Artxibo rtf
(24 - 2002ko Iraila)

EUSKAL GIZARTEAREN ZERBITZUAN ABERTZALE

"Abertzalea ni jaio nintzen..." dio abestiak. Abertzalea naiz diot nire buruari. Abertzale bezala azaltzen naiz nire harremanetan. Abertzale izatea nire eguneroko bizitza eratzen doan neure nortasunaren alderdi bat da. Baina zergatik abertzale? Zer da gaur eta hemen abertzale izatea?

Galdera zabalegia eta ausartegia da aurrekoa. Eta agian erantzuteko zailegia. Abertzaletasuna ez baita bakarrik arrazoizko kontu bat, kontzeptua alegia. Sentimendua eta esperientzia ere berezko osagarriak ditu. Baina abertzale garenok horren arrazoibide emateko gai izan behar dugu. Euskal gizarteak hori ere eskatzen digu eta abertzaletasunetik zor diogu erantzun bat, eratutako azalpen bat, corpus edo diskurtso teoriko gaurkoratu bat hain zuzen. Noski, asmo gorenegia da hori idazki batean gauzatzeko eta, gainera, nire ahalmenetatik kanpo dago. Idazki honetan horretarako nire ekarpentxoa besterik ez da azaltzen, nire galderei erantzun asmoz egindako hausnarketa besterik ez. Hala eta guztiz ere aberasten joango naizelakoan nago, ez bakarrik neure kabuz eta nire esperientzien bitartez, beste hainbeste herritarrekin, abertzale izan edo ez, elkarrizketan baizik nagusiki.

Argitu dezadan jarraitu aurretik, hemen euskal abertzaletasunetaz ari naiz. Bai baitago gai honetaz ari garelarik abertzaletasuna esanda guztia esanda dagoela uste duen bat baino gehiago. Euskal abertzaletasunaren aurka ari denean Españako abertzaletasunaren alde ari den askori, sustantiboa baino adjetiboa ez baitzaio ongi iruditzen, eta zilegi da hori ere, baina argi esanez gero. Era berean abertzaletasuna hitzetik hortzera dabilen askori hor geratzen zaio asmoa, hitzetan eta esanetan, eta hemen ere denetik ezagutzen dugu, eskas edo demas jokatzen dutenak.

Abertzale izatea modu oso ezberdinean bizi den balioa da. Batzuentzat balio guztien artean baliotsuena, beste hainbatentzat aukera ezberdinen artean beste bat, zenbaitentzat kontrako balioa, era berean planteamendua bera ere aintzat hartzen ez dutenak badira.

Bestalde, zalantza hauek gaur egungo gure herrietako bizitzan agerian daude. Aukera pertsonalak izatetik haruntzago, gizartera zuzentzen diren galderak dira. Abertzaletasuna garai hauetatik kanpoko gaixotasun anakronikoa dela dioten adierazpenak ohizkoak egiten ari zaizkigu. Abertzaletasuna herriaren geroa ahalbideratzeko egitasmotaz hartzen dute beste batzuk. Zoritxarrez, "aberria ala hil" oihuak ere ondorio mingarriak eta gordinak ekarri ditu hainbat eta hainbat familietara, aukerak aukera eta pentsakerak pentsakera, pertsonaren duintasuna erasotua edo apurtua gertatu denean. Puntu honetan ere aukera ezberdinak egiten ditugu, elkarri zor dizkiogun eskubideak ukatzen ez ditugun neurrian gizartearen aniztasunaren eta aberastasunaren agerbide eta ondasun.

Gaurko euskal gizartean euskal abertzaletasunaren balioa

Nire ustez, euskal abertzaletasuna da gaur egun euskal gizarteari erantzun egokiena eman dezaioken egitasmo politikoa. Tesi hau arrazoitzen saiatuko naiz segidan, gaur egun zalantzan jartzen den baieztapen honen aldeko pisuzko argudioak baitaude nire ustez.

Azken hogeita bost urte hauetan euskal abertzaletasuna izan da euskal gizarteak egindako hauteskundeetan emandako aginduari jarraituz gure herriaren erakundeetan gidaritza politikoa eraman duena. Hau horrela gertatu da egun Euskal Herriak ahalmen eta aginte politiko-instituzional haundiena duen lurraldeetan, Euskal Autonomi Erkidegoan hain zuzen. Ezbairik gabe, ez da dena ondo egin. Hutsuneak, zailtasunak eta porrotak ere egon dira. Baina lorpen bikainak lortu direla ere ezin inork ukatu. Euskal gizartea orain hogeita bost urte zena baino indartsuagoa da, bai kulturalki, politikoki, sozialki eta ekonomikoki. Gure herrietako azpiegiturak dira horren agerbide garbi. Gure herritarren bizimodua da horren lekuko. Eta neurtzaile sozio-ekonomiko guztiek azaltzen dute izan dugun aurrerakuntza nabarmena.

