Artxibo rtf

(13 - 2001ko Urtarrila)

MLNV-ren plangintza datozen auteskundeen aurrean

MLNV-ren estrategia misteriotsua

Nere uste apalean, ez dira gauzak argi esaten MLNV-ren estrategiari buruz. Alderdi abertzaleek egindako kalkuluak, orain artean, okerrak azaldu dira, suetenaren asera-aseratik, aurreko kalkuluak ez aipatzearren. Alderdi estatalisten kalkulua, bein Eusko Jaurlaritzaren buruan arazoa zuzenduko dutelakoan, ausnarketa iruzurti baten bidetik doa, gogorkeria beste ainbat arazoekin naasten baititu. Azkenik, MLNV-ren jokua da betidanik bere ageriko ekintzak itz polit ta eskeintza burugabeekin naastea, bigarren sueten baten inguruan lillura ta naasmena sortu naiez. Auteskunde aurreko garaiean garelarik, ta auteskunde auek egoera erabat aldatu dezaketelarik baldin eta abertzaleak potere politikoa galtzen badute, diskurtsoak ta esamesak baldintzatu egiten ditu egoera berak. Ein orretan, zer nai du, benetan, MLNV-ek?

Jadanik ez gera jabetzen ETAren ekintzek eragin nai duten epeluzeko ta eremuzabaleko estrategiaz. Auteskundeak aurrean ditugularik, ETAren ekintzek bilbatzen dituzte asmo ta kemen guztiak. Au esan bear da gutxieneko konstatazio gisa. Gauden egoera, egoera tamalgarria abertzale ta ez abertzaleentzat, ETAk ta MLNV-ren gogorkeri taldeek sortu dute, ta oartuki sortu ere. Ez du balio eromenaren diskurtsoa –gero argituko dugunez, ETAren estrategiak mugarri zeatz-zeatzak baititu; ez du balio "gogorkeri inertzia"ren aipamenak –argi baitago gogorkeriaren ta etenaren aldiak ondo modulatzen dituela MLNV-ek; ortaz, gogorkeria borroka onen parte bat dela bakarrik.

Estrategia au bere orokorrean artzen ezpadugu zailla ta nekeza izango zaigu zeozer errealik antzematea: orixe gertatzen zaie gure abertzale burukideei; interlokuzio biguñen saltsan sartuak, EH-tik datozen itxurazko adierazpen baikorren zai, ikusi naiko lukete, ta orregatik itxoiten dute, Lizarra-Garaziren aldiaren antzeko egunsenti lausoa. Itxoiñean, ordea, ez dira gauzak egiten ta ez arazoak bideratzen. Itxoiña beti da okasio galduaren lekua.

Aurreratu dezagun konklusio bat: argi dago MLNV-ren asmoa dela PP-PSOE koalizioa Ajuria Eneako buru gertatzea. Ortan ari dela saiatzen buru-belarri. EH-koen aldetik jaso ditugun zenbait adierazpen –"geiengo abertzale"rik badagoela orain Eusko Jaurlaritza mantendu al izateko- trufagaiztoa besterik ez da, joan den urteko 23 ildakoak kontutan arturik. Jaurlaritzaren partaide izango lirateke, noski, baldin eta PNV ta EAk ildako ta erasoak jasango balituzte arazorik gabe, ELAk gaurregun LABekin egiten duen bezela. Ez da jadanik ori gertatu. Baiña MLNV-ren mandatarientzako argi dago Jaurlaritzatik aparte, potere politikorik gabe, errexago izango litzatekela PNV ta EA estrategia orrekin uztartzea. Ortan ditugu.

Orregatik dira ain penagarri bi alderdi abertzaleen aldetik datozen esanak atentatu ala eraso baten ostean: "lagungarri" zaizkiela estatalisten estrategiari. Baiña auxe da, ain zuzen ere, MLNV-ren desioa. Artara ari zaizkigu egoera "tenkatzen", gatazka bere gordintasun zekenenera bultzatzen, abertzaleen ondamenerako. Beraientzat botuen zenbakia ta instituzioen jabekotasuna ez dira elmuga. ETAk garden esan baitu daukaten oiñarri sozialak barrabeskeririk aundienak jasan dituela ta, ortaz, borroka latz batetarako prest dagoela, PNV ta EAren oiñarriak ez bezela. Bestalde, bi alderdi auei dagokionez, ez da aski pentsatzea MLNV-ko zenbait ustezko edo balizko disidenteen arabera, "gaizki" datorkiela abertzaletasunari ekintza bide au. Disidente auek jan egingo dute bere mandatarien agintza, ta ez zaie illerik kiskurtuko orregatik. Edota mugimendutik garbituak izango dira beste eremuetan, abertzaletasunean, MLNV-ren mezua saldu al izateko. Ori da gertatu dena orain arte, ta ez dugu daturik bestela pentsatzeko.

