Artxibo rtf

(13 - 2001ko Urtarrila)

EUSKADIN BADA EUSKAL DEMOKRAZIARIK

Odol jario izugarriaren erantzule izan da ETA 2000 urtean. Aspaldiko urtetan izan ez duen grinarekin azaldu zaigu erakunde armatua joan dan urtean. Komunikabideak eta politikoak, ertzainak eta epaileak, enpresariak eta herri-erakundeak, baita herri xehea ere, danak erasotu eta asaldatu ditu ETAk. Guzti horien etsaia dala nahikoa frogatu du. Urte erabakiorra, ETAren asmoekiko zalantza izpirik zuenaren edozeinentzat ere.

Alderdi politikoen eta berauen esatarien mezu eta adierazpenak egokitu egin dira egoera berrira, antza danez. Herriaren aurrean, behintzat, ETAren jardueraren aurka ari dira danak, tono eta musika ezberdinen laguntzaz bada ere. ETAk indarreko euskal lege estatusa eta beronen errainu diran erakundeak birrindu egin nahi dituela esatea ez da, agian, gauza berririk esatea. Ahalegin horretan, alderdi demokrata guztiak dauzka kontra. Horrenbestez, ETAren ekintza eta helburuen aurreko salaketa garbiak egiten dituzte partiduak. Ez da ematen, ordea, alderdien arteko elkarlan edo baterapenik indarkeriari aurre egiteko garaiean. Zer dala-ta ez duten politikuek danak goretsitako elkarlanik lortzen galdezka dator jendea. Hori da, era berean, gure galdera.

Izan ere, ETAren aurkako aldarrikapen eta ekintzak bultzatzearekin batera, oraindik politiko asko ETAri begira ari zaio erakunde honen baitako zeinu ttikienaren bila, bigarren suetena badatorren-edo itxaropen inozoarekin. ETAri begira, herriaren beharrei begira baino. ETAri begira egiten bada politika ETAri ematen zaio euskal herrigintzaren giltzarria, ETAren garaitze edo galtzea bere ekimenaren menpeko gauza bihurtuz. Ez al dugu, bada, batere ikasi azken bi urte esanahigarri hauetan gertatutakoaren ondotik? ETAk berariazko baldintzak jarri zituen suetena luzatzeko. Geroztik atera dituen agiri guztietan berretsi ditu baldintza beroiek. 1998ko hitzarmena zehaztu egin behar zala zioen ETAk 1999ko uztailean eta, zehaztapenaren faltan, urte bereko abenduan armetara jo zuen berriro. Hari beretik, Otegik argi adierazi du ARGIA astekariko 1790garren alean, urte berri honen hasieran: "hurrengo akordioak askoz gauzatuagoa izan beharko du". Suetena ez da, inundikan ere, ETAren ekimen aldebakarrez etorriko, EAJ, EA eta ETAren artean sinatutako akordio zehatzago batekin baizik. Prest al dago abertzaletasuna bere ibilera demokratikoa alboratzera, herriak eraikitako erakundeak apurtzera, suetenaren truke, behin behineko pakearen truke?

Bestalde, beste zenbait politikoek ere euskal erakunde berauekiko boikota, abertzaleen eskutik gobernatzen dutelako, ari dira bultzatzen, ezinbestez ETAren aurkako jokabiderik zintzoena eta garbiena bailitzan. Honela, PPk eta PSOEk atondu duten konpromezuaren ondotik agertu duten gogorik nabarmenena hori baita, beren politikabidea gaur egin litekeen bakarra bezela saltzea. Eginbide honetara buru-makurtzen ez dana demokraziaren arerio bezela edo ETAren laguna bezela hartzen dute, ondorenez. Hartara, ETAren laguntzat jo daitekeen edonor burrukatzea eskatzen omen du irmotasunak. ETA abertzalea bada, ETA burrukatzeko euskal abertzaletasuna burrukatzera eraman nahi gaituzte. Jakina, abertzaletasunez kutsaturik egon daitekeen dana burrukatzera, gainera. Horrela, Estatutua beraren edukiak murriztuz, Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra gutxietsiz, lehendakaria mespretxatuz, erakundeen egonkortasuna herriaren aurrean kolokan jarriz, ez al dira herri erakunde hauek baliogabe uzten ari? Pakea ETAren aurka irmoki jokatzetik badator eta irmoki jokatzea esandakoa bada, euskal herri-erakundeen bidezkotasuna bera arriskuan jarri liteke oso zalantzakorra dan pakearen truke.

Egoera korapilatsuaren aurrean gaude, dana oso nahasita dago. Baina uste dut ezin gaitezkeela gure ustez lor daitekeen badaezpadako pake horren bilatze lanetan galdu. Egia esan behar bada, pakea eta demokrazia esanahi ezberdineko hitzak izan dira historiaren joan-etorrian. Pakerik izan da diktadurapean. Demokrazia izan liteke, berriz, pakerik gabe. Demokrazia egoera batean, herriak bere hitza zaintzeko indarra sortzen du. Demokrazia, herriaren hitza, indarrez erasotzen dutenean ez da pakerik izaten. Hori da Euskadin gertatzen ari dana. Euskadin izatez bada euskal demokrazia. Bertako herriaren nahimenaren bitartez sortu eta euskal erakundeetatik egiten ari dana.

