Artxibo rtf
(19
- 2001ko Azaroa)

JOSEBA EGIBARRI GUTUN IREKIA

Agur jauna:

"Ni independentista naiz eta ñabardurarik gabe". "Norberak ahal den dependentzia gutxienarekin erabakiak hartzeko independentzia izan behar du helburu. Bizitzak dependentziak jartzen dituela jakinda ere, baita herriek dependentziak dituztela. Egungo abertzaletasunak geure buruaren jabe izan nahi baldin badegu, burujabetasunak erabakitzeko gaitasuna eman behar digu". Guzti hau esan dezu Joseba, "ARGIA" aldizkarian 2001eko uztaila 29ko alean.

Zure dependentzia-independentzia-soberaniarekiko teoria hori ulertu ahal izateko, bi ataletan banatu dut testoa.

Bat: naiz eta "bizitzak dependentziak jartzen dituela jakinda norberak ahal den dependentzia gutxienarekin erabakiak hartzeko independentzia izan behar du helburu". Beraz, gizakiek -eta herriek-, erabakiak hartzeko unean behar lukete -onenean- helburutzat dependentzi ezak emango lukeen independentzia. Hori da zure mezua, eta, argibide gisa, zuk zerorrek erantsi dezu ‘ñabardura gabeko independentista" zarela.

Bi: "Egungo abertzaletasunak geure buruaren jabe izan nahi baldin badegu, burujabetasunak erabakitzeko gaitasuna eman behar digu". Zati hau egia esan, ezin izan dut ulertu nere euskerarekin, ulertzeko borondate onena jarrita ere. Hori bera, gazteleraz jarrita, agian gaztelerazko ideiak euskerara itzultzen direlakoan zuzenean, honela berritzuli dut Cervantesen hizkuntzan: "si los nacionalistas de hoy queremos ser soberanos, la soberanía nos tiene que dar la capacidad de decidir". Badirudi -eta tamal haundiz diot- azkeneko denboraldi honetan Euskalerrian erabiltzen den hiztegi jakobinoa ondo barneratua dagoela EAJn.

Bigarren atal honi heldu ezkero, nere euskera apal honekin, zera esan behar dizut: burujabeak, euskeraz behintzat, ez dute abertzaleak bakarrik izan behar -ori sektarismu hutsa da-, edozein gizaki, baldintza batzuren barruan, da bere buruaren jabe; eta honetan ez dago beste meriturik gizakia izatea baino. Edo-ta edozein herri da bere buruaren jabe, herri delako. Euskal kulturan abereak ez dira burujabe, adimen gabekoak direlako. Izan ere, gizakia burujabe dela ulertzeak bereizten gaitu abereengandik.

Euskaldun gehienok onartzen dugu, Euskalerria ez dela oraindik bere buruaren jabe, baina zuk, ez dezu argitzen zergatik ez den. Ihesbidea hartu dezu soberanismuan, soberanismua eta burujabetza gauza berdinak bailira hartzen dituzulako, ENAMekoak egiten duten bezela. Adibidez, ez dago euskaldunik, burugabea ez bada, ‘fulanito ez da bere buruaren jabe, PSOEkoa delako’ uste izango duenik, euskal munduan Burujabetza gizakiei zor zaion kategoria bat delako, gizakia delako besterik gabe. Baina gizakia, gizaki izanik, burujabe al da, beti eta egoera guztietan, absolutoki?

Ez. Herri zahar askok bezela euskal kultura ez da iritsi ideia absolutistak erabiltzera (independencia, soberanía, deretxoa, propiedadea....). Hau herri berrien arloa da, frantsesena, españolena, eta besteena. Gizakiak burujabe izateko baldintza batzuek bete behar ditu: edozeinek daki Euskalerrian, jaioberria ez dela bere buruaren jabe, ezta mozkortu edo drogatua dagoena ere, ezta gaitzak jota burua galduena 40 edo 80 urtekin, edo zenbait gaixotasun larri dituztenak. Baina gerta daiteke persona bat heldua izatea eta baldintza horietan ez egotea, eta ala ere bere buruaren jabe ez izatea: presoak, alegia. Hauek ez dira burujabe askatasuna falta zaielako, lotura fisikoak dituztelako. Askatasuna baldintza da burujabe izateko. Aske diran guztiak ez dira burujabe, baina askatasunik gabe ez dago burujabetzarik. Askatasuna eta burujabetza bi gauza diferenteak dira; askatasuna gizakientzat burujabe izateko nahi ta nahiezko baldintza da.

