Artxibo rtf
(18
- 2001ko Urria)

Alain Badiou San Pablo, la fundación del universalismo, Barcelona, 1999, Anthropos.

Kristautasuna ta marxismoa

Marxistek militante kristaua bi ikuspegitatik ikusi izan dute: leena, ordenu ezarriaren erlijio ofizialaren ordezkari gisa –beraz, lurrera bota bearreko instituzioaren zakur burokratiko gisa-; ta, bigarrena, progresista domiña lortu nai duen bidaikide gisa; teoria marxistarekiko konplexuz betetako pertsona izan da kristaua ta, orregatik, manipulatzeko errexa gertatzen zen txotxongilloa. Orain artean kristautasunak zituen alderdi "indartsua" ta alderdi "aula" (betiro marxista ikuspegi teleologikotik begiratuta) modu ontara aztertuak izan dira. Falta zitzaion teoria iraultzailleari pauso bat areago ematea.

Argi dago Askapen Teologiak naiko probetxu atera diola kristautasunari irugarren munduko errialdetan ematen ari zen erlijiotik ideologiarako jauzia laburtu ta azkartze arren. Baiña eskema ebolutibo onek kolpe larria jaso du sozialismo errealaren lurjotzearekin. Ideologiak (politika esan nai da) bere erakarpena galdu du, bere berritasun ta freskotasuna kamustu zaizkio. "Moda"ren aizeak pasa dira ta naiz eta moda berriz ere itzuli ez da gauza berdiña izango. Orregatik du garrantzi berezia Alain Badiou-ren azterketak. Ideologiak teologiaz egiten zuen abdukzio ta subordinazio birrintzaille saio aski primarioaz areago, beste balorea, balore "indartsu"a aurkitzen baitio kristautasunari.

Badiou Paulodoneaz mintzo da kristautasunaren historizitate bikoitza (gaurregungo ta orduko kristautasun historikoak) arbuiatuz. Objetibitate batetara iritsi nai du bere irudiaren bitartez. "Objetibitate"az mintzo naizenean, noski, marxismoaz mintzo naiz Badiou-k ulertzen duen bezela. Ulertzen baitu leengo erara, beraz, betiko erara: dantzan ta mudantzan ari den borroka politikorako egiaztapen zientifiko gisa.

Zer eskeiñi dezaioke Jentillen Apostoluak egungo marxismoari? Bi dira bereziki Badiou-k azpimarratzen dituen faktoreak: militantziaren filosofi osoa –nolakoa izan bear duen militantearen arremana dotriña iraultzaillearekiko; ta unibertsaltasunaren aurkikuntza –nolatan gainditu bear diren unean uneko baldintzapen sozial ta nazionalak mundu osoa besarkatzen duen filosofia astintzaillea osatzeko asmoz. Ikusten denez, bete-betean ikutzen ditu Badiouk komunismoaren krisiaren inguruan dabiltzan bi gako funtsezkoak. Beste liburu batzuetan ain eskuarki erabili dituen ainbat ideiekin topatuko gera emen ere. Paulodonea bere pentsakera orokorrean txertatu egiten du filosofo frantsesak.

Mundu zatiketa berria

Paulodonera bueltatu aurretik, Badiouk biurgune aundia egiten du gaurregungo munduaren irudia tajutu al izateko. Bere ustez, bi dira mundu au itxuratu egiten dituen zutabeak: alde batetik, kapitalaren isuri unibertsala, eraikin tekniko ta instituzional guztien zearka dabilen karburantearen erara; bestetik, nortasun anitzen komunitate ta talde desberdiñak, kapitalak ezarritako liberal-parlamentarismoaren itzalazpian jartzen dituelarik. "Batetik, kapitalaren automatismoaren edatze etengabea dago... bestetik, nortasun itxietan ematen den fragmentazioa, fragmentazio onek dakarren ideologia kulturalista ta erlatibistarekin batera":

"Bi prozesu auek erabat trabaturik ditugu... ez da ezer gatibuagorik negozio inbertsioarentzat, ez da ezer eskeiniagorik txanpon homogeinitate irudi berrien inbentzioarentzat, komunitate bat edo/ta bere eremua baiño... Bere mugimendu arauak bere aritze esparrua homogeneizatu dezan, kapitalak eskatzen du nortasun subjetibo ta lurraldetasun pizteak. Auen eskaera bakarra erakutsiak izatea da, beste askoren gisa, merkatuaren baldintzapen uniformeen azpian. Ekibalente orokorraren logika kapitalistak ta komunitate edo minorien nortasun ta kultur logikak multzo artikulatu bat osatzen dute".

