Artxibo rtf
(16
- 2001ko Ekaina)

Ezustekoa kudeatzeko gaitasunaren beharra

Has dezadan idazlan hau aitormen batekin. Ez nuen uste, inondik inora, maiatzaren 13ko hauteskundeetako emaitzak horrelakoak izango zirenik. Igazko urrian jelkide batek antzeko datuak iragarri zizkidanean erotzat hartu nuen eta bozketa aurreko egin ohi diren apustu horietan PP-PSOEri gutxienez 34 eserleku eman nizkien. Agerian dago, beraz, beste behin ere, historialariok igarle kaskarrak garela etorkizuna asmateko orduan. EAJ-EA koalizioak bere ohizko botuemaleez gain, Euskal Herritarrok-en jarraitzale ugari eta, normalean, abstenitu izan diren euskaldun askoren botuak bildu ditu, inoizko botu-kopuru handiena jasoz. Hurrengo legebiltzarrerako aurreko bi urte hauetan izan ez duen lasaitasuna berreskuratu dugu.

Bi dira, nagusiki, emaitza hauen eta etorkizuneko bidearen inguruan egin beharreko hausnarketen ildoak. Lehen irakurketak datu ezkorrak azpimarratzen ditu. Gorka Landabururen aurkako erasoaren ostean hasi nazi idazten lerro hauek eta, beraz, ez dirudi ETA-k, epe motzera behintzat, bere jarrerak aldatuko dituenik. EAJ-EAren garaipenak, bestetik, ezin dezake ahaztu indar espainolisten aurrerakada, hauteskundez-hauteskunde, abertzaleengandik geroz eta hurbilago daudelarik. PPk kanpaina zuhurragoa burutu izan balu agian legebiltzarreko eserlekuen banaketa oso bestelakoa izango zen. Ezaguna denez, ezkortasuna izaten da nire lan askotan nagusitzen den jarrera eta, beraz, aurkitu nezake argudio nahiko hari horri tira egiteko eta azken bi urte eta erdi hauteko estrategiaren hutsune eta arriskuak berriro ere agerian uzteko. Ez dut uste, ordea, hori denik igandeko emaitzek eskatzen duten jokabidea.

600.000 lagunek eman zioten botua EAJ-EAri eta ia beste hainbestek PP-PSOEri. EHk 140.000 baino ez zituen jaso. Are gehiago, ez dut uste EHri emandako botu guztiak biolentziaren aldekoak izan zirenik, inertziaren ondorio baino. Hiru dira, beraz, atera beharreko ondorioak. Lehena eta nabarmenena, inoiz baino gehiago agerian geratu dena, EAEko biztanleen erabateko gehiengoa ETAren aurka dagoela, ez duela bat egiten bere bitartekoekin ezta, neurri handi batean, bere helburuekin. Garbi dago, ene ustez, ETAren arazoa konpontzen ez den bitartean Jaurlaritza berriaren lan garrantzitsuenen artean biolentziari aurre egitea dagoela. Euskal gizartearen zati handi batek hori leporatu dio, hain zuzen, Jaurlaritzari eta, hitzetatik aparte, ekintzetan ere nabarmena izan behar du bere konpromezua biktimen alde eta borreroen aurka. Bide horretan ezinbestekoa izango da alderdi demokratikoen arteko harremanak konpontzea, beraien artean apurtutako eremu, bide eta zubiak berreraikiz.

Bigarren ondorioak zera adierazten digu, herritarren ustez ETAren amaiera ez dela etorriko bakarrik bide polizialetik, neurri politikoak ere beharrezkoak direla, eta ez bereziki PPren gobernuak hartutakoak. AEK-ren aurkako neurriek adibide esanguratsua osatzen dute nire ustetan. AEK, bere sorreratik, ezker abertzalearen inguruan lerratutako erakundea izan dugu eta instituzio ofizialek sortutako euskalduntze-sarearen alternatiba moduan aurkezten zuen bere burua. Azken bost-hamar urte hauetan, ordea, AEKk bilakaera interesgarria bizi izan du, Jaurlaritzarekin harremanak normalizatuz, jarrera politiko zuzenak alboratuz eta euskararen balioa azpimarratuz alderdien mugen gainetik. Hori izan da, juxtu, Garzonek aukeratu duen unea AEK-ren aurka jotzeko. Euskal Herritarrok-eko botuemaile askok EAJ-EAren aldeko apustua egin baldin badute Jaurlaritzak jarraitutako bidea beste bat delako izan da. Hots ETA-EH eta PP-PSOEk nahi dutenaren aurka, euskararen inguruko garapena bestelako eztabaida politikoetatik urrunduz. Alderdi abertzale demokratikoek igandeko emaitzak etorkizunean bereganatu nahi baldin badituzte ezingo dituzte alde batera utzi botuemaile berri horien kezka eta nahiak.

Hirugarren ondorioa ere begibistakoa da, abertzaletasunak, Frankoren garaian ezik, bizi izan duen eraso larrienaren aurrean egoki erantzuten jakin izan duela, muturreko ereduak alboratuz eta bere herri-nortasunaren aldeko apustua eginez. Ugari dira, eta asko Goiz-Argin bertan azaldu dira, abertzaletasunari egin daitezkeen kritikak, baina herritarrek adierazitako atxikimenduak bigarren mailan jarriko ditu, nahitanahiez. Hainbeste denboraz jasotako zaparradaren ostean atergune hau kalera harrotasunez ateratzeko erabili behar dugu. Etorriko dira bestelako lanak egiteko garaia.

Mikel Aizpuru