Artxibo rtf

Porrotaren apologiaren aurka

(14 - 2001ko Martxoa)

"Beharbada ezaugarri etniko bat da gure derrotak hainbertze famatzeko tema"

Esaldia Aingeru Epalzarena da (Elbarriaren txistea, Euskaldunon Egunkaria 2001-01-21) eta euskerak Nafarroan bizi uen egoerarekin lotuta dago. Idazlan honetan Epalzak euskalzaleen taktika okerrak salatzen ditu, bertako errealitate politikotik, bereziki, oso urrun daudelako. Horrela, iaz euskera Nafarroa osoan ofiziala izan zedin firmak biltzeari ekin zioten, 48.000 bilduz. Sanzék, ordea, berak, PSOErik gabe 140.000 botu zituela erantzun eta gaur egun ezagutzen ditugun murrizketak bultzatzen hasi zen. Sanz-en aurkako salaketak oso gogorrak izan badira ere, inork gutxik hausnartu du euskaltzaleon taktika okerren inguruan eta egoera zer edo zer berbideratu baldin baidaiteke ere, funtsezko elementuek onera egin ordez bide okerretik garamatzate. Alderdi abertzaleen jarreren kritika ere ez da falta Epalzaren artikuluan, "oso entretenituak daude zientzia-fikziozko planak egiten, eta jendea erakartzea zer den aspaldi dute ahantzia".

Epalza ez da, azken aldin honetan, bide honetan aritu den bakarra, 1999. urtearen bukaeran Alberdania argitaletxeak Andu Lertxundiren Gogoa zubi. Euskara, identitatea, etorkizuna eta Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde [eta kontra] saikera laburrak argitaratu zituen. Bi idazle hauek, belaunaldi berekoak eta antzeko ibilbide politikoekin, hari bera lantzen dute, euskal nortasunaren aurkako erasoek jarrera defentsiboak bultzatu ez ezik, errealitate eta demokraziatik urruti dauden jokabideak bultzatu ditu. Epalzak azaldutako kasuan bezala, euskaltzaleok ez dugu jakin jarrera horiek kritikatzen eta, gure etsaiak horretaz baliatu dira euskal munduaren aurkako kritika saminak botatzeko. Nire asmoa ez da, dena den, lerro hauek euskalgintzari buruz aritzeko erabiltzea. Lertxundi eta Saizarbitoria ekarri baldin ditut gogora, lantxo horien irakurketa gomendatzeko izan da. Niretzako, behintzat, interesgarriak izan direlako eta maiz sortzen zaidan etsipen sentimenduari aurre egiteko baliogarriak izan zaizkidalako.

Artikulu honi hasiera ematen dion Epalzaren esaldira lotuko natzaio. Hots, euskaldunon gure porrotak goratzeko dugun joerari. Hauek onartu ordez, erruak sakondu baino ez dugu egiten askotan. Are gehiago, ez dugu oso urrutira joan beharrik adibideak aurkitzeko. Xabier Arzallusek esan berri du EAJ-ak ez duela errurik burutu azken bi urte hauetan, akaso zalantzaren bat eduki. EAJ, antza, ez da oraindik ohartu abertzaletasuna orohar, eta abertzaletasun demokratikoa, bereziki, Franko hil ondoren bizi duen unerik latzenean aurkitzen dela. Eta ez bakarrik hauteskundeak galtzeko zorian egon daitekeelako. Abertzaletasunaren aurkako erasoek, orain arte, ikuitu gabeko esparruetara heltzen ari direlako, euskal kultura, hizkuntza eta Hezkuntzara, hain zuzen, elkarbizitza baketsuaren oinarriak kolokan jarriz. Ez dirudi, esandakoak entzunda, egoera honek EAJren jokaeran aldaketa handirik merezi izan duenik. Are gehiago, bide honekin kritiko azaldu diren jeltzaleek duten proposamen bakarra PSOErekin elkartzea da, bi gauza ahaztuz. Lehenik eta behin PSOEk ez duela borondate handirik jeltzaleekin hitzegiteko eta bi, azken hamabost urte honetako politika bera errepikatuz, arazoek konpondu gabe jarraituko dutela.

Eusko Alkartasunaren zuzendaritzak Euskalerrirako marko politiko berri baterantz egitasmoa aurkeztean etorkizuneko Euskalerriarentzako erakunde berriak zehaztasun osoz finkatzen ditu, baita marko horretara heltzeko urratsak. Xehetasun txiki bat ahaztu zaio, ordea. Nola lortu euskaldunen gehiengoak bat egitea asmo horrekin? Nafarroan UPN eta PSOEk erabateko gehiengoa osatzen dutenean eta ez dutenean inongo esparru komunik eduki nahi. Iparraldeko egoera are latzagoa da, naiz eta azken urte hauetan departamenduaren aldeko kanpainek berpiztea izan. Euskal Autonomia Erkidegoan maiatzeko hauteskundeek kasurik onenean gaur egungoaren antzeko mapa politikoa marraztuko dute. EAren zuzendaritzari egitasmoaren gardentasuna eta izaera demokratikoa eskertu behar zaizkio. Baina egungo baldintzak ikusirik, Epalzaren hitzak, politikoen zientzia-fikziozko planena alegia, EAren kasuan, besteak beste, bete-betean aplikatu daitezke. Etorkizunerako egitasmoak egin ordez, are gehiago etorkizun hori 2004. urtean finkatzen denean, egungo egoerari konponketa bat bilatu behar zaiolako. Bestela oso litekeena da data hori heltzen denean abertzaleok ez izatea gehiengorik Euskalerria osatzen duten inongo hiru gune sozio-politikoetan. Ezin ahaztu, bestetik, indar posizioak planteatzen direnean handiek, indartsuenek, Espainiak eta Frantziak, irabazten duela beti eta, ondorioz, beste estrategia batzuk egokiagoak izan daitezkeela. Hauteskundez hauteskunde bere onarpena galtzen ari den alderdi politikoa dugu, zoritxarrez, Eusko Alkartasuna eta hobe luke horren inguruko hausnarketa burutzea eta ez, aurreko porrotei bizkar emanda, hutsegite berdinetan sakontzea.

Edozelan ere, ez dugu zertan beste inoren etxera joan beharrik habea topatzeko. Goiz-Argi-ren inguruan gabiltzanok azken hogei urte hauetan badugu zer ikasi, porrotaren arrazoiak besteei leporatu ordez, gure gabezietan bilatuz. Izan ere, erraza da "ez digute kasurik egiten" esan eta betiko bidean jarraitzea, hurbileko gizartea eta nazioarteko testuingurua era sakonean aldatu direnean denbora epe honetan.

Mikel Aizpuru