Artxibo rtf
SEGURTASUNA ELKARREN ARTEAN KUDEATU BEHAR DUGU

2001eko azaroaren 22an DIARIO VASCO eta EL CORREOn gazteleraz argitaratua

Michel Wieviorkak dio "terrorismoari dagokionean beti izaten dela edo gehiegi edo gutxiegi". Horrelako zerbait gertatu zaigu guri ere azkenaldi honetan. Madrilgo gertaeragatik oraindik pozik geundela, bat-batean lur jota utzi gaituzte Getxon Jose MĒ Lidón-en hilketak eta Bilbon Ertzaintzaren kontra egindako atentatuak. Herenegun menderatutako terrorismoa, ahalguztidun agertzen zaigu gaur. Madrilen gertatutakoaren ondorioz txiki ikusten genuen erakundearen boterea, sekulakoa iruditzen zaigu Getxoko atentatuaren eta Etxebarriako pareko pankarta-tranparen ondoren. Zergatik?

Autore batzuen iritziaren kontra zera esango nuke, ez dagoela alderik gizarte espainolaren eta gizarte euskaldunaren artean. Madrilgo "heroia" ez da gauza arrunta bere inguruan ere; hain zuzen ere horrexegatik da heroia. Ez dago esaterik euskal gizartean ezin dela horrelako jarrerarik espero, edo gizartea gaixo edo etsita, sentsibilitate moralik gabe dagoela. Ez, gertakizun horiek ez dute esan nahi han terrorismoaren aurka erantzukizuna denek bere gain hartu eta gogo biziz ari den jendea dagoenik eta hemen halakorik ez dagoenik. Ez, bat-bateko iritzi aldaketaren zergatia, euforiatik depresiora pasatzeko arrazoia ez da terrorismoari dagokionez aipatutako gizarteek duten jarrera desberdina, arazoak jasaten duen itxuragabeko mediatizazioan bilatu behar dugu, gertaerek han eta hemen oihartzun desberdina izaten baitute. Gizartearen jarrera hori da hain zuzen ere artikulu honetan hizpide hartu dudan gaia.

Hori aztertzen hasteko John Locke-k zioena gogoratzea komeni da: gizarte politikoetan hiru legek dute eragina: Jainkoaren legeak, lege zibilak eta iritziaren legeak. Oraindik ere askok uste dute Jaikoaren legea dela ongi dagoena eta gaizki dagoena bereizteko neurria. Gaur, halaber, gizarte bateko kide gehienek lege zibiletan jarri dute konfiantza eta krimenetik eta delitutik babes ditzaten eskatzen diete lege horiei eta administratzaileei. Esparru txikia gelditzen da hirugarren lege horrentzako, baina Locke-k azaldu zituenetatik eragingarriena da, iritziaren legea, "adostasun isil eta sekretua", iritzi publikoa aditzera ematea baino gehiago, gizarte gorputz bat osatzera iristen baita, gizarte hori desegiteko arriskuan jartzen duena isolatuz. Eta Locke-ren azken lege horrek ez du indar gehiegi euskal gizartean, eta espainolean ere antzera dabil noski.

Hala eta guztiz ere, jakina da gizarteak askatasun osoz eratu duen gizarte politiko bat dela Euskadi. Gizarte plurala, baina gehiengo handi batek, gainera, erakundeen legezkotasuna defendatzen du. Terrorismoak, berriz, euskal polizia, euskal Justizia eta euskal erakundeak eta gizartea bera suntsitu nahi ditu. Horregatik, ETAren jarduna ez da ankerkeria eta biolentzia inertziak bultzatu eta ihes egin ezinik dagoenarena, ez horixe. Aldez aurretik prestatutako erasoak dira, nahita eta ideologia bati jarraituz egiten direnak gizarte politiko honen eta bere erakundeen kontra, suntsitu eta ordeztu nahian. Horrela, bada, ETAren kontrako borrokak ere ideologikoa izan behar du, Agirre lehendakari zenaren esanak gogoan "bi aukera bakarrik dauzkagu: askatasunarekin edo askatasunaren kontra". Alde horretatik begiratuta, aukera horretan gure lekua zein den onartu eta ETA garaitzeko gure lana eskaintzea ez den beste ezer ba al legoke?

