeko eta gehiago oraindik erahiltzeko arrazoi. Honetara eraman ahal gaituen urte berria hasteak ilusio berriz betetzen nau.

 

3– POLITIKAREN LAUDORIOA

Bai honezkeroz nabarmendu denez, politikan sinisten dut. Ez itsu-itsuan. Ez edozein eratara jorratutako politikagintzan. Ez naiz politikarien aurrean ahuzpezten naizenetakoa. Baina badut politikagintzan eta politikariengan itsaropena eta ustea. Oraindik orain, eta horrela jarraituko dudalakoan nago, zailtasunak zailtasun eta ustearen alderdi ustelak ustel. Eta hau guztia politikaren ontasuna ondorengo hiru konbenzimenduetan oinarritzen dudalako: politika elkarrizketaren eta akordioaren eremua da, politika herritarren eta herriaren aldeko zerbitzua da eta politika elkarbizitza antolatzeko bitarteko landua da.

Hau honela erakutsi didaten pertsona jator askoekin topatzeko zortea izan dudalako dakit. Horrela bizi eta egiten baitzuten eta dute politika. Neurri txikiko politika, "mikropolitika" nahi baduzue baina giza ekimen honen haunditasuna eta jatortasuna bere benetako neurrian agertzen duen politika egiteko era zintzoa.

Ez dugu aitzakiarik beraz 2003. urte berri honetan, politikaren urte izendatutako estreinuko garai honetan. Ekin diezaiogun politikagintzari, geroak eta herriak eskertuko ez badigu ere, nork jakin, ez da eta alperrikakoa izango ez gure herriarentzat ez eta bere geroarentzat. Bukatze aldera JosAnton Artze olerkariaren hitz batzuekin amaituko nuke agian luzetxoegia ere gertatu zaidan ametsez osaturiko idazki hau, eta urte politiko berri on irakurle, bihotzez.

 

(…)

Garai batean aldeak ederragoak zirela…

bai, nork ez daki hori?

Garai bateko aldiak hobeak zituztela…

bai, denok dakigu hori ;

baina lehengoak joan zirenez,

eta gerokoak etorri ez,

orain bakarrik

eta hemen bakarrik bihur ditzakegu "lantzak igitai",

maitasunaren aginduz,

eta hala behar denean "igitaiak lantza",

zuzentasunak beharturik.

Orain ez bada noiz?

Hemen ez bada non?

(…)

JosAnton Artze

"Mundua gizonarentzat atsegina da

baina ez gizona munduarentzat" liburutik jasoa

 

Zegaman, 2003ko urtarrilaren 13an

Xabier Otaegi Goia