Lehen aitatutako politiko horietatik askok pakearen aldarean sakrifikatuko luteke demokrazia hori. Herriaren hitza, pakearen faltan, ahituta omen dagoela esaka ari diranak ere. Besteren batzuk, bere aldetik, herri erabakimenari men egitea arriskutsua dala pakerako diote, herri honek ez duela heldutasunik bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko. Beste askok, aurrean esandakoari jarraiki, pakea ere jarriko genuke apustuan demokrazian bizi izateagatik, askatasunean bizi izateagatik, gure herriak azken hogei urteetan erabakitakoari begiramena edukitzeagatik. Azken asko hauen ustez, guk erabakitako legeak, eusko legeak, badu bitartekorik hartutako erabaki hauek defenditzeko, indarkeriaren aurka jarduteko. Eta, harantzago joanda, euskal demokraziak –herri erakundeek, Jaurlaritzak, Legebiltzarrak- baditu pakea egiteko behar ditugun lanabesak. Ez dugu, haatik, gaia besterenganatu nahi. Gurea dugu ardura, utz gaitzatela beraz geron arazoak konpontzen geroni.

Baina, indarkeriarena "estatu arazoa" bihurtu dute. Hori da, ordea, ETAk nahi duena. ETAk estatua nahi du aurkari modura. Horregatik ohartu zien euskal alderdiei ETA eta Estatuaren artean jartzeak ekarri zezaieketen ondorio latzez, bi aurkarien artean hautatzera behartu nahiean bezela. Horregatik, halaber, ari da ETA Estatuaren luze zabalean odolaren arrastoa uzten. Espainiar gizartea eta gobernua nahi zituen aztoratu eta desafiatu. Eta PPk eta PSOEk onartu egin dute ETAren desafioa. ETAk ezarri nahi izan duen jokalegea onartu egin dute. ETAren aurrean, beraz, makurtu egin dira hasieratik. Gizarajoak!!! Jokoa onartuz, Estatu ahaltsuak aisa garaitu dezakeela ETA uste dute. Itsua itsuaren eskutik badoa, bi itsuak zulora. Ez dute ikusten edo ikusiz bost ajola zaie. Jakin bezate jokoa onartze bakarrarekin ETAk irabazi egiten duela.

Baina, ETA euskal nazioaren izan-ezinaren isla bezela hartzen bada, ETA ez danaz hartzen bada, euskal gaia "estatu arrazoia" bihurtuz euskaltasunaren baitako burrukaren aurrean ETAri ematen ari zaio lehentasuna. Horrexegatik, Ajuriaeneako Ituna askoz ere eraginkorragoa izan zan ETAren aurkako jardueran, Madrilen sinatu dan hori sekula izango dana baino. Izan ere, euskal erakundeen eta euskal herriaren gain uzten baizuen indarkeriaren aurka egiteko ahalmena.

Oraingo Itun honexek susmagarriak bailiran baztartu egin nahi ditu euskal herri-erakundeak. Euskalerritarrok gure oraina eta geroa garbiki erabaki badugu ere, ez omen gera nor erabaki ori arriskuan jarri nahi dutenei gure bitarteko propioekin aurre egiteko. Zertarako hartu dira, bada, gure erabakiak? Zertarako sortu ditugu, bada, eusko erakundeak? Indarkeria erabiltzen dutenek irabaz ez dezaten, ETArena euskotarron barne arazoa bezela izendatu behar dugu. ETAri eta bere asmoei minik haundiena egiten dion jokaera euskal erakundeen aldekoa baita, euskal herria beraren hitzaren etsai bezela uzten duelako bere estrategia. Horregatik da ETAk bere aurrean belauna eta burua makurtuta nahi dituela gure erakundeak. Eusko lur gainean, halabaina, herriari agindutakoa zintzo betetzea helburu duten eusko erakundeak zutitu ditugu, eta etorkizunean ere zutik nahi ditugu.

Herriaren hitzari men eginaz, erakundeen aldeko ekimen iraunkor eta sendoaren aintzinean ikusi nahiko genuke Ibarretxe lehendakaria, alderdi demokratikoen arteko gutxieneko baterapenaren bila. "Erkidegoko biztanle gehienen nahiaren bitartez eratutako erakundeak defendatzeko" konpromisoa ezagutarazi zuen lehendakariak orain gutxi. Bide zuzenetik doa. Eusko erakundeen alde, Eusko Jaurlaritzaren alde, Eusko Legebiltzarraren alde, eusko lehendakariaren alde aritzetik dator, ezbairik gabe, demokraziaren garaipena gure herrian. Gaia da, azkenik, eusko erakundeen alde egiteak berandu baino lehenago, ahal dan azkarrena, hauteskundeak deitzea eskatzen duela. Herri erakundeei odol berria ziztatu behar zaie bere arteria eta zainetan. Eta herria bera da behar dan odol hori eman dezakeen bakarra. Herriarengana jo behar dugu, beraz, gure erakundeak biziberrituko dituen odol eta arnas berriaren bila. Herriaren txanda da. Denborarik galdu gabe, premiarik haundienarekin, herriari eman behar zaio hitza.

Joxan Rekondo