Artxibo rtf
(23 - 2002ko Ekaina)

GALDEZKA DATOR KEZKA

Kulturaz eta politikaz idatzi dut noiz edo noiz han eta hemen, batez ere hemen. Azken urteotako idazki xumeoi gainbegiratua eman eta hona hemen galderak eta kezkak berriturik.

Nori ez diote bihotza erdiratzen Iratxe Sorzabalen begiek, haren begirada izuak, edo Unai Romanoren aurpegi desitxuratuak? Ozen salatu beharrekoa da noski, norberari dagokion plazan. Baina ezin inola ere "ETA mátalos" oihukatzen dutenen ondoan mezu hori aldarrikatu.

Nork eman die inor hiltzeko eskubiderik? Ezin inork eman -Goikoaz xuxurlatzen besterik ez dakigun arren, giza mintzo totelean, barkatuko ahal dit halere Berak ausardia!- ezin inork eman, eman lezakeenak ere ez, izatez ontasun huts izanik. "Jainkoa maitasuna da" diosku San Joanek. Gizakioi gogorarazi behar izan zigun nonbait, geure txarrerako grina ikusita, ez inor hiltzeko.

Honela kantatu zuen behinola -behin eta betiko- Lazkao Txiki bertsolariak:

"Hilak pizten ikasi arte etzazula bizirik hil". Eta honela kantatu du oraindik orain Maddalen Lujanbio bertsolariak: Seme-alaba bat hiltzen duenak bere ama ere hiltzen du". Bietara hartzekoa dela esango nuke "bere" hori; bi amak hiltzen dituela, alegia: hilarena eta hiltzailearena.

"Presoak kalera" edo "Presoak Euskal Herrira" diote batzuek oihuka. "Presoak Euskal Herriko kartzeletara" esango nuke nik, esatekotan. Nolatan eska daiteke amnistia, presoak libre beste pertsona batzuk hiltzeko nahi dituztenean? Nori ez zaio oilo larrua ipintzen Ramon Jauregiren hitz hauek bihotzez entzutean: "bakarrik utzi gaituzue, hiltzen gaituzten bitartean".

Nork nahi du benetan Baionatik Tuterarako Euskal Herria, euskaraz eta ingelesez mintzatuko dena, espainiera ta frantses "gorrotatuak" atzendurik? Nik, egia esan, ezin dut halako Euskal Herririk imajinatu, ez da batere naturala ta.

Bi -edo hiru- herrialde bizi gara hemen, euskarak elkartzen gaituenak, baina herrialde bakoitzak badu beste kultura bat ere herritarrak batzen dituena. Batzuek euskara ta espainiera dute berea eta besteek euskara ta frantsesa. Ahaztu gabe, gainera, herrialde bakoitzak bere historia duela.

Baionan frantses hutsean ari dena baino hurbilago dut nik, kulturaz eta historiaz, Burgosen gaztelania hutsean ari dena. Gauza bera adieraziko luke, nik uste, baigorriar batek, hiritarrak alderantziz jarrita. Nork du maiteago Euskadi, historia ahaztu eta ez dakit noren ametsetako lurraldea sortu nahi duenak, desgaraian eta deslekuan, ala historian sustraituriko kultura anitzez landu ta aberasturiko Euskadi edo Euskal Herria nahi duenak?

" Oh Noche que juntaste

Amado con amada,

amada en Amado transformada!" idatzi zuen Gurutzeko Joanek.

"Oi, zein dan ituna

beera-bear au!

Nik ez nai eguna

biurtzerik gau!" Xabier Lizardik. Eta Paul Valéryk:

"Le vent se lève!... Il faut tenter de vivre!

L'air immense ouvre et referme mon livre"

Hitz ederrak dira, ezta hala? Gureak dira. Hori bai, hiru hizkuntzak harmonian bizi daitezen, euskara dugu batez ere bultzatu beharrekoa.

Aspaldi jo zuten euskararen hileta eta oraintsu ere jo dute. Ez dut uste hiletariei harrokeriaz erantzuteko gaia denik, arazoari benetako irtenbideak bilatzekoa baizik. Azken urteotan euskarazko hezkuntzak eta irakaskuntzak eginiko aurrerabidea kontuan harturik, euskarak komunikabideetan daraman abiadura motela kezkatzeko modukoa da. Izan ere komunikabideak dira gaurko munduan hizkuntzaren autobideak. Funtsezkoa da komunikabideok euskarari eusteko ahaleginean bat egitea.

Felix Marti UNESCOko ordezkariak gogoratu zigun bezala, hala egingo ez balute, arazoari irtenbidea aurkitzeko abiadura oso mantsoa izango litzateke, eta zailtasun larriak izango lirateke. Baina komunikabideek lagunduko balute, dena errazago izango litzateke. Euskarak hedabideetan eta plazan prestijio pixka bat hartzen ez badu, ez goaz bide onetik. Euskara hutsean ari direnetan ez ezik, besteetan ere leku zabala ta duina behar du euskarak, herritarroi behar den bezala erantzun behar badigute. Eta eskatu beharra dago hori han eta hemen. Ez da, ordea, agintariei eskatzekoa bakarrik, geure buruari ere eskatu behar diogu. Zer aitzakia du gaur egungo euskaldunak euskaraz bikoizturiko filmak -film onak ere bai tartean- ikustera ez joateko?

Folklorismoan eta haurtzaroan uzten badugu euskara, kultura landuaren eta pentsamenduaren mundua atzenduta, ez ote dago galtzeko arriskuan?

Iñaki Zubizarreta