Artxibo rtf
(23 - 2002ko Ekaina)

Zer da Burujabetza?

Historiagileok maiz entzun edota esaten dugun esaldia da "Historia errepikatu egiten da", jakinaren gainean egon arren, hori ez dela inoiz gertatzen. Izan ere, gertaera ezberdinen artean antzekotasunak ikusteak ez du esan nahi ingurua bera denik. Kontrakoa ere maiz gertatzen da: antzeko hitz edota pertsonak azaltzeagatik, antzinako egoerak eta definizioak errepikatzen direla pentsatzea. Eta, era honetan, nahasketa nabarmenak sortarazten dira. Burujabetza hitzaren erabilera izan daiteke bigarren kasu honen adibidea. Gaur egun, uneoro eta bereziki ezker abertzalearen eskutik erabiltzen den hitz honek, ez du oso historia luzea gure artean, nahiz eta oso korapilotsua izan. Izan ere, gizarteratu zenean Trantsizio garaian eta Goiz-Argi astekariaren bitartez eztabaida ugariren abiapuntua izan zen.

Baina Historia egiten hasi aurretik, jo dezagun lehenbizi hiztegira. Tresna hauen kontsultak bitxikeri eta egoera adierazgarri ugariren iturri bai dira. Azkueren hiztegia irekita (1903) ez dugu burujabetza hitzaren arrastorik aurkituko bertan. Lizardi izan omen zen, (Orotariko Euskal Hiztegiak dixit) 1934an termino hau lehen aldiz idatziz erabili zuen euskalduna. Bere oso hurbilekoa zen Isaac López-Mendizabalek, dena den, ez du jasotzen bere Diccionario Vasco-Castellanon (1976), Bai, ordea, burujabe, baina Tolosako jeltzale zaharraren adierak ez digu gehiegi laguntzen, hitz horren gaztelaniazko ordaina "Autónomo, independiente" delako. Adiera bera eman zion Placido Mujikak. Garai berean argitaratutako beste zenbait hiztegitan ez dugu aurkitu burujabetzaren arrastorik. Hutsune nabarmenena UZEIren Politika hiztegiarena izan daiteke (1980), bertan ez baita azaltzen ez burujabetza, ez burujabetasun, ezta burujabe ere. Erakunde honek, hamar urte beranduago kaleratutako Zuzenbide hiztegian buru-jabetu baino ez dugu aurkituko eta bere ordaina emancipar agertzen zaigu. Sarasolaren Euskal Hiztegira (1996) edota Elhuyar hiztegira (2000) itxaron behar dugu hitza ikusi ahal izateko, Azken honek subiranotasuna eta independentziarekin lotzen du burujabetza. Sarasola da, nire ustean, definiziorik zuzenena ematen duena: "Herriez mintzatuz, bere buruaren jabe izatea, beste inongo herriren mende ez izatea". Harrigarria da, dena den, euskal arazoaren funtsa omen den kontzeptuak hain oihartzun txikia edukitzea hain ugari diren gure hitz-bildumetan?.

Burujabetza hitzaren erabilpen sistematikoa Anton de Irala eta Bultzagileak taldeari zor zaio. Irala izan zen, 1949an beste jeltzale batzuekin gaztelaniaz izandako eskutitz-trukaketan honako esamolde hau proposatu zuena, askatasuna kontzeptuaren gailurra adierazteko: "Bere buruaren jaube". Bere ustez, aske hitza erabiliko bagenu, horrek animali batek eduki zezakeen egoera azalduko luke. Bere buruaren jabe denak, ordea, ahalmen hori bere beharrak betetzeko erabiltzen du, nahiz eta horrek askatasun gehiago ez eman. Izan ere, eta Maritain, filosofo frantsesaren lanak jarraituz, Iralak gizarte bizitzaren oinarria "betebeharretan" finkatu zuen eta ez "eskubideetan". Burujabe izateko, dena den, pertsonak askea izan behar du eta horretarako baliabide materialak, askatasun politikoa, erlijiosoa, eta abar behar ditu.

Une horretatik aurrera, Iralaren lan intelektualaren ardatz nagusia burujabetza kontzeptuaren garapenera bideratu zen. Berak landutako esanahien artean bat da garrantzitsua guretzako, kasu honetan: subiranotasunaren ingurukoa, alegia. Bere ustez, Euskal Herriak "buru jaube izateko" ez zuen zertan Espainiarengandik banatu behar. Banatzeko eskubideak gerra zibilak ekarri ditu historikoki (Suitza edota Estatu Batuen kasuak) eta Euskal Herriko tradizio historikoaren aurka doa. Horren ordez zera proposatzen zuen, Euskal Herria eta Espainiaren arteko harremanek kide bakoitzaren burujabetza indartu behar zutela, bakoitzaren nortasun eta eskumenak errespetatuz. Erlazio bera egon beharko luke euskal lurraldeen artean. Burujabe izateko aukera arriskuan egongo balitz, orduan bakarrik izango zen zilegi banaketa. Subiranotasuna, beraz, baztertu beharreko kontzeptua zen, subiranotasuna, definizioz, zatitu ezinezko boterea delako. Iralaren elaborazio teorikoaren aplikazio praktiko nabarmenena 1978ko konstituzioaren inguruko eztabaidan ikusi zen, Eskubide Historikoen inguruan EAJ proposatutako xedapen gehigarriak filosofia horretatik abiatzen baitzen. Bultzagileak, izan zen, era berean, abstentzioa eskatzen zuen kanpainaren bultzatzaile nagusia, Espainiako konstituzioak ezin zuelako finkatu zeintzuk ziren euskal herriko eskubideak.