Egia da, hau ezin dugu izkutatu, bere pentsakeragatik mehatsupean eta bizkarzainez inguratuta, bildurrarenpean herritar asko bizi da gure herrietan. Askatasunak ez du gure herrietan aske ibiltzeko betarik. Hori garaialdi honen hutsune larria da, eta guztion porrota. Ez bakarrik euskal abertzaletasunarena. Eta erantzule garbiak ditu, ETA eta bere borroka armatua ontzat hartu eta defendatzen dutenak. Jasanezina den errealitate honi denon artean aurre egin behar diogu eta hortik doaz egiten eta hartzen ari diren egitasmoak (Arkauteko seguritate mahaia, Eudeleko akordioa eta abar)

Baina hala eta guztiz ere gure herriaren garapen politikoak aurrera jarraitu behar du eta honetan 2001eko maiatzaren 13ko herriaren aginduz euskal abertzaletasunak du erantzunkizun nagusia. Zer eskaini dezaioke euskal abertzaletasunak Euskal Herriari? Zer eskatzen dio Euskal Herriak gidaritza politikoa agindu dion euskal abertzaletasunari? Nire ustez, euskal abertzaletasunak orain arteko ibilbidean ardatz izan dituen hiru irizpide eta jokamolde nagusietan bildu daiteke erantzuna eta eskakizuna den egitasmoa. Eta horiek dira euskal abertzaletasunaren berezko nortasun alderdiak eta egungo erronkak.

 

Euskal abertzaletasunaren egungo erronkak

Lehenik, Euskal Herriak, herri bat denez, dituen eskubideak eta hauek bizitzeko eta garatzeko berezko duen ahalmenaren defentsa, aldarrikapena eta burutzea dagokigu. Abertzaleak gara eta gure aberriaren aldeko apustua dugu goiburu.

Hemen kokatu daitekeela uste dut Eusko Legebiltzarrak uztailaren hasieran egin berri duen autogobernuari buruzko ebazpena. Gernikako Estatutua guztiz garatua egon zedin garaia aspaldi bete zen. Hori ez da inork eman behar digun oparia. Gure eskubideetan oinarritutako betegabe utzi den hitzarmena da. Gehiago oraindik hauteskundeetan herriak emandako eta onartutako hitzarmena eta agindua da. Eusko Legebiltzarrak bi hilabeteko epea eman dio Españako Gobernuari gai hau nola jorratu eta garatu jasoko duen plangintza bat egin dezan. Irailean zerekin aurki gaitezkeen aurreratzea asmakizunen jokuan sartzea litzateke, baina ez dirudi aldaketa nabarmenik gertatu daitekeenik. Zer da urratu behar den hurrengo pausoa? Aldarrikapen honetan zertarako eta noraino dago prest euskal gizartea?

Euskal gizartea ez dago gaur egun nora eraman gaitzakeen ez dakien abentura soberanista baten alde itsu-itsuan jokatzeko. Kontrakoa pentsatzea ameskeria bat da. Gure herrian dagoen bizitza modu eta kalitate maila altuari uko egiteko prest ez daude euskal herritarrak. Ongi bizi gara, eta ondasun hori zalantzan jarriko lukeen balizko etorkizunaren alde egitea aurrez galdutako apustua iruditzen zait. Zer egin orduan?

Ongizate egoera honetan zeresan haundia du euskal erakundeetatik jorratu den autogobernuak. Gure gizartea eratzerakoan geure buruari eman dizkiogun bitarteko eta baliabideen kudeaketa ongi egin dugu. Bertatik hobeto. Eta honen erakusgarri izan daitezke hezkuntza edo osasun sare eta zerbitzuak adibidez.

Beraz, gure autogobernuaren aldarrikapenean hau izan behar da euskal abertzaletasunaren jokabidea: autogobernuaren kudeaketa onarekin jarraitzea. Hau da eskaini behar duguna: gure bizitza kalitatea hobetuko duen ahalmen politiko-instituzionalaren gauzatzea. Euskal gizartea aurrerakoiagoa, solidarioagoa eta banatzaileagoa, azken batean bere baitan nahiz kanpoko herriekiko, askeagoa eta justuagoa izango den gizarte baten proiektua eta berau eratzen joango den egitasmoaren eskaintza egin behar dugu.

Honetarako, orain arte egin dugun lanarekin jarraitu behar da, estatutuaren gauzatzea aldarrikatu bai, baina bere orain arteko garapenak eman dizkigun ahalmenen kudeaketa eginez eta hobetuz, euskal erakundeen indarra eta lidergoa bultzatuz eta beraien baitan gobernatuz (nahiz Eusko Jaurlaritzan, nahiz Aldundietan, nahiz Udaletxeetan)

Honetarako euskal herritarren aldekotasuna irabazi behar dugu, egitasmo honen ontasunaz herritargoa konbentzituz, bere balioa agertuz eta ez bakarrik zor zaizkigun eskubideen baitan dagoen aldarrikapena eginez. Azken batean, eraginkorragoa iruditzen zait honetarako, subiranotasunaren eta autogobernuaren bitartez lortu nahi dugun kudeaketaren eta ongizatearen diskurtsoa, erretorika huts bezala jaso daitekeen subiranotasun eskubidearen aldarrikapena baino.

