Artxibo rtf
(22 - 2002ko Apirila)

ETAren martxo eta apirileko komunikatuak eta Aralar operazioa: zulora bota eta segi aurrera

ETAren adierazpenak

ETAren adierazpenak beti ulertu behar ditugu MLNV-ren orkestraren musika tresna gisa. Eta bera eta gainontzeko tresnen artean (MLNV-eko erakunde ofizialak eta ez ofizialak kasu) halako elkarrizketa bat sortzen dute publikoari begira efektu bat lortu nahiez. Zer da momentu honetan sortu nahi den efektua? Horixe da geure buruei egin behar diogun galdera, izarrak eta artizarrak arakatzen hasi baino lehen. Burukide abertzale asko baitago egia eta errealitatea, MLNV-ri dagokionez, adierazpen hauetatik urrun ikusi nahi dituena. Baina ez: engainuaren lerdea bazter guztietatik isuri arren, batez ere gure herri askatasunari eta gure aberri egitasmoari begira, badira kontuan hartu behar ditugun esaera biribilak ere komunikatu hauetan. Hitzontzi puztu horretatik bereizi behar ditugu egiazkoak eta gezurrezko esamoldeak. Hori da lan xume honen helburua.

Martxoko komunikatua dela-eta, argi eta garbi planteatzen da herri askatasunaren aitorpen hutsalen atzetik dagoen gerrarekin jarraitzeko asmo zitala: "Tarte honetan asko izan dira ETAri bere armak uzteko eskatu diotenak ere; ETAk bere indar armatua errepresioa eta gatazkaren luzapenaren aldeko apustua egin duten eta egiten duten aurka erabiltzeko apustua egiten duela da Euskadi Ta Askatasunaren erantzuna, herriaren defentsan eta etsaien erasoan erabiliko dugula gure indar armatua" (ETAren komunikatua, GARA 2002-3-31). "Errepresioa" eta "gatazkaren luzapenaren aldeko apustua egin duten eta egiten duten aurka" zuzenduko dituela bere aleginak gure erakunde armatuak! ETAk, noski, isildu egiten du errepresioa dela berak nahi duen erantzuna, horren kontura jantzi nahi dituela justizi itxuraz bere ekintzak. Eta "gatazkaren luzapena" du erakunde armatuak helburu, erantzun "errepresiboa"ren arrimuan bere ekintza iraultzailea baitoa jendea garbituz eta erasoz. "Gatazkaren luzapena", bestalde, ez da bakarrik ekintza/errepresio espiralaren ildotik doan ondorioa, baizik eta modu ireki batean lortu nahi dena; ETAk beste testu batean hauxe baitio: "orain dela urte batzuetatik hona, ETAk aukera hartu du desgaste gerra prolongatuaren alde" (Ignacio Sánchez-Cuenca, ETA contra el Estado, 2001, Tusquets, 104 orrialdea). "Gatazkaren luzapena" da ETAk darabilen estrategia, Mao Zedong zaharraren irakaskuntzen ondotik (ikus txinatarraren lantxoa, "Gerra herrikoi eta prolongatuari buruz"). Beraz, aurkakoa dioenean pentsatu beharko dugu estrategia informatibo baten aurrean garela eta besterik ez. Erakunde armatuaren beste gezur baten aurrean. Hori bai: egia dio esatean pertsona eta erakunde etsaien kontra erabiliko duela bere "indar armatua".