Burujabetza hitzak planteatzen zituen zailtasunen inguruan badugu beste adibide bat. 1977ko hasieran Julen K.k (Julen Kaltzada ¿?) artean kartzelan zegoen José Luis Egireunen hitz batzuk kritikatu zituen. Prentsak ekarri zuenez Egireunek espetxean aldatu egin zen, itxura guztien arabera ETA-tik irten eta LKIn sartuz eta "Euskal independentismotik, Euzkadi bere burujabetzara" defendatzera pasatu zen, azken hau Espainia federalarekin identifikatuz, autodeterminazio eskubidearen ondorio moduan. K.rentzako ezin zen onartu independentzia eta burujabetasuna kontrajartzea. Are gehiago, "nik uste dut, gaur egun Euskadi bere buruaren jabe izateko era bakarra independentzia ematea dela". Hurrengo lerroetan, K.k nahiago zuen estatu subiranoari buruz hitz egin, nahiz eta onartu ez zela gauza bera burujabetza eta independentzia. Gauzak gehiago nahasteko Egireunek erantzunean burujabetza soberaniarekin identifikatzen du.

Konstituzioaren inguruko eztabaidaren ondoren, Iralak ez zuten arrakastarik izan burujabetzaren ikuspegia alderdi jeltzalean zabaltzeko orduan eta laurogeiko hamarkadaren hasieratik aurrera hitza desagertu egin zen garaiko eztabaida gune politikoetatik, azken urte hauetan Ezker Abertzaleak eta beste talde batzuk berreskuratu duen arte. Talde hauek eman dioten adiera, ordea, juxtu Iralak proposatzen zuenaren aurkakoa da, subiranotasunarekin lotzean. Erreferendumaren ideia da, hain zuzen, Iralak, behin eta berriz baztertu zuen ideia, euskal nortasuna berreraikuntza ekintza unilateral baten esku uzten zuelako.

Burujabetzaren kontzeptuak biltzen zituen elementu asko, dena den, berreskuratuak izan dira, nahiz eta, ez dakit ezjakintasunez edota kutsatuak izateko beldurrez, beste hitz batzuk erabili pareko proposamenak egiteko. Horren adibide genuke, Herrero de Miñon eta Ernest Lluch zenak bultzatutako Eskubide Historikoen bidea, Konstituzioaren xedapen gehigarriak eskaintzen dituen aukerak baliatuz. Antzeko bidetik abiatu den beste teoriko bat Ander Gurrutxaga dugu. EHUko soziologo honen ustez ziklo baten amaieran gaude, gaur egungo euskal gizartea definitzen dituzten ezaugarrien eraldaketa fase batean. Industria-sektorean betiko enpresak desagertzen ari dira, lanaren kultura ordezkatua izan da, "unean-uneko erabilpenarengatik eta kontsumoarengatik", bereiziki gazteen artean, aniztasun politiko eta soziala ez da mugitzen, abertzale eta ez abertzaleen artean berdinketa dugularik,erakundeen eguneroko bizitzak garai bateko abertzaletasunaren ikuspegi mitikoa bertan behera utzi du eta bortxakeriak, azkenik bizitza sozial eta politiko oro baldintzatzen du. ¿Nola egituratu gizarte anitz hau? Hiritarren gehiengoak onartzen dituzten funtsezko elementuetan oinarrituz. Horrek, besteak beste, zera eskatzen du, Autonomia-Estatutuaren ikuspegi zabala, osatugabeko puntuak betez eta bere aukerak esploratuz, irakurketa itxiak baztertuz. Hau guztia posible egiteko beharrezkoa da subiranotasunaren kontzeptua berdefinitzea, printzipio politiko "berri" bat onartuz, elkarmenpekotasunera lotutako estatalitatearena. Honek zera eskatzen du politika tradizionalean erabiltzen diren eskumenen arteko muga zehatzen dialektika gainditzea. Ez dirudi Iralak proposatutako bidetik oso urrun aurkitzen denik, baina auskalo. Historia, izan ere, ez da errepikatzen, nahiz eta askotan horrela iruditu.

Mikel Aizpuru