ETAren abenduko Zutabea: MLNV-ren makropolitika

GARAk (2000-2-15) ETAren Zutabe barne-aldizkariari buruz ematen duen laburpenaz baliatuko gera.

Dokumentu au aztertu bear da Zutabeetatik ateratzen diren konklusioak gero MLNV-ren beste erakundeetara isurtzen direlako ta ekintza biurtu. Alaxe dio ETAk esatean "erakundearen ohitura da ildo orokorrak markatu, eta zehaztapen edo xehetasunak bestelako eragileei uztea". ETAren aldizkari onek zeozer adieraztean, orduan MLNV-eko interlokuzio anitzak asten dira beren diskurtso programatua beren funtzio partikularrei egokitzen ta bidebatez, zearka ala zuzenki, diskurtso nagusiaren bozgorailu biurtzen.

Leen-leenik, begibistakoa da ETAren estrategiak duen anbizio geopolitikoa. PP ta PSOE-ren politikak kanpora ta barrura begira ikusten dituelako: kanpora, Europar Elkartearen aurreko posturari ta barrura lortu nai den "barne-oreka berri"aren arabera, GARAko kazetariak dionez, "Estatu espainiarreko tentsioak gainditzeko asmoz". Euskadiren egoera da, ein orretan, "bi asmo nagusi oien arriskurik larriena. Euskal Herrian –sakontzen du ETAk- prozesu soberanista bat martxan jartzen baldin bada, Espainiaren pixua Europan urrituko litzateke ta, era berean, "domino-efektua" gertatu liteke, Estatu espainiarraren barne-kohesioa erabat aldatuz".

Norbaitek pentsatu lezake ETAren azterketa urrunegi doala, bere asmoa baita Estatu espainiarraren politika errotik baldintzatzea, barrura ta kanpoari begira. Baiña PP ta PSOEk onartutako ziñean argi ta garbi esaten da arazoa "estatu arazo" biurtu dela. Ortik ikusten da ere borroka armatuak artu duen abia-azkarraren zergaitia –egoera baldintzatzea, "oreka" baten ausketaren mesedean. Emen berriz ere datorkigu MLNV-ren izaera iraultzaillea: estatu espainiarra ezpaita kolokan jartzen Euskadiren arabera, bere orekaren ausketaren arabera baizik. Euskadi, ein orretan, "domino-efektu" baten leen pieza besterik ez litzatekeelako. Europan baitan ikusten du ETAk estatuaren suntsitzea: "domino-efektu"aren arabera, Europa kapitalistaren barrenmiñ miñenetan, ausketaren gurpilla urrunerago eramanez.

"Lantza-muturra"ren teoria berriz ari da itxura artzen ETAren estrategiak lortu duen eraginkortasunaren aritik. Au da: Euskadi dela Espainiar iraultzaren "lantza muturra", 80garren amarkadan lotsarik gabe astintzen zen mezua. MLNV-ren abiak ortara eraman gaitu edota eraman nai gaitu. Argi dago. Euskadin ematen diren pauso zeatzak oreka-ausketa geopolitiko baten mesedetan egiten dira. Bagenekiena: MLNV-ri Euskadiren askatasuna edota aberritasuna bost ajola dio: oreka-ausketa da bere elburu nagusia. Ta orretan abertzaleok peoi itsu bear dugu izan.

Espiral berria

ETA baikor agertzen da espainiar gobernuari dagokionez. Bere ustez, Francisco Querol Epaitegi Gorenaren kidearen urriko ilketaren ondoren krisia gertatzen da, entzuten asten baitira "leen aots kritikoak PPren estrategia errepresiboaren aurka bai Espainian ta bai Europan". Onen ondoriotzat du ere PP-PSOEren ituna.

Guri gutxi ajola digu ETA ametsetan ari bada pentsatuz estatu espainiarraren oreka errotik autsiko duela edota bere estrategiak krisian jarri duela PPren gobernua. Garrantzizkoa da, zaigu, ETAk asmo ori duela buruan, estatu espainiarraren oreka austea ta PPren "estrategia errepresiboa" krisian jartzea. Orrek esan nai baitu gogorrera joko duela, gogortasun ortan sinesten duela gertakari eragille gisa, meatxatu, erasotu ta akabatuko dituenen kopurua aunditzen joango dela, erantzun polizialaren bidea zapuzteraiño, estatuaren bitartekoak eskax biurtzeraiño.