Askatasunaren aldeko borroka amaierarik ez duen lana da, "askatasunaren prezioa betiko zaindu beharra" baita, Pettit-ek gogorarazten duen errepublikanismo politikoaren printzipioa. Askatasuna zaintzea beharrezkoa da beti, askatasun hori eteteko gogoz egon baitaiteke norbait bere arerioen kontra modu eraginkorragoan jarduteko aitzakian. Eta, azkenik, askatasuna zaindu egin behar dugu, galtzeko arriskuan dagoenean euskal gizarteak ezin duelako egon botere politikoak eta arduradunek asmatuko dutenaren zain.

Horren harira, lehendakariak José MĒ Lidón jauna hil zutenean aldarrikatu zuen euskal gizarteak akabatuko duela terrorismoa. Horrekin, jakina, zera esan nahi du, bere agindupean dagoen Ertzaintzak gogor jokatuko duela terroristen kontra, tolerantziarik ez duela utziko. Baina mezu horrek zerbait gehiago ere esan nahi duelakoan nago: gizarte hitza aipatzen duenez, gizarteak bere segurtasuna bermatzeko lanean garrantzi handia izango duela uler dezakegu. John Locke-ren esanetan: "gizon-emakumeak gizarte politikoetara batzen direnean, botere publikoari indar guztia erabiltzeko eskubidea ematen dioten arren, berengan dute ongi edo gaizki irizteko eskubidea, beraien ingurukoen jokabidea onartzeko edo gaitzestekoa. Bi gauza esan nahi da horrekin: lehena, botere publikoari ematen diote eratu duten erkide politikoak erregulatzen duten arauen barruan gatazkak konpontzeko indarra erabiltzeko eskubidea; baina, bigarrena, erkidegoarekin zerikusia duten arazoak, eta herri segurtasuna hala da, ezin da utzi soilik botere publikoaren esku.

Segurtasunari dagokionez, interesgarria da, zalantzarik gabe, euskal botere publikoak eta horren erantzukizunpeko komunitateak kudeaketa lana elkarren artean egitea. Horregatik, gizarteak etengabe hartu behar du parte. Sentsibilizazio kanpaina eta gaitzespenaz gain, Euskadin inoiz ez bezala landu behar dugu Lock-en iritziaren legea. Ertzaintzak bere ahalmenak bikoiztu behar ditu, prebentzio neurriak hobetu, delituei erantzun azkarragoa eman, patruilak antolatu eta mehatxatuta dauden guztiei eskolta eman. Baina ezin dugu lan guztia Ertzaintzaren esku utzi, are eta gutxiago orain, mehatxuak gizarteko zirrikitu guztietara iristen den bolara honetan. Gainera guztiei eskolta ematea ezinezkoa da. Horregatik, gizarteak mehatxatuta dagoen kidearen segurtasuna lortzeko ahaleginean esku hartu behar du, gogor ekin, ahal duguna egin, mehatxatuei elkartasuna adierazi, eta delituak hatzeman daitezen erne egon eta harrapatzen lagundu.

Euskadin ez da gauza berria herritarrek parte hartzea botere publikoaren tresna modura krimena erabiltzen dutenen aurka. Euskal herritarrek lehen ere arrakasta izan dute askatasunaren alde eta krimenaren kontrako borrokan; euskal herritarren justizia banderizoen kontra, esate baterako. Orduan, egoera horri aurre egiteko, erasotutako komunitateek euskal ermandadeak eratu zituzten, ez bakarrik polizia lanak egiteko, baita herritarrak mobilizatzeko eta zaintza lanak antolatzeko ere, harik eta "handikiak" garaitu zituzten arte. Adrian Celayak esana du gaur egun guretzat bakea arazo bat baldin bada "banderizoen izaera ekarri dutenek sortarazi dute arazoa, foru sentimendua den askatasun eta justizia zapalduz". Tradizio historikoaren erakutsiak ikas ditzagun. Herri mugimenduak garaituko du terrorismoa, gizarte barruko loturak eta konpartitzen dugun kultura politikoa sendotuko lituzke. Euskal erakundeek ere izen ona indartuko lukete, erakundeek izan beharko bailukete honetan buruzagi.

Joxan Rekondo