Artxibo rtf
(25 - 2002ko Azaroa)

NORA ZOAZTE EA-EAJ-ELA?

Nora eraman nahi dituzue Errazti-Arzallus-Elorrieta jaun-adreok? Nor zarete zuek Gernikako Estatutua agortua edo hila dagoela erabakitzeko? Egin duzue barne erreferendumik azkenaldian hartu duzuen bidearekin jendea konforme ote dagoen jakiteko?

Maiatzaren 13ko hauteskundeen mezua "soberasnimo"aren

aldekoa izan zela diozue. Hala izan ote zen benetan? Ez ote zuen botoen gehikuntzan ezerk baino eragin handiagoa izan euskararen mundua PP edo PSOEren eskuetan uzteko beldurrak, orain arte eskuratua galtzeko beldurrak?

Euskal herritar gehienok batu gintuen Estatutuaren bide oparoa utzi behar ote dugu nora garamatzan ez dakigun bide batetik jotzeko? Hona hemen gizartean zabaldu duzuen mezua: estatutua agortua dago, eskumen asko geureganatu gabe dauzkagu. Agortua badago, zertarako eskumen gehiago? Beste kontu hau ez duzue zuek hedatzen, baina kalean pertsona zentzudun askok eta askok aipatzen dute: geureganatu ditugun eskumen asko ez dakigu behar den bezala aprobetxatzen.

Herri edo etnia zaleen aroan sortu zen EAJak mesede handiak egin dizkio herri honi, baita geroxeago sortutako ELAk ere eta oraintsuko EAk, baina etnia aberastasunari uko egin gabe, bada ordua era askotara pentsatzen duten pertsona libreen gizarteari garrantzi osoa emateko gure artean, denok osatzen baitugu gizartea, denok eta eskubide berberekin bakoitzak, inongo diskriminazio edo mailakatzerik gabe.

Hirietako joera politikoak aginduko du gerora, bestetan bezalaxe, hemen. Ez duzue ikusten nazionalisten eta ez nazionalisten elkar hartzeak bestek ez duela zabalduko denontzat bidea? Ez dago bidezidorrik, maiz tentagarri izan ohi den bidezidorrik.

Bidea ixtea besterik ez zen izan "Lizarra". Batasuna ta ETA ez ditu halako edo antzeko maniobrak engainatuko. Sartua dute barru-barruan inoiz gauzatuko ez den egitasmoa. Denboraren poderioz, bakarrik geratzeak bestek ez ditu errealitatera bideratuko. Hitz gogorrak dirudite, baina ondo pentsatuz gero, bigun samarrak dira, izan ere askoz gogorrago dira azken hogeita hamar urteotako ETAren ekintzak, inongo zalantza edo konparaziorik gabe.

Hilketak aise irensteko gai den gizarteak usteltzeko ta galtzeko arrisku latza du; ekin beharra dio lehenbailehen sendabideari. Urteak eta urteak igaro ditugu gure minbiziari ezjakinarena egiten. Dena pasatzen uzteak, "bertan goxo" egoteak, kalte sendaezina ekar diezaguke. Minbiziak ez, biziminak ematen dio gizarteari, gizakiari bezalaxe, aurrera egiteko adorea. Biziminak bestek ez gaitzake elkartu etorkizunaren bidean.

Ez dugu Madrili edo Madrilen begira egon behar, ez Parisi edo Parisen begira, geuk konpondu edo egin beharrekoari behingoz serio ekiteko. Ez dakit, egia esan, eta nork daki, zer bide ibiliko duen Euskal Herriak, baina nik ez nuke inoiz-inola LAB edo Batasunaren eskutik urratsik egingo Euskadi Ta Askatasunaren -ETAren- alde.

Iñaki Zubizarreta