Burujabe izateko baldintza horien artean ez da ideologiarik agertzen, ez euskal kulturan behintzat. Hori ETA eta ENAMeko kultur sektarioak beren ekintzak justifikatzeko jartzen duten edena da. Abertzaleak bakarrik ez, Egibar jauna, edozein gizaki da, aipatutako baldintza horien artean, euskaldunontzat, bere buruaren jabe. Argitu behar zenuke zergatik diozun abertzaleok behar degu izan geure buruaren jabe, abertzale izateak -ideologia bat, azken batean-burujabe izateko ostopo balitz. (ˇKontuz! Ez naiz soberaniaz ari, burujabetzaz baino).

Ihesbidea hartu dezula aipatu dut lehen, ez bai dezu argitzen zergatik ez den Euskalerria bere buruaren jabe. Soberanismuaren teoriak ez dizu uzten ikusten Euskalerriari (osotasunean eta bere zatietan ere), ein batean zor zaion askatasuna falta zaiola (eta askatasun honek ‘independentziarekin’ zerikusirik ez du). Askatasuna zertarako? Erabakiak eta komeni zaizkigun dependentziak aukeratzeko, hain zuzen. Burujabe izateak komeni zaizkigun dependentziak aukeratzera bultzatzen gaitu, eta noski, burujabetza zure "ahal den dependentzia gutxieneko independentziaren" kontra-kontrakoa da. Hartzen diren erabakiak eta konpromisoak, azken batean, giza-arte batean bizi geranez, beste gizaki eta herrienganako dependentzi aukeraketa bat da. Eta askatasuna, beharrezkoa degu nahi ez ditugun dependentziak borrokatzeko, hain zuzen ere, indarrezko dependentzia guztiak gizakiari zor zaion askatasunaren kontra daudelako.

‘Dependentzi ezaren’ alde agertzeak (ahal den dependentzi gutxieneko independentzia helburua) giza naturaren kontra borrokatzea adierazten du, beraz, aberrazio hutsa da. Dependentzi gutxieneko independentzia hori gaiztakeri bat da, eta burujabe izatearekin zer ikusirik ez du, hain zuzen, burujabe izateak dependentziak aukeratzea eskatzen duelako. Gizakiaren bizitza guztia jarraieko dependentzia bat da eta, komeni zaizkigunak aukeratzeko nahitaez burujabe izan behar; ez ‘independiente’ edo dependentzi gabekoak. Hori ez da esistitzen. Zu zeu eredu. Milaka dependentzi dituzu, izan dituzu edo izango dituzu: familiarekin, zure partidu politikoarekin, Lizarrako Akordioarekin, lagun artekoak, zure lanean, eta abar, eta dependentzi horiek zuk zeuk aukeratutakoak dituzu, eta ez dira oztopo orain bertan dauzkazun dependentziak bihar beste erabaki eta dependentzi berri batzuk hartzeko. Zuk zeuk jarriko dituzu neurriak zure dependentzi horiek noraino iritxiko diren. Eta personalki dena, berdin da herri bezela, Euskalerri oso bezela, udal bezela edo elkarte bezela. Ez etorri, bada, ‘dependentzi gabeko independentziarekin’. Hori ez da esistitzen, zure buruan ezik.

Eranskin pertsonal bat egin duzu, zure independentismua ‘ñabardurarik gabekoa’ dela aitortuz. Aintzat hartuz egoera konkreto batek ‘dependentziak’ dakartzala, badirudi ‘ñabardura gabeko indenpendentismoa" aitortzeak, edozeinen aurrean zalantza gabeko nortasun garbi bat adierazten dezula, ertzak ondo bereiztuta duen ideologia baten aitorpen garden bat dela. Eta era berean, mezu hau zabaltzen ari zera: ‘independiente’ izateari ‘dependentziak’ molestatu egiten dio eta zenbat eta dependentzi gutxiago izan (hobe ñabardurarik gabekoa bada) orduan eta independienteago dira bai pertsonak eta bai herriak.

Nere iritziz, aitorpen hau ez da gardena; eta aitorpen hori zor zaion ideologiak ere ez ditu bere ertzak ondo definiturik; beraz, argibidea baino lainobide gehiago dela deritzait.

Izan ere, dependentziak ostopo egiten dutela independiente izateari pentsatzeak Naturak duen oinarri-oinarrizko legetik kanpo uzten gaitu bete betean, errealitatetik kanpo, hain zuzen.