MLNV-ek jartzen eta aurkezten dituen baldintza guztiak gatazka luzatzeko eta areagotzeko eginak dira: "autodeterminazioa", "prozesu politikoa" eta halako kontzeptuak eraikin faltsuak ditugu luzapen eta areagotze horri karburante politikoa emateko. ETAk baitio –eta orain erdarazko bertsioa erabiliko dut, euskarazkoa aldrebesa eta ulertezina egiten delako- Aberri Egunean alderdi politikoek botako behar zituzten mezuei buruz: "desgraciadamente, habrá quienes dejarán a un lado en esos mensajes las causas del conflicto y quienes vean eso que llaman paz en la desaparición de las consecuencias del mismo, sin mencionar en absoluto el contexto de sumisión a los Estados que atacan a Euskal Herria". ETAren bakea ez datza, beraz, jendea ez hiltzean ala jendearen askatasun pertsonalaren mugapenen ezabatzean, ETAk "la desaparición de las causas del mismo" eufemismo lotsagarriz izendatzen duena; heriotzak eta askatasun mugapenak jarraitu dezakete aurrera eta bakea, ETAren bakea, gertatu. A ze paradoxa! ETAk ohitura bihurtu baitu hitzei kontrako esanahia ematea. Kasu honetan, zigor kapitalaren ezarketak ez du bakea oztopatzen; lehendik jakin behar genuen: ETAk hil egiten du benetako bakea lortu dadin. Etengabeki ber-egokitu eta ber-haunditzen diren hilerrien bakea. Borreroen bakea.

Ba dio ere: "segi dezagun herria eraikitzen, Euskal Herri gisa bizitzeko behar ditugun tresna juridiko-politikoak antolatuz eta hauek funtzionamenduan jarriz". Nola gauzatuko da errealitate miragarri hau? Gauzak eraikitzen hasi baino lehen, etxea jaso baino lehen, lurra garbitu beharra dago, "orube" bat sortu behar da, eta horrengatik dio ETAk: "Euskal Herria krisian dago. Bere buruaren jabe izaten uzten ez dioten instituzioak dira nagusi, gaurko eta biharko erronkei euskal ikuspegi herritar batetik erantzuteko aukera txikiena ere ez dagoelarik. Orain arteko autonomi estatutu eta egitura instituzionalek ez dute gehiago balio Euskal Herriaren askatasun bidea oztopatzeko". Euskal instituzioek ez dute bide hori oztopatuko ETAren asmoz txikituak izan behar dutelako, gure instituzioak apurtzeko aukera gardena hartu duelako bai erakunde armatuak eta bai MLNV guztiak, beraiek sortutako erakunde klonikoetan "aberri eraikuntza" oinarrituaz. Gure hezkuntza sistema zaborretara bota, gure Kontzertu Ekonomikoari muzin egin, gure komunikabide instituzionalak etsaien menpe utzi; lehendakari español baten apustu garbia berresten du ETAk horrela. Hori da bere "aberri eraikuntza" egitasmoaren hastapeneko pausoa: daukagun burujabetza zapuztea eta benetako abertzaleak botererik gabe uztea.

Lehen esan dugunez ez da gauza ona ETAren mezua bere bakarrean hartzea: kasu egin beharko diegu ere beste lekuetatik datozen ahotsei; hauek ere bere txokotxoa dute MLNV-eko orkestran.

 

"Indarrak uztartzen, zubiak eraikitzen" EA, AB, Batzarre, Zutik eta Aralar indarren manifestua

Zenbait burukide abertzaleek, bakea goizetik gauera lortzeko alegin abia azkarrekoen zurrunbiloan murgildurik, behin eta berriz hanka sartu egin dute eta egiten dute. Manifestu hau dugu, izan ere, horren eredu. MLNV-ren atzaparretatik zenbait erakunde eta pertsona erakartzen ari dela pentsatuz, EAk manifestu burugabe hau izenpetu du. Hain berezko zaion ikuspegi edipikoa praktikan jarriz PNV baztertua izan da eta abertzaleak ez diren hainbat erakundeekin bat egin du lotsagarriki. Baina hori ez da okerrena: zein mugitu da Aralar ala EA? Zeinek erakarri du bestea? Irakur dezagun manifestuaren ataria: "nahiz eta Euskal Herrian arazo politiko desberdinak gertatu, guztien gainetik demokrazia eskasia da nagusi. Hein horretan, demokrazia gehiago murrizten duten ekintzak ala euskal hiritarren esperantza eta borondatea ukatzen dutenak ez dute ezer onik ekarriko Euskal Herriarentzat". Manifestuaren arabera irudiko luke Euskadin ez dela heriotzarik ala askatasun murrizketarik gertatzen. Eta omisio honek badu bere pixua: "demokrazia eskasia" baita ere ETAren Alternatiba Demokratikoaren ardatz nagusia; "demokrazia eskasia" baita ETAk darabilen aitzakia hiltzen jarraitzeko. Hauxe da EAk egin duen mugimendua: ETAren diagnostikoarekin bat egitea eta hainbat aldiz defendatu eta aldarrikatu dituen arau etikoei iruzur egitea. Ez baita batere etikoa, bizi dugun egoera kontuan harturik, heriotza, gogorkeria eta askatasunaren murrizketak aintzakotzat ez hartzea "demokrazia eskasia"ren aitzakiz.