Bigarrenik, erradikalak edo muturrekoak izaten jarraitu behar dugu giza eskubideen defentsan. Hau da, politika etikan oinarrituta egin behar dugu. Euskal abertzaletasunak historikoki duen izate eta ibilbide humanistaren ildoa da gurea, horrek lotzen gaitu gure aurrekoekin eta nortasun ezaugarri hori harro aldarrikatzeko modukoa dugu. Demokrazia eta etika hainbestetan gorapaitu ez ezik erabili ere egiten diren garai hauetan betikoa izan den euskal abertzaletasunaren jarraibide gizakoiaz ezin gara ahaztu, inor ez baita gu baino gehiago honetan. Gizaki ororen aldeko abertzaletasuna da gurea.

Beraz, gure proiektu hau muturrekoa izan behar du giza eskubideen alde jokatu behar denean, egoera guztietan eta eraso guztien aurka. Egungo gure gizartean honek bi jarraibide nagusi eskatzen dizkigu.

Batetik, borroka armatua eta indarkeriaren arrazoia ekimen politikoa jorratzeko zilegi hartzen dituztenen aurrean irmoak izan behar dugu, hori ez dugu onartzen, ez da bide etikoa eta. Beraz ez da gure bide politikoa, komenientzi politiko taktiko eta estrategiko guztien aurretik eta gainetik. Ondorioz ETA eta honen ekimenaren inguruko bortxakeria guztien aurka egon gara, gaude eta egon behar dugu. Era berean estatuek giza eskubideen aurka egiten dituzten eraso guztien aurrean egon gara, gaude eta egon behar dugu. Eta horrela agertu behar dugu gure burua Euskal Herriaren aurrean.

Bestalde, demokraziaren eta agintearen erabilpen autokrata guztien aurka ere egotea eskatzen digu gure izateak. Horrelako erabilpen sasi-demokratak agerikoegiak dira azken aldian (PPk bultzatu duen Partiduen Legea esaterako) eta horrelako jokaeren babesle ezin gaitezke izan.

Hirugarrenik, abertzaletasunak berekin duen nazio eraikuntzak bere baitan darama gizartearen osatzaile eta eratzaile izateko asmoa ere. Euskal abertzaletasunak euskal gizartea du helburu, eta horretan gizartearen eraikuntza, integrazioa, osaketa eta eraketa dira bitarteko. Ondo antolatutako gizarte sendo bat dugu xedetzat.

Politika, jatorriz, herritarren arteko bizikidetza antolatzeko beharraren ondorioz sortua da. Hori ezin dugu ahaztu. Ekimen eta alderdi politiko guztiek izan behar dute hori kontutan. Herrian eta gizartean hausturak sortzen dituen ekimen politikoak bere balioa galtzen duela iruditzen zait. Are gehiago ekimen politiko batek gizartearen eraikuntzarako tresna eta bitarteko den neurrian balio duela esango nuke. Ekimen politiko bat azken helburu bihurtzen denean bere izatearen arrazoia galtzen ari baita.

Beraz, gizartearen zerbitzura dagoen ekimen politiko integratzailea eta bateratzailea den euskal abertzaletasuna dugu proiektutzat eta hori da euskal gizarteari egiten jarraitu behar dugun eskaintza. Euskal gizarteak ez baitu aurkakoen arteko politika apurtzaile eta frentista nahi, politika eraikitzailea eskatzen du. Honek ez du esan nahi politika pasiboaren aldeko apustua, benetazko jardun eraikitzailean, elkarrizketan eta akordioetan oinarritutako politika egitea baizik. Euskal abertzaletasunaren praxia ere honen lekuko da.

Garrantzizkoena, euskal herritarren hitza eta erabakia

Hiru jarraibide hauek (aberriaren eraikuntza, giza eskubideen aldeko jarrera eta gizartean bizikidetza hobetzea) dira nire ustez euskal abertzaletasunak bere baitan dituen ondasun eta aukera nagusiak. Horregatik naiz gaur eta hemen abertzale. Eta horregatik uste dut euskal herritarrei gaur egin ahal diezaiekegun eskaintza hoberena euskal abertzaletasunarena dela.

Guri ahalik eta ondoen eskaintza egitea dagokigu. Erabakia euskal herritarren esku dago. Hauxe baita azken finean euskal abertzaletasuna nabarmen bereizten duen jokabide garrantzitsua: euskal herritarren aldeko zerbitzuan, hauek esandakoari lotzen gara, begirunez eta konbentzimenduz, herriaren hitza aldarrikatzea eta ahalbideratzea ez ezik, berau betetzea eta gordetzea baita gure izatearen arrazoia.

Xabier Otaegi Goia

(2002ko uztailaren 27a)