Artxibo rtf
(16 - 2001ko Ekaina)

Michel Foucault-en pentsakera: Gizakiaren heriotzaz

Michael Foucault, Gizakiaren heriotzaz, Donostia, 1998, Jakin irakurgaiak. Xabier Apaolazaren hitzaurrea eta testu hautapena. Markos Zapiain-en itzulpena.

"Lasaitasuna ta atsegin ematen digu pentsatzea gizakia inbentzio garaikidea dela, bi gizaldi eskax dituen figura bat, gure jakitearen toles soilla, desagertu egingo dena onek forma berri bat aurkitzen duenean".

Alaxe mintzo da Foucault "Hitzak ta gauzak" obra nagusiaren aurreitzean. Beste gauza askoren artean Nietzcheren jarraitzaile izaki, ezinbestekoa zen Jainkoaren eriotzaren segidan gizakiaren eriotzarekin topatzea. Leenengo kasuan metafora bat desagerarazi egiten da errealismoaren kariaz; bigarren kasuan metaforaren ezurmamia birrindu egiten da; ta asko ez dira ain "lasai ta atsegin" gizakiaren "inbentzioa"ren akaberarekin. Foucault-en ustez, noski, Jainkoaren eriotzaren konzienziak sortu zituen buruausteak loratuko dira ere gizakiaren nortasun lilluraren jantziak puskatzen ditugunean. Bere iritziz, izate istorikoaren mail bat kenduko dugu gaiñetik, eta kitto. Jainkorik gabe bizi ez zitekeen jende asko zegoen bezela, gizakirik gabeko gizadirik gabe bizi ez daiteken jende asko izango da. Baiña, gizakirik ezbadago, zernola urlertu dezakegu Foucault-en zitaren "gu" delakoa? Posible izango zaigu jadanik, Jainkoaren kasuan bezela, Gizaki metaforikoa Gizaki literaletik banatzea, gure buruaz beste egin gabe?

Batenbatek utsaltzat ulertu dezake Foucault-en baieztapena: onek erantsiko lioke XVII-garren mendean ain eskandaluzkoa irudi zuela Jainkoaren ukapenak; ta ukapen orrek, gaurregun, gauza jakintzat ematen dela. Jainkoaren ta Gizakiaren eriotzek perplejotasun berdiñari zor diote iturburua. Bata il zuen eskuak bestea iltzen du. Auxe da Foucault-en mezua. Chesterton-ek, kontrako bidetik, gauza bera dio: Jainkoaren erailketa, Jainkozko pentsamentu ta gakoaren ezabatzea, giza-balore ta gizaki beraren kolokagarri suertatuko dela. Gizakia, bere burua askatu bearrean, adur gaiztoago baten eskuetan jarriko dela; kate pixuagoa ezarriko dela bere lepoaren inguruan.

Norbaitek pentsa lezake eztabaida onek ez duela gure errealitatearengan funtsarik; Frantzia aldeko pentsalari diletante baten asmakeriak besterik ez direla. Alaxe pentsatzea, nere aburuz, oker legoke. Garai bateko eztabaida politikoak, gizarte molde berri ta askatasun ala zapalkuntza mekanismuen inguruan zebillena, molde berrietara iraulia baita sinesgabetasun utopiko garai auetan. Moderniaren "Narratiba aundi"ek utsegin badute ere gaurregungo oiko konzientzian, saiesbidez ta inguruildoz urbiltzen baizaizkigu, hausnarketa ta ekintza bide berriak billatuz. Foucault saio orretan murgildu zen buru belarri.

Xabier Apaolazaren aurreitz garden ta zeatzak dioen bezela, garai batean Alderdi Komunistan ibilita gero gogotik arbuitatu zuen Foucault-ek garai ortako marxismoa: Stalin-en denboraren dogmakeri dotrinalaz nazkaturik edo, bere leen obraren taju klasikoegia ukatu zuen, ta, beste askok bezela –Althusser kasu- kritikaren kritikari –marxismoaren kritika marxistari- ekingo zion gogotik. Mao Zedong-ek egin zuen bezela, gizartearen orokortasun istorikoa aztertu zuen, poterearen kategoriaren bidez. Maok abiapuntutzat artu zuen aro garaikidea. Oiko gizarte kapitalistak, Sobiet Batasuna ta Alderdi Komunista Txinar bera ere kritika iraultzaillearen barnean sartu zituen, gatazka ta aldaketa mugimendu abia-azkarrekoen areagotzea aldarrikatuz. Foucault-ek gauza berdiña egingo du; bere kritikak, ordea, mendebaldeko ideologi genealogia joko du bereziki, Ilustazioak eraikitako ideologi lillurak azalgorriz erakusteko asmoz. Bere ustetan, une ortako marxismo bera printza humanistez kutsatua ageri zen, ala-nola "subjektu"aren konzeptua argitzen ez zuelako ta, ortakoz, Gizakiaren izatearen lillurari edabide ematen ziolako.

Alain Badiouk ederki kokatu du Foucault mendebaldeko pentsakera iraultzaillearen bitriñetan, Lacan ta Althusser-ekin batera. Foucault-ek Gizakia eraikuntza istorikotzat jo zuen bezela, Althusser-ek ideologia oro arbuiatuko du lillura gisa –mugimendu dialektikoaren agerpen beinbeiñeko gisa- ta Lacan-ek, azkenik, psikoanalisiaren ikuspegitik, "ni"-a ukatu egingo du, beste ainbateko ilusiotzat joaz. Egille guzti auen olde antihumanistak bi ditu etsai nagusi: batetik, Ilustrazioak sorturiko gizabanakoa –beraien ikuspegitik gizabanakoa ezpaita ezer bere kasa, bere "arremana" ta bere "loturatik" kanpora- ta kristau pentsamentu modernoak eraikitako "pertsonalismoa" –nun eta gizabanakoa, "pertsona", izaki transzendentala den, lotura guztien gaiñean dagoen Jainkoarekiko loturaren bitartez. Auek, noski, pertsona ta Jainkoa ukatu egiten dituzte.

Pentsabide onek sekulako arrakasta izan du ENAMengan. 1992-an, Ekialdeko Sozialismoaren akaberak Mugimenduaren barne-krisi izugarriarekin bat egin zuen, batzuk ta besteen aidekotasuna argi utzirik. Sozialismo burokratikoa amiltzeko une berean, ENAMek, batetik, sekulako jipoia jasotzen ari zen bai polizialki ta bai sozialki, bere egituratze ta bere ondare ideologikoaren zenbait akatsek lertu egin zutela. Egoeraren azterketa berri bat bearrezkoa zen, ta baita izkuntz aldaketa sakona ere. Ez gera gaur gai orretan murgilduko, luze emango bailuke. Dena-dela, kritika ori kritikaren kritika izango da –marxismoaren kritika marxista, alegia- nun eta dotriñaren beinbeiñekotasun istorikoaren jantziak boteak diren kondairaren zabortegira. Baiña, era berean, pentsamentu iraultzaille berri baten eraikuntza egiten da ere. Ein orretan, Foucault-en ondarea ez da makala izango.

 

Xabier Iparragirre