Artxibo rtf
(23 - 2002ko Ekaina)

AZKEN BORROKARUNTZ? GORA EUSKADI!

Bolada honetan dudan sentimendu sakon bezain, niretzat behintzat, argi baten haritik natorkio paper garbi honi, ordutik hona izan ditudan zenbait burutapen eta gogoeta huste aldera.

Martxoaren hogeita bateko arratsaldeko lehen orduak. Ongi joandako lan bilera baten ondoren kafe baten atsedena dagokidala eta taberna batera sartzen naiz. Berehala pizturik dagoen telebistak darion berriak zartada eragiten dit. ETAk Orion PSEko zinegotzi bat erahil du, neroni bezala kafe bat hartzeko asmoz etxe ondoko tabernara joanda zegoelarik.

Honelako berriei darraikien zehaztapen eta jira-bira mediatiko eta sasi-politiko guztien gainetik (bizkarzainei ospa eginda ibiltzea, udalean zituen harreman normalizatuak, alderdi politikoen ohizko gaitzespenak eta betikoen aitzakiak, kanpoan jaioa izanda ere zuen herriarekiko atxekimendua, PSEko zinegotzi izatea, ETAren ustezko ekintzaren susmoak...) irudi batek eragiten dit danbatekoa: telebistan oraintxu erahildako gizona ikus daiteke, bezpera egunean, Lasarteko hilerrian urtebete dela ETAk erahildako alderdi bereko zinegotziaren oroimen eta agurrezko ekitaldian. Gizon helduak ikusten dira, adinduak, bakoitza bere historia, ideologia eta bizitzaren jabe edo zordun, kantatzen ari dira, tonuera grabez, etsipenez tintaturiko tinkotasunez, eztarri nekatuz: "Agrupémonos todos en la lucha final, que se alcen los pueblos con valor..."

Ez da kantaera fina, baina sentikorra gertatzen zait, adierazkorra bezain adierazgarria... bizitzaren duintasunaz eta ahuleriaz mezu bikaina dario ikus-entzun dudanari...atzo eta gaur...bizitza eta beronen apurtzea... herritarrok erahilez herria herio leizera daramatenen apustua... eta, kantuaren izpiritua berraldatuz, nire barnetasun minduak kantuarekin bat eginez gure herriaren aldarrikapenaz haratago kemen-garraxi izan nahi lukeen batasunerako eta ausardirako dei oihukatua mamitzen du: GORA EUSKADI!

Bai, batasun beharra dugu, batasunetik baitator indarra...

Bai, denok izan gaitezen, guzti-guztiok baikara herria...

Bai, borroka gaitezen, ezin baitugu erahilketa bitarteko politikotzat onartu...

Bai, azken borroka baita lehena, bizitza baita abiapuntu eta helburu...

Bai, altxa bedi gure herria, makurkeria gaindituz, duintasunez eta askatasunez...

Bai, ausardiz jantzi gaitezen, beldurra soinean badugu ere...

Bai, Gora Euskadi!, batu zaitez, borrokatu, altxa, bizi...

 

Gure herri honetan bizi garenon artean zaila da herritarrok buru-bihotzez benetan elkartzen gaituen zerbait aurkitzea. Badira bai topagune bihurtzen diren sinboloak (futbola esaterako), elkargune ditugun momentuak (herriko jaiak akasu) edota elkarlanean biltzen gaituzten proiektu kulturalak edo ekonomiko-laboralak zein sozialak. Eta hau guztia ez da gutxi, baina nahikoa ote?

Euskal gizartean ezin uka daiteke pertsonen arteko gizarte topaketa sakonik ematen den giza talde zabal edo udalerri bat aurkitzea zaila dela. Mesfidantzaz, axalkeriaz, ixilpeko jardunaz, taldekeriaz, izkututako pentsakeraz eta iritziz inguratuta bizi gara. Eguneroko jardunean beldurra eta zuhurtasuna geure-geureak egin ditugu gure gizarteko harremanetan.

Nire iritziz, guzti horren izkutuko arrazoia bizi dugun indarkeria politikoaren eragina da. Indarkeria politikoa zatikatzen gaituen lubaki asegaitza eta zikoitza dugu. Indarkeria politiko honek gaixotu egiten du gure herrietako bizitza, egoera gaizto eta zurrunbilotsu batean murgilduz.

Indarkeria politiko honek modu ezberdinetan erasotzen du gizartea. Bada ETAren ekintza armatua, bada pertsonen eta hauen ondasunen aurkako bortizkeria, bada kale-borroka, bada iraultza zerga izeneko lapurreta garbia, bada herriaren borondatearen bitarteko direnen aurkako jarraipen bortitza eta lotsagabea, bada... eta ohituak gaude zoritxarrez horrekin guztiarekin irauten, ez baita zilegi bizitzen esatea. Agian geure buruan jasotzea ez zaigulako gertatzen, oraindik behintzat.

Guzti horrekin batera ere, ezin uka, indarkeria politikoak baditu beste eragile eta gertaera gaitzesgarri. Torturak, espetxeetan dauden presoak jasatzen dituzten erasoak eta eskubide urraketak, Estatuko indarrek daramatzaten estrategia sasi-judizialak, izanda estatu terrorismoa ere...