Ez dut horrengatik EAko burukideen saioaren borondate ona eta bakezko intentzioa ukatzen. Arazoa da beste askok bide horri jarraitu diotela pentsatuz arau etikoen beherapenak bakea ekarri dezakeela; eta hori ez da sekula gertatzen. Bakerik eta arau etikorik gabe gelditzea da guzti horren ondorioa. Aralar-ek, beraz, lortu du nahi zuena: MLNV-ren gogorkeri eta politika konbinaketari egiten zaion hesiari zirrikitu bat eragitea. Su etena eskatzen dela? Su etenaren alde jokatzea dela Aralar-en asmoa? Argi ditugu, lehen apartatuan, ETAren eta MLNV-ren gerrazko hitzak, asmoak eta ekintzak. Hori kontuan hartzen ez duen su eten eskaerak esperantza faltsuak ereiten ditu eta gerrazko estrategiaren laguntzaile bilakatzen da. Gerra ofentsibarik puntakoenetan beti baitaude, etsaiaren borondatea makurrarazteko helburuaz, bake aldarrikatzaile paraleloak. Engainua beti dator bat MLNV-ren heriotza estrategiarekin, eta horretan Aralar MLNV-ren laguntzaile beharrezko gisa jokatzen du; eta gainera EA engainatzea lortu du. Ez da laguntza kaskarra. Eta gainera MLNV-ren "demokrazia eskasia" diagnostikoa plazaratu. Ez dira tontoak, ez, Aralar-ko kideak. MLNV-tik taktikoki banatu bezain pronto lortzen hasi dira erakunde amarentzako fruitu oparoak.

Eta engainuaren bidetik beste aurrerapausoa ematearren, hara ETAk, Aberri Egunean gertatutakoen ondorioz, opa digun beste komunikatua. Bertan ETAk Aralar-ko operazio guztiari kobertura politikoa ematen dio inongo lotsarik gabe: "Euskal Herria armaz zanpatua dagoenean, borroka armatua alde batera uztearen deia irain larria da" dio ETAk Aralar-i, bere bake borondatea ezin garbiago erakutsiz, armak sekula utziko ez dituela esanaz. Eta irakur dezagun ere komunikatu horretan azaltzen den gonbidapen zinikoa: "Euskal Herritarrok beldurra gainditu eta nork bere ahalen arabera eta ongien irizten dion sail eta arlotan Euskal Herriaren defentsa eta eraikuntza lanetan tinko eta gogotsu aritzeko garaia da (...) badago zer desegin, eta borroka horretan ez dago inor soberan, ez ahalmen gutxi duelako ez eta erabiltzen duen borroka moldeagatik" (Euskadi Ta Askatasunaren agiria Euskal Herriari, GARA 2002-4-4). Hain zuzen ere, horretan da buru belarri Aralar saiatzen eta horretan arituz lortu du eta lortuko ditu emaitza ezin hobeak gerrak jarraitu dezan bere bidetik eta MLNV garaipen arnasaz puztu dadin.

Aralar eta ETAren arteko eztabaida, beraz, MLNV-eko orkestraren elkarrizketa musikatua da elkarri botako irain zipristinen bitartez herria eta alderdi politiko abertzaleak berriro engainatuak izan daitezen. Su eten batetarako presio tresna gisa ikusten baita Aralar, eta nola presionatu kontakturik eta adostasunik ezpada? Patxi Zabaletak ETArekin izandako bilerak ongi erakusten du eztabaida kanpoitsusi guztiak gorabehera Aralar eta erakunde armatua kapazak direla mahai baten inguruan biltzeko eta estrategia amankomuna ederki tajutzeko. Beti bezala. Eta aurrerantzean ere.