Ekintza-erreakzio gurpil gogorkeri-ekozlearen modalitate berri baten aurrean aurkitzen gera: garai batean frankismoak errepresioa erriaren kontra botatzen zuen ia diskriminaziorik gabe; gaurregun, ordea, estatuaren erantzuna euskeraren kontrakoa da, abertzaletasunaren kontrakoa, komunikabideak ta legea erabiliz; ez ditu giza-eskubideak zapuzten baiña bai abertzaleon sentimentuak kolpatzen –estatuaren erantzuna, ein orretan, ez doalako zuzenean ETAren kontra; ETAren ekintzen aitzakiz ta koberturaz eramaten ditu legezko bide guzti oiek, abertzaletasunari kontra egiñez, ez dela oartzen au dela, espirala piztea dela, ETAren asmoa. Edota bost ajola diola espiral delakoa piztea bidea bada euskaltasuna ta abertzaletasuna zapuztea.

Guretzat aipagarri da ETAk erabilpen berri bat aurkitu diola borroka armatuari ta ekintza-erreakzio gurpilla martxan jarri duela. Pertsona bat illa denean, edota meatxatua, edota sabotai erraldoi bat gertatzen baldin bada, orduan espainiarrek asiko dira kaleei izenak aldatzen, elebitasuna mugatzen, gobernu-transferentziak gelditzen, eta abar. Noski, leen ekintzak giza-eskubideen kontrakoak dira, ta legea austen dute era berean. Bigarren ekintza-modua legea eskutan dagoela egiten da, baiña kontrako erreakzio politikoa sortzen du abertzaleen aldetik, interpretatzen baita (zertitude osoz) gogorkeria aitzaki dela zuzenean abertzaletasunari kontra egiteko.

Auxe da ETAri komeni zaiona: bere ekintzak balioztatzen baititu gobernuaren erreakzioaren poderioz –nai den erreakzioa baita abertzaletasunaren kontrako komunikabideak martxan jartzen dituena, estatu espainiarrak zigortzen baitu abertzaletasuna, ta ori nai baitu ETAk: abertzaletasun zigortu bat, PP-PSOE buru duen Eusko Jaurlaritza, egoeraren erradikalizazioa, borroka armatuak eragindako demasia ikaragarriek sortu dezaketen erreakzio ezustekoak, orrela abertzaleen animuak, bereberki, asaldatu daitezen. Auxe ari da gertatzen ta areago joango da. ETAren plangintza otzaren bidetik.

Zubiak ta zubiausleak

ETAk aipatzen du ere estatu espainiarraren politika, Euskalerriari begira, bi zuzenbidetan banatzen dela: Batetik PPren bidea "instituzio potere kudeaketa zuzena"ren ildotik doana, "nai duelarik marko autonomikoaren azken ogeinaka urte auetan galdu den eremua berreskuratzea", euskera, ezkuntza ala konzertu ekonomikoaren mailla desberdiñetan.

Bestetik, traskibatu dezagun GARAko kronikatik bere osoan:

"Txanponaren beste aurpegian" aipatu azterketak PSOE kokatu egiten du; onek naiago du "transizioan" erabilitako formula, ulertzean naiz eta Euskal Herriaren superbibentzia bultzatzen duten zenbait eremu errespetatu, bide ori dela onena "euskal iritargoa españolizatzeko edo basko-españolizatzeko". Bide onek erangikortasuna izan dezan ETAk pentsatzen du "ezinbestekoa dela PNV-ek bere potere kota mantentzea, iritargoak ezpairik gabe bilbatu ditzan praktika española ta sentimentu abertzalea".

ETAren itzak ez dira xamurrak: onartu egiten du, onartu ere, aurrerapausuak eman direla "marko autonomikoa"ren bidetik, ta PPren elburu instituzionala ogei urtetako martxa ori zapuztea dela. Baiña zikoitzagoa iruditzen zaio PSOE-ren bidea: "Euskal Herriaren superbibentzia bultzatzen duten zenbait eremu" errespetatu arren, integrazio politiko-instituzionalaren bidea eskeintzen diolako EAJ-ri. Alajaña! PSOE-ek bearrezkotzat jotzen du "PNV-ek bere potere kota mantentzea".