Garbi utz dezadan hemen eta orain. Gertaera eta ekintza guzti hauek dira nazkagarri bezain salagarriak. Denak, salbuespenik gabe, eragileak eragile, eta sasi-arrazoiak esplikazio-justifikazio bide. Gai honetan ez dago eragileen eta "gure" eragileen arteko ezberdintasunik, ezta ere arrazoiaren eta eskubideen eta gure "bai, baina..." artekoen ñabardurarik. Era berean, indarkeria batek ez du beste indarkeria bat legitimatzen inolaz ere, historikoki nola eta noiz gertatu denaren arabera edo beste edozein arrazoi dela eta. Hemen ez dut salbuespenik nabaritzen, are gehiago ez eta onartu beharrik ikusten ere: indarkeria eta bortizkeria ez dira bide zilegiak herrigintza eta ekintza politikoa garatzeko eta gauzatzeko.

Halaber berresan dezadan, indarkeria bat gaizki baldin badago gaizki dagoela. Aspertuta bainago "besteen" indarkeriataz baliaturik norberarena edota norberaren ingurukoena etikoki berdin baloratzen ez duen jendearekin hitz egiten edota honelako iritziak hedabideetan atzematen.

Gainera, oreka faltsuaren derrigortasunak ere nekatuta nauka. ETAren burugabekeriazko jardun etikagabea salatzerakoan zergatik eskatzen zait berehala presoen dispersioaren aurka jardutea? Edota, torturataz ari baldin banaiz zergatik ETAren aldeko jarrerak bultzatzen aritzeko arriskuan erortzen ari naizela ohartzen naute? Ez, ez dut onartzen. Hemen ez da tarteko biderik edo kokapenik.

Indarkeria politikoak zatikatzen gaitu, ahultzen, erahiltzen bai gizaki nahiz gizarte eta herri bezala. Ba al da bada, izenean ere ez dela, gure Euskalerria, Pais Vasco, Euskadi, Vascongadas, España, Estatu española, Hego-Ipar Euskal Herri, Erkidego, Foru Komunitate, nazio, nazionalitate, komunitate autonomo, lurralde historiko/histrioniko... santu honetan/hauetan "espainolista eta abertzale, biolento eta demokrata, unionista eta soberanista, indio eta bakero, zuri eta beltz" elkartzen gaituen zerbait?

Nik baietz uste: bizitza dugu batasun (giza-eskubideak) eta bizi-nahia etorkizun (herriaren hitza). Bi zutabe hauek dira niretzat gure herria bizi dugun egoera tamalgarri honetatik ateratzeko behar ditugun "arraunak". Boga egiteko garaian gara. Txanpa ona hartzeko ontzia itsasora bota behar da. Lurra iraultzeko bi "idi" hauek uztartu. Hara hemen gure ekina.

Ekin diezaiogun bada eginkizun dugun borroka honi. Asko dira landu beharreko egitekoak, pausoz-pauso jorratzeko bideak anitzak, ditugun zailtasunak eta mugak ere azalduko zaizkigu, baina zerk geldiaraziko gaitu geure aberri dugun herri eta gizarte honen aldeko erronka latz honetan? Zerk akituko gure herrietako gizon-emakumeei, geure aberkideei, zor dizkiegun eskubideen aurka doazenen erasoei aurre egiterakoan?

Garaia da. Ez du inork abiatzeko deirik joko. Ez eta beharrik ere. Ez dezala inork espero inork hitzordua jartzea. Ez gaitezen babestu besteek (politikoak, agintariak, dakitenak, gustatzen zaienak, hortik jaten dutenak…) egingo dutenen aitzaki merkean. Denon erantzunkizuna da gure ondorengoei utzi nahi diegun herria eta gizartea eratzea. Bakoitzak bizi duen errealitate horretan aipatutako bi zutabe hoiek biziz eta amorez erantsiz eta zabalduz (giza eskubideak eta herriaren hitza) nor bere burutik hasi eta eguneroko jardunak garamatzan horretan: familian, lagunartean, lanean, kulturgintzan, herrigintzan, politikagintzan… "Eman ta zabal zazu munduan fruitua", nire lagun on batek zion bezala politika norbere etxean, auzoan, herrian hasten baita, behetik-gorako bitarteko zikinik eta berekoirik gabeko norabide garbian.

Idazki hau bukatzera noa. Jarraipena behar du eta izango du. Gaurkoz hemen uzten dut nire barru huste hau, baina ez nuke amaitu nahi irakurtzen ari naizen liburu batetik ateratako bi aipu honera ekarri gabe. Koldo Mitxelena, gure artean (Alberdania, 2001) liburukoak dira eta niri behintzat zer pentsatu eta neure buruari zer galdetu ugari eman didate, bihoaz ere bada asmo horrekin.

" Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adineko tokia. Diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu"

-Koldo Mitxelena-

 

" Giza talde (gizarte) jakin batean garatzen da gizabanako bakoitzaren autonomia: elkarrekin bizitzeko erabakia harturik, balio-sare bera erreferentzia duten hainbat gizabanakoen adostasunean eta hausturan, zehaztapenetan eta eztabaidetan, hurbilketa-urruntzeetan. Elkarrekin nonbait eta nolabait bizitzeko, eta nonbaitetik beste norabait elkarrekin joateko borondatearen itun isila zein agerikoa izan ohi da gizarte baten bidea: noraino menturatuko garen, zer ez zaigun komeni, noiz aldatu behar dugun norabidea, nor hartuko dugun bidaide... Horrelako uneen, aukeren eta erabakien kontakizuna da, batez ere eta bereziki, herri baten historia, horrelako uneek, aukerek eta erabakiek utzitako ondarea da herri baten kultura."

-Anjel Lertxundi-

2002ko maiatzaren 29an

Xabier Otaegi Goya