Azken amarkadetako zientziak zerbait erakusten badu da Naturan gertatzen diren ekintzen artean, loturak, erlazioak eta dependentziak daudela: Naturako lege nagusia DEPENDENTZIARENA DA. Toki bateko aldaketak, besteetan du eragina, abereetan bezela landaretan, mikro munduetan bezela makroetan. Gizakiak dependentzi lege nagusi horretatik ezin du ihes egin, Naturako parte delako. Beraz, gizaki guztiak dugun lege oinarrizkoarena, bai Naturarekiko bai gure artean, dependentziaren legea da. Ezin da gutxietsi, ezta molestagarritzat hartu gizaki batek (edo herri batek) dependentziak izatea, hori gauza naturala delako, berezkoa, Naturako dependentzi sareetan bizi geralako. Beraz, ezerk molestatzen badu dependentzi lege orokor honi, ‘independentziaz’ mintzatzea da, errealitate mundutik kanpo uzten gaitualako eta ertzik ez duen mundo metafisiko eta etereo batetara eramaten gaitualako.

Horregatik, "Dependentzi gutxieneko independentzira" iritxi nahi horrek Naturan existitzen ez dan ‘independentzi’ metafisiko bat ipintzen du helburu, dependentziaren errealitatea estali nahian. Mundu illun eta etereo horretan ez dago konpromisorik, ez dago elkartasunik, ez eta solidaritaterik denak ‘independienteak’ bai dira, gizakiak bezela herriak ere. Eta sinismen oker horrek badu eragina errealitatean, politika arloan, hain zuzen, errealitatetik kanpo bizi izateak porrotak eta frakasoak dakarkialako. Dependentziak ukatzea, borobilean eta oro har, bai teorian eta bai praktikan, burugabekeri hutsa da, izakien arteko dependentziarik gabe ez dagoalako ez eboluzio ez aurrerapenik. Eta gizakiok osatzen dugun gizartean, dependentziak beste inon baiño ugariagoak eta beharrezkoagoak dira. Jakina, gure kasuan, ez naiz ari predestinatutako dependentziaz, gizakiak eta herriak dependentzi asko aukeratu ditzazkealako.

Azken berrogeitamar urteetako historiari begiratuz, egon dira bai dependientzi mota asko: batzuek onuragarriak, besteak kaltegarriak. II Mundugerra bukatutakoan Marshall Egitasmoa zeritzanaren eragina ona izan zan dependentzi hori onartu zutenentzat: Frantzian, Alemanian, Inglaterran, e.a. europarrak piztutako gerraren ondamenetik irtetzeko onuragarri gertatu zelako. Europa ekialdekoak eta Errusiak, berriz, etzuten dependentzi ori onartu eta herriaren biziegoera arras zailagoa izan zen ondorengo urte luzeetan. Beste leku batzuetan, eta beste arrazoi batzuengatik, Mexikon adibidez, dolaretan askoz laguntza gehiago izanik (Europara iritxi zana baino bi-hiru bider gehiago izan dela kalkulatzen da) emaitza kaskarragoak izan ditu, agian, idiosinkrazia berezia dutelako mexikarrek. Beste puntan Kanada degu, EEBBekin urte askotako dependentzi estuak dituana, Mexikok bezela, baina emaitzak bestelakoak dira. Txinak, sozialismua utzi gabe, berak nahi izan dituen dependentzi batzuek sortzen joan da azken hogei urteetan bere klase-etsaiekin eta gestio sistema berriak, teknologi berriak eskuratu ahal ditu; ondorioz bere salerosketa harreman dependentziak biziki goraka egin dute. Eta oraingoz pozik daude, sozialismua sendotzen ari direlako Txinako Estatuak inoiz izan dituen bitarteko gehiago duelako. Cuba ere antzeko dependentziak sortzen ari da bere klase etsaiekin -EEBBekin ezik, hauek nahi ez dutelako-, bere biziegoera mejoratzeko sozialismuari etsi gabe. Adibideak ez dira emen bukatzen. Eta elkar dependentzi horietan sartzen diren guzti-guztiak bere etekinak ateratzen dituzte, ez ekonomikoak bakarrik baita beste eratakoak ere, politikoak, kulturazkoak, teknikoak, e.a.

Aipaturiko dependentzia hauek, ordea, badute ezaugarri komun bat: borondatezko dependentziak direla, alegia.