Itzulpen ez oso aproposean irauli arren, ta kontuan izaki batzutan gure filosofoaren espresio-modua naiko aldrebesa dela, ezin gardenago agertzen zaigu emen munduaren diagonostiko iraultzaillea. Arritu egin dezake, leen batean, ikusteak nola Badiouk irudiaren ertz batean jartzen dituen multiplearen zenbait gizatalde, alanola arabiarrak, homosexualak, emakumeak, gutxiengo nazionalak... Ez al dira auek iraultza aurrera eramateko "subjektu" iraultzaille anitzaren partaideak? Bai eta ez: Badiouk salatu egiten baitu subjektu auek kapitalarekin lortu duten dependentzia arremana: "Ezen egitate ez daiteke oiñarritu kapitalaren edatzean... ta bestalde egitate prozesu bat ezin daiteke txertatu identitario delakoan". Orrek ez du esan nai, noski, partikularitate delako oiek, minoria nazionala ta sozialena, zaborretara botatzen direnik: "Arazoa da jakitea ze ikusi duten nortasun ta komunitarista nortasunak egitate prozesuekin, adibidez, prozesu politikoekin". Kontuan artu dezagun Badiou-rentzat, Mao Zedong bere maisu aitortuarentzat bezela, politika ta guda errikoia gauza berdiña ta bera direla. Arazoa da jakitea zenbateraiño prozesu delako oiek beste unibertsal batekin lotu daitezken: iraultzaren unibertsalarekin. Dena dela, bi etsai nagusi jartzen dizkigu filosofo frantsesak: kapitalaren unibertsaltasuna ta aberrien zein minorien partikularitatea: "balioztatu bear da singularitate unibertsal bat era berean finkatutako abstrakzioen kontra ta errebindikazio komunitarista edo partikularistaren kontra".

Nola ez emen sumatu gure MLNV-ren bi etsaien kontrako estrategia asimetrikoa? Batetik Espainiako estatuak irudikatzen duen kapital unibertsala ta bestetik euskal abertzaletasuna itxuratzen duen "errebindikazio komunitarista"? Ez dago dudarik: Badiouk planteatzen duen "unibertsalismoa" ez da bakarrik "kapitala"ren etsaia, baizik eta abertzaletasunarena ere: MLNV den bezela.

Diskurtso mota onen ingurumarietaz jabetzen ez denak pentsatu dezake MLNV "abertzalea" denez berari dagokiola, iraultzaille ikuspuntutik, abertzaletasunaren kritika. MLNV, ordea, "internazionalista" dugu ere, askapen mugimendu nazional guztiak bezela; beraz ezinobe bilbatzen ditu Badiouk aldarrikatzen dituen bi baldintzak: "finkatutako abstrakzioa" –kapitala- ta nortasun komunitarista –abertzaletasuna- aldi berean ta ezberdinki erasotzearena.

Guzti onek, noski, bategiten du Badiouk Paulodoneaz duen irudiarekin: Paulodoneak "unibertsala" askatu egiten baitu jakituri (grekoa) ala komunitate (judua) ren eskuetatik: "Bata guztientzat" du bere lema. "Bat" ori Jainkoa da, Jesukristoren berpizkundeaz geroztik gizaki guztiongan, Izpiritu berri baten bitartez, gorpuztu egiten den errealitatea.

Badiouk oreka delako ori naiko luke lortu apostoluaren fedeaz beste, politika iraultzaillean partikularra ta unibertsalaren arteko arreman berria eraikiz: "guretzat funtsezkoa da nortasunik gabeko subjektua ta oiñarririk gabeko legearen artean ematen den konexio paradoxakorrak prediku unibertsalarentzat aukera eskeintzen duela historian".

Jarduera militantea

Gure filosofoak aldez aurre adierazten du Paulodoneak sinisten duen fabula (Jesukristoren berpiztearena) gutxi ajola diola, ta ez duela sinisten, ez dela sinisteko gai. Apostoluaren egokiera ta tajuera teoriko-praktikoa ditu bereziki maite, bere militantzia, bere ekitea, ta orretara bultzatzen duen ausnarketa ta jarduera subjetiboa.

Gure egilleak dio: "ezen diskurtso egitate izatera ezin daiteke iritsi baldin eta onoko galdera oni erantzuten ezpadio: ¿nor da mintzatzen dena? Berriz ere, Paulodonea dela aitzaki, Badiouk arrapatzen ditu estrukturalista marxisten gaiak. "Mintzatze" berak eskatzen baitu egoera ta "subjektu" bat, zuzenbide ta ortzemuga bat. Ein orretan, aintzakotzat artu bearko dugu Paulodonearen jakintza subjetiboa, bere bapateko konbertsioa ta bere fedearen ñabardurak, kasu ontan, beste militante aundien biografian bezelaxe "puska existentzialak, batzutan itxura anekdotikoa dutelarik, egitatearen oiñarri izatera iristen baitira". Orrek esan nai du Paulodonearen "ideologia" bigarren maillako gauza dela eragiten duen ta askatzen duenaren aldean. Ideologia biografia uts dugu, au da, gizaki batek bere mugapenen antiparretatik kodifikatzen duen informazio modu bat. Beste itzetan esanda: "Pauloren fedea zera da, berak, subjektu gisa, astapen duena, ta orrek ez du ezertara eramaten". Nunbaitera iristeko bearko du, noski, kristautasun historikoaren eremua, nun eta norberagandik galbeetutako fedea ekintza eragingarri billakatu daiteken.

