Artxibo rtf
(17
- 2001ko Abuztua)

Dagoena defendatu eta hobetu

Bizi dugun egoera politikoa arriskutsua da oso abertzaletasunarentzat. Egia da azken hauteskundeak irabazi direla. Baina irabazi hori Ibarretxeren erreakzio puntuala eta herriaren azken orduko mobilizazioarengatik gertatu da. Hori da kontutan hartu behar dena. Abertzaletasunak esfortzu haundiagoa eskeini beharko lioke burulan eta hausnarketari. Amildegi baten ertzean egon gara balantzaka azken hiru urte hauetan. ¿Benetan pentsatzen al da, zenbait gidari abertzalek esan bezala, ETAk suetena puskatu zuela PPk presoak gerturatu ez zituelako? Horrelako eskemekin bagabiltza, aurrera begirako perspektiba nahiko kamustua dagoela irudiko luke.

Argi dagoena da bai ETA eta bai alderdi espainiarrak epeluzeko estrategia batean murgildurik daudela. Eta hauxe litzateke abertzaletasunak ikasi beharko luken lehenengo lezioa: bapateko bihozkada eta desioek ez gaituztela inora eramango, edota, are okerrago, amildegi pikuan behera botako gaituztela –azken hauteskunde aurrean hain klarki susmatu dugun bezala potere instituzionalaren galera. Abertzaletasunak argi eta garbi ulertu behar du odola, izerdia eta lana direla askatasuna eta pakearen bidearen baldintzak. Bidetxiorrik ez dagoela; etsaiak bere asmoak lortze arren bidetxiorrik hartzen ez duelako. Bidai luze batetarako prest dago, aldiz. Eta gu?

Espainiarrek argi dute beren lehen helburua Euskadin Espainiaren ideia saltzea dela, demokrazia konstituzionala eta garantia zibikoen mozorroaren azpian. Luzetik datorren estrategia da hau, hortarako jarri dituzte dantzan hainbat intelektual eta hainbat indar mediatiko. Haserako zenbait moderazio keinu gora-behera, espainiarrek garden utzi dute ez dutela errebindikazio abertzale gehiagorik ametituko. Hau baino askoaz okerragoa da Konzertua eta beste zenbait arloen inguruan, espetxeen konpetentziak kasu, planteatzen duten atzerapausua. Argi daukate beren kausa ez dagoela hauteskunde egoera baten menpe: aitzitik, aurrera begira jokatzen ari dira, hain gertutik ikusi duten poterea definitoboki eskuratu dezaten.

Espainiar gobernu eta alderdi politikoen aldetik datozen probokazioen aurrean, eta Margarita Uriaren kasua hortxe dugu horren lekuko, abertzaleek borroka hutsaletarako jarrera hartzeko arriskua dute. Tentazio horretan erortzea astakeri galanta izango litzateke. Hitzak eta diskurtsuak arrotu egiten direnean, ahotsik latzena eta fuerteena entzuten baita gehienetan, eta ez gizalegezko arrazoiak. Arrazoizkoak dira abertzaletasunak estatuari egiten dizkion eskeak: azken batean, estatuak bere legeak bete ditzala, batez ere euskal autonomiari dagokionez. Eta hona hemen beste paradoxa: PNV eta EAk, une jakin batean, estatutoa baliorik ez zuela esaten zutenean, orduan bilakatu ziren estatutista adoretsu PP eta PSOE; eta Ibarretxe lehendakariak, bere legebiltzar irekierazko diskurtsuan, Estatutoaren betetzea eskatzen duenean, orduan hasi egiten dira astintzen interes orokorren aitzakiak, eta susmo txarren teoriak, legedia bete ez dedin.

Hein horretan, abertzaletasunak oinarri sendo bat behar du aurkitu. Oinarri hori Estatuaren betetzearen atzetik dator. Kontuan izan dezagun azken hauteskundetan gure autonomiaren gordetzearen alde eman zela botoa: duguna defendatu eta hobetu, hori da herriak nahi duena. Hori da, gutxinekoz, herriaren gutxiengo eskea, herria abertzaletasunaren inguruan batu egiten duena. Ondo sartu dezagun buruan hori. Bai konpetentzi gehiago nai dituztenak eta bai dugun egoera autonomikoarekin kontent daudenak horretan bategin dute. Eta bi adar hoiek batera eramateko gai den politika behar dugu asmatu. Hortarako sakondu beharko dira hainbat arlo. Kultura da hemen abertzaletasunari indar kualitatiboa eman dezaioken gakoa: borroka ideologikoari dagokionez (gure herriaren eta abertzaletasunaren benetako izaerari buruzkoa) eta euskaltasunaren hedatzeari dagokionez (noizko Donostia bezalako hiriaundia euskalduntzeko esfortzu kolektiboak?); ahaztu gabe oraindik hainbat euskal eskualde ditugula euskal konzientziaz aski ahulak. Kasu hontan ere, abertzaletasunak bilatu beharko dio bere buruari beharrezkoak diren kritikak, MLNV-ren aldetik datozkigun hainbat planteamentu abstraktu eta hutsal zaborretara boteaz.

Pakearen arazoari dagokionez, ETAk garbi erakutsi du borroka eta gerra luze batetarako duen asmo ondo biribildua. Azken hilketek horixe erakusten baitute: euskaldun herrietan bizitza errotik baldintzatzeko nahi zikoitza. Azken bazterreraino zabaldu dedila anai arteko gerraren susmoa eta pozoina. ETAren kidearen eriotza, berak manejatzen zuen bonbaren eztandaren ondorioz, erakusten du ere belaunaldi berri batek hartu duela ekintza armatuak egiteko testigua. Erakunde armatuak luzera jotzen du, belaundaldi berri bat konprometitu du horretan. Datu hoiek dira sinesgarri, eta ez Batasunako edota beste hainbat kolektiboetako bozeramaileek adierazten dituzten soluziobide azkar batetarako proposamen bete ezinak. Soluzioa modu horretan planteatzean bai datza, hein batean, borroka armatuaren eraginkortasuna. Kontuan hartu dezagun Oldartzen ponentziak zioena: presaka ibiltzearen sindromea sartu behar zela bai EA eta bai PNV-n, beraiek, MLNV-ek, luzera eta lasai jokatzen duten bitartean, prozesua eta bere erritmoak markatuz. ETAk suetenean egindakoa erritmo markatze horri erantzuten dio –hau da, edozein momentutan abertzaletasuna herriaren aurrean erridikuloan uzteko nahi zikoitza, pakearen espektatiba guztiak modurik sarraskitsuenean zapuztuaz.

Ez dago irtenbide errexik eta azkarrik. Hori ala da. ETAk gerra luzaro eraman nahi duelako eta espainiarrek abertzaletasunaren kontrako gurutzada zibikoa aurrera eramaten jarraitu nahi dutelako. Bizi dugun gatazka borondate kontrajarri eta konplementario hoien azpian mugitu da orain arte eta abertzaletasuna eta Euskal Herria izan dira horretan galtzaile. Beraz abertzaleoi dagokigu pentsatzea jadanik bidea luzea dela, espektatiba faltsuak aizatu beharrik gabe; eta gure herriari dagokionez, dugun poterea eta dugun nortasuna defendatu behar ditugu, urrutiko intxaurren bidetara abiatu beharrik gabe. Ekaitzaren erdian aski dugu nabigatzea eta itsasontzia uraren gainean mantentzea. Etorriko zaigu abia azkarrago baten aukera.

Goiz Argi