Ta ori ez zaio batere gustatzen gure erakunde armatuari. Noski, iritzi au jantziko dute "integrazioa" ta "españolizatzea" gauza bera ta berdiña balira bezela esanez. Baiña egia da, bestalde, "Euskal Herriaren superbibentzia bultzatzen duten zenbait eremu"en gordaillua dela ori ere. "Integrazioa"-k "oreka-ausketa"ren bidea zapuzten duelako ta au zaiolako inporta bereziki MLNV-ri ta ez Euskalerriaren "superbibentzia". Nork esan dezake, MLNV-eko mandatariak barne, ezkuntza, euskera, kontzertu ekonomikoak garrantzizkoak ez direnik? Nun gelditzen da MLNV-ren "aberri eraikuntza" bidea kako guzti oiek birrintzeko estrategia prestatzen ari bada, EAJ-k aukerarik ez dezan "bere potere kota" mantentzeko? Jakiñaren gaiñean, ETAk esan bezela, PPren asmoa atzerapausuak ematea dela "marko autonomiko"ari dagokionez.

Ernest Lluch-en ilketaren aipamenak badu, gai oni begira, bere jarraipena. ETAk esaten baitu Lluch-ek, GARAko kronikak diona jasorik, "apostua egiten zuela PSOE ta PNV-ren arteko loturak estutzeko". Argi dago MLNV-ri ez zaiola batere komeni abertzale ta ez abertzaleen arteko "lotura"rik, ta orregatik apustu garbia egin du ontzen ari den "ausketa" bultzatzeko –ausketa soziala ta politikoa ein onetan, gure erriaren egituratze ta elkarbizitzari dagokiona.

Testu onek mezu argia botatzen dio gure erriari ta abertzaletasunari: MLNV-ren apustua gobernu español bat jartzea da Ajuria Eneako buru gisa; bearrezkoa delarik abertzale ta ez abertzaleen arteko loturak puskatzea. "Soberanismo"aren aipamen guztiak utsaren urren gelditzen dira alako irudi baten aurrean. MLNV-ek daraman estrategian, urrengo pausuan, ezinbestekoa da PP-PSOE-ek Jaurlaritza edukitzea beraien eskutan. Ze "aberri eraikuntza" bitxia! Ze etorkizun oparoa gure erriaren elkarbizitzarentzat! Ekintza-erreakzio gurpillak, orduan, bere abiarik azkarrena artu baidezake ta bidenabar, gure erria ta abertzaletasuna gidatu "oreka ausketa"ren bide mirakulusoetatik. Ondamenera ta putzura.

Abertzale epelak

Auxe da berri laburpen onen azken adierazpena. EAJ-ren barruan "estatutista" jendea dagoela! "Tristea ta iraingarria da era berean ikusteak PNV-ek ez duela ausardia askirik Euskal Herriaren berreraikuntzari ekiteko ta berriz ere autonomismo dekadenteari eusten diola".

Luzetik dator MLNV-ek diskurtso berezi bat eskeintzen diela "abertzale epel"ei. Ez da au oso gauza lasaigarria. Ikusi baitugu ETAk ez duela konplexurik abertzale jendea iltzeko. Ez eta dugun burujabetza mailla zapuzteko ere. Bere "tenkatze" ildoak bearko du, agian, zenbait abertzaleen ilketa. Javier Elzok aipatu duen bezela atentatu multiplearen aukera, aldez aurre desaktibatu diren bonba tranpen arabera. Geiagora doa erakunde armatuaren dinamika. Orrek esan nai du sufrimentuaren areagotzea, gure erriaren bi katebegitako morrontza –estatalistak batetik ta bestetik MLNV-ek inposatu nai dutena-, abertzaletasun benetakoaren suntsipen politiko ta soziala. Ta, bearrezkoa baldin bada, "abertzale epel"en kontrako eraso ta ilketak.

Estatutoaren kontrako gorrotoa ta aierra da nabari ere. Noski: euskaldunok dugun benetako ta ziñezko burujabetza baita ETAk duen oztopoa gure erria iraultzaren bidetan jartzeko. Erri mixerable bat egin bear da leen leenik, "orube" garbitu ta xeetu bat bear dugu, ausketaren ezerezetik altza gaitezen berri ta zindo. Berpizkundearen miraria egiaztapen zientifikoa biurtzen da kasik hipotesi onen aurrean. Baiña ala nai dute MLNV-eko mandatariek: prest daude gure erria ondamenera botatzeko, baldin eta iraultzaren ideiaren bidetik bere burua urkatzen baldin badu. Beren ildoa ez garamatza gure erria bere buruaren jabe izatera, bere buruaz beste egitera baizik. Lizarra-Garaziko prozesuak, ein orretan, harakiri luze ta odoltsu baten leen ezpatakada izan zen. Etorriko dira besteak.

Xabier Iparragirre