Pauloren militantzia bapateko fulminazioz itsutu ta argitu egiten duen aots jainkotiarrean oiñarritzen da. Ta errebelazio onek mezu bakar batetara deliberatzen du: Jesukristo gizaki guztiongan dagoela, ta guztiongan berpiztearen operazioa ekin bear dela. Unibertsala gizaki bakoitzari dagokion Jesukristotzea da, "Bata guztiontzat", Jainkoaren izpiritua guztiontzat aldarrikatzean. Modu orretan, judu ta grekoen arteko desberdintasunak, desberdintasun jurisdikzional ororekin batera (giza-emakumeen artekoa, nagusi-esklabuen artekoa...) desagertu egiten dira Jesukristoren berpiztearen argitan.

Badiouren ikuspegia prozedura guzti onek suposatzen duen eraginkortasun zinetiko-sozialean finkatzen da. Antziñako ondarea ta egoera berriaren artean tentsio bizian dotriña asiberri bat dugu –kristautasuna-. Paulok juduen ondarearen pixu illa gainditzen du Jesukristoren irudia Legearen gaiñetik –Moises-en legearen gaiñetik- jartzeko unean. Kristauak ez du bear Legearen karismarik, Jesukristo baita Legearen aurpegia, bere loratzea. Bestalde, jakituri grekoa, jakituri arrazional ta zientifikoa, saiestuko du ere, Graziaren inspirazioa aldarrikatuz. Orregatik ez ditu erabat gaitzetsiko ez ondare zaarra ta ez arau arrazionala. Baiña ekintza baten mendean jarriko ditu: gizakia Jesukristo billakatzean. Konbertsioa da guztion zeregiña, Bata guztiontzat izan dadin.

Badiourentzat miresgarri da egokitze lan ori. Antzaldatzen baiditu bai nortasun zaarra ta bai jakituri arrazionala, beren indarra zapuztu bearrik gabe, aldiberean elmuga unibertsal batetara zuzentzen dituelarik. Nortasun zaarrak historiaren pixua adierazten du; orregatik gorde naiko du. Jakituri arrazionalak gizakiaren prospektiba argitzen du; orregatik ez du gaitzesten. Baiña ez da bata ez bestearen mendean jarriko; bataren aurrean Jesukristoren etengabeko gaurkotasuna jarriz ta bestearen aurrean goi-intuizioaren arnasa beti berritua.

Ori naiko luke Rabat-eko filosofoak: jurisdikzio ta nortasun partikular guztien baliapideetaz ontzen den politika eraginkorra ta munduzabala. Orregatik dio, Paulo bere luman jarriz: "ez zaitezela mende onen izpideetara makurtu; aldiz, antzaldatu zaitezte, berritu zeuon pentsakera". Auxe da komunismo unibertsal berria egin nai dutenei igortzen dien mezua. Gaiñontzekoentzat ez da ere irakaspide eskaxa.

Izpiritua nola erabili

Ez da lantxo onen zeregiña liburu txiki baiña mamitsu onek dituen ingurumari guztien berri ematea. Azken zertzelada gisa zera esan naiko nuke: ederki tajutu arren Paulok bere garaiarekin ta bere jende ta pentsakerarekin zuen leia, ta, aldiberean, eraikin zeatz bat egitearren gaurregungo militante iraultzaillearentzat, egilleak arazo funtsezkoena uzten du bazterrean, ta ez da arazo makala.

Nundik aterako du Paulok indarra? Alain Badiourentzat argi dago: arazo praktiko bat, kristautasunarena, buruz-buru ikusi ta askatzean datza Pauloren indarra. Zeregin praktiko orrek damaio bere olde ta kemena. Beraz, ikuspegi ontatik irakurri dezala norbakoitzak liburua. Mao Zedong-ek, Badiouren maisu zaarrak, arras ongi zekien materialista ona ez dela konforme gelditzen materialismoaren ikusmolde literalistarekin; izpiriturik badagoela –konzientzia- ta onek bere jana berezia bear duela bazekien ere. Orregatik deritzo dialektikari "egundaiñoko potentzia duen izpiriztuzko bonba atomikoa". Izpirituaren printzeari, Paulodoneari, galdegiten dio eziñobe Alain Badiouk bere ekitearen sekretua jakiteko asmoz. Orregatik, akaso, liburu au interesgarriagoa da kristau batentzat marxista batentzat baiño. Leenak ikusiko baitu bere pentsakeran ta bere izpiritualitatean gaurregungo mundua eraldatzeko ta obetzeko modua, fedearen sukarra dela bide.

Imanol Lizarralde