Badira beste eratako dependentziak, indarrez ezarri nahi diren dependentziak alegia. Bere ondorioak ere ongi ezagunak dira: zenbat kolonia gerra ez ote dituzte mantendu Europako hainbat Estatuek, azkeneko 50 urteetan? Eta zenbat alperriko erailketak, urte horietan, ekarri ditu Afrikan eta beste toki batzuetan, iritzi bat edo arraza (berdin txuria edo beltza izan) bat besteen gain ezartzeko ahaleginak? Guzti horiek ˇsoberania eta independentziaren! izenean.

Ez ote da gertatuko, Joseba, aldarrikatzen dezun independentzi horren gibelean indarrezko dependentziak izkutatzen direla? Zuk, adibidez, onartu zenitun -agian oharkabean- ETAk ezarri nahi dituen klase-borrokarekiko dependentziak EAJko zigilua jarri zenutenean ETA berak 1998ko udaran luzatu zizuten dokumentoan, ‘independentzia’ eta ‘Euskalherri proiektoa’ bultzatzekoaren aitzakiz. Ene iritziz, zuzendaritza horretatik desinformazioa barra-barra banatu zenuten egun haietan, zeren zigilu jartze haren garrantzia geroztik jakin izan degu eta: helburua Gazteizen lehendakari español bat ipintzea izan zen, HBk EAJ parlamentoan bakar-bakarrik uzteak agertarazi zuenez. Eta hori ez da Euskal Herria ereikitzea, horrek beste izen bat du: España ereikitzea eta españolismua sendotzea, zeren eta, ziur egon, Estatutu bidez lortu dugun askatasun mailak murrizteko bideak hartuko zituen eta, ondorioz, geure burujabetza maila ere (ez nahastu soberaniarekin, zer ikusirik ez du eta) gutxitu egingo zen. Askatasun gutxiagori, burujabetza gutxiago. Ondoren, eta EAJ oposizioan izanik, ENAMeko tesia indartuko zatekeen, hau da, euskaltasuna Españarekiko antagonismu itsuenean neurtzea: zenbat eta antagonistaago orduan eta euskaldunago. Iñoiz esistitu ez den ‘euskaltasun’ honekin Euskalerria hilobirako bidean jarriko zenukeen. Eta desastrea izan ziteken egoera horretara irixteko zerikusi handia du zure "ñabardura gabeko independentismu" horrek; eskerrak autesleen erreakzioari.

Baina noski, zu zeu, -eta agian zure inguruko batzuek ere- ‘soberanista’ eta ‘ñabardura gabeko independentista’ zera; beraz, abertzale ‘ortodoxoa’. Estatutoa ‘independentziaren’ bidean omen dago; prozesu horren maila bat besterik ez da; helburua, euskal Estatu bat sortzea da, ahal bada, jakobinoa, ‘soberanía’ euskal parlamento bakarrean datzanean, eta abar, eta abar.

Hau urrutirako gauza denez, bitartean eman diezaiogun español jakobinoei gure kontra duten armarik haundiena antiseparatismua: horretarako ez dezu behar aldarrikatzea baino euskaldunok ‘separatistak’ gerala, ‘ñabardurarik gabeko independentistak’, alegia. Horrela zure helburu politiko hori, geroz eta urrutiragotzen arituko zera: baloia hartzear zaudela, baloiari ostikoa ematea bezela da. Ez dezu inoiz harrapatuko. Jakina, hau ez da politiko zuhurraren jokabidea, jakobinoen arteko burugabekeria baino.

Ez dizu iñork behartzen burujabetzaren ezaguera aintzat hartzera. Baina bai bere logika ulertzera:

Antieuskaldun jakobinoak, antiseparatismuaren karetarekin agertzen zaizkigu. Jakobinoen antieuskaltasuna eta antiseparatismua indartzeko eta sendotzeko gaur egun batzuek erabiltzen duten separatismua bezelako instrumentorik ez dago. Baina antiseparatismu hori benetan borrokatu nahi bada, ez dezu borondatezko dependentzi bila zabiltzala aldarrikatzea baino tresna egokiagorik. Euskaldunon burujabetza praktikara eramatea komeni zaizkigun dependentzi bila ibiltzea da. Bide honetan, benetazko antieuskaldunak karetarik gabe utziko genituzke, eta hor galduta leudeke.

Euskal politika, borondatezko dependentzien bila gabiltzala jakinaraztea da. Zer dependentziak? Hor legoke euskal eta abertzale diren politikoen lana. Ager ezazute, ze dependentzi motak honartzen dituzuen eta zeintzuk ez, gai konkretoetan; iñoiz galdu gabe dependentziaren legea beti begi aurrean eduki bear dela; burujabe izatea, azken batean, dependentziak aukeratzean datza.

Jon Mimentza