Elorrioko bakezaleak

Egia da MLNV zenbait arlotan indarrez nahiko pattal dabilela, batez ere joan den urteko hauteskundeak eta gero. Baina hau egi erdia besterik ez da, eta agian egi laurdena. Kontuan izan dezagun MLNV-ek Euskalerriko gaztediaren zati bat sekuestratu egin duela, ideologikoki programatu eta borroka odoltsuenerako prestatu. Inoiz baino jende gutxiago bada gaurregun borroka armatua eta gogorkeriaren alde gure Euskalerrian, egi larriagoa da ere sekula baino jende gehiago dagoela ETAn eta gogorkeri taldeetan sartzeko prest. Batetik galdutako indarra beste alde horretatik irabazi dute, eta ez makal. Elorrion gertatutako "gazte topagunea" horren eredurik garbiena da. Bertan bildutako 21.000 inguru gaztetatik askok MLNV-ren estrategia politiko militarra ederki lodituko dute, beraien biziak horretan emanaz eta besteen biziak horrela kenduaz.

Baina topagune hau ez da interesgarria bakarrik MLNV-ren errekanbioa eta jarraipena ikusteko. Gazte horiek ze ideologiatan programatuak izango diren antzemateko aukera ere ematen zaigu. Hein horretan, Jon Salaberria MLNV-eko parlamentariaren deklarazioek topagunea dela-eta ederki asko erakusten digute gazte mugida horren kolorazio ideologikoa: "Euskal Herrian iraultza independentzia eta sozialismoaren eskutik etorriko da"; hau da, gure herria eta gure aberri askatasuna instrumentalak dira huts hutsik "iraultza" gertatu dadin: "gure borroka eredu bihurtzen ari da zapalkuntzei aurre egiteko orduan, bi ikuspegi batu ditugulako, nazio askapen prozesua eta eraldaketa sozialerako bide bat hain zuzen ere". Infernuzko ezkontza horretatik sortu da MLNV-ek 30 urte hauetan gauzatu duen errealitate odoltsua, eta bidebatez "nazio askapen prozesua" "eraldaketa soziala"ren jopu bihurtu du, gure aberriaren askatasun konkretua zapuztuz.

Gazte topagune honek ederki erakusten digu inoiz baino sakonagoa dela benetako abertzaleak eta MLNV-ren artean dagoen leizea. Madrileko kazetariren batek sartzeko aukera edukita, ez luke Sabin Arana eta Agosti Xaho eta halako arrazisten arrastuaren usainik topatuko bertan, aldiz, etxean bezala sentituko litzateke globalizazioaren kontrako hainbat eta hainbat ekintza ikusita, mundu guztitik eta Espainiatik etorritako hainbat talde iraultzaileekin topo egingo luke, eta beraiekin gizarte berri batean amesteko aukera izango luke. Gizarte berri horretan amestu ahal izateko, Elorrioko gazte topagunean "Euskal Herria Gorria gunea" eraiki zen, non eta "en un ambiente rebelde y revolucionario, en esta área, sentaremos las bases de la futura Euskal Herria, como el socialismo, el feminismo, el internacionalismo, la construcción de Euskal Herria y de Europa, la sexualidad..." . Etorkizuneko Euskalerria gorriz pintatua. Etorkizuneko hilotzen odola gorriz.

Hori bai: Euskalerri honetan dagoen gaztedi kontzientzia politikodun bakarra MLNV-ek du beste alderdien, eta batez ere alderdi abertzaleen, utzikeria galantaz. Mendebaldeko bazter honetan kapaza izan da MLNV borroka armaturako prest dagoen gazte mugimendua eratzeko. Beren meritua da eta gainontzekoen erru ikaragarria. Bakerik ez da izango gerrazko ideologiekin lehian sartu gabe; aberri askatasunik ez da izango abertzale faltsuak desenmaskaratu gabe. Hori du abertzaletasunak zeregin, zeregin luzea. Elorrioko gazte topagunea MLNV-eko indarraren eta gainontzekoen ahuleziaren seinale da. MLNV-ren borondatez gatazka luzatu daitekeenaren seinalea.

 

Imanol Lizarralde